Guardia Zibila Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu da

ETA Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu da. Hala eman zuen aditzera duela hilabete batzuk Guardia Zibilak egin eta El Mundok zabaldutako txostenak. Besteak beste, “ikastolak adoktrinatzeko” erabiltzen zirela, eta irakasleen %5ak ETArekin zuzeneko harremana zuela adierazten zuen orduan plazaratutako artikuluak.

Baina, Guardia Zibilak ez du nahikoa izan euskaraz ikasi eta irakasten dutenen izen ona zikintzen saiatzearekin, eta nonbait, ETAk ustez erabiltzen duen sistema paregabea iruditu zaienez, haiek ere Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu dira. Batere disimulurik gabe gainera.

Atzo, oporren aurreko azken egunean, Guardia Zibilaren bisita jaso zuen Zintruenigoko eskola eleaniztunak. Bertako umeei armak eskuetan jarri eta nola erabiltzen dituzten azaldu zieten, erabiltzen duten tresneria guztiarekin batera. Naiz-en arabera eskola publikoa da. Eskolak berak sarean zabaldu du ia 400 argazkiko galeria. Hemen dituzue batzuk:

(Argazkiak eskolak berak zabaldu dituenez gero, gurasoen aurretiazko baimena dutela ematen dut jakintzat. Nik  hona ekarri ditut eskola publiko batek zabaldutako irudiak, ez besterik)

Irudien artean, azken honek atentzioa ematen du. Ez dirudi haurretako bat denik, eta horrenbestez, irakaslea dela pentsa genezake. Eskuetan besteak beste Iñigo Cabacas hil eta ehunka pertsona zauritu dituzten gomazko bi pilota ditu, eta harro erakusten dizkio kamerari. Ez ote dira halakoak Guardia Zibilaren txostenak salatutako irakasleak baino arriskutsuagoak?

Guardia Zibila Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu da

Guardia Zibila Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu da

3 pentsamendu “Guardia Zibila Nafarroako hezkuntza sisteman infiltratu da”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2014-04-17 13:58

    Jakin dut zeinen zorrotzak diren eskola gehienetan, adingabeen argazkiak ez zabaltzeko arauarekin. Zentruen webguneetan ez dira INOIZ ikasleen aurpegiak erakusten, zein dela ere egindako jarduera. INOIZ EZ. Zintruenigoko eskolak, berriz, 400 argazki paratu sarean, denok ikusteko moduan, eta gainera umeak pikoletoen materialarekin jostaka zeinen ongi pasa duten erakusteko.

  • Peru Dulantz 2014-04-17 18:53

    Inoiz ez? Geurean ikasturtearen hasieran baimena eskatzen dute, eta denok ematen dugu. Webgunea argazkiz eta bideoz josita dago, eta, noski, ikasleen aurpegiak agerian.

    • Amonamantangorri 2014-04-17 21:14

      Arrazoi duzu. Baina beti behar da baimen idatzia. Ez zait iruditzen garrantzia txikiko kontua. Denok argitaratzen ditugu gure argazkiak sarean, zertan ari garen kontziente izan gabe; larria da zentru publikoak horretaz ez ohartzea.
      Adibidez, goiz batez enteratzen zara Euskal Herri mailan zabaltzen den egunkari batek -Garak, adibidez- zure umeen argazki bat atera duela lehen orrialdean, aurpegiak lainotu gabe. Eta ezin duzu deus egin, zerorrek, guraso bezala, argazkiak atera eta zabaltzeko baimena izenpetu zenuenez gero.