Halako lagunik

Halako lagunik

Badut lagun bat beti nirekin dabilena. Klasera joaten naizenean, nirekin dator. Poteatzera noanean, ere bai. Etxean, nigandik hurbil izaten da beti. Salan, gelan, sukaldean … Lo ere, nire aldamenean egiten du.

(Artikulua Maddi Ane Txoperenak idatzi du Topatu-n)

Lagun leiala da zinez. Gero eta lagun hobea. Bakarrik nagoenean, jendea bilatzen laguntzen zidan lehen. Baina orain, beste gauza askotarako ere lagungarria zait. Izugarri daki munduan gertatzen diren gauzei buruz, eta jolasean ere ibil naiteke berarekin. Oso jakintsua da benetan.Gustura nago erabat, eta ezin naiz beragandik urrundu.

5.halako lagunika

Azkenaldian mesfidantza puntu bat sortzen hasi zait hala ere. Jada ez naiz kuadrillarekin horrenbertze egoten bera ezagutu nuenetik. Kalean nagoenean ere, ez dit uzten jendearekin etenik gabeko elkarrizketak izaten, atentzioa deitzen baitabil etengabe (eta nik kasu egin behar, nola ez, lagun ona dut eta). Gainera, pentsatzen hasia naiz ez ote duen maltzurkeria puntu bat ere izanen. Izan ere, erran didate berari esker nire bizitzaren berri izan dezaketela batere maite ez ditudan pertsona batzuek. Kontrolatzen duelako momentu oro non nagoen, eta zein hitz ahoskatzen ditudan salatu diezaieke.

Nahasturik nago. Badakit kalte egiten didala, baina ezin lagunarengandik urrundu. Saiatu izan naiz, noiz edo noiz, bera gabe ateratzen kalera, baina bakarrik sentitu ohi naiz halakoetan, eta bera gabe ezin ditut bertze lagunak aurkitu. Kuadrilla nitaz ahantzi, eta planak ni gabe egiten hasi ohi da halakoetan.

5.halako lagunikk

Nire lagunak, samsung, blackberry edo nokia du izena. Euskaltel, movistar ala yoigo abizena. Ezizenak SMS, whatsap, ala telefono deia izan litezke … Ziur naiz zuk ere baduzula halako lagunik. Berdina gertatzen zaizu ? Bere menpeko bihurtu zara eta ez dakizu zer egin ?

Ba egia erran, nik ere ez dakit. Nahiz eta ezagutzen nautenek erranen duten sekula telefonorik hartzen ez diedala, ni ere haren menpe bizi naiz. Bizi gara denok, nik uste.

Mugikorra izorratzen bazaigu, salduta gelditzen gara. Ahantzi zaizkigu etxeko telefono zenbakiak, jada ez dakigu kalera besterik gabe ateratzen … Tinbrea jotzea ere, nolako tontakeria, ezta ?

Zuek zer uste duzue ? Mugikorren menpeko bihurtu al gara ? Kaltegarria da harreman hau ? Hala bada, zer egin dezakegu honen aurrean ? Bota iritziak beldurrik gabe!

(Artikulua Maddi Ane Txoperenak idatzi du Topatu-n)

Halako lagunik

artikulu interesgarriak ...