Tabakalera: idien aurretik gurdia

Iraila 9, 2011 § 0 erantzun

Bai, Tabakaleraren kontuarekin gero eta galduago nabil. Inoiz edo behin ukan dut halako sentipen bat, zerbait ulertzen nuela gai honi buruz, baina bai zera, etsi dut: baboegia naiz halako korapilo bat askatzeko.

cc-by-sa ElBibliomata

Izan ere patronatoaren azken bilerak erabaki ei du, arkitektura egitasmoari eustea, bestenaz Madrilek langintza honetarako apartatuta dituen zazpi milioiak galtzeko arriskua baitago. Egitasmo kulturala, ostera, aurrerago definitzeko utzi ei dute, iaztik falta den Muñoz zuzendaria ordezkatuko duenaren hautapena bezalaxe.

Hilabetetako gogoetaren ostean, 45 minutu behar izan zituzten Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Diputazioa eta Donostiako Udaleko ordezkariek erabaki hori hartzeko. Urgellek, Garitanok eta Izagirrek, alegia.

Bon, bon, bon. Tira diezaiogun apur bat hariari.

1- Tabakalera egitasmoak Madrilen zazpi milioi lortu zituen Kultura Garaikideari eskainitako zentrua egin ahal izateko. Horretan erabakigarria izan zen egitasmoaren definizioa eta bertan zer egin nahi zen erakustea. Alegia, dirua zertarako zen esatea. Egia esatera, egin nahi zenaren definizioa, behin eta berriz aldatu da hamar urtetan, baina tira, pentsatzekoa da egitasmoaren esplikazio edo teorizazioren bat emango zutela diru hori guztia lortzeko.

2- Milioi horiek gal ez daitezen, egitasmo arkitektonikoan aurrera egitea erabaki dute Tabakalerako patronatukoek.

3- Hala bada, zer egingo den eta zertarako erabiliko den ez jakin arren, etxea eta instalazioak egin egingo dira.

4- Beraz, bihar edo etzi zer egin nahi/behar den erabakitzeko orduan, zertarako den jakin gabe egin den etxearen menpe sartu beharko da proiektua edo, berriz ere, moldaketa lanetan hasi.

5- Eta hala, kiribilaren kiribilean, dirua merezi izan zuen egitasmoa egingo ez bada ere, (une honetan inork ez baitaki zer egin nahi/behar den) Tabakalera egin egingo da zazpi milioi daudelako urtea amaitu baino lehen hastera derrigortzen (omen) dutenak.

6- Ondorioak logika oro hankazgoratzen du: Tabakalera egitasmoa egitasmo estrategiko izatetik (hiriarentzat, lurraldearentzat, EAErentzat, kulturarentzat, ikusentzunezkoen industriarentzat, sortzaileentzat, abangoardiarentzat…) pasatu da diru bat dagoelako egin beharreko zerbait izatera, inork zer egin behar den esaten ez badu ere. Aterkia edukitzeagatik derrigorrez euria egin behar balu bezala.

Zinez, gehiegi da nik ulertzeko.

 

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Zer da hau?

Tabakalera: idien aurretik gurdia irakurtzen ari zara Alua Mundua!-n.

meta