San Juan Baleontziaren erreplika, gure historia aberatsaren oroigarri

San Juan Baleontziaren erreplika

Euskaldunon historia gogora ekartzean, isolatutako gizartea irudikatzen dugu maiz: nekazaritza, artzaintza eta baserri giroa. Baina bada gure historian ontzigintza, baleak eta bidaia transozeanikoak protagonista dituen aro aberatsa ere, ahazteko joera duguna. 1565ean Kanadako kostaldean hondoratu zen San Juan baleontzia da orduko euskal industriaren garapen mailaren erakusle behinena. Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian, ontzi historiko haren erreplika eraikitzeari ekingo diote uztailetik aurrera, eta bide batez, gugana ekarriko dute Euskal Herri oparo eta aurreratu hura. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitako ekimena da, eta ontzigintza tradizionaleko erreferente bihurtzearekin batera, Pasaiako Badia suspertzea du erronka.

Euskaldunon sinbolo unibertsalena

San Juan Baleontzia 1563an eraiki zuten Pasaian, eta Parks Canadaren urazpiko arkeologia departamentuak aurkitu zuen 415 urte beranduago, 1978an, Labradorren. Kanadako ikerlariek egindako lanari esker, XVI. mendeko ontzi aztertuena da, eta horrenbestez posible da erreplika fidela eraikitzea. Historiako lehen itsasontzi merkante transozeanikoen gisakoa da; 27 metro luze eta 200 tonako edukiera du.

Aurkitu zuten urtean, National Geographic-ek bere aldizkariaren azala eskaini zion aurkikuntzari, eta UNESCOren Munduko Itsas-azpiko Ondarearen Departamentuko sinboloa ere bada. Donostia 2016ko kide gisa proiektuan murgilduta dabilen Jon Maiaren arabera, San Juan baleontzia da euskaldunok dugun “sinbolo unibertsalena”.

Baina bada hori baino gehiago ere, garai eta gizarte oso baten berri ematen baitu. Jon Maiak argitu digunez: “Inor gutxik badaki ere, Europan euskaldunek soilik arrantzatzen zuten balea XVII. mendera arte, eta garaiko erregai preziatuena zenaren monopolioa zuten: bale koipearena. Urtero 3.000 bat lagun joaten ziren halako ontzietan Ipar Amerikara bale bila; bertan koipea atera, eta hona ekartzen zuten bueltan, gero Londresen, Anberesen eta Europako gainontzeko merkatuetan saltzeko”.

Ontzigintzarako Euskal Herri osoa hartzen zuen sare industriala zegoen antolatuta, besteak beste Sakanako basoek, meategiek eta burdinolek osatzen zutena. Horretarako behar ziren baliabide guztiak eskura zituzten, eta horregatik izan ziren lehenengoak ontzi handiak egiten. “XVI. mendean, euskaldunak ziren beren garaiko herrialde aurreratuena teknikoki zein industrialki”. San Juan baleontziaren erreplika eraikitzeko, ahal den neurrian prozesu bera errepikatzen ahaleginduko dira, San Juan sarea esaten diotena osatuz.

Faktoria izenak biltzen duena

Azken ukituak falta dituen Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan berria eraikitzeko erabiliko den ontziola dago, baina baita hori baino askoz gehiago ere. Bisitagarriak izango diren lau zati izango ditu: arotzek Sakanatik ekarritako zuhaitzak baleontzirako zati bihurtzeko erabiliko duten gela handia, kultur jarduerak egiteko ere baliatuko dena; denda eta txarteldegia izango dituen eraikin mugikorra; XVI. mendeko ontzigintzaren eta gizartearen berri emango duen erakusketa; eta azkenik, propio eraiki duten zurezko ontziola, pieza guztiak muntatzeko erabiliko dena.

Faktoria Ondartxo Pasealekuan dago kokatuta, itsaso zabaletik gertu, eta ez da erraza autoz bertara iristea. Arazoa izan zitekeena balio erantsi bilakatu dute ordea: bisitariak Trintxerpe edo Donostiatik irtengo diren barkuetan egingo dute Albaolarako bidaia. Bisitaldia ere ez da ohikoa izango. Azken emaitza erakutsi beharrean, eraikuntza prozesua izango da bisitariek ikusi ahal izango dutena, eta hortaz, “bisita bakoitza ezberdina izango da”.

Eraikuntza lan hori zuzenduko duena Xabier Agote, ontzigintza tradizionalean aditua, izango da, Albaola Elkarteko zuzendaria ere badena. AEBtan ikasitako teknikak ekarri ditu Pasaiara eta azken urteotan ontzigintza eta nabigazio tradizionaleko makina bat ekimenenetan hartu du parte.

Ekainaren amaieratik aurrera bisitatu ahal izango diren atalez gain, erresidentzia moduko bat ere prestatu dute Faktorian, bertara lagundu eta ikastera doazenak non lo egin izan dezaten. Izan ere, Euskal Ontzigintza Eskola Internazionala jarriko dute martxan, eta baita, Pasai Donibanen, Nabigazio Tradizionaleko Eskola ere.

Enbaxada mugikorra

San Juan baleontziaren erreplika 2016rako amaituko dutela aurreikusten dute, baina oraindik bide luzea izango du egiteko. Nabigazio Tradizionaleko Eskolan formatutako taldearen gidaritzapean, hizkuntza gutxituak dituzten Europako herrialdeak lotuko dituen bidaia egingo du, eta Kultur Hiriburutzaren enbaxada mugikorra izango da.

Baleontziaz eta 2016az harago, Itsas Kultur Faktoriak aurrera jarraituko du ontzigintza tradizionalarekin loturiko proiektu eta ekimen gehiagoren babesleku gisa, Albaola Elkarteak kudeatuta. Ordurako, Faktoria bisitatuko duten euskaldun zein turista guztiek euskal ontzigintzaren urrezko aroaren berri izango dute. Ez da gutxi.

San Juan Baleontziaren erreplika

NIRE KONTRA ESANAK