Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoak

Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoakTrollak izaki itsusi, indartsu eta fantastikoak izan dira. Interneten aroan, ordea, beste esanahi bat du Troll izateak. Ezagutzen dituzu? Hemen Troll kiratsarekin amaitzeko gako batzuk.

Zer da Troll bat?

  • Nahita erabiltzaileen erantzun haserretua sorrarazteko helburuz interneten argitaratutako artikulu edo iruzkin probokatzailea idazten duena.

Nola identifikatu Troll bat?

  • Anonimotasunean babesten du bere izena, eta normalean ezizen bera erabiltzen du.
  • Kontrako erreakzioak sortuko direla dakien webgune edo foroetan bakarrik idazten du.
  • Jatorrizko artikuluarekin bat egiten ez duten kontuak idazten ditu eztabaida bere eremura mugiarazteko.
  • Askotan Troll intelektualoidea izan daiteke. Bere pentsamendua zuzena dela uste du eta gainontzekoena erabat okerra. Besteen argudioak bere mundu ikuskera propioaren egia aldarrikatuz mespretxatzen ditu.
  • Askotan Trolla fanatiko-politikoa da. Alderdi politiko batek egindako guztia sutsuki defendatu eta gainontzekoena sistematikoki gutxiesten du. Edo: alderdi politiko guztiak kakaren hurrena dela dio, guztiak zaku berean sartuz.
  • Trollak foroko erabiltzaileen erreakzio haserretua lortzen duenean beste ezizen bat erabiliz iruzkin probokatzailearen alde jartzen da, hots, bere Troll-buruaren alde.
  • Ez du adostasunik bilatzeko asmorik, eztabaida pozoindu, gainontzeko erabiltzaileak zatitu eta protagonista bilakatzea baizik.
  • Trollak sendatzen saiatzea alferrikakoa da. Argudiorik gabe gelditzen direnean exajerazioan edo ihesaldian hasten dira.
  • Trollari iruzkin edo artikuluak ezabatzen zaizkionean adierazpen askatasunari edo zentsura ideologikoari egiten dio erreferentzia.
  • Trolla erakargarria ere izan daiteke umorea eta sormena egoki uztartzen badaki. Twitterren bizi dira onenak.

Zer lor dezake Troll batek?

  • Webguneko eztabaiden kalitatea jaistea, batez ere iruzkin interesgarriak irakurtzea eragotziz.
  • Webguneko erabiltzaileak uxatzea, aspertu, nazkatu eta haserretu egiten dituelako.
  • Erabiltzaile batzuk gozatu egiten dute liskar amaigabeak eta astakeria orgiak irakurrita.

Zer EZ da egin behar Troll baten aurrean?

  • Mezuei erantzun: artikuluaren gaia betiko desbideratzea lortzen da. Troll ehiztariak direla uste dute, baina haiek dira ehizatuak, Trollaren jokoan erortzen baitira.
  • Trollari erantzun dionari ez erantzuteko esanez publikoki erantzutea.
  • Sendatzen saiatu: Trolla berez da probokatzailea eta ez du amore emango.

Zer egin Trollari aurre egiteko?

  • Interneteko jakinduria herrikoiak dioenez Troll bati aurre egiteko bide onena Don’t feed the Troll da (Ez elikatu Trolla). Jakina da Trollak gehien gorroto duena axolarik eza dela. Probokazioetan ez erortzeko pazientzia handia behar da, batetik, eta, bestetik, probokaziotan erortzen diren amateur erabiltzaile gutxi izatea.
  • Web Administratzaileak Trollaren mezuak sistematikoki ezabatu ditzake.

Trollak osasunarentzako kaltegarriak izan daitezke. Artikulu hau osorik irakurri baduzu, aurrerantzean badakizu zer egin eta zer ez. Honezkero aise identifikatu duzu gure inguruan dabilen Trolla. Trollek kumeak dituzte. Laster gehiago izango ditugu ez baditugu neurriak hartzen. Ez ahaztu: Trollen helburu bakarra probokatzea da. Haien ideologia gutxienekoa da. Bazka behar dute bizirauteko. Orain ere burua aterako du. Ez egin kasurik. Internet osasuntsuago baten alde: Ez Elikatu Trolla.

Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoak

Trollei buruzko informazio gehiago:

Wikipedia

Usuarios Troll algunas características

Troll, modo de uso

El Troll en Twitter: características y qué hacer con ellos

Gracias, Troll

* Artikulu hau 2013ko urtarrilean argitaratu zen. Duen gaurkotasunagatik ekarri dut berriz

Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoak

12 pentsamendu “Trollak identifikatzeko eta ezabatzeko aintzat hartu beharrekoak”-ri buruz

  • artikulu hau oso erabilgarria da, gustatu zait.

  • Amonamantangorri 2013-01-08 19:45

    Probokazioa, ironia, umorea eta sormen dosiekin “troleatzen” dakiten trollak ikaragarri aberastu dezakete eztabaida serio bat. Hemen inguruan dabiltzanak, ordea, ez dira horietakoak.

  • Troll bat ote? Hala eta guztiz ere troll bat dela ematen du.
    http://www.kazeta.info/kultura/lekornen-ospatuko-da-ehzren-aurtengo-edizioa

  • Gutxi irauten du isiltasunak trollaren leizean!

  • Obanoseko infanzoia 2013-01-10 14:57

    Totalitarismo ta faxisten marka: isiltasuna. “Mayoría silenciosa” gustatzen zaiena. Ez pentsatu, hortarako nago ni…..

  • Bai, aise identifikatu d(it)ut, eta zinez onuragarria litzateke artikulu honen esteka bat edukitzea artikulu orotan, iruzkinak baino lehen.

  • Aspertuz Hil 2015-10-20 20:49

    Zer EZ da egin behar Troll baten aurrean?
    •Mezuei erantzun: artikuluaren gaia betiko desbideratzea lortzen da. Troll ehiztariak direla uste dute, baina haiek dira ehizatuak, Trollaren jokoan erortzen baitira.
    Hiltzen Hil erabiltzaileari aplikatu beharra dago hau.

    • Hik erantzun diok ba!

      Nik uste “Don’t feed the troll” jartzea ere ez legokela hain gaizki.
      Trollari kasu egiten zaio, bai. Baina, azkenean, kasu gehiago ez egiteko esaten ari gara. “Don’t feed the troll” jarri eta inork kasu gehiagorik ez.

  • Peru Dulantz 2015-10-21 08:24

    Ona!

  • Trolltzaindia 2015-10-22 09:35

    Trollei buruzko artikuluek ez al dituzte trollak elikatzen? Hau paradoxa!