EikenTALENTeko zazpigarren edizioa

Eiken – Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterrak EikenTALENTeko zazpigarren edizioa abian jarri du, talentu ez profesionalei zuzendutako ekimena. Enpleguaren sorkuntza helburu du eta prozesu berritzaile baten bidez, sektoreko enpresen eta bere ikasketak amaitzeko zorian dauden edo amaitu berri dituztenen arteko zubia egiten du.

Zazpigarren edizio honetan izen berri batekin aurkezten da (lehen EikenBANK zen) helburuei egokiago erantzuten baitu horrela. Dena dela, aurrekoetan bezala, hainbat instituzioen laguntzari eusten dio oraingoan ere, hala nola, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Industria sailak, Bilboko Udaletxeko Bilbao Ekintza erakundea, Vitoria-Gasteizko Udaletxea, FesTVal Festibalaren bitartez, eta Bilbao Mendi Film Festibala. Eta horiekin guztiekin batera, Proiektuarekiko konpromisoa duten EIKENeko enpresa kideak, eta Euskadiko Autonomia-Erkidegoko hezkuntza zentro denak.

Izan ere, ikus-entzunezko ikasketak dituzten zentroetan egin dira aurkezpenak, berdin Unibertsitateetan, Lanbide Heziketako Zentroetan edota Eskoletan. Parte hartu duten 432 ikasleek, Eiken Klusterrak lideratzen duen ekimenaren antolatzaileei euren zalantzak eta iradokizunak zuzentzeko aukera eduki zuten.

Aurkezpenekin batera, ikasketa zentroetan jardunaldi profesional ibiltariak antolatu dira. Jardunaldi hauetan ikasleek sektoreko profesionalekin harreman zuzena eta gertua edukitzeko aukera izan zuten merkatuaren gakoak ezagutzeko. Orain talentu gazteen txanda da beren ideiak aurkezteko.

Zazpigarren edizioa

EikenTALENT gazteei zuzendutako programa bat da, ikus-entzunezko sektorean esperientzia gabekoak izan arren, zine edo telebistarako proiektuetarako ideia berritzaile dituztenei. Proiektuak webgunearen bitartez aurkeztu behar dira (www.eikencluster.com/eikentalent) eta epea maiatzaren 4rarte irekita egongo da.

Aurten berrikuntza bezala, bi sari nagusi emango dira. Ikus-entzunezko sektoreko profesionalez osatutako epaimahaiak hobeto baloratzen duen ideiak, EikenTALENT Saria eskuratuko du, euskal ikus-entzunezko enpresa batean prestakuntza beka bat lortuz. Bigarren sari nagusiak, EiTB Sariak, proiektuaren pilotua ekoizteko eta EiTBn emititzeko aukera ematen du eta, horrekin batera, proiektuaren egileek prestakuntza beka bat ere eskuratuko dute, pilotuaren garapen eta produkzio prozesuan parte hartzeko.

Bi sari nagusiez gain, EikenTALENT 2014 deialdiaren barruan, ideia originalenei bestelako bekak eta sariak banatuko zaizkie. Eta horiekin batera, finalista guztiek aukera izango dute zuzenean harremanetan jartzeko euskal produkzio etxe nagusietako arduradunekin -alegia, Eikeneko bazkide eta EikenTALENT programaren laguntzaile diren enpresetako arduradunekin-, “Face to Face” motako topaketa saio baten bidez. Saio hau Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI Fakultatean ekainaren hasieran izango den sari banaketan izango da.

Horrek erakusten duenez, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak apustu garbia egin du proiektuaren balio espezifikoa sendotzearen alde, lehiaketa baten dinamika sinpleaz harago joanez, gazteen enplegura orientatuz. Hain zuzen ere, profesionalak eta profesionalak ez direnen arteko  harremana erraztuz lan aukerak sortzea du helburu nagusietako bat.

Partaidetza eta funtzionamendua

Parte hartzeko sistema oso erraza da. Edozein gazte sortzailek har dezake parte deialdian, baldin eta ikus-entzunezko proiektu original bat badu eta ez bada ari sektoreko enpresaren batean edukien arloan profesionalki eta modu jarraituan lanean edo lankidetzan. Programaren oinarriak eta prozedura guztia, ekimen osoa egituratzen duen webgune batean jasota daude (www.eikencluster.com/eikentalent).

EikenTALENT programan ikus-entzunezko produktu mota guztiak aurkez daitezke (telesailak, lehiaketak, magazinak, realityak eta bestelako telebista saioak; animazioko produktuak; dokumentalak; multimediako edukiak…). Eta produktu horien proiektuak euskarri guztietan onartzen dira, aukeran, gidoiak, maketak edota erakusgarri diren pilotuak izan daitezke. Derrigorrezkoa da, ordea, programaren fitxa modeloa eta  inprimakia betetzea. Programaren arduradunek proiektuen originaltasuna eta bideragarritasuna balioetsiko dituzte, nagusiki.

Eikenen ekimen honetan, Klusterreko ondoko enpresek hartzen dute parte: Bainet, Baleuko, EiTB, Irusoin, Jarkatza, K 2000, Pausoka eta Prime Time Media. Enpresa hauen arduradunek EikenTALENTeko epaimahaia osatzen dute.

EikenTALENTeko aurkezpenak, esan bezala, jardunaldi profesional ibiltari bihurtzen dira urtero. Aurten, ondokoak izan dira hitzaldien protagonistak: Fernando Diez, Bitart enpresako gerentea, ikus-entzunezko zerbitzu oso bat komertzializatzeko gakoak azaldu zituena; Aletxu Echevarria, The Blackout Project enpresako gerentea. Berak, dispositibo anitzeko bideo formatuak eta merkatu honen aukerak ezagutzera eman zituen; Aiala Fernandezek, EIKENeko Nazioartekotzeko arduradunak, Europan Kultura eta Sormen Industrietan eskatzen diren profil profesionalak zehaztu zituen, Eiken partaide den Europako zortzi erregioek osatzen duten nazioartekotzeko Kontsortzioak Smart Culture izeneko Proiektuaren barruan egindako azterketaren arabera; Miguel G. Tejedorrek, Ekoizle Exekutiboa, pitchingaren inguruko masterclass bat eman zuen; Ainhoa Lodoso, EiTBko Programen Saileko arduradunetako bat, Taldeko kate ezberdinen emankizun zerrenden funtzionamenduaz mintzatu zen;  Diego Urruchik, Media Attack enpresako zuzendariak, transmedia proiektuak eta finantzatzeko aukera ezberdinak definitu zituen, eta, azkenik, Jone Landaluzek, Baleuko-ko Salmenta eta Ekoizle exekutiboak, nazioarteko animazio ko-produkzioen prozesuaren gakoak azaldu zituen. Besteak beste, Baleukok sortutako denbora errealean produkzioaren segimendurako softwarea partekatu zuen Jone Landaluzek bertaratukoekin.

EikenTALENTeko zazpigarren edizioa ia bostehun ikasleren aurrean aurkeztu daEikenTALENTeko zazpigarren edizioa ia bostehun ikasleren aurrean aurkeztu da