Oilaskoa, baserritik sukaldera

 

Oilaskoa
Ramon Irazu (LumaGorri), Marijose Murua (LumaGorri) eta Xabier Zabaleta (Jakitea)

Alde handia dago baserriko oilaskoa eta hazkuntza behartuko sistemekin hazten denaren artean, bai ekoizpenean, eta nola ez, baita zaporean eta produktuaren kalitatean ere. Ondo baino hobeto dakite hori LumaGorriko kideek, 20 urte baitaramatzate belardian aske hazitako baserriko oilaskoa mimoz ekoizten. Alde nabarmen horren jakitun dira oilaskoa lantzen duten sukaldariak ere. Erronka belaunaldi gazteagoei eta bi oilasko motak bereizten ez dituztenei aldearen berri ematea da ordea, bide batez, euskal baserrietako oilaskoaren kontsumoa sustatuz. Helburu horrekin, ekimen bateratua jarri dute martxan sukaldaritza tradizionala lantzen duten Gipuzkoako Jatetxeek osatutako Jakitea elkarteak eta LumaGorrik: Baserrietatik Sukaldetara. Pasa den astelehenean, ekimenaren aurkezpen ekitaldia egin zuten LumaGorrik Zerainen duen egoitzan, eta Gipuzkoako makina bat sukaldarirekin batera, gu ere izan ginen bertan.

Baserrietatik sukaldetara

Marijose Muruak argitu zuenaren arabera, 20 urteko bidean baserritarrak izan dira LumaGorriri bidea erakutsi diotenak. Orain, Jakitearekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren Kalitatea sustapen programaren bidetik, sukaldaritza tradizionalera eraman nahi dute euren baserrietako lanaren emaitza. Bere hitzetan, beharrezkoa da elkarlana, “sukaldariak baitira oilaskoa kontsumitzaileenganaino hurbiltzen dutenak”.

Xabier Zabaleta Jakiteako kideak zioenez, ekimena bat dator elkartearen funtsarekin, “betiko sukaldaritza eta kalitatezko produktuak sustatzeko sortu zen-eta”. Sukaldetara ez ezik, eurek antolatzen duten Euskal Herriko parrila txapelketara ere eramango dute baserriko oilaskoa, berrikuntza gisa.

Belardian aske hazitako oiloak

42 baserritar eta ekoizle dira guztira LumaGorri sarea osatzen dutenak eta guk Gabiriako baserri batean oiloak zein egoeratan dauden ikusteko aukera izan genuen. Oiloak, bai; salmentarako pisu aproposagoa dutenez -2kg inguru-, soilik emeak hazten baitituzte. Gainera, emeen haragia finagoa ere bada, “xamurragoa”.

Orotara 90 bat eguneko bizialdia izaten dute oiloek, beste zenbait explotazio modu masiboagoetan baino askoz ere gehiago. Bestalde, artoa eta soja dituen pentsuarekin elikatzen dituzte, kolorante artifizialik eta antzeko gehigarririk gabe. Espazioari dagokionean ere badago aldea: estalpea eta belardia dute, eta nahieran mugitzen dira batetik bestera; gutxienez bi metro karratu izaten ditu sailak oilo bakoitzeko.

 Amaitzeko, dastaketa

Ekimenaren aurkezpena entzun eta oilaskoaren ekoizpena gertutik ezagutu ostean, emaitza dastatzea bakarrik falta zitzaigun. Parrilan egina zein konfitatua, gozatu egin genuen LumaGorri oilaskoa, eta ez zen deus soberan geratu. Guri ere argi geratu zitzaigun baserriko oilaskoa ‘arrunta’ baino askozaz ere zaporetsu eta osasuntsuagoa dela.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Oilaskoa, baserritik sukaldera”-ri buruz

  • fermin morrokozoko 2014-06-18 22:58

    90 egunekin, oilandak
    Arraultzeak egiten dituztenean, oiloak
    Adeitasunez,