Beste su-eten batzuen posibilitateaz

Su-etenei dagokienez, askotarikoak ditugu premiazko, agerikoa da. Bakoitzak bere tregoa proposamenak eskatzen ahal ditu eta honakoa nahiko nuke aprobetxatu nirea galdegiteko: euskaldunoi buruz hitz egitearen su-etena. Hamarkada batez Eus oro ahantzi dezagun. Euskaltel, Euskalmet, Euskosport, Euskalbideo, Euskal Encounter, Euskotren, Eusko Ikaskuntza, Euskalhorse, Euskalterm, Euskalnet, Eusko Label. Gehiago ere badira, noski. Ez al zarete nekatu dagoeneko? Gurea zilbor polit askoa izango dela, ez dut ukatuko, baina zilbor zale handiena ere neka daiteke egunero zilborra gora, zilborra behera. Gauza bat da nork bere buruaren lotsarik ez izatea eta beste bat masturbazio obsesiboa. Gu eta gutarrak. Gu, geu eta geuself.

EuskoKebab_1

Gauzak horrela, hainbat neurri hartzea proposatuko nieke gure instituzio askotariko agintariei zein euskalgintza, naziogintza eta enparauetako eragileei (agian gintza oroz ahanztea ere ondo legoke baina beste baterako utziko dugu hori).

Lehenengo, neurri linguistikoak. Ahalik eta gehien murriztu eus, eusko, euskal aurrizkiak; ahal dela, ez erabiltzeraino. Euskal eta tasun konbinazioa, hori bai, erabat galarazita. Baditugu pare bat poema on askoak euskaltasuna-rekin eta nahikoa dugu horrekin; ez dut uste merezi duenik horiek gainditzeko saiakeretan tematzea. Beraz, euskal literatura esan beharrean, literatura esango dugu aurrerantzean. Euskal okela esan beharrean, okela. Euskal Encounter ordez, Encounterra, edo nahi izatera, Enkontruba. Aski izango dugu elkar ulertzeko. Zama handia kenduko dugu gainera. Frantsesek literature esaten dutelarik ez duzue pentsatuko ba, Miguel Delibes, Gore Vidal edo V. S. Naipaul dutela buruan ala?

Badugu gure kultura, gure historia, gure gizartea, gure sukaldaritza, gure kirola aztertzen duten hamaika ikerketa-lerro, beka, tesi eta beste. Bada, hamarkada batez besteren kultura, besteren historia, besteren gizartea, besteren sukaldaritza, besteren kirola aztertzeari ekingo diogu. Euskal Herritar Unibertsalaren Saria igaroko da Kanpotar Unibertsalaren Saria izatera. Lehenengo hautagaiak? Toni Cantó eta Sara Montiel (azken hau postumoki), adibidez. Gure burua unibertsaltzat aurkezteko lanetan ibili beharrean askoz ere eraginkorragoa, askoz ere solidarioagoa eta toleranteagoa baita Munduko hiritar tituluak zuzkitzera dedikatzea. Esan gabe joango baita gu ere zibilizatuak garela, hain zibilizatuak ezen labelak banatuko baititugu dokierki.

Prentsan ere aldatuko dira gauzak; jada ez genuke-eta idatziko gure gauzei buruz, gu, geu eta geuselfi buruz. Imajinatu, euskal eta vasco hitzak agertzen ez diren zutabeak. Bai, gezurra dirudien arren, posible da. Joseba Arregi bati, esaterako, birziklatzea egokituko zaio ezinbestez. Urte luzetan zutabe bera idazten jardun ondoren, igeriketa sinkronizatuaz idatzi ahalko du esate baterako, ezen ez euskal igeriketa sinkronizatuaz. Irakurle zorrotza ohartuko zenez, neronek ere uko egin beharko diot euscool manifestuari.

Moda kontuetan ere aldaketak etorriko dira. Gogorra izango da askorentzat baina bazter utzi beharko ditugu EHSF, Kukuxumusu eta euskal hitza edo zuri-gorri-orlegia agertzen diren kamiseta eta gisako oro. Kamiseta laranja gehiagorik ez Pirinioetan. Halaxe da, bai, iraultza zinezko bat.

Ez dira neurri samurrak, aitor dut, baina trantsizio garaiak direlarik, une egokia da aldaketa sakonetarako. Beste zilbor batzuk posible baitira.

(Jatorrizkoa Argia astekarian)

6 pentsamendu “Beste su-eten batzuen posibilitateaz”-ri buruz

  • Balio bazaizu, Eusko Kebabik ez dago jada, izena aldatu zioten….

  • Hasi da orduan iraultza!!

  • Lasai neska-mutilok: Kebapik ez, baina Baionako Pannecau karrikan “Euskal pasta” saltzen dute.

  • Euskaltegian barik, “tegi”an behar egin beharko beraz??? !!!

  • Itxaropenezko aro berri honetan Basque Team, Be Basque, Basque Coulinary, Basque Fest.. ere supituan desagertaraziko dira..

  • Beti geratuko zaizkigu Loreak mendian eta Onddo ta punto…