Kultura ausarta

Gaur hasi da Beran 14. Ertz jaialdia. Programa zabala prestatu dute, aurten ere, Bera eta Donostia artean, Ertz arte guneko kideek. Ez da sekulako jendetzarik bilduko. Bertan parte hartuko duten artista gehienak erabat ezezagunak dira gu guztiontzat. Adierazpenetako batzuk ulertzea kostako zaigu, eta horietako batzuk, agian, gustatu ere ez. “Zertara etorri naiz honat?” galdetuko diozu zure buruari, akaso.

Hori da Ertz jaialdia. Kultura ausartaren adierazle bat. Eta uste dut hori dela azpimarratu beharrekoa. Bera bezalako herri ttiki batean (ez Bilboko joeran dagoen kulturgunean), kultur etxe “generalista” bat duen tokian, muturreko kultur adierazpideek, bazterrekoek, gutiengoenek, badute tokia. Eta 14. jaialdira iritsi da Ertz. Nerabe koxkorra da, dagoeneko.

Anitzetan egokitu zait apustu hori azaldu eta defenditu behar izatea. Hain minoritarioa izanda, zergatik egin behar den apustu hori, baliabideak eskas direnean, batez ere. Horregatik, hain zuzen ere. Izarren ikuskizunen kulturatik eskapo egin nahi dugulako, edo bederen, hori bakarrik ez dugulako eskaini nahi. Inork programatzen ez duen horrek, hemen, gurean, baduela toki bat aldarrikatu nahi dugu. Eta batez ere, herriko kultur eragile/sortzaile talde batek suspertua delako. Hori delako Berako kulturgintzaren nortasunaren oinarria: herritarrek kudeatzea eta proposatzea zer eta nola egin. Aniztasunari leku egitea. Adierazpide ahalik eta desberdinenei gune bat irekitzea. Gainera, Arteleku bezalako kulturgune batekin  lankidetzan aritzeko aukera ematen digu, programa bateratu bat egin ahal izatea Donostia2016rekin batera.

Eta ez da, soilik, musika jaialdi bat. Hori du ardatza, baina bisitan etortzen denak, bertzelako esperientziak ere topatuko ditu: erakusketak, bisita gidatu bat herriko arkitekturan barna, zinema-emanaldiak, eta baita mascletá bat ere.

Kultura ausarta, finean. Euskal Herriak hainbertze behar duena. Hiri handien esklusiba ez dela erakutsi ahal izatea, ertzeko artea eta kultura ez direla zertan Berlinen, Bartzelonan edo kulturgune espezializatuen kontua.

Kultura ausarta

 

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.