Euspot lehiaketaren hirugarren edizioak pintxo potea eta euskara izango ditu hizpide

euspot2014-aurkezpena1-

Aurten egingo da hirugarren edizioa eta lehiaketaren helburua euskarazko sormena bultzatzeaz gain, arlo guztietara euskararen erabilera hedatzea da. 2014ko edizioaren gaia izango da: ‘Pintxo potea eta euskara’. Aretxabaletako Udala, Mondragon Unibertsitatea eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkartea dira lehiaketaren sustatzaileak.

Gaur aurkeztu da Euspot 2014ko edizioa. Aurkezpenean izan dira Goio Arana (HUHEZIko (MU) Komunikazio Departamentuko ordezkaria), Iñigo Louvelli (Aretxabaletako Udaleko euskara zinegotzia) eta Arantzazu Lagunilla (Arteman Komunikazioko ordezkaria).

2013ko lehiaketak arrakasta dotorea izan zuen. Guztira 22 lan aurkeztu ziren, Euskal Herriko toki askotatik aurkeztutakoak guztiak ere. Aurtengo edizioaren helburua da, spot lehiaketa kontsolidatzea eta euskararen panoraman erreferentziazkoa bilakatzea.  Lehiaketa asmo batekin dator aurtengoan, gazteen partehartzea sustatu nahi da. Asmoa da gazteen sormena bultzatzea, ilusioak piztuz. Lehiaketa irekia da, edozeinek har dezake parte, bertakoek, bailarakoek zein Euskal Herri osokoek, eta hala nahi izanez gero baldintzak betetzen dituen gure mugez haratagoko edozeinek.

Aretxabaletako Udalak EUSPOTen aldeko apustua egin nahi du aurten ere, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko eta arlo horretan egiten ari diren lana goraipatu nahi du. Gainera, antolatzaile batzordetik nabarmendu nahi da aurten ere 16 urtetik gorakoek aukera izango dutela lehiaketan parte-hartzeko, eta horretarako harremanak sustatu dira zenbait ikastola eta eskolarekin.

Aurtengo berrikuntzak

Maiatzaren 15ean egingo den sari banaketa ekitaldia zuzenean grabatuko da eta GOIENAk, Hamaikak eta Tokikok eskaini ahal izango dute Euskal Herriko toki telebisten sarearen bitartez.

Oinarri sendoekin izaera irekia

MUk, Artemanek eta Aretxabaletako Udalak antolatutako spoten lehiaketak izaera irekia du eta Euskal Herrian parte-hartzea sustatu gura du. Beti ere, Debagoienean oinarri sendoak jarrita. Horretarako, Mondragon Unibertsitateak bere ikasketa kurrikulumean sartu du spoten gaineko ikasgaia eta Arizmendi ikastolako zein Kurtzebarri eskolako DBHko ikasleek lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Unibertsitatearentzat lehiaketa bera eta ikasleen parte-hartzea epe luzerako inbertsioa da. Inbertsio baita ere hizkuntzaren erabilerari dagokionez.

Lanak aurkezteko epea

Lanak maiatzaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eu webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 15ean egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Guztira Euspot Lehikatek aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan.

Lau sari banatuko dira:

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- MUko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Gazteen saria (18 urte beherakoak) / 250 euro