Lilura nazazu beste behin

Egunero bezala Mari Lolik goizeko zazpi eta erditan iratzargailua entzun zuen klaseak ematen joateko. Egunero bezala pertsianak igon, etxeko lehioa zabaldu eta betiko porlan gris eta monotonoa ikusi zuen bestealdean. Kolore aspertu horrek zer ikusi gutxi zeukan amesten zuen oihanarekin, non, aintzinean lez, naturaren eta gizakiaren koloreek bat egiten zuten. Halere irratiko esatariaren ahots mekanikoak bere oinak espaloia zapaltzen zutela gogoratu zion. Agian horregatik ez zion hasieratik erreparatu mahaian zegoen papertxoari:

“Ortozik nabil zeure atzetik”

Ume batek idatzita zirudiela-eta, ze klase broma ote zen notatxo hori galdetu zion bere buruari eta garrantzi gehiegirik eman gabe abiatu zen lanera. Goizeko orduak igaro zituen umeei explikatzen zelan egin gehiketa bat. Bazkalorduan etxera itzuli zen eta janaren gainean beste notatxo bat topatu zuen:

“Lilura nazazu, beste behin”

Lilura nazazu beste behinNor ote zegoen txantxaren atzetik barrundatzen eskolara abiatu zen gogogabeturik. Lantokiaz nazkatuta zegoen, izan ere, ez zuten umeei behar moduan irakasteko baliabide beste. Gainera gurasoek irakaslearen esku uzten zuten euren seme-alabak hezteko ardura; etxea eta eskola elkarren osagarriak ez bailiran eta horren gainean hausnartzen itzuli zen etxera. Hain nekatuta zegoen ze logelara abiatu zen. Mesanotxean beste notatxo bat ikusi zuen:

“Inbidia dizut zeurekin lo egiten duzulako**”

Leihora begiratu zuen: zabalik zegoen eta soka baten hari batzuk zituen. Buelta eman orduko, gizon bat ikusi zuen ohean berari begira. Biluzik zegoen.

– Erdu nirekin.

Bat-batean Mari Lolik dena ulertu zuen eta ohera sartu zen besoak gizonaren lepoaren inguruan kiribilduz ezpain suabeak bildu arte. Eta elkar ezagutuz eta elkar gozatuz eman zituzten gaua eta eguna ohean endredaturik euren arnasak su eta begiradak laztan bihurtuz, azalaren koordenada guztiak mihiarekin eta hatzamarrekin deszifratuz, batak bestearen izatea pasio basatien bidez biluztu arte.

**Inbidia, Hnuy illa nyha majah yahoo (poemak 1985-1995) edizio berritua, Joseba Sarrionandia (1958), Donostia, Elkar 2013

Presencia Vasca saiorako osatutako ipuina 

Lilura nazazu beste behin – Lilura nazazu beste behin

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.