ENA: 15 urtez euskal nortasuna zabaltzen

1997an, Euskal Herrirako nortasun agiria egiteko ENA Elkartea sortu genuenean,  ekimenak naziogintza proiektu barruan lekutxo bat izango zuela aurreikusten genuen. Hala ere, ez genuen pentsatu, hamabost urte igaro ondoren izan zuen hedapen kuantitatibo zein kualitatiboa.

Hasieran aurkezpen publiko batzuk egin genituen eta emeki-emeki jendea agiria eskatzen hasi zen. Noski, kopuru txikitan baina gorantz zihoan hilabetez hilabete. Harridura handia sortu zuen agiria, eta denetariko iritziak entzun genituen hastapenetan: “kromo bat dirudi”, “el DNI vasco”… Une horietako onena, zalantzarik gabe, herritarrek agiria eskuratzean jartzen zuten alaitasun aurpegia eta poza.

Agiria eskuratzeko, nazio gehienetan herritartasuna eskuratzeko eskatzen dituzten baldintzak jarri genituen: berton jaioa izatea, gurasoak hemengoak izatea, euskal herritar batekin ezkondua izatea, hemen urte betez bizi izana eta, berrikuntza gisa, euskalduna izatea. Azken hau geure hizkuntza ikasi duen kanpoko jendearengan pentsatuz jarri genuen, euskal herritarra izateko euskalduna bilakatzea baino gauza argiagorik ez dagoelako.

Herri eta udal batzuetatik deitzen hasi ziren, ENA bultzatzeko zer egin behar zen galdetuz. Horrela, laguntzaile sare bat sortu zen. Horiek, lehenengo bost urte horietan izugarrizko lana egin zuten. Bestetik, euskara elkarte askok proiektuarekin bat egin zuten eta horri esker herri handi zein txikietan sare ederra osatu zen agiria zabaltzeko.

ENAk udal batzuetan ere interesa piztu zuen eta, gogoangarria da, adibidez, Bermeoko Udaletik deitu zigutenean bertaratzeko eta ekimena azaltzeko. ENA zertan zetzan azaldu genienean Juan Karlos Goienetxea alkateak ez zuen zalantzarik izan. Idazkariak oztopoak azaldu zituen: udalak horrelako agiri bat onartzea arazo juridikoak sor zitzakeela… baina alkateak irtenbide egokia topatu zuen: orain arte eta indarrean dauden identikazio moduez gain ENA ere onartzea udal gestioak egiteko, hau da, ezer ukatu gabe agiri berria gehitzea.

Formula hori izan zen beste udaletxeetara zabaldu zena eta epe laburrean 22 udaletan ofizial bihurtu zen. Horri esker, euskal herritarren %1,5 bere udalean ENA ofizialki erabiltzea lortu zen. Beste 20 udaletan urrats hori eman ez bazuten ere, ENA onartzea  adostu zuten.

Eskaerak izugarri hasi ziren. Hirugarren urterako 11.000 ENA eginda zeuden. Durangoko Azokan 1.000 eskaera urte batean. ENAdunek agiria erabiltzean gorabehera asko sortu ziren merkataritza zentroetan, dendetan, eta administrazioetan. Noiz edo noiz egunkarietan gutunak agertzen ziren azalduz agiria erabiltzean izandako arazoak baina, bitartean, gero eta ezagunagoa, eta garrantzitsuena, gero eta leku gehiagotan onartzen zuten: gasolindegietan, supermerkatuetan, udaletan, hauteskundeetan… Gure kalkuluen arabera, 15 urte hauetan, agiria 1.300.000 aldiz erabili izan da.

Elkartea handitu egin zen eta bazkideak, herrietako laguntzaileak, eta hainbat euskara elkartek ENA zabaltzen lagundu zuten.

Behin Bilboko kaleetan ENArekin identifikatu nahi izateagatik ertzainek zigortu nahi izan zuten herritar bat eta gaia Epaitegira eraman zuten. Epaileak ENA erabiltzea ontzat eman zuen herritar hori identifikatu nahi izan zuelako, ertzainek identifikatu nahi ez izatea leporatzen zioten akusazioaren aurrean. Epai hori garrantzitsua izan zen, lehenengo aldiz, agiriari identifikatzeko balioa eman zitzaiolako.

Gogoangarria da ere Madrileko prentsak ENAren kontrako kanpaina hasi zuenean. Garai horretan, mitin batean Zapatero berak DNI erakutsi eta eskubideak ematen dizkigun agiri gisa aurkeztu zuen. Egoitzara poliziaren –erdaldun bezain arrotza- bisita ere izan genuen.

Baina ENAk aurrera joan ahala, Espainiako Gobernuak ere zerbait egin behar izan zuen haien agiriari zilegitasun gehiago emateko. Horrela, hainbat urtez kontrakoa esan arren, estatuko beste hizkuntzak sartu zituen bat-batean DNIn, katalana, galegoa eta euskara, modu partzial batez eta Nafarroa kanpoan utziz.

Beste proiektu bat ere abian jarri genuen: Euskal Sendi Agiria. Agiri horrekin familia liburu arratzen baino gauza politago, eramangarriago eta, batez ere, hemengoa eskaini nahi izan genuen.

Gero arazoak hemen hasi ziren. Mugimendu nazionalistaren bi alderdi nagusiak, ezker abertzaleak eta EAJk, gure proiektuak zuen garrantzia ikusita, haiena sortu zuten. Udalbiltzak zatituta zegoenean eta ia bakarrik ezker abertzalea ordezkatzen zuenean, Naziotasun Aitormena sortu zuen. Berdin ahoskatzen zen agiria (EHNA) eta horrek nahasmen handia sortu zuen. Gainera agiria eskuratzeko prozedura erabat desegokia zen, estatu guztietan dauden irizpideak albo batera utzi eta jende askok ideologikotzat har lezakeen aitorpen bat sinatu behar zelako.

Bitartean EAJ bere ENA egiten hasi zen, agiria erabat kopiatuz eta plagiatuz (atzeko aldea izan ezik). Orain arte 10.000 bat agiri egin dute. Nahiz eta bilera batean argi azaldu genien egiten ari zirena erabat onartezina zela ez dute kasurik egin eta egiten jarraitu izan dute.

Baina, zailtasunak zailtasun, ENA aurrera doa eta bestelako lorpen batzuk ere etorri direla ikusi dugu, adibidez, nortasun agiria espresioa positiboa izatea. Lehen beti DNIrekin lotzen genuen, gauza negatibo bezala. Orain, aldizkarietan eta guzti agertzen da espresio hau, pertsona bat elkarrizketatzean bere soslaia edo laburpena emateko. Edo euskal identitatearen kontzientzian sakontzea, argitaratu ditugun liburuei esker: Euskal Nortasunaren Kontzientzia, Euskal izendegia, Identifikazio Moduak Mundu Zabalean, Eskualde Bereziak eta Eraikuntza Nazionala…

Edo, nola ez, euskararen normalizazioa laguntzea, herritarrei haien euskal abizenak eta kale eta herri izenak euskaraz eskaintzean, horiek ikasten eta erabiltzen laguntzen dugulako.

Baina oztopoen gainetik, aurrera goaz. Gaur egun 36.150 herritarrok dugu ENA agiria eta harro gaude, egindakoaz eta egiteke dugunaz. Harro gaude egunero erabiltzen dugulako, nonahi. Harro gaude arrazoia genuelako: Euskal Herritarrok agiri bat behar genuelako geure nortasuna adierazten laguntzeko. Laguntzeko diogu, euskal nortasuna euskaraz bizitzea delako.

ENAak ez dauka zerikusirik gaur egun dauden beste agiriekin: borondatezkoa da (ez derrigorrezkoa), euskaraz dago (ez erdaraz), Euskal Herrikoa da (ez Espainia edo Frantziakoa). Horixe da ENA, zurea, guztiona.

ena_xaho

2 pentsamendu “ENA: 15 urtez euskal nortasuna zabaltzen”-ri buruz

  • Eta zer egin behar da ENA eskuratzeko?

  • “Euskal Herrikoa da (ez Espainia edo Frantziakoa)”: espainiar dokumentuak behar dira egiteko, beraz, espainiarra da. Ikurrina du, bai, Espainian legala den bandera asimilatua, EAEan. 7 “probintziak” margoztuak ditu, baina Iparraldean ez du hedadudarik eduki. Sekula existitu ez den Estatu bateko armarria.

    Hala ere bazituen bere birtuteak, Herritik sortutako iniziatiba zelako batez ere, alderdi politiko kakanahasleak eurenak agertu arte- badaezpadan ere- eta hutsaren hurrena utziz.

    Zein da gure “barne” arazo larriena? argi dago: 1. Alderdi politikoak, 2. Politika zer den ez jakintasuna 3. Gure historia propioa ez dugula ezagutzen edo ezagutu nahi, horregatik, gure etsaiena da nagusi.