“Iraultza txikien lekukoak” atal berria sortu du Elhuyar aldizkariak

Lekukoak atala

Elkarrizketa formatua izango du, eta elkarrizketatuen ustekabeko eta itxaropen zientifikoak izango dira mintzagaia

Urte berriarekin bat, atal berri bati hasiera emango dio Elhuyar aldizkariak. “Iraultza txikien lekukoak” du izena, eta, gertuko zein urruneko zientzialariak izango dira atalaren protagonistak. Zehazki, zientzialari horien ustekabekoak eta itxaropenak. Hain zuzen ere, lekukotza emateko eskatuko zaie, eta kontatzeko lanean hasi zirenetik zerk txunditu dituen gehien, eta baita ere zer aurkikuntzaren lekuko izan nahiko luketen lan egiteari utzi aurretik.

Elkarrizketa formatua izango du atalak, eta, galderak bi eta berak izango dira guztientzat: 1. Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?; eta, 2. Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke, zure ibilbidean zehar?

Lehen lekukoa etxean bertan bilatu du Elhuyar aldizkariak: Txema Pitarke fisikaria, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendaria eta Elhuyarreko lehendakaria. Urtarrileko zenbakian jaso du Pitarkeren lekukotza, eta haren atzetik etorriko dira beste asko.

Aldizkariaren erredakzio-taldeak proposatu ditu lehen lekukoak, baina, irakurleak ere gonbidatu ditu jakin-mina pizten dieten zientzialarien izenak proposatzera lekuko izateko. Posta elektroniko bidez egin ditzakete proposamenak, edo sare sozialak erabiliaz.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.