Vocentoren pipiak

Gauza jakina da Vocento taldeak Hego Euskal Herrian salmenta datu bikainak eta iritzi publikoan eragin nabarmena dituela, baita abertzaleen artean ere. Izan ere, beste hamaika hedabiderekin batera, El Correo eta Diario Vasco Vocento taldearen parte dira, eta Diario de Navarrak ere elkarlanerako hitzarmena sinatua du aipatu lobby mediatikoarekin. Asko dira “arrakastaren” arrazoi edo aitzakiak: eskelak, ohitura, kirola, tokian-tokiko informazioa eskaintzen dutela…

Baina ezer ez da betiko. Krisi ekonomikoa eta hedabideen negozio ereduarenarekin nahikoa ez, eta pipiak ere sortu zaizkie frankismotik datozen egunkarion oinarri orain arte higiezinei, ez nolanahikoak gainera:

“El Diario Vascok Gipuzkoako jendarteari botatzen dizkion gezur eta manipulazioak agerian utzi nahi dituen herritar talde bat gara.” Hala aurkezten dute euren burua Diario Fatxoko kontrakazetariek. Egunero egunero DVk argitaratzen dituen albisteetan erabilitako trikimailu, gezur eta erdizkako egiak irauli eta salatzen dituzte, baita irrigarri edo tamalgarri diren jokabideak ere. Webgunean, DVko kazetari duinei idatziriko gutun irekia dute, iragan frankista gogorarazten duen atalarekin batera.

Denbora gutxian, sekulako arrakasta izan du ekimenak. Twitterreko kontua 2661 lagunek jarraitzen dute, eta Facebookeko orrialdea atsegin dutenak 2223 dira. Diario Vascon bat baino gehiago urduritzen hasia izango da.

vendido

@DiarioFatxo izan da lehena, ez azkena ordea. Gipuzkoarren arrakastari esker, berehala sortu dira @ElChorreoEspañol eta @DiarioPattarra ere, (ustez) oraindik webgunerik ez dutenak, baina ari direnak sare sozialen bitartez El Correo eta Diario de Navarraren kazetaritza-lan zalantzagarriak salatu eta txuri-beltzeko errealitate horiek pitzatzen.

Parodia hutsa baino gehiago

Salaketa, umorea eta ironia uztartzen dituzte kontrahedabideok zabaltzen dituzten mezuetan, eta horrek sare sozialetan horren ugariak diren parodia bat gehiago direla pentsatzera eraman gaitzake. Baina hori baino askoz gehiago dira. Vocento taldearen botere mediatikoa kolokan jarri eta iritzi publikoan duen eragina ahal beste murrizteko tresna ezinbestekoak dira.

Beste gizarte eredu bat defendatzen dutelako deklaratu diote gerra euren ingurunea batere atsegin ez duten norabiderantz daraman lobby eskuindar espainiazaleari. Eta bete-betean asmatu dute, Vocento ahultzea estrategikoa baita Hego Euskal Herriaren bilakaera politiko, sozial eta ekonomikoari dagokionean. Estrategiari egotzi behar zaio hizkuntza nagusia gaztelania izatea ere, nahiz eta euskara ere erabiltzen duten, Diario Fatxok batik bat.

Azken hauek aditzera eman dutenez, Diario Vascoren salmenta datuak behera ari dira egiten nabarmen.  Ea, 2015eko datuetan, nabaritzen dugun Vocentoren pipien eragina ere.

10 pentsamendu “Vocentoren pipiak”-ri buruz

  • Andoni Errazkin Beratzadi 2014-04-14 11:38

    El Diario Vasco edo “Euskal Egunkaria” Espainiako Estatu inperialaren 2. Errepublikan jaio zen, eta bere helburua Gipuzkoako korronte errepublikar, laiko eta progresista neutralizatzea izan zen. Irudika dezagun Euskal Inperioa, iparralde Frantzia, hegoalde Espainia. Norbaitek irudikatzen al du Madrilen Espainiar Egunkaria edo “El Diario Español”, guztia euskaraz, espainiarazko ukitu batzurekin, espainiar kultura folklorerat murriztuta eta abar?
    ///
    Sud-Ouest ere hortxe dago… ho ho ho!
    ///
    El Diario Vasco edo “Euskal Egunkariak” Espainiako Estatu inperialaren Diktadurari eta 2. Errestaurazioari biziraun die. Egunkari kolonialista hau kolonialismo mediatikoaren ahotsa da. Kito.

  • Peru Dulantz 2014-04-14 18:17

    Pufff! Bazen ordua! Beti sufritu dut, ixiltasunean, Diario Fatxok Gipuzkoan daukan nagusitasunagatik, eta hori erabiltzeko duen modu maltzurrarengatik…

  • “Estrategiari egotzi behar zaio hizkuntza nagusia gaztelania izatea ere, nahiz eta euskara ere erabiltzen duten, Diario Fatxok batik bat”
    Bai, estrategia oker eta barregarriari hain zuzen. Euskaldunak españolez elikatzeko estrategia abertzale arrastakatsuari, Garak edota Deiak erabiltzen duten estrategia berberari, zehatz-mehatz.
    Zenbat barre egiten arituko diren Diario Fatxoren inspirazio iturri direnak!
    Estrategia… mesedez.

  • Estrategiaren nondik norakoak azaldu dizkidatenez, aurreko iruzkina zuzendu nahi nuke.
    Antza denez ez da estrategia, EZtrategia baizik.
    Gara eta Deiaren kasuan, euren irakurle gehienak euskaldunak diren arren, badituzte %30na inguru erdaldun konpletoak ere. Hortaz, honako eZtrategia diseinatu zuten:
    Erdaraz argitaratuko dituzte kazetak 100 bat urtez-edo, erdaldunak ere i-mediozaleak baino itsatsiago eduki arte. Orduan, hau da, 70 urte inguru barru, euskaraz argitaratzen hasiko dira, egun batetik bestera, erdaldunek ere, kazeta bioi seko itsatsita egonik, erosten jarrai dezaten.
    Ona, ein?
    Diario vasco eta Vocentotarren gainbehera begienbistakoa ere, eZtrategia orokor disdiratsu horren atal baten emaitza besterik ez da. Izan ere, eskuneko nahiz ezkerreko milaka eta milaka euskaldunek, egunero-egunero erosi dituzte Vocentoren eta Nafarroako eskuin muturraren hedabideak, eskari artifizial bat sustatuz, eztrategen artean “Vocentoren burbuila” izenez ezagunagoa, plantillak handitzera eta animaleko inbertsioak egitera bultzatu dituena. Orain, oso aste gutxitan, bateko eta besteko abertzale orok hedabide faxista horiek erosteari utzi, eta erabateko porrota eragingo diete. Fagorren atzetik, Vocento eta Dioario de Pattarratarrak joango dira lehiaketara.
    Gure eztrategek sekula ez dute hutsik egiten (edo ia).

  • […] Leire Barrena zuzeulariak adierazi digunez, pipiak hasi dira Vocento hedabide talde ahaltsuaren erraiak jaten. […]

  • Diario Vasco fatxa baldin bada zer esango dugu Zu Zeu, Gara. Berria…eta abarrez? Hedabide hauei eta beste “hedabide alternatiboei” darien sektarismoa, hertsikeria eta “pentsamendu bakarra” bai dela kezkatzekoa

    • Zelai, orain arte konturatu ez zarenez gero, azaldu egingo dizugu. ZuZeun edonork publika dezake artikulu bat, edozein dela bere iritzia ere; horizontalak gara. Esku bateko hatzekin zenbatu ditzakegu ezabatu ditugun artikulu ez aproposak. Hartara, hemen argitaratutakoak zuk bezalakoek idatziak dira, kolore guztietakoak. ZuZeuz gozatzen dugunoi ez adarrik jo. Zure salaketa horiek ez dute ez buru ez hanka. Hobe zenuke tresna honi probetxu ateratzea gezurrak esan ordez. Bestela, sortu zure gune ez-sektario, zabal eta pentsamenfu anitzekoa.

    • Amonamantangorri 2014-04-22 18:28

      Barbatu Zuzeu, baina uste dut ez duzuela ongi ulertu.
      Uler bedi, Zelaik ez duela “fatxa” terminoa erabili 20-30eko urteetatik aurrera Europan barna sortu eta zabaldu ziren zenbait mugimendu eta erregimen politikori erreferentzia egiteko. “Fatxa”, testuinguru honetan, ulertu behar da hamasei urteko mukizu batek emanen liokeen adieran, adibidez, gusasoen kontrako irain gisa, ostiral-larunbateko gau batean parrandara ateratzen uzten ez diotenean.

      • Koño, Amonamantagorri, ba ezin garbiago utzi du Zelaik bere pentsaera, interpretaziorik batere ere beharrik ez duena: «Hedabide hauei eta beste “hedabide alternatiboei” darien sektarismoa, hertsikeria eta “pentsamendu bakarra” bai dela kezkatzekoa». Literalki kopiatua. Oso saio interesantea zurea, nerabea eta hori guztia, baina iturriko ura baino garbiago dago Zelaik zer bota duen.

    • Berria hedabide alternatiboa al da? Argi dago Zelairentzat euskarazko eta euskaldun diren argitalpen guztiak gaztelerak eskeintzen duen “normaltasun inklusibo” goxo horretatik at dagoen feonomeno paranormal bat direla. Berria da hain zuzen euskaldunon paperezko hedabide ez-alternatiboena.
      Eta ZuZeu sektario, hertsi eta pentsamendu bakarreko bezala deskribatzea berriz… Imajina daitekeen eredu ez-sektario, ez-hertsi eta ez-pentsamendubakarrekoena du ZuZeuk.