Zapaldu maite duzun hori (ama perfektuaz)

amaIkusi bideoa testua irakurri aurretik (sinestu: merezi du… ingelesez pixka bat ulertzen baduzu).

Publizitate kanpaina bat da, “munduko lanbide zailenaren” apologia. Milioika emakume zenbat estimatzen ditugun esateko modu originala, harrigarria eta erakargarria. #WorldToughestJob traolan Twitter iruzkinak.

Bideoa ikusi duzunez gero, (bestela ez segi leitzen, arren) amei zuzendutako publizitate kanpaina dela igarriko zenuen. Alegia, amak direla hautagaien lan-baldintzak betetzen dituztenak. “Zenbat zor diegun amei”, dio iragarkiak, “nola ez naiz lehenago konturatu?”.

Mezu xamurraren opari papera kentzearekin bat zahar usaina sumatzen zaio. Ama ustez perfektuen goraipamena egiten dute, “365 egun zutunik lorik egin gabe” lanean daudenen mirespena. Emakumeen idealizazio kaltegarria, sufrimendua betebehar bihurtuz.

Badakizu emakumeak zertaz damutzen diren hil aurretik? Bizitza besteen ongizateari emateaz; nebei, haurrei, senarrari, gurasoei, hilobei… beti besteen peskisan norberarenak ahaztuz (Airean 2014ko martxoaren 6a 1:34). Ama izatea ardura eta gozamen iturri bakar bihurtuz. Ahaztu dute ama baino lehen emakumeak direla, aita gizona den bezala. Seme-alabak zaintzeak ez duela beraien indepedentzia pertsonala zertan ezabatu. Horrek hautua behar duela izan, ez bideorria. Hain zuzen ere iragarkian sufrikario hori goraipatzen da, esan ordez: “estimatzen dizut baina ez zenuen hainbeste egin behar” edo “zeuretzat hartu behar zenuen denbora”. Bideo cool honek demodé behar luke.

Zoritxarrez,  familiari dena ematen ez dion ama sozialki zigortua izaten da. Aita “txarra”, ordea,  deputamadre-ko (!) gizona izan daiteke, familiako arduren zama bigarren mailan utziz.

Ez dirudi esker ona transmititzeko mezu egokiena denik. Ama esklabu eredugarritzat marraztea maite duzun hori zapaltzeko atea da. “Ama ama da” bezalako topikoak  ez dute asko laguntzen. Maite-maite eginez egiten da batzuetan kalte. Eta gero datoz damuak.

(Cristina Almeida-ri elkarrizketa gai honetaz Radio Vitorian)

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

4 pentsamendu “Zapaldu maite duzun hori (ama perfektuaz)”-ri buruz

  • “Badakizu emakumeak zertaz damutzen diren hil aurretik? Bizitza besteen ongizateari emateaz; nebei, haurrei, senarrari, gurasoei, hilobei…”
    Hau ez da horrela. Pozik bizi gara zenbaitzuok gizarte hobea eraikitzen. Eta sentimendu horrekin hiltzen direnak, ezin nazkagarriagoak izan behar dute. Ama, aita, edo umerik izan ez dutenak ere, zoriontsu bizi behar gara besteei ongia egiten.

    Eta ez zait batere gustatzen azken aldian modan jartzen ari den dialektika antimaternal hau, copy paste hutsa. Umeak izan askatasunez, inork ez diezazula esan nola hezi zure umeak, ala umeak hezi behar dituzun. Beraz ez kriminalizatu besteei zure denbora eskeini izana.

  • Kixmi, ez duzu ulertu. Esan duena da emakume batzuk azkenean konturatzen direla zerbait inposatu dietela, bizimodu bat, bizitza oso bat. Arazoa ez da umeak izan ala ez. Edozein gurasok (gizon nahiz emakume) emango (eman beharko) luke dena bere seme-alabengatik. Baina bideo honetan egiten dena da (pixka bat exageratuko dut…ala ez?) emakume maltratatua goraipatzea bezala, bere pazientzia eskertuz, kontuan hartu gabe bikotekidearekiko harremanak eta gizarteak behartzen dutela hain paziente izatera. Deskribatzen den Ama perfektua gizarte eta bikote-harreman inperfektu eta bidegabe baten ondorio da.

  • Goian esan da: “Zoritxarrez, familiari dena ematen ez dion ama sozialki zigortua izaten da. Aita “txarra”, ordea, deputamadre-ko (!) gizona izan daiteke, familiako arduren zama bigarren mailan utziz.”

    Gauza demodéak baztertu beharrez gero, horrelako esaldi edo usteak ere baztertu beharko dira. Ez baita batere egia. Duela belaunaldi bateko ama edo etxekoandre ereduak gaur egun gutxiengo bat diren bezala.

  • maite naiz.