Koma baten garrantziaz (eta abar)

Maiz entzun izan dut, zer demoniotarako behar diren arau ortografikoak eta gramatikarenak, zertarako behar diren gauzak xuxen esan eta idatzi, zer dela eta gorde puntuazio zuzena, azken finean, zertarako behar den forma zaindu baldin eta adierazi nahi dena ulrtzn bada: “Konprenitu duzu esan (idatzi) nahi nizuna, ez da?, ba horixe da inportantea eta gainerakoak ez du axolarik”.

Puntuazioa(Puntuazioa nola erabili behar den jakiteko, egin klik Yolanda Mutiloak egindako irudiaren gainean)

 

BAT

Kezka honekin lotuta, burura datorkit koma baten garrantzia adierazteko erabiltzen den ipuintxo hura: “Errege jauna, barkamena eskatzen dizut urka ez nazaten” Eta erregearen  bi erantzunen artean lagako dizut bat eta bakarra hautatzen, hori bai, pentsatu zeu zarela sokatik dilindan urkatu behar dutena. Hara, erregearen erantzun idatzizkoak:

  • Barkamena, ezinezkoa urkamendua!

  • Barkamena ezinezkoa, urkamendua!

Ohartu zara koma non dagoen batean eta bestean? Bietatik zein erantzun hautatuko zenuke zeuretzat?

Hara hor koma baten kokapenaren garrantzia agerian: batekin kito egin du  zureak betiko, bestearekin ez, ordea. Gero esanen dute berdin diola zeinuak eta ikurrak han ala hemen jarri.

ETA BI

Laurent Fabius ministro frantziar ezagunari ere gogorra pasatu zaio oraintxe bota duen tuit baten erruz. Twittesfera frankofonoa asaldaturik eta  supizturik utzi du bere baieztapen aldrebestu batek:

fabius-tweet

Itzulpen literala eginen bagenu, hara zer liokeen:

Izuaren eta gorrotoaren kalifato hau geratu egin behar dugu, emakumeak biolatu, kazetariak dekapitatu…

 

Igual baten batek esango du Interneten berdin dela gauzak nola idatzi, baina nago, koma batek halako garrantzia baldin badu, oker idatzitakoek ere badutela pixurik, besteak beste, ministro bat zein izan daitekeen astakilo erakusteko.

Airetik bizi naiz. Ia.