Zezenketak ez, entzierroa bai?

Uztaileko bigarren aste honetan goizean goiz esnatu eta telebistari begira jartzen naiz urtero urtero, gogoratzen dudanetik behintzat, Iruñeko entzierroa ikusteko gogoz, urduritasunak hartuta. Txikia nintzela zezenketekin ere -hiltzen dituztenean egiten duten espektakulu horretaz ari naiz- gozatzen nuen, amonaren zaletasuna medio,  gaztaroan zentzu morala garatu eta animalia baten sufrimenduarekin gozatzea arbuiagarria zela ebatzi (edo ikasi) nuen arte. Kontzientzia horrek ordea ez dit entzierroarekin gozatzeko aukera ukatu.

Zezenketak ez, entzierroa bai?

Horrenbestez, argi dago (praktikan behintzat) ez ditudala zezenketak zilegitzat jotzen,  bai ordea entzierroa, eta akaso, baita sokamuturra eta antzeko ekimenak ere. Muga zein da orduan? Heriotza? Odola?

Dirudienez, euskal hedabideen artean ere joera bera antzematen da: ez dira zezenketei aipamen gehiegi egin zaleak -kritikatzeko, ez bada- baina San Fermin egunotan arreta berezia eskaintzen diote entzierroari.

Berdin gertatzen da zenbait politikarirekin. Erantzun zehatzegia eman gabe baina zezenketen kontrako eta entzierroaren zale dela eman du aditzera besteak beste Uxue Barkosek.

Eta horrela bada, bi galdera: posible ote da entzierroekin jarraitu bai, baina zezenketak etetea? Hala balitz, zer liokete animalien eskubideen aldeko herri mugimenduek? Eta gure kontzientziak?

Zezenketak ez, entzierroa bai?

Zer duzu buruan “Zezenketak ez, entzierroa bai?”-ri buruz

  • Bitako bat, edo 1) ikuspegi maximalista bat erabiliz animaliak bere ingurune naturalean aske eta bake santuan uzten ditugu, ez animaliarik etxean, ez baserri, ez etxalde, ez ezer.. edo 2) onartu beharko da gizakiok animaliekin interakzio batzuk baditugu ezinezkoa dela lehen puntu hori betetzea. Beraz mugaren bat ezarri beharko da. Eta zentzua erabili “tratu txarra” benetan zer den finkatzeko.

    Santo Tomasetan zerria erakustea debekatzen den edo debekatu nahi den garai hauetan, jakin nahiko nuke debeku hori ezartzen duenak zergatik jotzen duen onargarritzat zerri horixe baserri bateko metro karratu eskasetan estabulatua egotea. Edo ze zentzu lukeen idi-demak debekatzea baina baserrietan idiak lanerako erabiltzea onartzea.

    Nire iritzi pertsonalean, zerri bat edo oilo bat feria batean erakusgai jartzeak ez du ezer txarretik, eta era berean, zezenak pikatzen eta hiltzen dituzten ikuskizunak (?) nahiko nazkagarriak iruditzen zaizkidan arren, edo akerrak kanpandorretik botatzeko kontu horiek ankerrak eta absurdoak iruditzen zaizkidan arren, errekortarien ikuskizunak edo entzierroak bestelakoak iruditzen zaizkit.

    Ze, animalien estresak eta abar aipatzen dituztenak, arrazoia izan dezakete, Baina orduan lehen aipatutako 1) puntu hori aldarrikatzea besterik ez dugu, zintzoak izanez gero.