Aberri egun on!

Gaur Aberri Eguna da. Urte batzuk pasa dira Sabino Aranak “Euzkotarron Aberrija Euzkadi da” plazara jaulki zuenetik, hots geure Euskal Herriari izen politikoa eskeini zionetik. Gaur ez dakigu geure aberriak Euzkadi, Euskal Herria edo Nafarroako Erresuma izena duen. Aitzitik, geure bandera ikurriña dela argi daukagu baina noiz arte joko dugun ikurtzat ez dugu bermatzerik, izan ere, badira geure herrian Nafarroako ikurriña lehenesten dutenak — ez naiz UPNzaleez ari– beraz edozein momentutan fatwa baten bitartez, Nafarroa erabiltzen ez duena automatikoki kolonizatzailetzat hartu beharko dugu abertzale zintzook.

Hala eta guzti ere, Aberri Eguna euskaldun guztiok batzeko eguna da. Euskaldun izatea nekeza dela oroitu zigun Ruper Ordorikak, eta halaxe da hein handi batean, baina polita ere bada. Herri txiki bat izanda, geure euskal talaiatik mundua apaltasunez behatzeko abagunea dugu. Hau da, harrokeri barik bizi behar ditugu geure kultura eta hizkuntza, estatuez beteriko mundu honetan euskaldun izatea munduaren aurrean geure burua aurkezteko modu bat baino ez delako jabeturik; ez hobeago ez eta gaiztoago ere.

Beraz, Aberri Eguna lagun eta senideon artean ospatu dezagun. Munduak jakin behar du Kantauri itsasoaren hegi honetan badela herri txiki bat, zeinak hamaika biztanle dituen munduan zehar barreiaturik. Ez gara munduan bakarrak izango baina bagara mundu honen zati bat eta erraldoien artean bizirik gaudela ospatu beharra daukagu, sorterritik urrun bada ere.

Aberri egun on! Gora Euzkadi Askatuta! (edo nahi duzuen bezala)

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

Aberri egun on!

Aberri egun on! 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

2 pentsamendu “Aberri egun on!”-ri buruz