Zenbat euskal tuiterlari gara?

POST BandadaZenbat euskal tuiterlari gara? Ez euskaraz dakigunak, Twitterren euskaraz ari garenak baizik. Ehunka gutxi batzuk izango ziren duela 3-4 urte, baina gaur egun lasai asko esan genezake, gutxienez 5.500-6.500 bagarela. Umapeko datuek horixe diote, behinik behin.

[Jatorrizkoa Umap-en (@UmapEU)]

Twitterrek 7 urte bete ditu berriki. 2006an jaio zen. Ziur-ziur ez dakigu nor izan zen lehenengo euskal tuiterlaria, ezta nork bidali zuen euskarazko lehenengo txioa ere, baina Sustatuk argitaratu zuenaren arabera, jakin badakigu 2007. urte hasieran, behintzat, dagoeneko bazebiltzala zenbait tuiterlari euskaraz txiokatzen: @luistxo, @eastigarraga, @teketen, @xuriken, @joxearanzabal… eta beste hainbat.

Hala ere, Twitterrek oso harrera apala izan zuen aurreneko urte haietan Euskal Herrian eta euskal komunitatean. Tuiterlariak salbuespena ziren, baita blogari eta teknofiloenen artean ere. Dena dela, gutxinaka-gutxinaka zabaltzen joan zen, eta UMAPen lehenengo bertsioa sareratu genuenean, 2010. urtean, 500 tuiterlari inguru zebiltzan euskaraz txioka.

Benetako eztanda 2011-2012 bitartean suertatu zen. Sare sozial bazterrekoa izatetik, gutxienez “ezagun” izatera igaro zen, eta 2012ko udarako UMAPek berak 3000 tuiterlari euskaldun inguru zeuzkan bere datu-basean. Ziurrenik gehixeago ere izango ziren.

Harrezkero, gorakadak ez du etenik izan eta txoritxoa gero eta ezagunagoa, gero eta egunerokoagoa bilakatu da. 2013ko urtarriletik aurrera, azpiegitura berritu genion Umapi, eta ordutik hona euskal tuiterlarien jarraipen egokiagoa egiten dihardugu. Ezin dugu esan, noski, euskarazko txio guuuztiak eta euskal tuiterlari guuuztiak jarraitzen eta detektatzen ditugunik, baina ziur gaude zatirik handiena, gutxienez, jarraitzeko gai direla gure robotak, eta erabiltzailerik aktiboenak, bederen, bai datu-basean eta baita gure rankingean ere baditugula.

Euskal tuiterlariak Umapen

Esan bezala, Umapen euskal tuiterlarien jarraipena egiten dugu. Horretarako, robot eta algoritmo batzuen bitartez, Twitter arakatu eta hautagaiak aukeratzen ditugu (euskaldun izan daitezkeenak). Horiek datu-basera igarotzen ditugu, eta beste algoritmo eta filtro batzuk aplikatzen dizkiegu. Horrela, “bizirik” dauden tuiterlariak eta benetan euskaraz ari direnak, datu-base horretatik gure zerrenda publikora bideratzen ditugu, eta Rankingean bistaratu.

Apirileko azkenengo asteko datuak aintzat hartzen baditugu, 4.237 euskal tuiterlari aktibo ditugu aste honetan Ranking-ean. Hau da, azken astean euskarazko txioren bat idatzi dutenak, eta euskaraz maiztasun minimo batekin aritzen direnak (ez bakarrik ‘eskerrik asko‘, ‘zorionak‘, edo ‘gora erreala‘ diotenak). Eta azken asteotan, orotara, zerrendarako sartu-irtenekin, 4.800 inguru izan dira.

Horiek al dira guztiak, orduan? Ez. Izan ere, gure datu-basean bertan beste milaka batzuk ere jarraitzen ditugu, hautagai posibleak, nahiz eta gero Ranking publikora igarotzen ez diren, zenbait arrazoi direla eta. Esate baterako:

  • kontu pribatua duten 1.200 hautagai (pribatuan egonik, ezin ditugu jarraitu, eta ezin jakin euskaraz txiokatzen ote duten)
  • inaktiboak, beste 4.000 inguru (azken hileetan idatzi ez dutenak; edo kontua ireki baina oraindik oso-oso gutxi txiokatu dutenak)
  • jarduera robotikoa duten beste 1.000 kontu inguru (gehienak hedabideak, elkarteak eta enpresak), ez erantzun, ez bertxio egiten ez dutenak. Profil horretako tuiterlariak, gainontzeko erabiltzaileekin elkar eragiten ez dutenak, ez zaizkigu horrenbeste interesatzen (gehienbat, joeren eta albisteen detekziorako); datu-basean ditugu, beste hautagai askoren artean, baina ez ditugu Ranking-era igarotzen, eta ez ditugu denbora errealean jarraitzen.

Eta, horietaz guztietaz gainera, beste milaka batzuei ere jarraipena egiten diegu, ustez euskaldun izan daitezkeen hautagai posibleak direlako. Euskal komunitatearen “orbitan” dabiltzanak, baina euskaraz txiokatzen ez dutenak (edo oso tarteka-marteka); ez gure Ranking-era sartzeko adina, behinik behin. Kontuan izan Twitterren APIak 5000 laguneko muga jartzen digula eta ezin ditugula gehiago jarraitu denbora errealean (euren txio guztiak filtratuz eta aztertuz). Dagoeneko muga horretatik gertu gabiltza.

Horiei gehitu beharko dizkiegu, noski, Umapek oraindik detektatu ez dituen beste ehundaka batzuk. Batez ere jende gaztea, beste interes batzuk dituena, euskaraz bezain beste gaztelaniaz ari dena… Profil horretako erabiltzaileak harrapatzeko zailtasun handiagoak ditu gure robotak.

Hartara, zenbat euskal tuiterlari gara guztira? Ezin zehatz esan; aukeratzen dituzun mugen arabera milaka batzuk gora edo behera egingo duzu. Hortxe daude datu orokorrak eta norberak azter ditzala. Gure uste apalean, 5.500-6.500 bitartean gabiltzala uste dugu (aktiboak eta euskaraz dihardugunak).

Garbi dagoena da, gorakadak ez duela etenik. Egunero-egunero sortzen eta ezabatzen dira Twitter-kontuak. Datorren astean zenbat izango? Gehiago, ziur. Gure aldetik, datorren astetik aurrera, hileroko estatistikak zabaltzen hasteko asmoa dugu. Apirilekoa izango da lehenengoa: erabiltzaile kopurua, hizkuntza-erabilera, euskal tuiterlarien profil orokorra eta ezaugarri nagusiak,…

Datorren astean zuekin.

[Jatorrizkoa Umap-en (@UmapEU)]

 

artikulu interesgarriak ...