Leku guztietan nago, baina ez naiz jainkoa

NBCNEWS2005Ez nauzue ikusten, iraintzen nauzue askotan, gutxiesten nauzue baina orain leku guztietan nago. Eta ez naiz jainkoa. Ikustezin naiz zuen begi ezjakinentzat, hain zaudete itsututa flashez, bizitzaren soinu banda industrialez mozkortuta, ezen, ez baitzarete konturatzen zuen baitan nagoela, zuen alboko lagunarengan eta gutxien espero duzuen leku horretan. Ez zarete konturatzen nire indarraz. Ez zarete jabetzen arma bortitza naizela eta ez dudala zuen mozkorraldiaren konpasean dantzatu behar. Akabatuko baitzaituztet.

Atzo nitaz nahiko ahaztuta dabilen NBC News kateak Facebookeko orrialdearen bitartez hemen jarri dizkizudan bi argazkiok argitaratu zituen, eta modu ederrean narabilen lagun batek, Harri Fernandez Noticias de Gipuzkoatik kaleratutako kazetari finak elkarbanatu bere murruan.

Agendan irakiten zen gertaera bat, ezustean azken hamarkadan bi aldiz gertatu izanak, irudi oso indartsu bat utzi digu aste honetantxe. Aita Santua, Vaticanoko buruzagia eta katolikoen arabera jainkoaren bozeramalea aukeratu zuten kardinalek, eta San Pedro plazara irten zen  Jorge Mario Bergoglio jauna jendetzaren aurrera. Hain zuzen Joseph Aloisius Ratzinger jaunak 2005ean egin berdintsu. Baina 2013an inoiz baino jende gehiago ari zen zuzenean kontatzen gertatzen ari zena. Ohartu ere egin gabe, han nintzen inoiz baino presentago, ustez hilzorian nagoen garaiotan.

Mundua aldatzen ari da. Jendea aldatzen ari da. Ohiturak, ipuinak, ipuinak kontatzeko erak, idazteko erak aldatzen ari dira. Pantailetatik hitz egiten du jendeak, pantailetatik irakurri, pantailetatik bizi. Dena ari da aldatzen, nire izena darabilen gremioa ez ezik. Aurretik noa. Jada egon nintzen egunkariak eta telebista orain dauden lekuan. Joan naiz eta ez dira konturatu, ez zarete zeuok ere konturatu. Ni ez bainago orrialdeetan, ez bainago pantailetan. Ni zuengan nago, zuen niaren zati baten ondorioa izan nintzen eta naiz. Eta iraintzen nauzuenean, zeuon burua iraintzen duzue. Ahaztu egin zaizue nor naizen, edo besterik gabe… ez duzue inoiz jakin.