Batzokian bezala, Herriko Tabernan

pernando barrena

No es un batzoki” eta “De lo que hablamos en Barcelona” dira Pernando Barrenak bere blogari ekiteko aukeratutako goiburuak.

Goiburuak bezala, artikuluak ere oso-osorik daude espainieraz, eta soilik espainieraz idatzita.
Euskararekin abertzale eta euskaltzale askok darabilen jokabidea ez sinisteko modukoa  da. Eta zenbait politikariren kasuan, jendaurrean adieraziezina.

Gauza bat esan eta kontrakoa egin, edo are baragarriago dena, euskaratik bizi baina espainieraz bizi, erakundeei euskararen erabilera berma dezaten exijitu baina gero norberak erabili ez, eta abar, halako hamaika ikusten asper-asper eginda gaude.

Bide horietatik euskarak etorkizuna segurua du… museo nazionalean. Koherentziagatik ez bada, lotsagatik izan dadila sikiera.

75 pentsamendu “Batzokian bezala, Herriko Tabernan”-ri buruz

  • Ezkerabertzalea.info webgunean bertan, blogetarako sarreren gain-gainean, honakoa dio letra lodiz: “euskaraz bizi gaitezen, aska ditzagun kateak”. Eta beti igual…

  • beno, ba egin diezaiogun “post” bat, ea zer erantzunten digun honi, neurea jarrita dagoeneko, zuena???

  • Francisco Javier 2012-12-11 13:07

    Bi artikulu besterik ez ditu idatzi eta bat hein batean Bartzelonako jendeari zuzentzen zaio. Ez zait iruditzen hainbesterako denik… ez bagabiltza behintzat euskal-ultra-koherente ez direnen ehizan. McAranismo euskalcool ‘chic’ berria dator!

    • Zuretzat agian ez da hainbesterako izango, neretzat ordea gehiegi da. Ez da euskal-ultra-koherente izan beharrik, gutxieneko koherentzia batekin nahiko da, baina ezker abertzalean euskararen gaia beti izan da bigarren mailako “arazoa”.

      • Francisco Javier 2012-12-11 16:57

        Iruditzen zait arazo hau hain dela partikularra (bi post gaztelaniaz blogean) ez dela ondorio orokorra ateratzeko nahikoa. Bi post baino, ez da agian hobe bere twitterreko TL-a? Ikus dezakegu zein den euskara gehien darabilen politikaria. Bide batez, Urtzik esan bezala, gure hizkuntza baino tresna hobeagorik ez dago gu lotzeko. Ez gaitezen ñabardurengatik triskantzan hasi.

        • Hala ere Francisco, nik uste bai artikulua eta baita Iker ere adibide batetik abiatu badira ere… gaia orokortu nahi izan dutela. Eta ez dut uste Pernando Barrena edo Ezker Abertzalearen kontrako zuzeneko kexa bat denik. Nik esango nuke alderdi abertzale eta euskalzaleak orokorrean hartu nahi izan direla. Ez dezagun beraz arazoa zerbait partikularra izango balitz bezela hartu.

        • 20 txiotik 6 euskaraz (ez dut gehiago jarraitu). Edukiari begiratuz gero, euskarazkoak “eskerrik asko” eta antzekoak esateko, mamia espainieraz (twitterren sar daitekeen mami urriaren baitan). Pernando bada euskara gehien darabilen politikaria, makur gabiltza. Hala ere, Laura Mintegik, adibidez, gehiago darabil (ez sobera).

  • Hiperkritikarako jarrera da herri honek daukan haurren gaixotasun nagusia. Bestea kritikatu ahal izateko lupa baten bidez ikusten aritu beharrean, hobe dugu euskararen alde jardutea modu eraikigarrian, bestela jai daukagu. Ezker abertzaleak gauza asko dauzka kritikatzeko (ikusi gaur Jon Eskisabelen iritzi artikulua), baina uste dut ukaezina dela beraiek hamarkadetan ekitaldi publikoetan euskara gehien erabili dutenak izan direla.

    • Hiperkritika inkoherenterako joera uste dut dela gaitz nagusia. Hau da, besteei egundoko kritika zorrotza eta bortitza egin, ondotik norberak jokabide berbera edo antzekoa erakusteko. Eta horrekin batera, kritikarik agirikoenak ere onartzeko ezintasuna.
      Gero oso kezkaturik ageri ohi gara “gaztetxoek ez dutelako euskara erabiltzen”.
      Nahikoa da.

    • Euskararen alde jarduteko euskaraz aritzea baino modu eraikigarriagorik bada, ala? Gaixotasuna nagusia ez da hiperkritikarako jarrera, kritikak ez onartzeko jarrera baizik, eta kritikei “ba zu gehiago” batekin erantzutea.

    • Iñigo: “baina uste dut ukaezina dela beraiek hamarkadetan ekitaldi publikoetan euskara gehien erabili dutenak izan direla”. Eroen artean, tontoa alkate.

  • Euskalgintza oso kezkatuta dabil erabilerak behera egin duelako eta erasoak ugaltzen ari direlako (http://kanalak.berria.info/euskara/). Alderdiek jauzi kualitatiboa (eta kuantitatiboa) egin behar dute euren jardunean eta politiketan, betiko formula epelek ez dute balio.

  • Katalanak beti izan dira horretan gu baino hobeak. Han protestara irteten dira gutxienez (http://www.argia.com/albistea/werten-lege-proiektuaren-aurkako-manifestu-katalana) hemen adierazpenak etab… betiko erretolika bai, baina gero ez da ekintzarik ikusten. Alderdiak ere zer nahi duzue esatea ba… abertzale eta euskalzale definitzen diren hoietan ez dut inongo interesik ikusten ganorazko neurriak hartzeko. Esan bai baina ez dute sinisten EH euskaldunean. Orain iraultzaile eta askatzaile izatetik errealista izatera pasa omen dira. Soziolinguistikak erakusten duen errealitatea beste bat dela eta hortik abiatu behar dugula eta estrategia politikoak gauzatzeko denei zuzendu behar garela (“para que nos entendamos todos”) eta… nola demontre nahi dute egoerari buelta ematea? Hautu erabatekoa eta argia egin behar da kontzientzia osoarenkin, firin-faran ibili gabe. Abertzale direnek ulertu behar dute, bozkatzera joan diren 2/3 horrek ulertu behar luke, egoerak hori eskatzen duela. Nahikoa dela karitatezko ekintzetaz (dela ikastolen festa, euskararen eguna…) eta beste fase batean sartu behar dugula, azken hauek alde batera utzi gabe noski.

    Asko eskatzea al da abertzale bati herrigintza hori lantzeko esatea? Abertzaleen adostasun puntuak bilatu behar omen ditugu bata bestearengana hurbiltzeko. Egia esatea nahi baduzue gure hizkuntza baino gehiago lotuko gaituen tresnarik kostako zaigu benetan aurkitzea.

    • Euskara erabiltzeko erreminta edo errekurtsoak danon eskura jarri ezean, nekez lortuko dugu Euskal Herria euskaldun bat oso osorik izatea. Askok amesten dugun Euskal Herria hori ez da Pernando Barrenaren erantzukizuna ez eta errua ere. Arazoa sakonagoa da. Danok euskaraz hitz egin beharko genukeela? ba bai, ados nago, baina errealitate soziolinguistikoa oraindik beste bat da eta hori aldatzea ez da norbanakoaren erantzukizuna soilik. Hemen planteatu beharko genukeena da zergatik Euskal Herritar askok gaztelaniara jotzen duten nahiz eta euskaldun sentitzen diren.

      • Bai, bai, kritikatu; mena egurra. Ongi deritzot.
        Egoeraren aurrean dugun FRUSTRAZIOA norbaiti leporatu nahi diogula dirudi. Behin eta berriz. Ongi iduritzen zait, frustrazioak geure barruan kalte haundia egiten digu, agresibitatea. Baina, baina…

        Noiz hasiko gara proposamenak egiten?

        “Besteek” ez badute egiten (ezker abertzaleak ezta), goazen GU GEONI egitera, edo zer? Euskalgintza ez al da gai”bidea markatu eta egiteko”, besteei eskean erreguka ari beharrean?

        Horixe da hutsunea. “Dena bestez, burujabe nekez”

        • Goazen gu geroni diozunean jakin nahi nuke zer sartzen duzun horren barruan… eta bai egia diozu, frustrazioa eragiten du zure ordezkari den alderdi batean ikusten diren zenbait jarrerekin. Kexatzea beraz zilegi dela uste dut. Horretarako ematen dut nire botoa.

          Bestalde, beti besteei errua leporatzen ari naizela eta ea noiz hasi behar dugun guk zerbait egiten diozu. Ez naiz hasiko hemen zerrendatzen nik edo besteak hemen zer egiten duen. Baina zin dagizut nik egunero neregandik hasita elkarrizketa bakoitza “borrokatzen” dudala euskaraz egin ahal izateko. Hortik hasita, uste dut ahal dudan einean nire ekarpenak egin ditudala. Eguneroko bizitzan ezagutzen nauenak badaki zertaz ari naizen.

          Azkenik eta Ainhoari erantzunez, ez dut Pernandoren izena aipatu ere egin iruzkinean. Artikuluan aipatzen bada ere, eztabaida piztu dela eta aprobetxatu dut gaiarekin zerikusia zuen ikuspuntua adierazteko. Norbanakoaren erantzunkizuna ez dela? Hemen bakoitzak bere zatitxoa jartzen ez badu… eta are gehiago identitate bat markatzen duen alderdi/erakunde bateko kide bazara. Zergatik uste duzu ba euskaldun sentitu arren gazteleraz hitz egiten dutela? Era guztietako medioek abertzale izateko euskara jakin behar ez dela erakusten digutelako. Hasi telebista, irrati, internet, alderdi politiko, erakunde…

          Lehen esan dudan bezala, denok jarri behar dugu zatitxo bat eta denok eman behar dugu Anttonek dioen bezala egurra. Baina erantzunkizunak ez dira berdinak.

          • Nirea ez zen erantzun pertsonala, Urtzai. Agian hala “bideratu” dut, ez dudalako tresna hau gehiegi ezagutzen (adina, adixkide, adina)

            Baina nirea hausnarketa orokor bat izan “nahi zuen”. Nola esan: Euskalgintzak bere “estrategia” bat behar duela, plan estrategikoa, berea, mugimendu soziala ANTOLATUA izan.
            Eta horren hutsunea sumatzen dut.

            Ez dakit ulertzen nauzuten, edo ergelkeria da diodana; baliteke.

          • Ez Antton, ez. Ez da ergelkeria, inondik inora. Euskalgintzak mugimendu politiko antolatu bilakatu behar luke, eta bera izan EH egituratzeko motorra. Euskara da estatua behar duena.

          • Lasai Antton, eta barkatu gaizki ulertua. Haritzekin ados nago. Ez genuke euskara “politizatzearen” beldurrik eduki behar. Ez egitea bera ere politika baita. Zuk diozun organu hori agian Kontseilua (http://www.kontseilua.org) izan daiteke… 46 erakunde desberdinek osatzen omen dute. Ala ere, oraindik protagonismo handiagoa beharko luke eduki organu honek. Edo agian oker nabil eta zuk diozun estrategia hori pentsatu eta gauzatzera eramateko beste zerbait behar da.

        • Nork bere ardura maila dauka. Norbanakootatik hasten da dena, baina Pernandok ezker abertzalearen izenean hitz egiten duelarik eta ezker abertzaleak euskarari buruz esaten dituenak esaten dituelarik, koherentzia falta oso nabarmena da. Ez da gertakari isolatu bat, edota “bi poxt”. Jarrera errotu baten isla besterik ez. Gararen “hizkuntz politika” bezala, edo Arnaldok espainierari lehentasuna eman izana bezala. Euskara oso bigarren mailako gaia da ezker abertzalean zori txarrez. Hori bai, EAn, Aralarren edo EAJn hirugarren mailako kontua da, izatekotan. Ezker abertzaleko jende askori kritika hauek min egiten diote sikiera, barruak mugiarazi. EAJ-k paso egiten du, ostera. Euskara ez dago EAJren agendan. Hori da aldea.

  • Joseba Alvarez: “Argi dago gaur gaurkoz euskara ez dela hegemonikoa Euskal Herriko askapen prozesuan”. http://ttiki.com/45445

  • ERC edo CUPeko kide garrantzitsu bat blogak eta liburuak espainol hutsez idazten. Kataluniaren independentzia defendatzen bizitza osoa daraman egunkaria ia espainol hutsez idatzia. Kataluniako telebista publikoaren kate nagusia (eta dirurik gehien-gehiena), espainol hutsez. Imajinatzen?

    Ba hortik atera kontuak norainoko ergelak garen.

    • Bertze bat gehiago 2012-12-11 19:26

      Bai, eta EHBildu dago Nafarroako Gobernuan, hauteskundeak aise irabazi dituen Geroa Bairekin ituna egin ondoren. Eta zezenak debekatuak daude Nafarroan. Eta Caixabankek, barkatu, CANek euskara hutsez funtzionatzen du Noain, Erriberri, Zarrakaztelu eta Zangotzako bulegoetan. Eta Baionan derrigorrezko euskarazko murgiltze eredua dago lehen hezkuntzan. Eta Tuterako udalak antolatutako herri-galdeketan, euskara hutsez idatzitako independentziaren gaineko galderari %90ak baiezkoa erantzun dio (%50eko partehartzeaz). Bai, zeharo ergela da gure Euskal Herria.

      • Ez legoke gaizki, imajinatzen hasita… Hala ere, begira: zuk diozuna Katalunian posible da, baina katalan abertzaleek espainolari lehentasuna ematea, hori bai dela imajinaezina.

      • Eta ez gara ilargia eskatzen ari. Adibidez, hasi liteke ezker abertzalea Gipuzkoako Aldundiak ezarri duen komunikazio-hizkuntz politika ezartzen.

        • Beno, ezker abertzalea esaten denean… EHBildu eta EAJ ere uler bitez. Non dago hemen atsegin dut botoia?

          • Gaizki ulerturik egon ez dadin: ezker abertzalea hasi litekeela dionean EHBildu eta EAJrentzat ere aplikagarria ikusten dudala diot. Besterik ez.

          • Jakina. Pernandoren argazkia ikusi eta ezker abertzalea datorkit ahora, ezker abertzalekoa delako. Baina, oro har, abertzaletasunaren zati handi batean dago euskararekiko ideologizazio falta ikaragarria.

  • Baina berriz ere BESTEEK (ezker abertzaleak, EAJk…) besteek hasi behar dute…
    Normala da hori eskatzea, baina…zerbait falta zaigu guri, gu geoneri, euskalgintzari.

    Kontseilua, dio norbaitek. Agian. Kontseiluaren azkeneko “dokumentu” edo halako batean (hauteskunde aintzin? agian), irakurriko duzuenez, han ere talde politikoei ESKATZEN zitzaio hau eta beste…Eskean, erreguka…

    Geuk, geuk behar dugu estrategia bat. Euskalgintzak badu jende prestatu eta liberatu piloa (teknikari…), fundazioak uf, elkarteak, zenbat diru urtean?, zenbat “mila” lehendakari+idazkari…

    Askotan, gehiegikan, auzo berean ez-dakit-zenbat bikoizketa…baina sarerik ez, maparik ez…

    Hau horrela da, nire idurikoz, eta azaleratu behar dugu. Aldameneko lagunari txiringiko kasik-pertsonala izorratuko diogularen beldurrik gabe.

    Nire ustetan.

    • Ados. Nire ustez ibilbidetxo bat egina duen organu batek hartu beharko luke horren ardura. Horregatik esan dut Kontseilua, agian azken adierazpenetan eskaerak egin baditu ere, nolabait saretze bat eta trinkotze estrategia bati ekin beharko lioke (nork daki agian hortan dabil). Ideiarik ere ez dut zertan dabilen (kexak jasotzeaz eta prentsaurrekoak emateaz aparte) baina lan hori egiteko egokia ikusten dut.

      • Bertze bat gehiago 2012-12-11 23:14

        Bai, Tuteran eta Baionan abertzaletasunak, eta baita euskalgintzak ere, euskara hutsez jardun behar du, horrela biztanlegoaren %95ak ez dio ulertuko. Eta horrela bai, ziur, %5aren bozkarekin, helduko gara lurralde horietan euskarazko ereduak ezartzera, jendeak euskararen aldeko poitikak babestera eta inoiz euskara lehen hizkuntza izatera.

        • Tuteran eta Baionan ulertzeko hizkuntza bakarra euskara da (agian Ingelera hemendik gutxira), beraz, norbaitek nahi badu nazio osoak ulertzea euskara erabiltzea baizik ez du.

          • Ez esan txorakeriarik. Baionan jende gehiagok daki gazteleraz euskaraz baino. Bertako euskaldunei holakoak pasatzen zaizkie: euskaraz aritu eta frantses hiztunek, euskaraz entzunda, gazteleraz erantzutea, Hegoaldekoak direlakoan. Honekin ez dut ezer defendatu nahi, baina ez dezagun eztabaidetan lehen okurrentzia bota…

        • Eta nork esan du euskara hutsean? Hara bestea! Nork esan du adibidez Gipuzkoako Aldundiak ere kazetari erdaldunak baztertzen dituenik? Ez al dira telebistan, bideo… -etan azpitituluak existitzen? (beste adibide bat jartzearren). Ez al dira lehen ere euskarari lehentasuna emateko neurriak hartu?

          Ikusi al duzu adibidez Herrira Mugimenduak egiten duena? Ia kartel guztiak euskara hutsean, bai hutsean ditu. Twitter eta facebook kontuetan ere euskara da nagusi askogatik. Beren web gunean ere euskara lehenesten dute, baina 4 hizkuntza aurki ditzakezu. Eta youtuben jarri berri duten libdub-a ere euskaraz dago oso osorik.

          Eta zer ekarri du horrek? begiratu eta esango didazu.

          • Bertze bat gehiago 2012-12-12 00:27

            Iker: Baiona eta Tuteraren artean ulertzeko bai, jakina. Batan eta bestean, elkarren arteko harremanik gabe, euskara hutsez herritarren %95ak ez dizu ulertuko.
            Urtzai: nork esan du euskara ez dela lehenetsi behar? Hain zuzen hori egiteko estrategia egokia,egingarria eta eragingarria behar dugu, ez proklama merke bezain ezinezkoak. Ezin dena da Euskal Herri osoa Gipuzkoa balitz lez hartu. Edo politikari nafar bati (berdin dit nori) CUP eta ERCren hizkuntza jarrerak eskatu. Hain zuzen han ezagutza %80a delako eta Nafarroan %80koa ezezagutza delako. Hori ulertzen ez duena jokoz kanpo dabil. Erabat. Eta gainera alferrikako estrategia ezinezkoak proposatuz denbora eta indarrak galtzera eramango gaituelako. Adibidez, proposamena. Egin euskara hutsez mitin bat, hitzaldi bat, bilera bat Ribaforadan edo Bokalen eta ea zer gertatzen den.
            Izan ongi.

          • Noski ezingo dela zuri ala beltz egin. Baina esaten dudana da ez dela portzentaia hoien harabera era juxtuan jokatu behar. Beti gehixeago eskatu behar dela. Zenbatetan izan dira herri bakoitzeko portzentaiak kontutan mitin bat egiterakoan adibidez? Hemen ni bizi naizen herrian gehiengoak daki euskara (%70etik gora gutxigorabehera). Baina orain arte behintzat mitin guztiak erdi eta erdi izan dira ia beti. Hori bada estrategia egokia, egingarria eta eragingarria…

          • Kateak_Apurtu 2012-12-12 14:32

            Herrira mugimenduak, bi kartel mota ditu. Euskeraz eta gaztelaniaz. Lekuko egoera linguistikoaren arabera, jarriko dira kartelak. Normala de bezela, beti ere, euskarari leku garrantzitsua emanez inguru erdaldunetan ere.

    • Antton, euskalgintzak astindu on batr behar du, dudipe, baina nori berea: alderdiek hizkuntz politika egin egiten dute egunero, tamalez, espainierari lehentasuna emanez guztiek, baita abertzaleek ere. Alderdi unionistei eskatzea alferrik da, baina alderdi abertzaleei exijitu behar zaie agintzen dutena betetzea, hots, euskarari lehentasuna ematea. Euskalgintzak berea, eta alderdiek eurena.

  • Euskaltzaleari errealitate soziolinguistikoaren arabera jokatzeko eskatzea ezkertiarrari egoera soziekonomiko neoliberalaren arabera jokatzeko eskatzea bezalakoa da; horrenbestez, egoera horiek errespetatzen dituzten legeak, itunak eta jarduerak egiten dira, onartzen dira, normaltzat jotzen dira, “egunen batean…” kontsolamenduarekin; horrenbestez, egoera horiek betikortu egiten dira, helburua aldatzea zela ahaztuta. Anbizioa galtzen da, nahia, ilusioa… bertan gozo geratzeko tentazioa, etsipena besteengan baino ez bilatzea.
    2012. urtearen amaieran, hiru hamarkada luzez “euskararen aldeko” politikak bultzatzen pasa ondoren, beti bezala jarraitzen dugula ikusi ondoren… horren ondoren, bada, egoera soziolinguistikoa ezin da aitzakia izan beti bezala jarraitzeko. Politikak eta jarduerak errotik aldatzeko akuilua eta arrazoia izan behar du egoera soziolinguistikoak. Orain artekoa helburuen porrota baino ez baita izan. Politikari onak zertarako egiten duen politika gogoratu beharko luke, eta nekatuta badago, beste bati ez diezaiola lekukoa. Baina politikari ona bada, noski.

    • Bertze bat gehiago 2012-12-12 01:10

      Euskaltzaleak errealitate soziolinguistikoaren arabera jokatzen du. Nola bestela. Kontrakoa erridikulua egitea baita. Zenbat euskaltegi daude Erriberan? eta zenbat herri aldizkari Zuberoan? eta zenbat Urola Kostan? Faborez, demagogia gutxiago.
      Ezkertiarrak egoera sozioekonomikoaren arabera jokatzen duen bezalaxe, bide batez. Edo bestela galdetu ezker abertzalean, Kubako Alderdi Komunistan, galdetu Hugo Chavezi edo Indiako guerrilla maoistan. Ondoloin.

      • Euskaltzaleak egoera soziolinguistikoa kontuan hartu behar du aldatzeko, baina ez du horren arabera jokatu behar du. Aldea ikusten ez baduzu, gelditu zaitez eta hasi hausnartzen. Demagogia, benetakoa, orain dela 30 urteko diskurtso berberari eustea da. Ea ulertzen duzun: politika gauzak aldatzeko da.

        • Gonzalorekin guztiz ados.
          Bestalde, bada joera bat kritiken aurrean muturrera jotzekoa edota Ikerrek lehenago esan bezala, “ba zu gehiago” erantzutekoa, arazoari heltzea ekiditeko balio duena, beste ezertarako ez.
          Zerotik ehunera arteko tartean aukera asko daude. Inork ez du planteatu ezker abertzaleak soilik euskaraz jardun behar duenik, baina hortik espainierari lehentasuna ematera… Eta “euskaltzaleok” badakigu Bokalen, Ribaforadan, Trebiñun… edo Irurtzunen, eta Ziordin, eta Irunen, eta Sestaon, eta… ezin dela “Gipuzkoan” bezala jokatu. Horrenbeste badakigu. Ez gara Bantustanetan bizi.

      • Ba nik uste dut euskararen ezagutza txikiagoa den tokietan ere euskara erabili behar dela. Erriberan eta Lapurdiko kostaldean euskara ikasten dutenak anitz dira, eta horiek esfortzua egiten ari dira gero euskeraz bizitzeko, eta ez ordura arte bezala erderaz bizitzeko. Gainera, nola ikasiko du Ribaforadakoak euskera ez badio deusetarako balio? Baina, euskera lehenetsiz, ikusiko du zerbait falta zaiola, zerbait behar duela euskaldun izateko, zerbait behar duela bere ingurua (edo inguruaren parte bat) ulertzeko.
        “Egin euskara hutsez mitin bat, hitzaldi bat, bilera bat Ribaforadan edo Bokalen eta ea zer gertatzen den”. Hor hainbat estrategia erabili daitezke. 1) mitina bakarrik euskeraz, eta nahi bada, hitz bi erderaz (egun on, buenos días, euskaraz hitz egin, bukaeran esaldi bat erderaz), horrela mitinera joan den erdalduna konturatuko da euskera ikasi beharko duela horren parte izateko. Kontuan izan mitinetara ez doala konbentziturik ez dagoen jendea, militanteak doaz edo alderdiaren ingurukoak. 2) hitzaldia euskeraz hasi. batek esaten badu ez duela ulertzen, orduan esanen dugu ZORITXARREZ erderaz egin beharko dugula, barkamena eskatu euskaldunoi. Lagun horrek pentsatuko du bere errua dela bertako hizkuntza ez erabiltzea. Euskera ikasteko beste arrazoi bat. 3) Bileretan gauza bera.
        Hamaika aukera daude. Bestalde, sarri, erderaz eginen duzu bilera Ribaforadan, handik atera, eta agian tabernan konturatuko zara denak euskaldunak direla. Arraioa!
        Egoera irauli beharra dago, bestelaz ez goaz inora. Orain arteko bidea izan da “errealitate soziolinguistikoa” onartzearena (euskararen legeek egin dutena). Pentsa, horrekin legitimatzen da Vascuencearen Legea.

  • Kateak_Apurtu 2012-12-12 14:51

    Hasteko, kritika oro, ondo eginak badira, aberasgarri dira. Eta artikulu honetako kritikaren muina behintzat, guztiz koherentea dela iruditzen zait.

    Hau esanik, oso erreza iruditzen zait, eskualde euskaldun batetatik, eskualde erdaldunetako jendeari euskara ez egitea leporatzea. Artikuluan, pertsona bat kritikatzen da, 2 blog erderaz idazteagatik, Iruñakoa dena hain zuzen eta zihurrenik, egunerokotasunean erdera gehiago erabiltzen duen bati, berak nahi ala ez.

    Euskeraren alorrean eraman diren politikak asko hobetu daitezke, dudarik ez, baino errua ez da Iruñear batek euskera gutxi erabiltzen duenarena.

    Euskaltzaleak noski ibili behar duela egoera soziolinguistikoaren arabera, nola bestela. Betiere, egoera hobetzeko neurriak hartu beharko ditu, baino Iruñean era batekoak izango dira eta Azpeitian beste era batekoak. Euskeraren egoera kaxkarra den lekuetan, neurri anbiziosoegiak hartzeak ez dio euskerari onik egingo, bertakoak nazkatzea eta errebelatzea lehenago lortuko litzateke zihurrenik. Eta ez nik esanak nahastu, politika eta jarrera egokiagoak behar dira, askoz ere, baino ezin denak zaku berean sartu.

    • Hitza Beteta Aski 2012-12-12 15:26

      Pernando Barrena, Berriozartarra, elebiduna eta AEK-ko irakasle ohia da, oker ez banago. Baina egun Bilduren ORDEZKARIA da, eta ezker abertzalearen agerkari nazionalean idazten duenean, euskal herritar guztiei zuzentzen zaie, ez Berriozarkoei edo Pitillasekoei soilik.
      Eta honakoak proposatzen ditu Nafarroako Bilduk bere egitarauan:

      Euskara Nafarroako berezko hizkuntza izanik, ofiziala eta LEHENTASUNEZKOA da Nafarroa osoan. Ezinbestekoa da euskararen parekidetasuna eta berreskurapen osoa hurrenez hurren bermatzea ezagupena eta erabileraren aldetik.

      … hautes-zerrendetan gutxieneko euskaldun kopurua egoera soziolingüistikoaren arabera ezartzea, eta EUSKARAREN GUTXIENEKO ERABILERA DERRIGORREZ FINKATZEA administrazio bakoitzerako.
      Horrek, edozein administrazioan lanera sartuko diren LANGILE GUZTIEK LAN EGITEKO EUSKARA EZAGUTZEA eskatzen du.

      ADMINISTRAZIO OSOAREN ETA ZERBITZU PUBLIKOEN LAN HIZKUNTZA EUSKARA IZANGO DA, beharrezkoa denean, espainieraz ere egiteko kaltetan izan gabe.
      Helburu horretara iristeko, lan-hizkuntzaren derrigorrezko ERABILERA KUOTAK ezarriko zaizkio zerbitzu, udal, foru edo gobernu administrazio bakoitzari. Administraziorako politikariak – administrazioari ezarritako kuotaren arabera – eta langile eta funtzionario berri guztiak euskal eleaniztunak izango dira…
      Horiek guztiak eta gehiago, hementxe:
      http://bildu.info/nafarroa/files/2011/05/a16_eusk.pdf

      Horrelakoak proposatzen dituena, koherentziaz jokatzera behartuta legoke sinesgarritasunaren mesedetan.

      • Kateak_Apurtu 2012-12-14 12:16

        Hitza Beteta Aski:
        Bere blog pertsonalean hitz egin du, ez Bildurenean edo administrazio publiko batetikan. Euskeraz ere idatziko ditu, ez dut dudarik egiten. Baino artikulu bat idaztea, blog pertsonal hasi berri batean lehen bi testuak erderaz idazteagatik kritikatuz, gehiegizko deritzot.

    • Bertze bat gehiago 2012-12-12 15:29

      Iker, Ribaforadako mitinerako zure lehen aukera ez dut eraginkorregia ikusten, baina tira, baloratuko du mitina ematen duenak. Edo bertako euskaltzaleak ekitaldia antolatzen badu. Baina aukerak ematen dituzu, eta hain zuzen hori da defendatzen dudana, CUP eta ERCren hizkuntza portaerak ez bezala (horiek ez dute aukerarik egiten, %100 beti katalanez, beti, ez bada Madrilen aritzeko edo agian foro zehatz baten arabez, amazighez edo gazteleraz egiteko), EHn aukerak aztertu eta hobekien uste duguna egitera behartuta gaudela. Hots, erdarak ere erabiltzera behartuta gaudela zenbait egoera eta eremutan, bai abertzaleak bai euskaltzaleak berdin gure herritarrek gu ulertzea nahi baldin badugu. Euskaraz ez dakitenen babesarekin gehiengo sozialak lortuz euskararentzako politika berriak ezartzeko aukerak izan ditzagun. Ze diskurtso zaharrak, berriak edo nahi direnekin izan, legeak egiten diren lekutan eskua sartzeko gehiengo sozialik ez daukagun bitartean, jai dugu, oso koherenteak eta diskurtso garaikideak izanda ere. Ez da posible, akabo, eta orduan bai beste 30 urte egon beharko dugula zonifikazioa edo politikari bizkainoen erdalzaletasuna edo iparraldekoen ukazioa pairatzen. Eta Nafarroan edo Iparraldean eta EAEko zenbait eremutan herritarren gehiengoak euskara ulertzen ez duenez, euskara lehentasunez erabiltzeaz gain, erdarak (katalanak ohartu dira gaztelaniaz aparte beste hizkuntza batzuk ere hitz egiten direla, Diadan amazighez irakurri zuten manifestua, hemen oraindik arrastorik ez…) ere erabili behar dira. Bai politikagintzan, bai euskalgintzan bai eguneroko bizitzan.
      Hori onartzeko prest ez dagoenari gonbitea egiten diot Ribaforada UEMAko kide izateko proposamena luzatzeko eta egingarri egiteko. Ea noizko daukan lorpena Euskal Herriari eskaintzeko.
      Bide batez Urtzai, %70eko euskaldungoa duen herri batean euskara hutsez funtzionatu behar du alderdi abertzale batek (ez bada centro regional batean hitzaldi bat emateko adibidez, non tartekatu beharko lukeen). Eta herriko beste edozein eragilek ere horrela egitea bilatu beharko litzateke epe laburrera. Dudarik gabe. Eta zergatik ez %50eko ezagutza duten herrietako Udalak UEMArantz eraman eta horrelako beste asko eta asko. Baina Euskal Herrian dena ez da hori. TELP-lari sutsuenak ere ezin du euskaraz bizi %100ean Euskal Herriko eremu zabaletan, beraz jokaera aldatzera behartuta dago, eta edozein pertsonak bezala, politikariek ere aldatu behar dute euren hizkuntza publikoaren arabera. Euskarari lehentasun osoa emanez, bereziki eurek, gaur bertatik? Jakina. Baina batzutan herritarren hizkuntza ohikoa gaztelera edo frantsesa edo X denez, beste hizkuntza batzuk ere ahoan ibilita. Hau ukatzen duenari gonbitea luzatzen diot Santurtzitik buelta bat eman dezan eta ea zenbat irauten duen gazteleraz hitz bat luzatu gabe.
      ongizan

      • Beno, adostasunera iritsi garela dirudi. Zuk CUP eta ERCren hizkuntz portaerak esan dituzu eta egia esan ez nekien %100an katalanez hitz egiten zutenik. Nik nioena zen, kuota bastante (nire irudipena da agian baina) gehiago igo behar dutela bai alderdi eta erakundeek orohar lurralde guztietan. Bakoitzean ikusiko da momentuko neurria zein den, baina iruditzen zait ez dela dagoen potentziala aprobetxatzen.

        Eta bai, hori diot nire bizitzaren zati handi bat Araban egiten dudalako, eta han ere gauzak ez direlako batere errazak. Baina, bertan dagoen potentzialean sinisten dudalako. Datu bat bakarrik ematearren, eskolatik irtetzen den haurren %68ak ulertzen du gaur egun euskara (Laudioz ari naiz). Eguneroko bizimoduan gaztelera dute ahotan gehienek, baina oso kontuan hartzeko datua da. Hazia ereinda dago leku askotan, ura botatzea falta da.
        Noski ez da gauza bera izango Tuteran, ulertzen dut. Baina leku horietan ere euskarari lehentasuna eman beharko litzaiokela uste dut. Alderdiek ere koherentziaz jokatu beharko lukete eta barneratzen dituzten baloreak erakutsi. Besterik ez.

      • Sanchico Rota 2012-12-12 19:46

        Orain Ribaforadatik Santurtzira? Baietz, motel, badakigula ezin dela berdin jokatu Orendainen eta Buñuelen. Nik uste dut ongi azalduta geratu dela. Bokaletik ez oso urruti, Fontellaseko Argia ikastolan, euskaraz hazten eta hezten diren gazteek eskertuko lukete, dudarik gabe, urteetan egin duten ahaleginari balioa ematea, euskara gehiago entzun, irakurri eta hitz egiteko aukera balute (blogetan, adibidez). Ni entzunda nago Tuterako plazan Osorriren kontzertu bat, oso didaktikoa, eta Natxo de Felipe ezin bikainago, orain euskaraz, orain gaztelaniaz, kanten aurkezpena egiten. Eta ume koxkorrak pozez zoratzen, eta aiton-amonak baba dariola nahiz eta euskarazkoa piperrik ulertu ez. Ados gaude, ezta?

  • Izarpezelai 2012-12-12 19:39

    Ezker abertzalea ,praxi politikoan, erdalduna da oso. Gustatuko litzaidake jakitea zenbat denbora aritu den euskaraz gaur Gasteizko Parlamentuan Laura Mintegi, esaterako. Norbaitek ba al du datua?

    • Joseba Uria 2012-12-12 20:07

      Hemen duzu Laura Mintegiren diskurtsoa (http://www.berria.info/dokumentuak/dokumentua1038.pdf) eta hemen Iñigo Urkullurena (http://www.berria.info/dokumentuak/dokumentua1037.pdf). Atera kontuak.

      • Izarpezelai 2012-12-13 22:29

        Mila esker, Joseba, bi diskurtso horiek hona ekartzeagatik.
        Biak aztertu ondoren zera ikusi dut: gutxigora behera bi hautagaiek euskararen antzeko erabilpena egiten dutela, diskurtsoaren erdia edo. Honen haritik, harritu egin nau datuak, uste bainuen Mintegik Urkulluk baino gehiago erabiliko zuela euskara, eta ez da horrela izan. Nire iritzia: Gasteizko Legebiltzarrean alderdi abertzale baten ordezkari batek DISKURTSO OSOA euskaraz egin beharko zuela, koherentziaz. Ez dut uste gehiegi eskatzea izango denik, Galiziako edo Kataluinako parlamentuetan PPko kideek ere galego edo katalan hutsez mintzatzen baitira.

        • Berriketan-en idatzi baten batek: Mintegi eta Egibar, elkarri espainolez. Gaur Laurak barkamena eskatu du twitterren atzo arratsaldeko saio osoa espainolez egiteagatik; kritikak jaso omen zituen, eta arrazoi osoa ematen die apal-apal kritika horiei. Eta abar, eta abar… Honek guztiak zentzu apurtxo bat izango luke, sikiera, legebiltzarrean berehalako itzulpen-zerbitzurik ez balute.

          • Bertze bat gehiago 2012-12-14 00:25

            Egoitza parlamentarioetan (bai EAEn bai Nafarroan) diputatu euskaldun batek gaztelera erabiltzea defekzio linguistikoa da, autoukazioa. Izan ere hor ez dago inolako aitzakiarik: %100ak ulertuko die. Berez ezin da ulertu zerren, noren, zain dauden euskaldun diren guztiek euskara hutsez jarduteko (ez bada euskalduna den baten batek gaitasun falta duelako, eta orduan aukera aparta du praktikatu, ikasi eta behar duen mailara heltzeko).

      • Iban Tustan 2012-12-14 08:25

        Politikari unionistek ez dute inongo konplexurik. Joango dira Azpeitiara eta ez dute egun on ere esango, “Espainian” baitaude.
        Politikari abertzale gehien-gehienek (¿guztiek?) sumisio linguistikoa praktikatzen dute egunero. Sumisioa bai, baita ustez “iraultzaile” direnak ere. Hain da patetikoa ze, dirutan ustelduta dauden hedabide handiek (Vocento eta beste) exijitu egiten baitute erdaraz egitea eurei. Itzultzen hastea, ezta pentsatu ere. Eta gure ordezkari “zintzoak” makurtu… Eta sumisio horren adierazpen gorena, ondo esan duzuen bezala, Erakunde eta foro publikoetan ematen da, horietan, aldi bereko itzulpena egon arren, espainieraz jarduten baitute nagusiki.
        Patetikoa. Euren hautes-egitarauak irakurri dituzte? Noiz hasiko dira agindutakoa betetzen?

  • Buf, egia esan albiste honetako iritzi pare bat bakarrik irakurri ditut. Hori da Barrenkeria, hi! Zeasma gabiltza danok… kalean hotz egiten duelako interneten mukiak kenduz, edo zer?!
    Niri behintzat ez zait harritzen Barrena naparrak erderaz idaztea bere blogean. HEGO Euskal Herriko Ezker Abertzaleak bere jarraitzaileen artean, euskaldunak, elebidunak eta erdaldunak ditu. GARA egunkaria edota NAIZ atari digitala bezalaxe, #Gaztelera ere erabili ohi dute Ezker Abertzaleko liberatu hauek. Baina (nik dakidala…) Sortu-EzkerAbertzaleko antolakuntzako arduradun denek euskara jakin behar dute eta barne batzar-bilera-komite-edo… euskara hutsean egiten dira. Barrenkeriak aparte, Sorturen gorpuztearen beldur dira makina bat jende. Eta zu? Zer diozu?

    • Mukiekin bukatzen duanean eman begiratu txiki bat Bilduren egitarauari, eta irakurritakoan hitz egin.

      • Aizu, Bildu koalizio bat da (Aralar, Alternatiba, Eusko Alkartasuna eta Sortu-EzkerAbertzaleak osatua). Ni Sortu-EzkerAbertzaleaz ari nintzen, Barrena denok dakigunez Ezker Abertzaleko militante ezaguna baita. Herrietako Bildu, Herrialdeetako Bildu nahiz Euskal Herria Bildu koalizioak ez dakit zelako antolakuntza eredua duten. Bilduren “EGITARAUA” diozu… “Egitura” esan nahi duzu, ezta? Ez duzu oso argi utzi zer esan nahi zenidan …

    • Sortu gorpuztearen beldur ez, Sorturen gorpuztearekin etsituta bai. HEGO Euskal Herriko Ezker Abertzaleak, zeinek Pernando eledun baitu (ez da Iruñea-Nafarroako ordezkari soila), bere jarraitzaile erdaldun elebakarrak euskalduntzeko zeozer gehiago egin beharko luke, eta ez hainbeste denbora eta txosten-lerro eskaini espainolaren erabilera justifikatzeari. Bestela, zertarako hainbeste buruhauste; egin dezagun denok espainolez eta kitto! Denok ulertuko dugu elkar! Ai! Ahaztu zait abertzaleak=euskaltzaleak ginela. Kontua da batzuek Ezker Abertzale sakrosanto ukiezina euskararen aurretik eta gainetik jartzen dutela, eta beste batzuek Ezker Abertzalea ere euskararen zerbitzura makurtu nahi dugula, GARA-NAIZ erdalzale (eta barneko lan-giro eta irizpideak hurbiletik ezagutzen dituenak badaki ongi zertaz ari naizen, euskaraz idazten duten lankideei erdaraz egiteko eskatzen zaie, euskaltzale sutsuak zirenak Garan erdaraz idazten ikusten ditugu… Baina ze adarjotze da hau?). ASKI DA ERDARAREN ERABILERA DEFENDATZEAREKIN, EZ DU BEHARRIK; EUSKARAK BEHAR DU DEFENTSA. EUSKAL HERRIA EUSKAL HERRI NAHI DUGU EDO EZ DUGU EZER NAHI!!!

  • Euskararekin zeozer egiten dugu txarto hezkuntzan, Wert-ek (bai Wert ministroak berak!) EAE-ko eredu sistema onesten badu.
    Katalanek bestera, euskaldun zintzook heziketa gaztelaniaz egitea bermatzen dugu.
    Honek zer pentsa ematen du.

  • Ongi, Pernando, ongi. Atzotik geroztiko txio gehienak euskaraz eta post berria euskaraz zure blogean (Eta Nafarroako kontuei buruz!). Xeoxertarako balio du kexatzeak. Ea ez den egun pare bateko kontuan gelditzen eta Ezker Abertzaleak ildo euskaltzaleagoa bere egiten duen, diskurtsoan bezainbeste praktikan. Gutariko asko oso minduta gaude, ez zure bi post horiengatik, baizik eta azken aldian beti bezain nabarmen gelditu den joerarengatik.

  • Beltza du etorkizuna euskarak. Irakaskuntzan behintzat, ikastolak barne, belaunaldi berriak oso konpetentzia kaxkarrarekin ateratzen dira eta ikasgelatik kanpo (jolasgaraian eta abar) erderarako joera nabarmena dute eta beraiei honek ez die arazo ideologikorik sortzen, naturaltasunez egiten dute, euskara eskolako hizkuntza delako baina beraientzat benetako komunikazio hizkuntza erdara da

  • Kateak_Apurtu 2012-12-14 13:10

    Nazkatu xamarra naiz “ultraeuskerazaleak” (ez dakit nola definitu) entzuteaz, eta badirudi ni gaztelaniaren defendatzaile gisa azaltze naizela zuetako askoren iruzkinak irakurrita, baino ezta hala inolaz ere.

    Euskal Herrian euskararen egoera tamalez kaxkarra da, eta horren errudun nagusiak ez dira ez Gara, ezta Pernando Barrena ere. Harrigarria egiten zait hauek jasotzea kritika kopuru gehien, boterean egon direnen aurka baino, hau da, hizkuntz politikak zehaztu eta aurrera eraman dituztenen aurka baino.

    Nire kasu pertsonalean, euskaldun zaharra naiz, baino lagun bat baino gehiago ditut euskeraz ez dakitenak, ondorioz, lagunartean gazteleraz hitz egiten dut, zein lagunekin nagoen arabera. Beste lagunekin, euskaraz, noski. Horregatik euskara jipoitzen ari al naiz? Euskal Herri euskaldun baten aurka ari naiz? Ba ez, errealitate baten ondorioak dira horiek.

    Euskaldun berriak edo euskaraz gutxi dakitenak euskerara hurbildu behar dira. Horretarako, administrazioek zeresan handia dute, adibidez, administrazioan euskera lehentsiz etb. Herritarrok ere gauza asko egin ditzakegu; lehen hitza euskeraz eginez etb. Hau da, euskara, normalizatze bidean jartzea. Euskararen normalizazioa aldiz, heltzen bada, ez da urte batetik bestera etorriko, prozesu luze baten eta gauzak ongi izanaren emaitza izango da.

    Bestalde, errealitate bat da, abertzale askok ez dakitela euskeraz hitz egiten. Hori norbanakoaren kontraesana da, bai, baino horrek ez dio bere abertzaletasun izaera kentzen. GARA abertzale erdaldunei ere zuzentzen zaie, bestela aukerako informazio abertzalerik ez bait zaie geratuko. Eta jarrera hau ere (kontraesana iruditu arren), Euskal Herria euskalduntzeko mesedegarri da, erdaldunak (batzuk behinik behin) abertzaletasunara eta ezkerrera mugiarazten dituztelarik. Hauetako batzuk euskara ikas dezakete, edo gutxienik, hauen ondorengoak (seme-alabek) euskaraz ikasiko dute. Orain, bapatean erderaz egunkari abetzalerik idatziko ez balitz, etorkizun iluna genuke, gizartearen gehiengoak (gaur egun baino gehiago) informazio anti-euskalduna kontsumituko zutelako. Ikusi Deia-ren erantzuna bestela Gipuzkoako foru aldundiak egin zituen hizkun politika aldaketekin izan zuen jarrera (“Quieren imponer el euskera!”).

    Ez dezagun iparra galdu, Barrena ez da euskararen etsai, ezta gutxiago ere. Guztiz kontrakoa. Bizi den inguruan normala da erderazko testuak ere idaztea, euskera ahaztu gabe noski. Gehiago esango dut, erdaldunak euskerara gerturatzerako orduan, eraginkorragoa. Hau da, erdaldunen batek Barrenaren bloga gustoko badu (erderaz irakurri dituen artikuluengatik) euskerazko bat ez ulertzeak zer pentsatua eman lekioke. Hala ere, jakitun naiz, erderaz ERE idazte horrek euskaldunentzako mesedegarri ez direla, baino osotasunean ikusirik, eta inguru erdaldunetara aplikatuta batik bat, emaitza hobeak lortuko direla horrela, lehen aipatutakoagatik.

    Barkatu txapagatik.

    • ultraeuskarazale 2012-12-14 13:33

      Zure mezua adibide argia da: ideologia euskararen aurretik jartzen duzu. Oso errespetagarria iruditzen zait (ez da broma), baina gauzak diren bezala esan behar dira.

      Eta horrek noski dakar postura bat (nola jende gehiagok erdaraz dakien, horiei erdaraz egingo diet… todo entendemos el castellano, no?) beste hainbat esparru eta testuingurutan guztiz kritikatu ditugunak. Ba ezker abertzalearen kasuan ere egurtu beharreko jarrera da; beste batzuek ere beren arrazoiak (ideologiko, ekonomiko, edo auskalo zein) ere eduki baititzakete euskararen alde ez egiteko.

      • Kateak_Apurtu 2012-12-14 14:41

        Ideologiaren barruan dago euskalzaletasuna, besteak beste. Kontua ez da lehenengo, bigarrengo edo laugarren mailan egon, arlo guztiak dira oinarrizkoak. Euskara babestea, beste gauzen artean oinarrizkoa da. Noiz ukatu dut ba hau?

        Noski Euskal Herri euskaldun bat nahi dudala eta amesten dudala, baino hori ez dugu lortuko euskaldunok (euskara dakitenak) soilik, gutxiengo bat garelako.

        Pausuak sendo emanez lortuko da, lortzekotan. Ez Barrenak bi testu erderaz idatzi dituela eta jipoituz. Hizkuntza joerak aldatzea ez da batere erreza eta bere erritmoan egin behar dira. Eta lehen esan dudana berresten dut, erdera erabiltzea erdaldunak abertzaletasunera eta euskalzaletasunera erakartzeko, ez da euskararen aurkakoa nere iritziz.

    • Iban Tustan 2012-12-14 13:37

      Nazka librea da. Hain da librea ze “ultraeuskarazale” deitzen gaituzunok, nazkatuta baitaude euskaltzale askoren jardun ohikoa espainieraz izan dadin, eta horixe da salatzen duguna, ez besterik. Eta inork ez du hemen esan Pernando euskararen etsaia denik. Egin dugun gauza bakarra bere jokabide inkoherentea salatzea izan da.
      Portzierto, Pernandoren bloga ez da blog “pertsonala” zeuk diozun bezala. http://www.ezkerabertzalea.info/ webguneko atal bat da, Joseba Permachenarekin batera. Eta ez du loragintzaz, erlegintzaz eta bere balizko zaletasunez edo gorabeherez hitz egiten, politikaz baizik. Ezker abertzaleko eledun garrantzitsu baten bloga da, argi eta garbi.
      Eta blog horretan Barrenak espainierari eman dio lehentasuna, Arnaldok bere liburua argitaratzean egin zuen bezala, edo Mintegik Legebiltzarrean egin bezala. EAJkoak askoz erdarazaleagoak direla? Zalantza izpirik gabe. Askoz erdarazleagoak. Anasagasti, Azcuna eta beste erdaldun batzuen jarrera negargarria da, baina Erkoreka, Urkullu, edo Ibarretxerena berarena ere, malko batzuk botatzeko motibo bada. Espainierak du erabateko lehentasuna EAJ-n. Eta Deiaz zer esan? Penagarria guztiz. Baina EAJrengan ez dugu esperantza handiegirik, euskarari dagokionez. Esperantza dezente handiagoa dugu ezker abertzalearengan, edota Gararengan ere. Horregatik luzatzen dizkiogu kritika gehiago. Eragingo dutelako esperantza badugulako.

      • Kateak_Apurtu 2012-12-14 14:46

        Arrazoi duzu, ezker abertzalearen web gunean egonik, ez da guztiz pertsonala. Horretan ados.

        “Barrenaren jokabide inkoherentea salatzea” diozu, frogak, bere blogeko 2 testu. Gauzak bere honetik ateratzen ari zaretela uste dut.
        Nik ez dut esaten… “EAJ-koek erderaz gehiago egien dute”, baizik eta, “EAJ-koak euskeraren aurka dabiltza”. Ez dira gauza bera.

      • ultraeuskarazale 2012-12-14 15:19

        Esperantza gehiago izan harekin edo honekin niri bost. Jokabide bat kritikagarria da honek, horrek edo hark egin.
        Eta honek eta horrek erabiltzen duen argumentua bere jokabide horreka zuritzeko, beste hark erabiltzen duen berbera bada… nik hirurak kritikatuko ditut berdin-berdin.
        Ze esperantza eta ze krixto… FACTA NON VERBA

  • Bittor Hidalgo 2012-12-14 16:26

    Ezin izan det gaur arte irakurri hemen esana. Ni, Barrenaren espainolezko artikuluen aurretik nahikoa harrituta nengoen Joseba Permachen joerarekin espainolez idazteko. Barrenari eginiko salaketaren ondoren idatzi duen azken artikularen aurretik, hau euskaraz, beste lau zeramatzan euskaraz eta hiru espainol hutsean (Se prepara un pucherazo en Kutxabank / Desahucios, Mario Fernández y la cueva de los cuarenta ladrones / eta / Breve y sincero balance electoral). Bolumen bertsua bi hizkuntzetan. Eta ez nuen ulertzen zergatik.
    Gauza bat da euskara ulertzen ez dutenei ere bere mezua zabaldu nahi izatea, eta beste bat bere mezua ezagutu nahi duten guztiak nahitaez derrigortze espainolez irakurtzera, eta aritzera. Hori da inposizioa.
    Inork ukatzen dizue Permachi edo Barrenari zuen diskurtsoa euskaraz egitea, eta gero, nahi edo behar izanez gero, hau espainolera itzultzea, edo swahilira nahi izanez gero, han ere ulertu diezazuieten, gu euskaldunok behartu gabe zuen artikulu horietako espainol elebakar orojalera?
    Zergatik ez duzue hori egiten? Gehiago kezkatzen zarete zuen diskurtsoa espainolez ondo zabaldu dadin, guri zuen praktikan espainola inposatzeak baino?
    Edota hemen eztabaidan behin baino gehiagotan agertu bezala, nork debekatzen die Mintegiri eta Urkulluri bere diskurtso guztia EAEko Legebiltzarrean euskaraz egitea? Zergatik inposatu behar digute espainola? Espainolez egiten badigute, da, nahi digutelako espainolez egin eta ez euskaraz. Nahikoa da.
    Zergatik dihardu espainolez Donostiako alkateak udalbatzarretan bere denboraren erdian edo gehiagoan guri espainola inposatuz? Edota bertako gobernu taldeak? Ez digute jada nahikoa espainol inposatzen espainol hutsean ari direnek? Edota bertako euskaldun guztiek ere, eta EAJko zinegotziak tartean.
    Espainolez egiten diguzuen guztian ari zarete euskaldunak espainoltzen. Ez dago hori garbi? Zertan ari zarete jolasean?
    Nahiago duzuela gu espainoldu, zuen mezua Euskal Herriko azken bazterreraino espainolez iritsi ez dadin baino? Hori ari zarete egiten espainolez ari zatzaizkguten guztian. Vade retro! Utikan! Noiz arte?

  • Euskal Herria gehienik euskaraz izango da, ez da batere izango. Lehen esaten zen masa kritikoa nahikoa izan arte, itxaron behar zela euskaraz egin arte. Zer dira ba 55 parlamentari euskaradun Gasteizen? Ahuntzaren gauerdiko eztula? Legegintzaldi berrian %75 euskaraz egiten ez bada, noren errua izango da? Espainolena? fatxena? Bermeon, 10etik 9 ei dira euskaldun, eta erabilera 35era jaitsi da, nori leporatuko diogu orain gure makala? Nazkatzen hasita nago euskal abertxalixtoekin. denbora agortzen ari zaigu, belaunaldi berriak praktiko-praktiko eta desideologizatuak datoz, baten batek esan bezala; edo arre edo so, baina atoan!! Osterantzean, irlandartze bidean sartuko gara, edo, beharbada, sartuak gara dagoeneko, ondo sartuak ere.

    • Iban Tustán 2012-12-14 18:41

      Arazoa da unionisten Espainian gaztelania ez den beste hizkuntzarik ez dela kabitzen. Abertzale askok, ostera, bere egin du kolonizatzaile unionisten hizkuntza, eta uste du Argitxok ekarriko digula euskara gure eta unionisten haurren eskutik, gu espainieraz bizi garen bitartean. Unionistek argi dute hizkuntz politika. Alderdi abertzaleek ideia zorririk ere ez dute, eta sumisio hutsean bizi dira.
      Legebiltzarreko lehen eguneko eztabaida lotsagarria eta etsigarria izan zen. Abertzaleak abertzaleari espainiera dotorean, jo eta sua, unionistak belarritakoak fatriketan eta itzultzaileak kafea hartzen…

  • Bada, nik honetarako ez dut behar ez Sortu ez mortu. Hori izaten bada praxia gehiengo euskaldunekin ere, ni autobus honetatik jaitsi egingo naiz. 40 urte mugitzen zen guztiari joka igarota, akabuan konplexuek , ezintasunak eta erosokokeriak janda amaitzeko. Bide laburreko hegaldia gurea!!! Hobe hegoak ebaki balizkiote hasikeran!!!

    • Iban Tustán 2012-12-14 20:12

      Balentin Berrio-Otxoak jarri zituen alderdi abertzaleen praxiaren oinarriak duela ehunka urte batzuk baino ez.
      Honela idatzi zion amari Tonkinetik, euskara eta “kristauera” tartekatuz:

      Neure Amatxo maitia, eta gure Atso bizkorra:

      Amatxo, alkar zeruan ikusten garianian erdera berba egin biarko dogu, zergaitik euskeria ia aztu da.
      “ Allí hablar castellano, Madre; no puede vascuentze, y así con soldados aprender castellano es necesario. Usted, Madre, ahora vieja, difícil aprender castellano, yo creer, y mucho doler cabeza; pero ahora no aprender, y después el Madre hablar no puede a la hijo en el cielo. Entender, Madre, o no entender?

      “ Yo ser su hijo humilde.”
      FRAY VALENTIN BERRIOTXOA

      Nola Valentinek, hala hitz egiten digute egun gure leaderrek ere, artalde xumekooi.