Crowdfunding: hutsuneak bete

crowdfunding

Crowdfunding. Boladan dagoen hitza.

Laugarren edizioa bete du aurten Kortxoenea Gaztetxeko Zinemaldi Alternatiboak. Zinemaldi handiarekin bat egiten du denboran eta, batzuetan, handitik pasatzen den jendea ere hurbiltzen da txikira.

(Mikel Iturriak Harrikadak blogean idatzia)

Irailaren 26an “Auto-ekoizpena musika munduan” jorratzeko mahai-ingurua antolatu zuten. Aldez aurretik, Fundación Robo kolektiboaren Populismo musical dokumentala bota zuten eta ondoren Beñat Sarasola aritu zen jokoa banatzen: Anari, Leire Lopez Ziluaga (Kafea eta galletak, besteak beste), Jokin Azpiazu (Okerreko) eta Giorgio Bassmatti.

Bi ordu luze aritu ziren/ginen han solasean eta ezin hemen laburbildu bertan esandakoak. Gorka Bereziartuak Dock of The Bay jaialdiaren crowdfunding kanpainaren harira Leire Lopezek egun hartan esandako ideia bat jaso du: “Lopezek seinalatu zuen ez dela hitz egiten mota honetako ekimenen atzean dagoen dramaz: desinbertsio publikoa eta kultur arloan lan egiten duen jende askoren prekarietatea”.

Hor dago gakoa. Politika publikoak eta prekarietatea. Murrizketa garai hauetan, guraizeak dantzan.

Aste honetako Argian Miel Anjel Elustondok Amaia Rodriguez elkarrizketatu du. Gaur egun Remelluri bodega famatua kudeatzen du Amaiak, baina XX. mendearen amaieran lau urtez goi mailako ardurak izan zituen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailean. Ez dut ezagutzen, baina emakume azkarra ematen du. Argigarria oso pasarte hau:

Mari Karmen Garmendia zen sailburu garai hartan. Niri Txato Agirrerekin lan egitea gertatu zitzaidan, lan polita egin genuela uste dut, baina nire bizitzan oso lan txikia izan da. Politikan ari nintzen, kudeaketan, ez nintzen artista ez sortzaile, haiei laguntzea zen nire lana. Diru-sail handiena konprometituta zegoen –agian, gure gustukoak ez ziren proiektuetan–, eta gainerako diru apurra sortzaileen artean banatzen ibiltzea izugarrizko frustrazioa zitzaigun. Ahal genuena egin genuen. Sentsazio mikatza! Herri honetan hainbeste sortzaile lanean ari zela ikusi, eta politikariak hain galduta ibiltzea, erabaki okerrak hartzen askotan… Izugarria!

Aurrerago zehazten du zein zen diru iturrien jario nagusia: Guggenheim Museoa.

Museotzarra baino txikiagoak dira egungo proiektu handiak, diru gutxi dagoelako. Dagoen urri hori ere konprometituta. Baina XXI. mendeko erronkei aurre egin eta asmatu beharra dago. Ez da erraza izango.

Jatorrizkoa: Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

artikulu interesgarriak ...