Eskoziako erreferenduma badator, eta Galesen zer?

Galesen ere egun seinalatua izango da irailaren 18a, Eskoziak independentzia erabaki egingo duen eguna. Bizilaguna galdu dezakete, baina eredu bat irabazi. Aurrekari kitzikagarria luke nazio Galesak, noizbait bide bera jarraitu nahi balu. Zertan da egun dragoiaren lurraldea?

Cardiff mendebaldera, Chapter’s Arts Centerreko jantokira, agindutako orduan heldu da Iolo Ap Daffyd, BBC Wales-eko kazetaria. “Eskoziako emaitza edozein delarik ere Plaid Cymruk uste du Galesek zerbait ona aterako duela”, dio eskuekin bere hitzei indarra emanez, “baina ez dut uste horrela izango denik”. Plaid Cymru alderdiko independentistek ez bezala, galestarren bi herenek uste dute Eskoziaren erabakiak ez duela Galesen geroa aldatuko. Alegia, denak berdin segiko duela, historiaren amaieran bageunde bezala.

Zerbait argi dago Galesen. Devolution edo autonomia zabalagoaren prozesu ia jaioberrian daude. Estatu propioa erdiesteko, edo sikiera erreferenduma deitzeko, Eskoziakoa baino akuilu handiagoa beharko du. Hain zuzen ere, aukerak, baldintzak eta leihoak probestea da independentisten helburua. Axolagabekeria orokorraren aurrean, eztabaidak egunero gertatzen ari dira Galesko intelligentsiaren zokoetan.

Sion Jobbins, Begotxu Olaziola eta Iolo Ap Dafydd Caerdyddeko Chapters Arts Center-en.
Sion Jobbins, Begotxu Olaziola eta Iolo Ap Dafydd Caerdyddeko Chapters Arts Center-en.

Galesen abiapuntuak

Ingalaterraren eragin esparru geografiko, kultural eta ekonomikoan txertatuta dago Gales -3 milioi biztanle ditu-, 800 urteko asimilazioari biziraun arren -linguistikoari barne-. Erresuma Batua osatzen duten lau esparruen artean -Ipar Irlanda, Eskozia, Ingalaterra eta Gales- azken bi hauek dira lotura estuenak dituztenak. Balio beza adibidetzat: sarri baino gehiago “England & Wales” kontzeptua darabilte estatistika edo erreferentzia mediatikoetan. Asko esan nahi du horrek. Errealitateaz mintzo da, eta irudimen kolektiboaz ere bai.

Begotxu Olaizola irakasleak azaldu du. Zarautzen bizi da, galesez primeran egiten du hizketan, eta bertako errealitatea ezagutzen du orain dela 25 urtetik hona: “Eskozia Erresuma Batuaren irla bat da zentzu askotan. Aldiz, iparraldeko galesak gehiago doaz Liverpool eta Manchesterrera Cardiffera baino, eta hegoaldekoak Bristol eta Birminghanera”. Ipar-Hego banaketa -errepide azpiegiturena barne- eta Ingalaterrarekiko eguneroko hartuemana ez da gutxiesteko moduko aldagaia. Cymru (Gales) eta Alba-ren (Eskozia) arteko ezberdintasunetako bat da galestarrek Ingalaterrarekiko duten distantzia laburragoa, geografikoa zein mentala. Ez da noski kontraste bakarra.stati

Galesek ez du Eskoziaren buruaskitasun ekonomikoa. Barne Produktu Gordina BPG ikusi besterik ez dago Galesen jolas esparrua sumatzeko: Erresuma Batuko azkena da, bataz bestekotik 5.000 libra behera. Meatze industriaren gainbeherak ez du gaurdaino bueltarik izan. Estatistika horrek apenas pitzatzen hasi den dogma bat sortu du: Gales pobreegia da independiente izateko. Luzaroan iraun duten zume hauskor horietan eragingo du Eskoziak.

Arrazoi ekonomikoa tarteko, Galesen independentziaren zaleak ez dira Eskoziakoak tamainan. %10-15 urratu ohi du estatu propioaren aldarriak, gaiari buruz egindako inkestetan. Plaid Cymru alderdiak bereganatzen du boto hori, eta, tokian-tokiko garaipenak lortu izanagatik, Gales hegoalde populatu eta industrialean ez du muturrik sartzea lortu. Alderdi Laborista da jaun eta gabe, Galesko parlamentua sortu zenetik (1997an, %51 alde erreferendumean). Presarik gabeko autonomismo mailakatua da parlamentuaren gehiengoaren ildo estrategikoa, halakorik balego.

Alex Salmond, Yes kanpaina eta irailaren 18a hesiaren bestaldetik ikusten dira Edinburghetik hegoaldera, Londresen, baita Cardiffen ere.

Aldaketaren iturburua?

“Nahi baina eragin txikiagoa izaten ari da. Hain gara lotsatiak eta kontserbadoreak ezinezko egiten zaigula Eskoziak alde egingo duela irudikatzea ere. Galestar askori ez zaie batere axolako berdin jarraitzen badugu”. Sion Jobbins-en hitzak dira, ezkorrak ezpairik gabe, Chapters Arts Centerreko mahai biribiletik, bazkari goiztiarraren zain. Jobbins aktibista peto-petoa da, nazio aldarrikapenen suari ikatza etengabe botatzen dion gizon nekaezina. “Ezin gara hain amultsuak izan!”, da bere leloa. Ras yr Iaith antolatu du lantaldean, Galesko hizkuntzaren Korrika, .cymru domeinuaren kanpaina sustatu du, eta The Phenomenon of Welshness liburuen egilea da.

Jobbinsen hitzetan bakarrik ez, Gales otzan, isil eta konfidantzarik gabea maiz errepikatzen den estereotipoa da, Iolo Ap Dafydd-ek dioenez, “mendetan Ingalaterraren itzalean bizi izanaren ondorioa”. 2014an baina iparraldeko haizeek zerbait aldatu dezakete, eta galestasun epel bat hauspotu. Eskoziak Gales kutsatu dezakeelakoan, alarma gorria piztu dute batzuek.

John Major Erresuma Batuko Lehen Ministro ohiak esan du: “Eskoziaren independentziak Gales sutu dezake”. Bi muturrak bat egiteko duten patuari segiz, Plaid Cymru-ko ordezkari Jonathan Edwards-ek arrazoia eman dio: “Eskoziako erreferendumak Erresuma Batuko nazio guztien arteko jolasa aldatuko du, eta aldaketa konstituzionala eragingo du emaitza edozein delarik ere”. Hitzak hitz, bataren zein bestearen nahi eta beldurrei egozten dizkie adierazpenok Iolo Ap Dafydd kazetariak: “Oraindik independentziaren gaia ez dago Galesko agendan, eta ez du zertan agertu”. 

Aberystwyth-eko malekoian estaturik gabeko nazioen banderak. -ikurrina ere badago-
Aberystwyth-eko malekoian estaturik gabeko nazioen banderak. -ikurrina ere badago-

Bai: ez daude independentziaren unean

“Erresuma Batu kontserbadore eta antieuropear baten menpeko izkina bat izatea ez da etorkizun itxaropentsua”. Caerdydd (Cardiff) hiriburuko Millenium Centerren ari da Elin Haf Gruffyd Jones, Aberystwyth Unibertsitateko irakaslea eta hedabide galestarren sustapenean aktibista. Gales hizkuntzak goi-hezkuntzan duen papera hizpide dituen jardunaldietan tartea egin du, politikaz mintzatzeko. Eskoziaren independentziak ez du jakina asebetetzen. “Ingalaterraren itzalean geldituko gara, are gehiago Eskozia gabe, proiektu propiorik gabe anglozentrismo kontserbadorean gatibu”, aitortu du nazio ikuspegia eta errealismoa politikoa uztartuz, “Gales ez dago independentziarako unean”. Cymru ez dago orain prest, baina baliteke Eskozia epe ertainera akuilu izatea, ezta? Gauzak ez daude hain argi Plaid Cymru alderdi independentistaren hauteslegoan; %48 pozik legoke eskoziarrek baietz bozkatuko balute, %41 ordea aurkakoa da. Erresuma Batutik kanpo ongizatean bizi daitekeen ilusioak bezain beste pisatzen du Londresen aurrean bakarrik utziko dituzten susmoak.

Eskoziarik gabeko Erresuma Batu kontserbadorearen mehatxuan dakusa hain zuzen ere jarrera aldaketaren itxaropena Lyn Lewis Dafidek. “Betiko Londresko Tory-en menpe bizitzeak Gales ezin du axolagabe utzi”, uste du Lyn-ek, “Plaid Cymru-ri dagokio laboristen hegal galestarrenean eragitea”. Galesko Museo Nazionalean egiten du lan, Aberystwyth-en, altxor kulturalak tentuz gordetzen diren segurtasun handiko egoitzan. Bere kezken iturburu nagusia hizkuntzaren galera da, baina interes handiz jarraitzen du Alban (Eskozia) gertatzen ari dena.

“Eskoziaren independentzia sorpresa itzela litzateke”, dio Sion Jobbinsek, “Erresuma Batuan ezin dute sinistu -ezta Galesen gehienek ere- zergatik Eskoziak ez duen herrialde paregabe horren parte izan nahi”. Galestar nazionalisten arteko arazoa interes gabezia dela uste du Jobbinsek, “ez dago mugimendurik. Eskoziak baietz bozkatuz gero ez da eztabaidarik egongo biharamunean”. Oraindik gertatu ez dena iragartzea arriskutsua bada ere, Jobbinsen hitzek salatu nahi dute galestar gehiengoaren axolagabekeria, auzia Londres-Edinburghen arteko eztabaidara mugatuko balitz bezala dakusatelako. Zaila da Sion Jobbins-en anbizioa asetzea.

Ez: autonomiaren aukeraren leihoa

Elin Haf Gruffyd Jones irakaslea, Caerdydd-eko Millenium Center-en.
Elin Haf Gruffyd Jones irakaslea, Caerdydd-eko Millenium Center-en.

Independentzia nahiak %15ean goia jo dutela iritziz, ozta-ozta Eskozian ezezkoak irabaztearen hipotesia laket du Elin Jonesek. “Aurreikusten denaren arabera, Eskoziak independentzia ukatzen badu devolution bidean sakonduko dute”. Izan ere, Better Together kanpaina unionistak devolution edo berreskurapen hori hitz emanez limurtu nahi ditu independentziaren aldeko hautesleak. Alex Salmond berak ere Devo Max izeneko hirugarren bidea atseginez ikusten zuen, baina David Cameronek eragotzi zuen erdibidea bozkagai izatea.

Balizko eztabaida autonomista horren pil-pilean Galesen ere kontserbadoreak zein laboristak mugitu daitezkeela aurreikusten du Elin Jonesek. Aldaketa horietatik etor daitezke eskumen berriak Caerdyddeko Asanblada Nazionalera. Berdin uste du Lyn Lewis Dafidek: “unionismotik erregionalismora penduluarena egiten duten laboristek erabakiak hartu beharko dituzte”. Lyn-ek Aberystwyth-eko National Library of Wales instituzio prestigiotsuan egiten du lan, Galesko ondare kulturalaren bihotzean..

Ez du ikuspuntu hori elkarbanatzen Iolo Ap Dafyddek, eta Londresen joko zikina atzematen du: “Westmisterrek ez du errukirik izango. Konferentzia bat deituko dute gaiaz mintzatzeko eta 18 hilabeteren bueltan zailegia dela esan eta bertan behera utziko dute”.


 

Europako Batasunetik kanpo?
Gogoratuko du irakurleak UKIP alderdiaren sorpresa, Europako bozetan. Erresuma Batuan serio aztertzen ari dira EBtik alde egin ala ez. Horixe zen UKIPen aldarria -botoen %28arekin irabazi zituen bozak- eta fenomeno zabal bat azaleratu du. Europar Batasunean mantentzea ez da sakratua, eta gobernuan dagoen alderdi kontserbadoreko Lehen Ministro David Cameronek erreferendum loteslea egiteko asmoa plazaratu du. Inkesten arabera, erdi eta erdi banatzen du gizartea auzi honek. Europako Batasunarekiko harremanak berebiziko garrantzia du Galesen etorkizuna marrazterako orduan.
 
Eskozian eta Galesen Europar Batasunaren integrazioaren aldeko jarrerak nagusi izaten segitzen du, Ingalaterran ez bezala. Eskozia independente batek ere EBren integrazioa dauka nahitaezko helburu. Galesentzako berri txarra baino txarragoa litzateke Europako Batasunetik irtetea, Leanne Wood Plaid Cymru-ko kidearen arabera, “berehalako langabezi tasa igoera genuke”. Erresuma Batua galdera horren aurrean jartzeak Gales piztu dezake.
 
“Ez nitzake harrituko 20 urte barru Gales independentea balitz, ezta Europako Batasuna erabat aldatuko balitz ere”, Iolo Ap Dafydd-ena da analisia. Bere ustez EBren etorkizuna bozkatzen bada herrialde zeltikoek ezberdintasunak agerian utziko dituzte. “Europarekiko atxikimendua dago Gales zein Eskozian, ekonomikoki interesgarria zaigulako eta Londresetik kanpo beste harreman bide batzuk zabaltzen dizkigulako”, dio kazetariak.

Galesa bermatu, independentziaren aurretik

Eskoziaren hautua bata ala zein bestea izan, Galesen esku dagoetorkizuna. Irailaren 18a ez da bultzada definitiboa izango, baina bide bat markatuko du. Beste esparru batera joz, Galesko balizko independentzia prozesuak badu Eskoziarekin beste alde nabarmen bat: linguistikoa.

Eskozian hizkuntza gutxituen afera ez dago independentziaren eztabaidan”, dio Sion Jobbins-ek, “eta gatazka linguistiko gabeziak bidea errazten die”. Hutsune horren erakuslea da Alex Salmonden Liburu Zuria; hizkuntzen afera ozta-ozta aipatzen du.

Txillardegiren esanak beste bihurgune bat du Galesen: “Galesa ez badago bermatuta independentzia baino lehen, ez da bermatuta izango independentzia eta gero”, paratu du aipua Elin Jonesek. Irlandako adibidetik -estatuarekin baina hizkuntza larri- ondo ikasiak dira galestarrak. Argi daukate sagar guztiak ezin dituztela independentziaren otarrean utzi.

(Hurrengo artikulua: gales hizkuntzaz) 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra