D ereduan espainolez? Ez, ez?

D ereduan espainolez? Ez, ez?          

Aurreko ikasturtea eman dut D ereduko DBHko institutu batean, Donostia inguruko immigrazio herri industrializatuxean. Aurretik ‘ikastola’ izandakoa(ren jarraipena), oraindik ikasle ‘euskaldunago’, ‘euskaltzaleagoak’ biltzen dituena inguruko institutuek baino. Herrian, %40 jada euskaldun; %25 ia, Donostiaren antzean. Elkarrizketen laurdena euskaraz kalean, Donostian baino 10 puntu gehiago.

Ikasle gazteenak ezagutu ditut gehiago (12-14 urte), eta ‘inpresioa’ izan dut ikasleok ez dutela eskolan euskara ‘batere’ erabiltzen bere artean (oso nekez baino ez?). Ez patio, ez pasabide eta eskaileretan, ezta klase barrenetan ere. Espainolez lasai, irakasleak inguruan izan, zein ez. Ahots goraz, zeinahik entzuteko moduan, esandako guztiak, espainolez. Klasetik kanpo, eta klaseetan. Aldiz lotsatuta sentitu ditut inoiz euskaraz entzundakoak, ahots baxuz hizketan, erdi-ezkutuka. Beste garaiak zekarzkidaten gogora.

Ikastetxean oso saiakera zintzoak egin dira urtetan, gehienetan bezalatsu, euskarazko erabilera sustatzeko ikasleen artean. Eta hala jarraitu beharko. EAEn 1996-7tik 400 ikastetxe dira Ulibarri programa-n Ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntza-n. Indargarri, EAB – Euskararen Aholku Batzordearen 2004ko Ikastetxeetan euskararen erabilera indartzeko planak EBPN udal-ereduekin uztartzea. Hauen balorazioak ere (Aldekoa, 2011; Ruiz de Azua, 2012 …). Denak sarean.

Hizkuntza Eskoletatik nator, eta harritzen ninduten D ereduetako ikasleak, oso zailtasun ageriekin euskaraz fundamentuz hitz egiteko. Familia erdaldunetako ikasleak. Bai. Baina artean eskola oso ‘markatu’ batzuetakoak, 13 urtez D ereduan jardunda, euskaraz egiteko gauza ez ziren ikasleak ‘ekoizten’. “Nola leike?” galdetu, eta: “Eske gure eskolan irakasleak bakarrik egiten du euskeraz.” Eskola jakin batzuk ziren. Nire iazko esperientziaren ondoren ordea, beldur naiz, ez ote den jada gauza bera gertatzen eremu ez-euskaldun(egi)etako eskola, denetan(?). ‘Arrue ikerketa’ren 2011ko emaitzek -sarean-, halako zerbait iradokitzen dute.

Etxetik/ingurutik euskara nahiko dakarten D ereduko ikasleak, 16 urterekin gai dira euskara (eta espainola) itxuraz erabiltzeko idatziz, zein ahoz. Etxean/inguruan euskara nahikoa ez dutenak, ‘euskaraz irakasleak bakarrik egiten duen’ eskoletakoak, ez dira gauza euskara ahoz fundamentuz erabiltzeko (agian idatziz…).

Arrue-k badu ondorioren bat “ikasleen eskolako euskarazko erabilera areagotze[ko]”: eskolaz kanpoko jardueren garrantzia, familia/inguruaren eragina, motibazioa D ereduko ikasleetan, irakasleen arteko erabilera… Espres gehitzen du: “ikastetxean bertan ere badago eskolako euskararen erabilera areagotzeko aukera gehiago, hizkuntza-eredu euskaldun batetik harago“. Zer baina? Nik, iazko esperientziaren itsumenetik, esan nezake zerbait.

Ikasleak klasean espainolez eginda, euskaraz egiteko eskatuz gero, gehienean isilduko da. Hanka bat pasilloan izan orduko berriz, han irakasleak jada ezin duela agindu ze hizkuntza egin. Han … demokrazian. Espainolez. “Zuk bakarrik esaten diguzu” zioten, klasez kanpo euskaraz egiteko eskatutakoan.

Irakasleei ere lasai zuzentzen zitzaizkien espainolez, klasean, eta klasetik kanpo eginiko esaldi labur (guzti)etan, bat-batekotasunaren aitzakian-edo, itxuraz irakaslearen oharrik gabe hizkuntza erabileraz. Bistara, ikasleak ‘libre’ sentitzen ziren irakasleei espainolez egiteko -zer esanik ez, bere artean-, esaldi bakarra edo parea den bitartean behintzat. Ordea maizenean, ikasleak ez du hori baino egiten irakaslearekin. Antza, ‘toleratua’ sentitzen dute espainola ikastetxean. Eskolak, irakasleok, jada etsita edo, eskainia diogula ‘tolerantzia’ hori espainolari ikastetxean. Irakasleak ere baziren lasai aritu zitezkeenak ikasleekin espainolez, denon jakinaren gainean.

Ez da justua. Ez ikaslearentzat, ez gurasoentzat. D ereduan matrikulatuta -A/B ereduetan ere legez-, ikasleak ezin du euskaraz fundamentuz egin gabe irten eskolatik, gurasoek euskararik ez dakitelako. Diskriminazioa da. Euskal gizarteak berehala baztertuko du ikasle hori zeinahi lanpostutan. Etxetik/ingurutik euskara ez dakarren ikasleak ordea, non garatu behar du ahozkoa, eskolan ez eta? Eskolak berdindu beharko nolabait, ikasleek dakarten desoreka linguistiko ‘sozial-familiarra’. Nola?

Bat, EABren -eta hainbaten- lanetan (Euskararen hauspo berria-n ere udan Berrian -Zalbide, Jauregi, Amunarriz…-), zorrotz aipatzen da DBHn ere ahozko hizkuntzan trebatu behar direla ikasleak, eta hori ezin dela egin soilik teorikoak lantzen, entzun-irakurri pasiboak, inoiz idatzia, eta aukera anitzeko testak (X) atergabean. Eskola dinamiko parte hartzaileak behar ditugu adin honetan ere ikasgai guztietan -ez bakarrik euskara lantzeko-: ahozko ariketak, ahozko azalpenak, ahozko azterketak, ahozko jardunak, debateak, ikasleen mahainguruak, parlamentu irekiak… Eta ahozko jardun horiek, notarako. Iparraldeko (Frantziako) eskolaren eredu(ago)an? Bronckart…

Bi, D ereduko ikastetxeak beharrezko arautu behar du euskararen ahozko erabilera eskolan -ez bakarrik desiozko-. Gurasoen adostasun eta eskearekin, euskara arau bihurtu ikaslearentzat. Arautua sentitu, euskara ikastetxeko hizkuntza dela, ez irakaslearena. Arautua, bere interakzio guztiak euskaraz egingo dituela eskolan. Euskara duela hizkuntza bakarra ikastetxean irakaslearekin eta ikaskideekin jarduteko. Gelan, eta gelatik kanpo, ikastetxe sarreran, eskaileretan, korridoreetan, jolasguneetan eta jardueretan. Hori duela euskaraz (ere) trebatzeko modu bakarra.

Eta euskaraz ez aritzea, araudiaren errespetu falta izendatu. Erretzea, borroka, bullinga, inor iraintzea… diren bezalaxe. Eta ondorio administratiboak izango dituela, gurasoen adostasunarekin. Ez da zertan eraztunaz zigortu. Nahikoa, gurasoak aldiko ohartaraztea ikaslearen hizkuntza jarrera disruptiboaz.

Arauak ez da zertan buletin ofizialean eman. Wert eta PPrekin Espainiako agintean ez dirudi bide aproposena. Bai eskola kontseiluak, guraso elkarteak, gela bilerak… Eta araua, ikastetxeko lehen egunetik argi izatea ikasleek eta gurasoek, klasean eta kanpoan, ahoz eta paretetan, jarreretan eta egunerokoan. Gaia eztabaidatzea bera da aurrera pauso. Hori da EABk, Arrue-k… ‘eskoloi’ eskatzen diguten ‘zerbait gehiago’ hori… Orain artekoak jarraitzeaz bat.

Ikastetxeko eremu araututik hasi beharko, errazenetik, euskara beharrezko bihurtzen, ikaslearen mesedean.

P.S. BERRIAra ere bidalia argitaratzeko.

12 pentsamendu “D ereduan espainolez? Ez, ez?”-ri buruz

  • […] Bittor Hidalgo zuzeulariak gogoeta mamitsua argitaratu du zuzeu.com orainkari horizontalean, D ereduak gaur egun eskaintzen dituen emaitzen harira. […]

  • D ereduan ikasten duten ta guraso guztiz gazteleraduna duten umeei galdetzen badiegu ea Euskaraz ze iritzi duten, askok gorrotatzen dutela esango dute, zergatik? Menderatzen ez dutelako, ta esfortsua behar danez momentu oron Euskaraz aritzeko…. ba gorrotatzen dute.
    Errudunak? Batik bat gurasoak, guraso mordo Euskararen kontrako jarrera andana dituztelako.

    Adibide bat, Euskeraz beti lenengo hitza esaten duna guraso Gazteleradun batekin hitzegiten dago, Gazteleraz noski, umea heltzen da ta Euskeraz egiten duna Euskeraz hasten da umearekin, umea ez dunez oso ondo Euskera menperatzen Gaztelerara ere jotzen du, Amak Euskaraz egiteko esaten dio ikasi behar dulako, bitartean Euskaraz dakien heldua, Gazteleraz dago gurasoarekin ta Euskeraz umearekin.

    Umeak hori ikustean zera ikusten du, helduen hizkuntza (garrantzia duna, “guaia” dana, edozer esateko dana) Gaztelera dela, ta beraz hori da nahiko dutena, gurasoak egiten dutena alegia.

    Umea heldutzerakuan agian iritziz aldatzen du, baina Euskera ondo menderatzen ez badu ta gainera ez badezu inun erabili behar… Umea zenean bezala, gorrotatuko du edo ez du Euskeraren aldeko jarrerarik izango.

  • Peru Dulantz 2014-09-02 09:11

    Erabat ados, Bittor, baina ez gara konstzienteak, ez gara kontsekuenteak, ez dugu benetan euskaldun gisa jokatzen… Egin beharreko lana itzela da, jendearen kontzientziatan sartu behar dugu. Irakasleak, gurasoak… Gutxieneko soziolinguistika nozio batzuk eman behar zaizkie (Txepetx erreskatatu behar dugu berriro!!). D ereduko eskola batean, gurasoekiko lehenengo bileran, esaten al zaie gurasoei zerbait eguneroko bizitzan euskara txertatzeak daukan garrantziari buruz? Gure kasuan, erdi ahapeka, eta lotsatuta bezala, zeozer. “Urtebetetzeko gonbidapenak euskaraz izan daitezkee… ” Ezer gutxi gehiago. Baina zer arazo dago gurasoei esateko eskola orduz kanpoko ekintzak euskaraz izatea komeni dela, telebista euskaraz ikustea hobe dela, euskararekin harremana izateko dituzten aukera guzti-guztiak baliatu behar dituztela (udalekuak, zinema, aisialdia…).

  • Joe, artikuluan islatzen dena ez da inolako nobedadea.

    Ze uste zenuten, ba??? Euskaldun izateko, D eredua nahikoa dela?? Bai zera!!
    Gurasoak/Inguru soziolingusitikoa euskaldunak edo abertzaleak ez badira, seme-alabak agian euskaraz erdipurdika jakingo dira, baina ez dira de factozko euskal hiztunak edo euskaltzaleak izango.
    .-
    Jarrai dezagun immigranteak erakartzen. Jarrai dezagun ume 1 edukitzen batez beste. Ta 30 urte barru, euskara hutsaren hurrengo.
    http://stopimmigrazioa.wordpress.com/

  • Espainiara juten diran etorkinak Gaztelera ikasten dute,beraz beraien errua ez da. Jendea behartzeko ahalmena izatea da gako nagusia. Hemen ta edonun.

  • Ze uste zenuten ba? Ikastolatik irten eta askoentzako agur euskara. Euskaldun aktiboak euskaldun pasiboetan (ulertu bai baina zailtasunekin hitz egiterakoan) bilakatzen dira. Euskara mantentzen dutenek euskararekin zerikusia duen lana izateagatik da behintzat eremu erdaldunetan.

    • “x-etan bihurtu” = “convertirse en x”
      euskeraz, “x bihurtu”

  • «Eta euskaraz ez aritzea, araudiaren errespetu falta izendatu».

    Bai horixe. Atxikimendua izuaren bitartez. Zu benetan zaude euskararen alde?

  • Santi: Ni Bittor Hidalgorekin bat. Errespetu falta neritzon, batxilergoan nenbilela, ikaskideek eskoletan gaztelaniaz egiteari. Izan ere, D ereduan izena eman banuen, ikasketak (e.a.) euskaraz egin ahal izateko izan zen. Ondo izan.

  • Neu ere txarto sentitzen nintzen batxilergoan inguruan ibilitakoak erdaraz beti adituta. Sekulako kontraesana iruditzen zitzaidan. Dena den, hizkuntzarena ohitura besterik ez da,maitea izatea edo ez izatea jariotasunaren emaitza besterik ez da; erabiltzen ohitura hartuz gero, hizkuntza bati edo besteari izango diozu atxikimendua. Beraz, euskarari atxikimendua izateko euskaraz aritzeko tarte guztiak baliatu behar dira, eztabaidak, gai agerpenak, ahozko jarduerak eta abarrak erabilita, idatzizko ariketa mutuarazleak bazter utzita. Animo, oraindiik gabiltza eta tortillari buelta emateko moduan!!!!!!!

  • […] Hidalgok duela egun batzuk mezu bat argitaratu zuen ZuZeu orainkari horizontalean eta bere garaian irakurri eta erantzuteko gogoa izan nuen… Konturatu orduko… aste betea […]

  • Egia esanda ez, ez ginen asko ibiltzen euskeraz, baina bittor zuk ez zenuen gu motibatzen ala izateko, labana bat klase erdian ateratzea ez da justu gu motibatzeko ahalegin ona. Bittor egi guztia están nahi badezu dena esan.Zeren están duzuna bakarrikan zati txiki bat da.