Forvo donostiarra, munduko 50 web hoberenen artean

forvoTime aldizkari ospetsuak maiatzean argitaratutako zerrenda baten arabera, Forvo munduko 50 web hoberenetako bat da. Donostiarrak dira egileak, eta ehunka hizkuntzetako hitzen ahoskerak eskaintzen dituen komunitatea biltzen du.

Sariaren aurretik ona zen, baina orain erabat ezaguna da. Forvo, All the words of the world. Pronounced lelopean webguneen crème de la crème ofizial bihurtu da, Times aldizkariak hala erabakita. Forvo zehazki nola dabilen azaltzen hasi aurretik, gainontzeko 49 webgune sarituei begiratua ematea ere gomendagarria da.

Forvo webguneak hitzen ahoskera(k) i(ra)kasteko plataforma osatzen du, bertan biltzen den komunitate zabalari esker. Ahoskatzeen online hiztegia da azken batean. Hau guztia Donostiako talde txiki baten lanari eta bolondresei esker.

Erabiltzaileek hitzak proposatu, ahoskatu eta entzun egin ditzakete, hezkuntza mundurako tresna ezinhobea bihurtuz. Izan ere, maiz gertatzen da atzerriko hizkuntza baten idazkera ezagutzea (ohiko hiztegian begiratuta), baina hori ahoskatzeko gai ez izatea, fonetika ezagutzen ez den heinean. Horretarako dago Forvo, eta sortzaileek harro egoteko arrazoiak dituzte (El Paisen erreportajea). Txinako telebistan ere hizketagai izan dira!

Forvoren funtzionamendua eta zenbakiak

Gaur gaurkoz  1.736.351 hitz 1.838.863 ahoskatze eta 299 hizkuntza daude Forvon. Hitz batzuek, hizkuntza nagusietakoek nagusiki, hainbat ahoskera dituzte, erabiltzailearen jatorriaren arabera. Dialektoak ere present daude Forvon, eta mapa baten bidez ikus daiteke ahoskatzea egin duenaren jatorria. Horrez gain, badira ahoskatze berdina izanagatik hainbat bertsio dituzten hitzak ere.

Ingelesezko pretty hitzak (nahikoa/ederra) 13 ahoskera ezberdin ditu, eta erabiltzaileak ama hizkuntza den hainbat herritakoak. Jakina, ahoskatzeen kalitatearen galbahea ez da donostiarren ardura, izena emandako 255.000 erabiltzaileko komunitate aktiboarena baizik. Beraiek erabakitzen dute zein ahoskatzeak diren onak eta zeintzuk eskasak. Hitzen audioa ez ezik, adierazpen fonetikoa eta itzulpena eskaintzen dituzte Forvon. Webgunea dozenaka hizkuntzatan dago, hainbat herrialdetan laguntzaileak dituztelako. Plataformaren diseinuak erabilerraztasuna eta intuizioa lehenesten du, beste ezeren gainetik.

Ahoskatze gehien dituzten hizkuntzak alemaniera, ingelesa, errusiera, tartaroa eta portuguesa dira. 100.000 baino gehiago dituzte hauek. 50.000 baino gehiago dituzte aldiz frantsesak, espainierak, italierak eta arabiarrak. Euskara 5.000 eta 10.000 ahoskatze dituztenen klubean dago. Gure hizkuntzako eskaintza zabaldu nahi izanez gero, hemen izena emanda daukazu horretarako aukera (beharrezkoa da mikrofonoa).

Forvok Pronuncionary blog bat darama bere berriak zabaltzaeko. Adibidez, jakin dezakegu ahoskatzeak hasi dituen azken hizkuntza bosniera dela, edo desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen aldeko elkarteekin elkarlanean dabiltzala. Gauzak hain ongi joanda ez da harritzekoa donostiar talde txikiak lan eskaintzak plazaratzea.

forvo 2008 2011

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.