Lanetik ospa goiz egiteko “birusa”

Bulegoa uzteko ordua heldu zain ordulariari etengabe begira? Hona zure irtenbidea. Ordenagailua “izorratu” eta ospa egiteko modua. “Langile hobeak izango gara lanaren eta bizitzaren arteko oreka lortzen badugu”. Ideia horrekin sortu dute zure ordenagailua auto-suntsitzeko (itxuraz soilik) webgunea: Happy Hour Virus. Akats informatikoaren aitzakian minutu batzuk aurreratu dezakezu laneko irteera.Main

TDA Boulder publizitate agentziaren ideia izan da. Haien lanerako filosofiarekin bat egiten duela diote: “Gaur egungo kultura korporatiboan ez da erraza bizitzaren eta lanaren arteko oreka izatea. Mesedez, erabili Happy Hour Virus lanetik goiz irten eta lagun, adiskide edo familiaren konpainiaz gozatzeko“. Mezu zoriontsu honekin aurkeztu dute birusa, edo, egiari zor, pantailan itxurazko errorea ematen duen helbidea. Akats faltsua erabiltzeko instrukzioak ere eman dituzte  happyhourvirus.com-en.

1. Lanetik bazoazela esan lagunei, Twitter eta Facebook bidez.

2. Aukeratu ordenagailua “apurtzeko” pantaila.

3. Etsituarenak egin. Eraikinetik ospa.

Aukeran dituzu Kernel akatsa, pantaila urdina edo monitorearen txikizioa. Hirurak dira faltsu-faltsuak, eta Esc. botoia sakatzearekin bertan behera gelditzen dira. Beraz, ez otu ere inori sagua edo teklatua uzterik. Barrabaskeria hau egiteko aukera jarri dute sarean, baina egileen mezuak argi uzten du garrantzitsuena bizitza sozialaren beharraren kontzientzia izatea dela: “Ziur gaude biharamuneko zure produktibitatea arriskuan jarri dezakeela, baina zure hobebeharrez arriskua hartzera gonbidatzen zaitugu“.

Aitzakia informatikorik edo aitzakia gabe, eman lanetik kanpoko munduari merezi duen garrantzia. Asteburu Off!!
akatsak