Hiztunpolisaren atal batzuen laburpentxo pertsonala

 

Hiztunpolisa

Gure klase politikoak eta euskal mundu intelektual rola hartu izan duten idazleek oro har ideologia modernoetatik darabilte hizkuntzaren gaia. Bada marko kontzeptual bat atzea bueltaka: eskubideak, berdintasuna legearen aurrean, aurrerapena, askatasuna, demokrazia, diskriminaziorik eza, gehiengoak eta gutxiengoak, ongizatea eta abar luze bat. Itxurazko marko hori oso zabala da, ezker eta eskuin izeneko lateralitate jokoa onartzen du bere barruan, askatasunari eta berdintasunari ematen zaion lehentasunaren arabera, eta pentsaezina iruditu liteke marko horretatik atera litekeenik, edo beste marko posible bat egon daitekeenik. Duela mende batzuk beste marko batean zeudenak ere gauza bera uste zuten.

Kontua da marko horrek ez duela ematen dagoenetan, adibidez, hizkuntzaren gaiari besterik gabe ganoraz heltzeko. Nortasunaren gramatika bizigarririk ez du ekoiztu modernitateak. Hasieratik ez zen bere utopia eta ipar nagusietan sartu, ez zuen adar hori sortu enborretik, eta gerora ere ez du garatu burubide hori.

Hala, gramatika ideologiko modernoen barianteak eginez, iritzi-gidariak saiatzen dira diskurtso-puska koherenteak egiten hizkuntzaren patata beroa kudeatzeko, eta batek berdintasunetik gehiago, besteak askatasunetik, eta kontuz diskriminazioarekin, eta eskubideak ez dira hizkuntzenak pertsonenak baizik, eta demokrazia, eta gutxiengoak, eta hori edo hura. Enuntziatu txukunak dira, politikoki korrektoak, korrektotasun hori oinarri modernoen marko horretako kontzeptuekiko dute konkordantziaren arabera neurtzen baitugu mentalki, oharkabean. Baina ez dute ematen benetan hizkuntza eta identitatearen problematika ulertu eta kudeatzeko. Paradigma sendoxeagoa behar du gaiak.

Autoreak aipatu paradigma, ekologiarena dugu. Ekologia balio multzo bat da eta hortik garatzen den jakintza. Balio horiek errealitatearen aurrean kokatzeko modu bat eskaintzen dute: ororen aurreko erreberentzia, eta erreberentzia horrek dakarren jarrera, zaintzeko hautua. Errealitatearen formak dira landareak, kulturak, birusak edo hizkuntzak. Horrela bada, zergatik aztertu eta babestu hizkuntza bitxi bat? Delako. Existitzen delako. Etika horretatik abiatuz, jakin egin nahi da dagoena zer den, harreman eta orekek nola funtzionatzen duten, eta nola jokatu behar den kalteak saihesteko, babesteko, zaintzeko, dibertsitate osoari garatzen uzteko.

Baina kontuz, ekologia ez da naturala, ez dauka Mahalako yogurtekin zerikusirik. Gerta daiteke, bere jakintzak dioena ez izatea oso gustuko, gure ideologia modernoen saretik pentsatzen dugunontzat. Gure modernikolagan krak egiten du. Praktika politiko, praktika instituzional, botere-praktika ororen analisia ezin daiteke abiatu espazio abstraktu batean kokaturik, beharrezkoa da, praktika horiek guztiak gauzatzen diren espazio biofisikoa aintzakotzat hartzea. Hori dela eta, egokia litzateke lehenik ikustea sistema biofisiko hori nola den eragina, eremu horretan jazo diren botere-harremanekiko. Zentzu horretan, jarduera ezberdinen muga zabaldu egiten da, hauen arteko mugak lorrinduz. Elkarri lotuta dauden moduan arazo anbientala, humanoa eta kulturala; elkarri lotuta daude, irtenbidera begira dauden proposamenen logikak. Baina ez gaitezen engaina, balio multzo horiek ez dira bistakoak, apustu eta fede bat eskatzen du balio multzo hori hautatzeak. Zentzuzkoak dira, praktikoena hizkuntza bakarrerantz jotzea dela dioten planteamenduak ere.

Teoriak bizi naizen errealitatean jartzen du fokua, hau da, hizkuntza minorizatu bateko komunitatean. Komunitatea da zerbait komuna konpartitzen dutenen multzoa. Zentzu honetan, euskaldun izateagatik, euskara jendearekin mintzoa partekatzen dut; baina hiztun komunitate bat ez dute ondo antxean hitz egiten duten hiztunek bakarrik osatzen, egitura mailakatua eta irekia da, hizkuntzarekiko gaitasun, motibazio eta praktika maila desberdinak dituztenak espiral batean hartzen dituena. Jakina, komunitate askoren parte naiz, baina laburpentxo honetan, aipatu komunitateaz arduratuko naiz. Hitz honek, komunitate sortzen du halako ezinegon bat geure modernikolaren baitan; arrazoi bitxi batengatik, muga imaginario batzuen barruan bizitzearen komunitatea pasioz defendatzen duen ikuspegiak higuin puntu bat dio beste edozein irizpideren araberako komunitateri. Ez dut ukatzen ordea nahiz aurreko esaldiak kutsu ironikoa izan dezakeen, muga imaginario hauek indarrik ez dutenik. Pasarte hau idazten ari nintzela, sukaldean irratia martxan: Islandian autopista handi bat eraiki nahian dabiltza. Talde ekologistak aurka azaldu dira eta lortu dute eraikuntzak gelditzea. Argudioa, honakoa: errepidea eraikitzen ari diren eremua, iratxo eta mitologia izakien bizileku dela. Islandian, hamarretik seik, tankera honetako izakien izatean sinisten du; beraz, komunitatea, izan liteke sinismen bat, jarduera bat, ia edozer.

Gure modernikola gehiago astintze aldera, Jose Mari Sanchez Carrionek gogorarazten digu, estatua koiuntura dela. Egitura sakona den hizkuntza komunitatearen ibilbide luzean, estatua uneko zirkunstantzia da, koiunturala. Izaeratik gehiago du hizkuntza komunitateak, egoeratik gehiago estatuak. Baina zer da hizkuntza bat? Ez iraganetik etorri den zerbait. Etorri izanaren emaitza baizik. Etorri izanaren emaitza, eta bidean antolaketa—politiko ezberdinekin egin du topo eta egingo du topo hiztun komunitateak. Ez dakigu Hegoaldeko estatu bat datorren, zazpiko bat, orain arte bezala bi estutan jarraituko dugun, estatu egiturak asko ahulduko diren ala Alemania handiaren menpeko probintzia izango garen hurrengo mendean laugarren reich baten ondotik. Autoreak planteatzen digu, kointurak direnak direla, iraganean egin duen bezala, hiztun komunitateak erreproduzitzen sagiko ote duen. Pentsa daiteke honelako formulazio batekin, hizkuntza eta kulturaren planoaren autonomian sinistea proposatzen dela, politikaren eta boterearen garrantzia gutxietsiz. Plano horiek biak nahasian daude eta hori lantzea interesatu zait niri lan honetarako. Sarasuak, 4. kapituluan aztertzen du harreman hau. Beha dezagun.

2. POLITIKA

Politikaz ari garenean, botereaz ari gara. Gure eremuaren botere iturriak aztertzerakoan, hiru nabarmentzen ditu autoreak: estatu boterea iturri duten erakundeak EITB, kapitala botere iturri duten erakundeak BBVA eta gizarte antolatuko edozein sare botere iturri duten erakundeak AEK. Jakina, hiru iturri hauek, ez daude maila berean potentzialtasunari dagokionez eta esparru nahasiak dituzte gehienetan. Esaterako, estatuak, besteak arautzeko ahalmena du teorian, gero askotan besteok estatua bera determinatzeko ahalmena erakusten badute ere, makroan nahiz mikroan.

Euskal Herrian gizarte antolatuaren ildoak duen indarra ez-ohikoa da. Hiru esparruen espazio hibridoetan dauden hainbat erakundek pisua dute gure ekonomian, zerbitzuetan, hezkuntzan eta kulturgintzan. Eta euskararen komunitatearen kasuan, hizkuntzaren loraldia ekarri dute. Atzerriko ikerlariek azpimarratzen dute gure errealitatearen alderdi nabarmen hau. Ikastolak izan litezke horren adibide.

Politika polisa pentsatu eta kudeatzea da. Sarasuak bereizketa bat egingo du bere diskurtsoa argitze aldera, estatuaren metabolismoaren mekanismo batzuei politika deituko die azken aldian ulertzen den esanahirik ohikoenean. Bestalde, polistika izena emango dio polisa pentsatu eta kudeatzeari. Politika, beraz, polistikaren zati bat besterik ez da. Baina ez dezagun ahaztu abiapuntua, hots, hizkuntzaren planoa eta politikarena zenbateraino dauden loturik edo zenbateraino egon beharko luketen loturik argitzea.

Euskaldun izan edo ez izan; hiztun komunitate moduan jarraidura bermatu edo ez. Sakonki polistikoa da hizkuntzaren gaia. Eta, ondorioz, politikoa ere bai. Horrek ez du esan nahi hori bakarrik denik hizkuntza. Arteak ere badu dimentsio politikoa, baina horiek baino zuntz sakonagoak ukitzen ditu batzuetan gizakiarengan. Gure errealitateari so eginez gero, bi korronte nagusitzen dira euskara eta politikarekiko jarrerari dagokionean. Batzuek, euskara despolitizatu behar dela diote. Euskara denon ondare eta ardura dela, hautu politiko edo elektoral batekin lotzeak hondatu egiten duela, arma politiko bihurtu, sektore batzuk uxatu eta epe luzera garapena baldintzatu. Besteek, lurralde-burujabetzaren borroka eta hizkuntzarena, bat direla diote; eta bigarrena nolabait lehendabizikoaren barruan dagoela. Bi jarrera hauen barnean sartu litezke gure herriko izaera-politiko guztiak: abertzale umezurtzak, abertzale klasikoak, a ver zaleak, abertzale epel laketuak, ezker abertxalet ugariak, abertzale eraldazaleak. Hauek guztiez gain, euskalgintzari ekarpena egin dioten pertsona ez-abertzaleen zerrenda aipagarria dela diosku autoreak. Dena dela, esan liteke herri honetan euskaltasun dei dezakegun errealitate kultural honenganako atxikimendua, konpromisoa eta maitasun soziala nagusiki bi korronte politiko handitan banatu direla azken mende erdian. Sinplifikazio hori murritza dela aitor dezadan. Bi familia horietan kabitu ez den abertzaletasun umezurtza ere multzo handia da, eta nahiko eragilea herrigintzan. (…) Bi dira, hala ere, abertzaletasun grabitate indar egiturak.

Bi estrategia kontrajarritan ardaztu da abertzaletasuna azken berrogei urteotan eta duela hogei urte arte, ezinezkoa zen bi familia abertzaleen arteko elkarlan estrategikoa. Gaur, ez da alde izugarririk batak eta besteak kudeatutako bi diputazioren gizarte-babeseko politikan, fiskalitatean, kultura politikan edo beste gauza gehienetan. Alde politikoak badira, garrantzitsuak izan daitezke, baina esan beharrekoa da gehienera ere polisaren kudeaketa mailako diferentzia eztabaidagarriak direla (…) Bukatu ziren aspaldi abertzaletasun klasikoaren eta ezkerrekoaren artean gai batzuetan adostasun gutxi batzuetara iristeko ezintasun ideologiko objektiboak (…) Oztopo subjektiboak dira, prozesu emozional handiak, azken urteotan, bi familia abertzaleen arteko elkar ulertzea oztopatu dutenak. Eta luzerako itxura dauka (…) Bi familia abertzaleak bakoitzak bere aldetik hegemonia lortzeko lehian murgilduko direla, eta bien arteko lehia horrek baldintzatuko dituela herri honetako proiektu estrategikoak.

Zilegi da ezker eta eskuin abertzalea bereiztea? Analisi minimo baten aurrean erori egiten da bereizketa klasikoa. Bi esparru abertzaleen gestio publiko errealak errezeta sozialdemokraten eta hondo liberalaren arteko koktelak dira, biak ere. Hortik aurrera, zer ote da ezkerrekoa izatea? Haur ninien haurtzaindegiak doakoak izatea, ala etxea zaindu ditzaten sustatzea eta haurtzaindegia nahi dutenei matrikula ordainaraztea?

Analisitxo hortatik abiatuz, gure hiztun komunitatearen berezitasunak gizarte antolatuaren ildoak duen indarra ez-ohikoaeta alde ilunak kontuan izanik dibergentziarako dugun joera, galdera hau planteatzen da:polistikaren botere-geruza bakoitzean eta estatu-politikaren geruzan zein den hiztun komunitatearen estrategia. Hona bere erantzuna:

  1. Euskararen hauspoaren azpiegitura muinekoena neurri batean gizarte antolatuan dago.

  2. Baliteke gizarte antolatuaren saretzean dugun ez-ohikotasun horrek geroan ere zeresana izatea, bai etorkizuneko herrigintzan eta bai hiztun komunitatearen taupadan.

  3. Balitekeela beharrezkoa gertatzea estatuaren boteregune handian jauzi kualitatiboak ematea taxuz aurrera egiteko.

  4. Estatuaren boteregune handian jauzi handirik gertatzen ez bada, edota estatuaren boteregunean jauzia gertatuta ere balizko gobernu berri horretan herritar gehienen interes linguistiko objektiboak nagusitzen badira —eta hauek ez dira euskal hiztun komunitatearen interesak derrigor—, orduan ere euskal hiztun komunitateak gizarte antolatuko bere sarean izango duelako bere erakundetze-egiturarik propio eta behinena, azken 50 urteotan izan duen bidetik.

  5. Gizarte antolatuaren saretze ezohiko hau delako aurrera egiteko zapaltzen dugun zorua, edo eskuetan dugun tresna sorta prekarioa.

Beraz, despolitizazioa baino gehiago berpolitizazioa behar du hiztun komunitateak. Kultura polistiko berri baten baitan, ordea. Edo hobeto esanda, bera izanik kultura polistiko eta politiko baten urratzaile. Berpolitizazio honek; imaginarioak, aktoreak, diskurtsoak eta beste hainbat geruzaren aldatzea lekarke. Autoreak uste du, despolitizazioa eskatzen duten horiek, beraiek uste baino erosoago sentituko liratekeela berpolitizazio honetan. Bestalde, politizazioa eskatzen duten horiek, marko honen baitan, uste baino deserosoago aurkitu liratekeelakoaren ustea du. Berpolitizazio honek berak behar ditu, hasteko, abiatzeko bideak. Gure estrategiak ereite estrategia, barne-erakundetze estrategia, hezkuntza estrategia, unibertsitate estrategia, hedabide estrategia, kulturgintza estrategia… pentsatu eta kokatzeko datorkigun eszenatokiaren prospektiba egin behar dugu.

Irudi lezake testuaren tonua dela eta—, gure polisean ez dela hizkuntzaren auzia besterik eta hori argitu nahi izan du autoreak. Hizkuntza ez da dena. Poliseko gaien zati bat baizik.

2.1. BARNE-ERAKUNDETZE ESTRATEGIA

Gizarte antolatutik euskararen hausporako sortutako erakundeak artikulatzea da mende berriko zereginen adarrek behar duten adar-enborretako bat. Artikulazio lanerako egitura badela dio, EGEen Kontseilua. Bertan bilduak dira gizarte antolatuaren logikatik sortutako EGEak eta hauen izateko eta sorrerako asmoa euskararen biziberritzearen arloren batean ekarpena egitea da. Horixe da EGE moduan definitzen dituena. Euskararen hauspoan berariaz sortutako erakundeak biltzean, hizkuntza komunitatearen zentro sinbolikoa osatzen du. Altabada, bere funtzioa betetzen ote du?

Nahiz eta, kapitalaren eta gizarte-antolatuen hibridoetatik Fagor kooperatiba taldea ahaleginak egin izan diren, euskararen arloan. Lehen aipatu, hiru esparruetatik, esparru publikoa eta gizarte antolatua dira euskararen norabidean eragile behinenak. Ez da sailkapen hau hertsatzailea, bai-baitira hiru esparruen arteko hibridoak. Orain artean zein esparruri eman zaio lehentasuna?

Alde batetik, abertzaletasun klasikoak, ezker integratukoek nahiz konstituzionalistek, joera izan dute gidaritza eta zentralitatea erakunde publiko-administratiboei emateko. Ezker abertzalekoek aldiz, gizarte-ekimenari ematen izan diote garrantzia eta lehentasuna. Lehentasun hori taktikoa izan da neurri handi batean. Eraitsi nahi duzun erakunde publiko bati ezin diozu lehentasuna aitortu, eta hortik kanpora dauden erakundeak «zureago» sentitzen dituzu, horien eta agintarien artean sortzen diren gorabeherekin tentsio politikoa elikatuz bide batez. Hala ere, gauzak aldatuak dira azken aldian eta bilakaera izan da alderdietan, gai honi dagokionean. Jeltzaleek, oro har erakunde autonomikoen aldeko apustua egin dutenek, instituzio ofizialen zentraltasuna defenditzen badute ere, beren diskurtsoan geroz eta gehiago nabarmentzen dute gizarte-ekimenetik sortutako erakundeen garrantzia. (…) Ezker abertzaleak, gizarte erakundeen autonomia kontuan hartzera bidetxo bat egin du, bere baitan ez dago diskurtso garbi eta definiturik auzi honetaz.

Sarasuaren arabera, zeregin-banaketan erakunde mota bakoitzak duen lekuaz ez daukate planteamendu garbirik, inongo alderdik. Gauzak horrela, nori dagokio gidaritza sinbolikoa?

  1. EGE hauek dira euskararen komunitateak bere hizkuntza-beharrak, ametsak eta arloak lantzeko, berariaz sortu dituen mota guztietako erakunde eta eragileak.

  2. Gizarte-erakunde hauek dira euskararen lurralde osoa hartzen duten erakunde bakarrak. Eta esparru administratibo bakar bat izango bagenu euskararen lurralde osoan? Hala ere, estatu-botere horrek —euskal hiztun oso ez den gehiengo batek hautatuak— euskararen gizarte-erakundeekin partekatu beharko luke euskal hiztun komunitatearen gidaritza sinbolikoa.

  3. Erakunde publikoek beren funtzio logikoak dituzte. Hanka sartze handiak gertatzen dira gizarte-erakundeetatik funtzio horiek lehiatu nahi zaizkionean. Esaterako, enpresa eta erakundeentzat zertifikazio sistema bat sortzea nori dagokio? Aztertzekoa da. Dena dela, zuk sortzen baduzu zertifikazio sistema bat, eta administrazioak sortzen badu beste bat, arazo baten aurrean zaude.

Hasteko dagokion lekuaren kontzientzia hartu beharko luke Kontseiluak. Zer ez du egin behar? Erakunde askoren arteko sare bateko gainegiturak, adibidez, ez du egin behar ordezkatzen dituen erakundeek bere egin dezaketen ia ezer.

Kontseilua ez da Euskararen Kontseilua. EGEen kontseilua da. Ez hizkuntza politikarako sail paralelo bat. 1997 sortu zenean, ez zegoen arnas luzeko estrategia bateratuak mamitzeko ez baldintzarik eta ez gunerik ere. Lehentasunak finkatzerakoan batzuen ustez: barrutik kanporakoa behar zuen estrategiak. Lehenik, euskalgintzaren barrua bera zegoen osatu beharra. Lan ederra zegoen, berebizikoa, euskalgintzako erakundeak kohesionatzen, pentsamendu beregain baten gainean tinkotzen, eta euskalgintzaren barruko arlokako estrategiak mamitzen. Hortik, eta hortik bakarrik, eragile politikoen aurrean lehen mailako interlokutore bihur gintezkeen denborarekin. Ez zitzaion bide horri lehentasuna eman.

Bigarren aukera bat dagoela dirudi mende berri honen bigarren hamarkada honetan, Kontseiluaren bidea birdefinitzeko. Kontua da, hiztun komunitatearen apustu estrategikoak garatzekoa adina desblokeo mental eta politiko sortuko den. Gai hauek «estatu gai» moduan blindatzeko sakoneko akordio politiko bat lortzeko adina borondate izango ote den. Bestela proiektu estrategiko handienak sortu gabe geratuko direlako. Delako proiektuak gauzatzeko ezintasunaren islaren adibidetzat dauka Euskal unibertsitatearen proiektuaren porrota:

1998. urtea. Euskal unibertsitatea sortzeko prestaketa isilpekoak gertatu dira, euskara hegemonikoa duen gizarte-ekimeneko unibertsitate bat sortzeak ekarriko lituzkeen aukera berriak itzelak izan litezkeela intuituz. Ikastolak, AEK, Labayrukoak, Mondragon taldeko elementu solte batzuk, eta beste hainbat daude operazioan. Egitasmoa nahiko aurreratua dago, hasteko eraikin posiblea begiztatu da Durangon, gauza batzuk lotu, alderdi desberdinetako pertsonen aldekotasunak lortzen hasi da isilpean, eta une erabakiorra gainditu aurretik, koska bat gainditu behar da une horretan Eusko Jaurlaritzan hezkuntza gidatzen ari diren abertzaleekin (…) Abortaraztearen sakoneko arrazoia: ezker abertzaleko sentsibilitatearen kontrolpean geratuko zelakoaren beldurra.

Antzerako proiektu bat sortzea beharrezkotzat joko bagenu? Zer gertatuko litzateke orain? Nola eman konfiantza? Sinesgarritasuna irabaziz. Euskalgintzaren taupada autonomoaren sinesgarritasuna landuz. Horretarako, ziurrenik sinesgarritasun transbertsal handiko pertsonek behar dute gidatu euskalgintzaren itsasontzia. Une honetan ez daukan diskurtso beregaina mamitu behar du, lehia politiko abertzalea gainetik pasako duena, eta bi bloke abertzaleei konfiantza emango diena, argi utziko duena bere proiektu estrategikoak ez direla bataren edo bestearen mesede politikorako izango.

Politika ahul dela aldarrikatzen du, kudeaketari deitu zaiola politika eta hori akatsa dela. Bai, kooperatibetan, unibertsitatean, gizarte-erakundeetan edo nazioartera begira dauden erakundeetan. Sakonetik helburuak eta norabideak pentsatzen dituen jarduna mehetu zaigula. Gestio mekanismoa nagusitzen zaigula.

Sarasuak, garbi utzi nahi du, hizkuntz ekologiaren planteamenduak ez duela aldarrikatzen, euskara «despolitizatu» behar denik. Polistika polisa pentsatu eta kudeatzea den aldetik, gure polisaren korapiloetako bat da hizkuntza. Eta politikoa ere bai, politika alderdiekin identifikatzen dugun zentzuan ere, alderdien jokoa indiferente ez zaion neurrian —unibertsitatearena adibide kasu—. Dimentsio politikoa baino sakonagoak eta ederragoak diren geruzak, hizkuntzak, badituen arren. Kontua ez da alderdi-diskurtso politikoak saihestea. Hizkuntza komunitatearen norabideari buruzko diskurtsoaren dentsitate maila aski sendoa sortzea baizik. Diskurtso horren maila eta dentsitatea nahikoa bada, ez dago arazorik alderdi-diskurtsoen eraginarekin.

Diskurtso hori osatzeko erakundeak badirela diosku eta gehienak Kontseiluaren barnean daudela. Beraz, Kontseiluaren funtzio nagusi izan liteke, horiek benetan saretu eta arloko hurrengo pausoak pentsatzea. Kontseilua, dozenaka mila bazkide inguru, hainbat mila langile, 35 erakunde edo erakunde-sarek osatzen dute. Hiztun komunitatearen geruza zibil antolatua litzateke. Hori, lobby bat ere bada. Gurea bezalako herri txiki baterako, lobby handi bat.

Kontseiluaren bueltan ardazten den planteamendu honek, gaur, baditu oztopo nabarmenak. Esaterako, gauzarik okerrenetakoa da bloke-alderdi politiko batek —ez modu aitortuan eta nabarmen, baina bai subliminalki— euskararen aldeko aldarri indartsua gutxi edo gehiago berarekin identifikatzea. Eta egun, jardun anbiguo eta anbibalente bat da nagusi Kontseiluaren gidaritza eta euskalgintzako zenbait ardura garrantzitsu daramaten pertsonengan. Ezker abertzalearen usaina urrundik hartzen da, estiloa, jarreran, hizkeran, mezu motan.

Gaineratzen du, ezker abertzaleak uko egin behar diola euskalgintza bere indar metaketarako erabiltzeko duen joerari, baldin eta serioski hartzen badu euskararen etorkizuna. Ez da erraza izango hori ere, bere nortasun-krisian ezker abertzaleak «herri mugimenduaren» ahots paperean bere izateko arrazoi eta diferentzialtasuna bilatzeko joera izan dezakeelako. Alderdi logikak, ezker abertzalearen sozialdemokrazia, jeltzaleen demokrazia sozialetik ezberdintzeko ahalegina eskatzen dio. Baina nola ezberdindu, gastu sozialaren %3,5eko aldeak eta fiskalitatearen %5ekoak —eta hala balira ez lirateke mespretxatzeko kontuak— nabarmentzeko? Ehuneko horiek, epika gutxi dute, ez dute balio herritar masa zabala limurtzeko.

Laburbilduz, alderdi politikoek, euskararen garapenari benetako garrantzi zentrala ematen badiote, gai hori elektoralki erabiltzeari uko egingo diote, eta berariaz gutxi hartuko dute ahotan beren hedabideetako mezu eta tertulietan. Eta horretarako, ez da horretarako Kontseilua berfundatu behar. Berfunditu bai, egin behar da.

2.2. EREITE ESTRATEGIA ETA HEZKUNTZA ESTRATEGIA

Euskalgintzan «erein-aroa» dela dio, ereite kualitatibo batena, hain zuzen. Hurrengo hamarraldietan subjektu eragileen masa kritiko bat sortzeko baldintzak jarri beharko dira. Mintzo dena eta erlauntza zerbaiten garraio edo eraikuntzan ari dena beharko du subjektu eragileen masa kritikoak, hiztun komunitateko erdiko geruzen ahalmen soziopolitiko eta kulturala garatzeaz arduratu beharko dute. Sarasuaren arabera, euskalgintzaren masa humanoak konspiratzen eta prestatzen hasi beharko du. Hiztun komunitatearen berariazko gizarte-erakundeak indartu, eta alderdi-politikako gune eragileenetan sartu ahalik eta kopuru nahiz eraginkortasunik handienez. Eta bi gauza horiek fundamentuz egingo dituen belaunaldia prestatu.

Gaur gaurkoz ez dagoela berauek martxan jartzeko gaitasun eta baliabiderik, baina urte gutxitan, prozesu antolagarria izan daitekeela diosku. Batetik, hezkuntza arautua beren esku duten eskola sareak. Bestetik, euskalgintzako gainerako erakundeak, hezkuntza ez formalaren bidez gai honi heltzeko aukera dutenak. Topaguneak, herrietako euskara elkarteen sare zabal moduan, baldintza egokiak ditu horrelako prozesu bati heltzeko.

Zentzu horretan, ari dira banakako prozesuak sortzen, hezkuntza ez formalaren esparruan. Esaterako, Leintz bailarako Bagara herrigintza prozesuan gazte-eskola moduko bat sortu da. Elementu aipagarriak ditu aipatu mugimenduak: jakintza destilazio landu bat oinarri moduan, alderdi-lerratzerik eza, ideologia eta aukerekiko irekidura, esperientzia bibentziala duten pertsonekiko igurtziei ematen zaien garrantzia, entzuteari eta gazteen ahotsari leku handia, ekintzarako norabidea.

Hezkuntza arautuaren ikuspegiari dagokionez, bertan egindako lana izan da euskararen loraldi moderno honetako zutabe nagusia. Hala ere, gazteen hizkuntza erabileran argi gorriak keinuka ari dira aspaldian (…) Euskaraz bizitzeko hautua egitera garamatzaten elementu motibazional eta praktikoek herren egiten dute neurri batean, ez gara gai izan motibazio, ezagutza eta erabilera elkar elikatuz orekatzen dituen garapen bat sortzeko (…) Hizkuntzaren garapen-paradigma izan dugu, ziurrenik, herrena: motibazio nagusiki azpipolitikoa edo bestela pragmatikoa, ezagutza nagusiki kuantitatiboa, eta erabilera sarri kopiatua. Elementu bat azpimarratu: atxikimendu modalitateen ahultzea. Atxikimendua ulertzeko eta bizitzeko modua mudantzan dago. Beste hizkuntza nagusietan datorren eduki interesgarrien uholdea inoiz baino handiagoa da. Bizi gaituen kultura zappingaren kultura da, menuarena.

Hizkuntzarekiko eta kulturarekiko atxikimendu solidoa, ahulagoa da gure belaunaldian, Sarasuarenean baino eta hori ezin ukatu daiteke. Ez du txartzat edo ontzat jotzen atxikimendu modalitatearen aldaketa, bere buruan ere sumatzen duela diosku neurri batean. Horrekin jokatzen asmatu beharko dugu. Kontua da atxikimendu modalitateen ahultze edo aldatze hau etorri dela, oraindik gure minorizazio egoera nahiko gorria denean. Hor datza arazoak. Euskaldun koherente eta gaitu izateak gaur eta hemen ahalegina eskatzen du eta etorkizunean ere horrela izango da, motibazio iturri ezberdinak nabarmentzen ditu:

  1. Fluxu sena: jaso dugunetik izatea, damaigutena ematen segitzea.

  2. Motibazio pragmatikoa: hizkuntzak balio behar du bizitzako funtzioak betetzeko. Goxokiak erosteko, eta lanpostua lortzeko. Hauxe da normalizazioaren diskurtsoaren adar faboritoa. Euskara beharrezko, praktiko, ohiko bihurtzen denean salbatuko dela. Praktikotasun hori gabe, jai dute gainerako motibazioek. Baina, horrek ez du kentzen gainerakoak ere kontuan hartzea. Egokia baita ikustea, euskara behar, behar, ez dugula ezinbestean behar hemen eroso bizi ahal izateko.

  3. Balio itsatsia: beste hizkuntzek euskara baino gehiago ematen didatenez, zer ematen dit euskarak beste hizkuntzek ematen ez didatena? Zer biziarazten dit euskarak beste hizkuntzek biziarazten ez didatena? Nik esan behar banu, harreman mundu bat. Konplizitate-mundu bat. Eraikuntzan dagoen mundu bat. Amets bulkada bizi duen mundu bat. Sorkuntza-mundu bat: doinu jario, estatika, sentipen jario bat darion mundu bat, txikia, propioa eta aldi berean irekia, zabala….

  4. Paradigmaren legamia: Batzuengan, hiru motibazio horiek indartsuak izateaz gain, euskaraz bizitzearen hautua paradigma zabalago baten bulkadari lotua ere egon da. Nolabait, neurri batean, lausoki, hizkuntza honen aldeko hautua paradigma etiko-ekologiko baten eramale ere bada gaur. Jon Sarasuaren belaunaldian eta aurrekoan, euskara ikasi zuten batzuentzat euskara ez zen ezagutzen zuten gizartea erreproduzitzeko funtzioak betetzeko behar zuten hizkuntza, horretarako erdaraz instruitu zituzten. Euskara zen bestelako paradigma baten utopiari nolabait lotutako hizkuntza

Azken motibazio-iturri honek baditu bere arriskuak, euskara, alderdi-bloke jakin baten mezuarekin lot baitezake. Alta bada, motibazio pragmatikoa eta balio itsatsiaren motibazio-multzoa iduri zaizkio garrantzitsuenak. Azkenik, bada beste zeharkako-motibazio bat, hots, hizkuntzaren dimentsio espresibo eta estetikoa. Lau motibazio iturri horiek indar gutxiegi izan dezakete, hizkuntzaren potentzia bera, hizkuntzaren indar espresibo, adierazkor eta estetikoa pertsonarengan eta taldeetan mamitzen ez bada. Dimentsio honek gogoeta eta zeregin guztiak ukitzen ditu. Zentzu honetan, diosku, eskolak ez dituela hezten, prestatzen, belaunaldi berriak euskal hiztun izateko behar dituzten baliabideetan. Euskal hiztun izateak eskatuko baititu baliabide arrazoibidezkoak, psikologikoak, jakintzazkoak, emozionalak, corpusezkoak eta espresiozkoak. Ez da zentzu onekoa hamazortzi urteko euskaldun batek, eskola ibilbidea bukatuta, matematikako, fisikako, historiako eta gizarte alorreko ehunka teoria jakitea, eta hizkuntzen dinamikari buruzko abc-a ez jakitea, beren bizitzan eragin handikoa izango den hizkuntza-desoreka baten biziko denean. Hiru arlo aipatzen ditu landu beharrekoak hezkuntza arautuari begira:

  1. Arrazoibidearen ingurukoak, euskal hiztun izateko jakintza soziolinguistikoa.

  2. Hizkuntzaren kalitatearen ingurukoa.

  3. Kultura eta sorkuntzaren ingurukoa.

Atxikimendu modalitateen ahultzeaz gain, mintzamena, mintzoaren ahalmena nahikotasun mailatik oso behera dabilela azpimarratzen digu eta beste hizkuntza handiagoetan ere gazteen mintzamenaren galeraz kezkatzen hasiak direla azpimarratzen. Hizkuntza handi horiekiko ordea, badu ezberdintasunik euskarak. Beste hizkuntzetan emana datorkie mintzo-ahalmena, euskararen kasuan, norberak produzitu behar du berea, egin egin behar du eta hori nekeza da. Hau gauzatzeko zailagoa dela diosku autoreak eta ez du erantzun garbirik ematen, dena den Amurizak euskararen corpusaren irekidura handiagotzearen alde egindako aldarria aipatzen du. Hala eta guztiz ere, irekidura eta jarraidura horretan, jarraiduraren alde agertzen da:Nik uste oraindik ez duela euskarak behar adina eman, oraindik gehiago jolastu behar dela berarekin eta hori mintzatuz sortzen dela, eginaren, eginez. Eta eginaren egin hori, ondoren aintzakotzat hartzea beharko du euskal corpusa zuzentzen dutenen lana, nik uste, euskaraz ederki komunika gaitezkeela—.

Eginaren egin horretan egon litekeela balio motibatzailearen gakoetako bat azpimarratzen du, euskararen mundu horretan partaide eta sortzaile izatea, alegia. Apur bat hizkuntzazentristak izan garela dio —hizkuntzaren corpus zentristak—. Ez dugu behar beste barneratu, hau, euskaltasun hau, kultur fluxu bat dela, ez bakarrik hizkuntza kode bat. Kultur fluxu irekia, etengabe kanpotik liseritzen ari dena, tradizioa eta eraginak nahasteko modua bilatzen duena, baina fluxua.

Horrela, bada, euskaltasuna kultur fluxu moduan transmititzea eskolan ere proposatzen digu. Esaterako, euskal kantagintzaren corpusarekin, dantzarekin, antzerki-moldeekin eta bestelako kultur material askorekin transmisio hau bidera litekeela aldarrikatzen du.

Azkenik, goi-mailako hezkuntza formalaz mintzo da. Unibertsitate-estrategia da gutxi landua daukagun arloetako bat. Arlo horretan, aspalditik datorren asmo-aldarrikapena da Euskal Unibertsitatea (…) Ahaleginak egin dira azken hamarraldiotan, eta bizirik dagoen hipotesia da (…) Ez doaz beste unibertsitateen kontra printzipioz, osagarriak izan litezke (…) Euskal unibertsitatea koiuntura honetan inola sortzekotan, pentsa liteke gizarte ekimeneko unibertsitate ez-publiko edo kooperatibo moduan sortu beharko lukeela, ikastolen, hedabideen eta euskalgintza sozialaren eredu instituzionalaren bidetik. Hala ere, galdera gehiago formulatzen, erantzun baino, gai honi dagokionean.

2.3. KULTURGINTZA ESTRATEGIA

Kulturgintza, entretenimendu, gogoeta eta sentsazio estetikorako berariazko produktuen ekoizpen eta hedapenabezala definitzen du. Sorkuntzaren inguruko kulturgintzaz arduratzen da eta euskararen zein euskal hizkuntza komunitatearen gasolina sinbolikoa modura funtzionatzen duela diosku. Funtzio hau zabalagoa da gainera hiztun komunitate minorizatuetan, hizkuntza minorizatu batean bizitzeko bizinahia birsortzen, hiztun komunitatearen iruditeria eta ametsa elikatzen baitu.

Kulturgintzaren inguruko politikak egin eta diruak banatzeko pentsamendu homologatuak erabili dira gurean gehienbat. Homologatuak, alegia, inguruko politiken zenbait irizpiderekin erkatuak. Hala izan dugu kultura politika publiko bat, besteak beste orkestra sinfoniko publikoak mantendu dituena, museoak egin dituena, kutsu unibertsaleko ekitaldi handiak finantzatu dituena eta euskal kulturako hainbat ekimeni lagundu diena. Normala den moduan. Izan dezakegu kultura ulertzeko sentsibilitate burgesago bat —musika hamabostaldia, orkestren finantziazio publikoa—, edo garaikideago bat —Tabakalerako ametsak—, edo glamurzaleago bat —zinemaldia— edo liberalago bat edo undergroundago bat, edo herrikoiago bat. Ez da hori kontua. Kontua da hizkuntza minorizatu baten bizi-kinka bere politikaren muinean daukan herri batek, kinka horretatik pentsatu behar duela, hasteko, kultura politika.

Alta bada, hizkuntza nagusietako kultur-logikak indartzen direla adierazten dute kultura sailen aurrekontuek. Nazioarteko zinemak behar ote du euskal erakundeen diru-esleipen esanguratsurik gaur gauden egoeran? Eta musika klasikoak ze lehentasun behar du euskal kulturaren apustu eta aurrekontuetan? Zer galduko luke herri honek bere funtsezko gaietan, kinketan, zuntzetan, Zinemaldia desagertuko balitz? Irudika dezagun. Donostiako ostalaritzak hainbat sarrera, hiriaren izenak puntu batzuk, eta halako beste zerrenda luze bat. Irudika dezagun orain euskal literatura mapatik kentzen dugula, betirako desagertzen dela euskarazko literatura. Zer gertatuko litzateke herri honen funtsezko zuntzetan? Epe laburrera gauza batzuk, epe luzera, ziurrenik igarriko lioke euskal hiztun komunitatearen erreprodukzioak. Gauza asko dago kultura politikan.

Une honetan gizarte-aldaketek eta teknologia-aldaketek dakartzaten desafio eta aukera berrien aurrean dago. Norbanakoaren konfigurazioan aldaketak gertatzen ari dira, parte hartzeko eta kontsumitzeko orduan ere bai, eta arlo teknologikoak plaza berria ekarri dio kulturari. Horrez gain, lehen aldiz historian, ingelesak eta bi albo-erdarek ematen duten eskaintza aberats zabal hori masiboki ulertzeko gai izango da etorkizuneko euskal hiztuna. Hiztun-hautu edo joera ezberdinak egon litezke kulturari dagokionean, norberaren baitan dauden joerak izan litezke:

  1. Autozentratu dinamikoa: munduko joerekin eta gureekin surf eginez, zer egin nahi dugun ikusi, aditz gama osoan: zer hartu, zer berritu, zer saihestu, zer liseritu, zer aldatu, zer ukatu, zer kopiatu, zer hobetu… Hori da interesgarria guretzat. Eta guk hori egitea da interesgarria, zeharbidez, beharbada munduarentzat.

  2. Autozentratu aurkaria: joera globalak txartzat hartu eta aurkakotasun garbian ardazten dena

  3. Jarrera heterozentratu moldatzailea: jartzeko modu nagusi honek zentroa ez du kokatzen norberean, baizik bestean, handiagoan, munduko joera nagusietan, eta moldatzearen diskurtsoa erabiltze du, horrek dituen ñabardura eta bariante guztietan.

Sarasuaren arabera, jarrera heterozentratua eta autozentratua biak beharko dira landu, oreka ibiltarian. Hala ere, euskal iritzi-gidari askok, iradokitzen dute gizarte mendebaldar aberats «normal» bat, euskaraz eta jarrera «heterozentratu moldatzailera» etzaten dira. Hala, irudikatzen badugu gizarte bat indibualizazio prozesuan aurrera doana, gero eta kontsumo fragmentatuagoa duena, etxea edo bidaian gero ta ordu gehiago eta kalean gero ta gutxiago pasatzen duena, kultura indibidualki eta ordenagailu pertsonaletik kontsumituko duena, harremanetako konpromisoak eta komunitate-loturak ahulduta afizioen zappingean landuko duena bere narratiba biografikoa…

Gerta liteke, jarrera heterozentratua, euskara indartuko duen eta bere etorkizuna bermatuko duen jarreratzat ikustea. Baina ikuskera horrek badu bere akatsa. Perzepzio akatsa, analisi akatsa eta norabide akatsa. Autorearen arabera dinamika anormaletan egosten da euskaltasunaren bizitasun gehiena. Euskararen komunitatean oraindik mila modutara birsortzen den gizarte kapital ezohiko horrek ematen dio bizia euskarari hein handi batean.

Giza-sarea, gizarte-erakundetzea eta komunitate-ehuna zaindu behar ditugu gure kulturgintzak, etorkizunik izango badu. Eta horrekin batera, internet eremuan eta teknologia berrietan ausart txertatu. Gizarte-sare ukigarria eta sare elektronikoa. Biak, lehena oinarri dela. Zentzu horretan, interesa du euskal kulturgintzarentzat herria kultura kontsumitzaile versus herria kultura sortzaile binomioak.

Sortzaile batzuek eta kultur industria batzuek ekoizten duten ekoizpenaren kontsumitzaile moduan soilik ulertzen badugu komunitatea, euskararen kultura epe ertainera kolapsora doa, berau erreproduzitzen duten dinamikak ez baitira nahikotasunez elikatzen ahal. Hau da, kontsumitzeko ona denaren lehia hori beharrezkoa den arren, komunitatearen sorkuntza-bideak dira gurea bezalako kulturaren potentziala. Kulturgintzaren ehun herritarra, antzerki taldeena, musika eskolena, bertso eskolena, ikastetxeetako ekimenena, abesbatzena, gaztxeena, dantza taldeena sustatzea. Sustatu eta elkarrekin loturak egin. Eta aipatutako potentzial herritar askotariko hori jaiaren espazio sinbolikoaren potentzialarekin lotu.

Beraz, hiru eremu ezberdindu behar genituzke analisirako: merkatuaren eremua, kapitalaren esparrua, baina denon ezinbesteko errealitate eta jokalekua. Gizarte antolatuaren eremua, eta eremu honetan nagusiki herri-ekimen autoeratua, oso modu desberdinetan gorpuztua. Hirugarrenik, administrazioaren edo botere publikoaren eremua.

Hiru eremu horien artean, eta nolabait horiekiko harreman maila desberdinekin kokatzen da kulturgintza alorreko eragile garrantzitsu bat: euskal sortzailea. Euskal kulturgintzaren kasuan une honetan bi dira estrategiak diseinatu eta egikaritzeko eragile berariazkoenak: administrazioa batetik eta gizarte erakundeak bestetik.

Merkatuaren papera ere azpimarratzen du. Merkatuari buruz handiak esan ditzakegu ikuspegi sozialista ortodoxo batetik. Baina merkatuaren mekanismoa disziplina interesgarria ere bada, eta goitik datorren diruarekin disziplina horri itzuri egiten dion produkzioa berehala hasten da herren egiten kalitatean edo beste kontu batzuetan. Dirulaguntzari ezak muturreraiono estutu dezake une batean sektore bat, eta dirulaguntzak aldiz, moteldu. Arazoa da ohiko merkatu orokorreko parametroetan euskarazko produkzioak nekez iraun dezakeela, baina bestetik merkatuaren mekanismoa behar duela. Irtenbidea, arloan arloko merkatu parametroak doitzean egon liteke.

Hona hemen proposatzen dituen estrategiak, administrazioa eta gizarte-erakundeei begira:

  1. Gizarte-erakundeak artikulatu: bi mailatan gauzatu beharrekoa. Batetik, euskal kulturgintzaren esparru bakoitzaren barruan, eta bestetik, esparru desberdinen arteko eremu orokorrean. Esparru jakinek zeregin ugari dituzte. Bata, barrura begira, elkar ezagutzea, trinkotzea eta estrategia bateratu xamarrak lantzea. Beste, kanpora begira, alderdi eta administrazioen aurrean interlokuzio gaitasuna lortzea, politiketa eragiteko. Adibide modura ezartzen ditu, bertsolaritzarena, idazleena eta itzultzaileena. Esparru desberdinen arteko eremu orokorrari dagokionean, elkartzea proposatzen du, lobby bat eratuz.

  2. Esparruetako ekosistemak landu: esparru bakoitza ekosistema moduan lantzen hasi liteke eta esparruak biziberritzeko elementu nagusien plangitzan egin liteke; transmisio, sustapen eta jakintza mailan. Adibide moduan Bertsozale Elkartearen bilakaera jartzen du. 

  3. Tokian tokiko konexioak sustatu: tokian tokiko gizarte-eragileak eta bertako eragile publikoen indarrak norabide honetan jarriz, herri eta auzoetako kulturgile kolektibo eta sortzaileen konexioa sustatzea da garaiaren aukeretako bat (…) Energia sortzaile barreiatu handia dago gure herri eta hirietan. Horien arteko konexioen bidez herrietan kultura ospatzaile bat lantzeko potentziala bada (…) Herriari kontsumitzeko programatzen diote kultura udaleko kultur teknikariek, baina herriko sorkuntza bera ez da mamitzen, ez da lehertzen, ez da herriaren aurrean espresatzen, ez da jairen parte nagusi bihurtzen.

  4. Transmisio antolatua: arlo eta maila guztietan belaunaldi-transmisiorako bideak lantzea. Batetk, sortzaileak birsortzeako sortzaile-transmisioa bilatuz, bestetik parte hartzaileen transmisioa bilkatuz bereziki parte hartzean oinarritutako kultur adierazpideen kasuan, eta hirugarrenik zaletasun-transmisioa bilatuz.

  5. Hezkuntza arautuan curruculuma landu eta egikaritu: Zer egin daiteke euskal kulturgintzarekin, adinez adin, euskal hezkuntza zentruen curriculumean?Euskararen lurralde osoko haurrek ikastekoak ote dira Amuriza kartzelan zegoeneko «Eukal Herritik aparte» bertsoak? Ez dakit. Eta Leteren «Ni naiz»? Eta soferinoko itsuarenak? Zer adinetan, zertarako? Historia ikasgaiari loturik? Ingurune ikasgaiari? Galdera guzti horiek erantzuteko daudela azpimarratzen du.

  6. Merkatu doituaren parametroak adostu eta ezarri: Merkatu doitua egonkortasun minimo batekin ezartzeak baditu bere abantailak. Administrazio publikoaren diru-laguntzen arbitrariotasun sahiestezina gutxitzeko modua da, batetik, eta bestetik, kulturgintzako enpresa era eragileei joko-zelai egonkor bat jartzen die, urteetan zehar beren eskaintza finduz bakoitzak bere lekua irabazteko.

  7. Erresonantzia-kutxa antolatu: euskal kulturgintzaren hedapen edo erresonantzia-kutxa hobeto antola liteke Euskal Herriko hedabide-sisteman.

  8. Jakintzaren arloa indartu: euskal kulturgintzari buruzko dokumentazio, ikerketa, gogoeta, bilketa eta formazioa eskaintzen duten guneak sustatzea eta sortzea beharrezkoa da (…) estrategiak mamitzen laguntzeko, geruza batzuetako transmisioa egiteko, nazioarteko esperientziak liseritzeko, norabideak marrazten laguntzeko, eta oro har, eragile sozial zein publikoen zerbitzura egoteko.

  9. Interneten jardunbide eta edukiak garatu: euskal sorkuntzaren edukiak eta jardunbideak internet sarean eta teknologia berrietan txertatu eta garatu behar dira (…) Hiztun kopuruagatik dagokiona baino aurreraxeago dago euskara interneteko hizkuntzen «ranking»-ean. Desafioa, ordea, etengabea da.

  10. Kanpo-hedapena landu: bi geruza ezberdindu behar dira. Bata, euskararen lurraldeko beste hiztun komunitateetarako egindako hedapena, etxekoa; bestea, euskal komunitatearen nazioartekotasuna garatzea.