Lobbyak jaun eta jabe Euskal Herrian (baita Gipuzkoan ere)

Lobbyak jaun eta jabe Euskal Herrian
Gipuzkoako talde ekologista guztiak bat etorri dira: GFA-k lehengo lepotik burua.
“Ez du balio gizarte eragileen aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira. Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu” salatu dute.

Kontserbazioari eta bioaniztasunari lotutako gaietan, legegintzaldi honetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako harremanaren balantzea egin dute herrialde horretako talde ekologistek.
Aldeak alde, Nafarroan bizi dugun egoerarekin antzekotasun handiak aurkitu ditu salaketak.
Han eta hemen, egurraren, ehizaren eta beste lobby batzuen interesen arabera  jarduten dute alderdi politikoek. Guztiek, orain arte, bioaniztasuna eta kontserbazioa bazterrera utzita.

Talde ekologistek salatu dute, euren ustez,  Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak, bereziki bi lobby-ren interesei makurtzen zaizkiela, batetik, egurraren negozioari lotutako baso-jabeen elkarteari (GEBE) eta bestetik ehiza-federazioari.

Bi presio-taldeok baldintzatu ei dituzte sail horren norabidea, aurrekontua eta politika publikoak, guztiona den eta lehentasunez babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak, gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarriz.

Baso Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE), EHNE eta ENBA, eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin. Natur taldeak ere partaide izan arren, azken bileran kanporatuak izan ziren. Saileko teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza Eskolaren izenean aurkeztu diren agiriek, arlo honetan egiten den kudeaketa justifikatzen dute, baso-ustiaketa intentsiboaren ardatza den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, defendatuz eta diru publikoa orain arte bezala banatzearen alde eginez. Izan ere, euren negozio pribatuak bide honetatik baino ez baitira errentagarriak.

Mendian irekitako ehunka kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, edota espezie arrotzen monokultiboen landaketak ez du zerikusirik naturaren kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin, baina ingurumena kaltetzen duten interes pribatuok, diru publikoz lagunduta daude, naturaren kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez.

Ehiztariek ere, lotura zuzena izan omen dute beti sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari milioika euro eman ei zaizkie, diru publikoa jarduera pribatuetarako desbideratuz diru-laguntza nominatiboen bidez. Ehizaren inguruko kudeaketa ere, kontserbaziorako aurrekontuetatik egin ohi da.

Laburbilduz, Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze publikoaren eredua honakoa litzateke:
interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen dute  gipuzkoarren dirua nola kudeatu.

“Agintaldi honetan ez genuen miraririk espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak ezartzea”…  Ekologisten ahalegin honek emaitza onik izan du hala ere: Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren ahotsa bateratzea.

“Gipuzkoako Foru Aldundian, ondare naturalaren defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren ustiapena kudeatzen ari dira, orain arte bezala. Lehen sektorearen eta gizartearen onerako balitz, tira, baina horretarako ere ez du balio, lehen sektoreak bizi duen gainbehera ikusita.

Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak, azterketak, birdwaching taxuzko ekimenak, natur eremuekiko tailerrak (zeinak nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) …”

Dena dela, txalotu egin dute Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendariaren ordezkapena, beharrezko aldaketaren hastapena izan zitekeelako esperantzaz, baldin eta “ bide baten lehen pauso gisa, eta jarraian helburuetan, planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere”.

Azkenik, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daitezkeenak azpimarratu dituzte: Foru Aldundiko jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten plangintzak egitea, babestutako eremuetako plangintzak Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara doitzea eta eremu horietarako aurrekontuak zehaztea, eta bioaniztasunaren mahaia sortzea.

“Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundian ondare  naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota  berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre”

Honako taldeek sinatuta dator testua:

Eguzki, Erkaxo Azpeitiko Natur Taldea, Haritzalde Naturzaleen elkartea, Herrio (Orioko Natur Taldea), Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Katamarrua (Zestoako Natur Taldea), Landarlan Natur Elkartea, Mutriku Natur taldea, Okil Beltzak (Elgoibarko Natur Taldea), Osina Natur Taldea, Ugatza Ornitologia Elkartea, Zumaiako Natur Taldea, Arkamurka Natur Elkartea, Ondarroa 12 milia, Berdeak eta Ekologistak Martxan.

Lobbyak jaun eta jabe Euskal Herrian

Oinezkoa

5 pentsamendu “Lobbyak jaun eta jabe Euskal Herrian (baita Gipuzkoan ere)”-ri buruz

  • Zergatik ez da aipatzen Baso Zuzendaritzako zuzendaria aldatu berri dutela? Eta pertsona berriak naturaren kontserbazio eta babesaren aldekoa dela? Norabidea aldetzen denean honelako idatzi batekin agertzea ez dut ulertzen.

  • Uf, barkatu, bai aipatzen zenuten zuzendariaren ordezkapena.
    Dena dela, ordezkapen hori gertatu eta egun gutxira, pertsona berriari aukerarik eman gabe horrelako idatzia ateratzea pena ematen dit…

  • Nik uste dut talde ekologisten asmoa aratza dela, eta esaldi honetan laburbiltzen dela:
    “Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu, kontserbatu edota berreskuratzeko bidean lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango gaituela edo, bestela, aurrez aurre”

  • Argigarri delakoan, hara hemen

  • Ados nago bertan aipatzen denarekin.
    Astigarragan, Txoritokieta mendian, nire osabak utzi zidan lursail txiki baten jabe naiz. Bertan aldamenkoak zegoen basoa kendu eta sagarraondoak landatu ditu. Lursail hortako basoa Lauhaizeta Parkeko legeak babestua. Legeak oso garbi dio Lauhaizetako Parkean ezin direla basoak moztu eta moztekotan lehengo egoerara itzuli behar direla. Behin eta berriro Gupuzkoako Foru Aldundian salatu dut eta zer topatu dut: ustelkeria. Aldundiko teknikari eta basozainak basoa moztu duenaren alde arrazoi merke eta txatxuekin.

    Larriagoa iruditzen zait Gipuzkoako Aldundia nola ari den Gipuzkoa Terrazez (zapaldez) betetzeko diru laguntza handiak ematen. Ikertu gabeko egoera bat sustatzen ari da. Sortzeko milaka urte behar izan dituen lurra aterrazatu eta ondatzeko diru laguntzak. Ondorioak ez dakizkigu.