2013-2014ko Zientzia Azoka martxan!

Gazteek egindako proiektuen azoka da Zientzia AzokaZientzia Azoka. Ikasturtean zehar, taldeka, hautatzen duten gaiaren inguruan arituko dira lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen eta esperientzia berriak bizitzen. Bidean, ikertzaile profesionalak izango dituzte lagun, bideratzen laguntzeko, eta abenturak eta bizipenak partekatzeko.

Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da, eta, maiatzean, lanak erakusteko stand bana izango dute Zientzia Azokan.

Azokan parte hartzen duten talde guztien artean talde batzuk aukeratuko dira ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko eta estatuko beste zenbait azokatan parte hartzeko. Izena emateko epea irekita dago.

Proiektuaren helburua da gazteen zientzia-bokazioa piztea eta gizartearen kultura zientifikoa sustatzea. Horrez gainera, bertako eta gaur egungo zientzia hedatzeko tresna izango da, eta, hori dela eta, hezkuntzako eta zientzia- eta teknologia-sareko eragileak (zeinek proiektu estrategiko jo baitute) elkartu dira proiektua bultzatzeko. Elhuyarrek sustatzen du ekimena, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Tecnalia, IK4 eta BTEKen laguntzarekin.

Eman izena!

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.