Tren oso bat baizik

Urria 24, 2011 § 0 erantzun § permalink

Parisko metro zahar batean, Fresneseko espetxea helburu. Orain arte erreparatu gabe nengoen, baina bada eserleku sorta bat anciens combattants-entzat erreserbatua. Betaurrekoak sudurretik herrestatzen zaizkion txinatar logaletu bat eta azafataz jantzitako gazte bat eseri dira bertan.

***

Guk ere gudara bidali genituen. Lepotik helduz inoiz esandako gauzarik ederrenak xuxurlatu. Begiak bete zitzaizkigun eta hainbesteko hunkidura sentitzeko gai ginelako hunkitu ginen. Elkarri begiratu genion, esandakoak baino oraindik eta ederragoak ziren gauzak gordeko genizkiela iradoki.
Egunak joan ziren, graziarik gabe, haien adorea fagotizatuz egin genion aurre geure bizitzari. Etsaiaren irrati-telebistak bilakatu genituen lagun, egunerokotasun ergel hartan gerla bat libratzen ari zela gogorarazten ziguten, lagunak joan zirela, esku-zartaka agurtu genituela, harrotasunez puztuta oheratzen ginela.
Hilabeteak eta urteak ere joan ziren eta lagunak argazki bilakatu zitzaizkigun. Hemengo eta hango iraultzak kantatu genituen afaloste koipetsuetan, negar egin genuen, negar egiteko mozkortu ginen, eta irrati-telebistak pizten jarraitu genuen gutunik ezean. Bat-batean, haien izen-abizenak entzutera ohitu ginen. Hasieran, zirrara, ezin sinetsia, geure baitatik ateratzeko beharra. Baina berehala bilakatu zen ohitura, mozkortuta ere ezin genuen negarrik egin. Argazkiak oroitzapen eta oroitzapenak ahaztura bilakatu zitzaizkigun berehala. Kantu zaharren letrak trabatu zitzaizkigun, benetakoegia zen gerra bati buruzkoak zirela ohartu ginenean. Hildakoak lurperatu genituen eta bizirik iraundakoei tokitxo bat egin genien geure asteburuetan.
Orain, guda bat libratu zenik ere ez dugu kasik akorduan eta hemerotekara jo behar dugu sentimendu bila, esku-zarta haien zarataren bila. Orain, gudara bidali genituenik ere ezin dugu sinetsi.

***

Parisko metroan, Fresneseko espetxetik bueltan. Anciens combattants-ei erreserbaturiko eserleku sortaren bila ibili naiz, haien lekua nork bete dituen jakiteko gogo idiota batekin. Alferrik. Metro hau berria da eta bestelako arkaismoekin batera kenduko zituzten.
Guk ere eserlekuak beharko genituzke, tren zahar eta berrietan, eta ez bat edo bi, ez sorta bat, ez hogei edo ehun.

(Zazpika-n argitaratua)

Ez dugu ulertzen

Urria 3, 2011 § 4 erantzun § permalink

Lagun baten amonak ez zuen inoiz telebista ulertu. Seme-alabaren batek piztu orduko paretik aldentzen zen eta igandeetarako arropak jantzi arte, ezpainak karminez pintatuta eta ilea tajuz jasota eduki arte ez zen bere aurrera itzultzen. Sofan eseri aurretik kuxinak atontzen zituen, mahaiari distira ateratzen zion eta bertan zeuden trasteak telebistako gizon-emakumeek ez ikusteko moduan apartatzen zituen. Orduan bai, sofan jartzen zen, eta ez edozein gisara gainera, baizik eta medikuaren edota alkate jaunaren aurrean balego bezala: hankak estu, bizkarra zuzen, kokotsa beheititurik. Etxekoren bat pijaman inguratuz gero errieta egingo zion eta zer esanik ez norbait mantan bilduta sofak irentsita aurkituz gero. Ez zegoen senila, ezta burua galduta ere, baina egunero itzultzen zizkion Maddalen Iriarteri egun onak.
Ez nuke esango amonaren hurrengo belaunaldiak, gure aita-amenak, aparailua hobeto ulertu zuenik: gurasoei etxe berria erakutsi genienean jabetu nintzen. Argitsua eta sendoa, zabala eta xarmanta, ongi kokatua eta bikain apaindua egoteari ez zioten nahikoa iritzi eta muturra uzkurtuta egin zuten ibilbidea. Hormen koloreagatik, argazkietako biluziengatik ala haiek oparitutako Lladró figuren ausentziagatik ote zen nerabilen buruan, aitak isiltasuna apurtu zuen arte: “Etxea ondo dago, baina ez zait ongi iruditzen telebista etxeko gelarik txikienean jarri izana. Aberrazio bat da”. Aldrebeskeria zen, lotsagabekeria zen, alabaren disfuntzio bat gehiago zen.
Eta zer esan gure belaunaldiari buruz, batzuek amaren partez Telefunken bat izan dutenean… Eta hala ere, oraindik, ulertu gabe jarraitzen dugu. Neurologoek diotenez, gizon-emakumeen garuna ez da gai benetan ezagutzen ditugun pertsonen eta telebistatik ezagutzen ditugunen arteko bereizketa egiteko. Ondorioz, etxekotasun handiz hitz egin dezakegu Alaska eta Mariori buruz, baita haiekiko sentimendu sakonak sentitu ere. Guardiolarekin elkarrizketa imaginarioak edukitzeak, Pep senarra edo emaztea baino gehiago maitatzeak azalpen neurologiko erraza dauka. Zenbat eta gehiagotan ikusi pantailan orduan eta handiagoa haiekiko harremana, adiskidetasuna. Ez da jende xehearen kultura falta, ez da jende friboloak “benetako arazoei” iskin egiteko asmatutako trikimailua ere, ez. Ez zaitezte gaizki sentitu, ez zaitezte lotsatu: hipotalamoak du guztiaren errua.
***
Diotenez, telebistarik gabeko garaian okerragoa zen. Diotenez, afalostean bikotekidearekin hitz egin beharra zegoen.

Zoaz zure etxeko errepublika independentera

Iraila 12, 2011 § 2 erantzun § permalink

Nor da gai IKEAko katalogoa zabaldu eta zorion izpirik gabe atzera ixteko? Nor da gai bertako etxeen kuxidadea bekaizkeriarik gabe behatzeko? Nor da gai familia horien domestikotasun distiraz eta alaitasunez beterikoaren ondoan “zerbait gaizki egiten ari naiz” sentimenduaz libratzeko? Behinola Lourdesera bezala, guk ere urtero-urtero jotzen dugu Barakaldora, zorion eta ganora suediar apur bat inguratu asmoz.
“Ez gara salmenten beherakaden beldur, alderantziz baizik” zioen berriki Estatu espainoleko IKEAko buruak. “Jendeak diru gutxiago dauka eta ondorioz gutxiago ateratzen da. Etxean egingo dituzte lagun arteko afariak eta horretarako txukun eta eder eduki nahiko dute guztia. Krisia gehiago saltzeko aukera da”. Nire gurasoen logelako lanpara zaharrarekin akordatzen naiz, keramika marroiz, tulipa zuriz eta latoiz egindako hartaz. Hain da aspaldi han zintzilik dagoela, ze aro ezberdinetatik igaro baita: izan zen garai bat, non lanpara ederra eta modakoa zen; ondoren, zaharkitu, eta argia ematen jarraitzen zuen hondakin bilakatu zen; gaur egun, beharbada, balio historiko handiko zera da, antikuarioek lupaz aztertu eta begiak ñir-ñir eginda erosi nahiko luketena. Baina egia da, baita ere, gurasoak ez direla bereziki etxean cocktail-ak eta festak antolatu zaleak… Ez dakit zer pentsatuko lukeen IKEAko tipoak haiei buruz.
Nolanahi ere, ez zebilen oker. IKEA lepo dago. Han doa victoriar estiloko egongela jarriko duen bikote kaskarina, neska mokasinetan eta mutila nautikoetan sartuta; handik hurbil, indie tankerako batzuk, azalore formako lanpara organ ezin kabitu; gudarostea osatzen dute emakume haurdunek, esku batekin sabela eta bestearekin habia osatzeko osagairen bat laztantzen duten bitartean.
IKEAn ezin dira erosi etxekoak hobe ulertzeko altzariak, ez eta haurrak zintzotzen dituzten errezelak, are gutxiago bakardadea eramangarriago egiten dituzten alfonbrak. Eta zer? Kontua ez da hori, kontua fedeari eustea baita, hori dena agian gerta daitekeela sinesten jarraitzeko kemena aurkitzea. Eta IKEAk horixe eskaintzen du. IKEA fede oasi bat da.
Ez dago katalogoan agertzen den oreka, argitasun eta edertasun arrastorik. Jendeak harrapaztaka kargatzen ditu orgak. Guk gurea daramagu korridoreetan zehar. Bukaerarako, hiruzpalau metroko altuera erdietsi du. Baserritarrak idiari nola halaxe egiten diogu tira, arnasestuka, kutxaraino.
Gure etxeko errepublika independentera itzuli gara. Ea gauzak kutxetatik atera bitarte fedeari eusteko gai garen.

Hondartzak berdintzen gaitu

Abuztua 22, 2011 § 0 erantzun § permalink

Hasieran aristokrata jendearen gozamenerako gune zen. Hantxe ibiltzen ziren gorputz delikatu haiek, hondarra oin puntekin ozta ukituz, parpailazko bainujantziekin erretratatuz, indigenen begiradapean are ederrago sentituz. Gero munduko iraultzak etorri ziren, aisialdiarekin zerbait egin beharra, eta plebeak hondartzak birkonkistatu zituen izozki markako sonbrillekin, haur basatiekin eta janzkera estridenteekin, eta ez dirudi, ez, inoiz askatuko dituenik.
Petrilean eseri naiz, antropologoaren begietara paregabea den harrobiari beha. Hantxe daude senar-emazteak, hondartzatik irten berritan. Gizonezkoa, petrilean eserita bere ere, elastikoa safari tankerako galtzetan sartuta eta zangoak airean mantentzeko ekilibrismoak eginez. Emakumezkoa, jostailuzko ureztailu batekin senarraren behatzen arteko hondar aleak garbitzen. Obrako kontramaisu bilakatutako senarra, obrako peoi bilakatutako emaztearen maniobrak zuzentzen ditu. Garbizaletasunak aldartea hobetu dit eta nik neuk ere hondartzarekin bat egiteko beharra dudala sentitu dut. Hantxe daude lagunak, ur ertzean. Iritsi naizenean apenas mugitu dira, eguzki izpi bakar bat ere ez dute alferrik galtzen utzi nahi. Uretan sartu naiz eta laurehun kiloko emaztekia ertzera hurbiltzen ikusi dut. Oin puntarekin ura dastatu eta bularretakoa erantzi du. Ulertu ezin dudan igeri egiteko manera batekin dator nigana. Metro batera daukat. Bularrak ur azalera irten dira, aurpegia estaltzen diote. Gorputzetik bereizi zaizkiola otu zait, eta gorputzeko gainontzeko atalak banaka erauziko zaizkiola. Baina andreak ez dirudi arduratuta, ez bada nahiko lukeena baino ur gehiago irensten ari delako, irentsi-bota-irentsi-bota… Haragizko ortzemuga propioari segika darrai, utopia hodeiertzean dagoela jakitun. Uretatik irten naizenean, lau urteko neska bat galdu dela ari dira esaten bozgorailuetatik. Hasieran ez diogu gertakizunari garrantziby Lander Garrorik eman. Ordubete beranduago ordea galduta jarraitzen du eta hizketarako gai baliatu dugu. Itsasoan itotako senideen zerrendak eta itomenaren kausen zerrendak egin ditugu, eta ohartu gabe, aspertuta egoteari utzi diogu. Hiru ordu beranduago galduta jarraitzen du eta gure arteko libertimendua atsekabez mozorrotutako eszitazio bilakatu da. Isilpean, hilda egotea desio dugun arren, gurasoak nola egongo ote diren galdetzen diogu elkarri. Udako kantuaren faltan badugu udako neskatila hila.

Hondartzak guztiok berdintzen gaitu, baina batzuk besteok baino gehiago.

Igandeak

Uztaila 31, 2011 § 3 erantzun § permalink

Igandea, bere txikian, asteroko uda da. Astean zehar elkarrekin egotera ohituta ez dauden bikotekideak, elkarrekin egotera behartzen dituen eguna. Igandearen azterketa epistemologiko bat eginez gero, igandezaleen gutxi gorabeherako taxonomia bat egin daiteke:
Pater familia-k: astean zehar etxean kolpe zorrik jo ez duen pater familia-k ogia, croissant-ak eta egunkaria erraztuko dizkie familia kideei.
Mater familia-k: astean zehar senarraren ergelkeria jasan eta gero, senar horrexen beraren besotik helduta kalera irtengo da, bere ezkontza egunean bailegoen.
Auto-garbitzaileak: igandea autoa garbitzeko baliatzen dutenen komunitatea ere handia da: autoa etxe aurrean aparkatu, parez pare zabaldu, eta alargadore ingenieritza konplexu baten bitartez, etxeko aspiragailuarekin zabor-hondakinak xurgatu.
Bizitza-koktel-bat-da estilokoak: egun aproposa, baita ere, zibil arropa erantzi eta galaz janztekoa: andreek inoiz baino harroago eraman ohi dituzte kalparrak, bisuteriarekin apainduko dituzte atzamar, lepo eta eskumuturrak, eta tabernan, martiniaren azeituna haginkatuko dute, hezurra esku ahurrean bilduz eta inork begiratzen ez duenean lurrera jaurtiz. (Gizonek, ostera, azken urteetako forropolarra erantzi eta lepo-pikodun jertse tradizionala jantziko dute, egueri partean sorbalda gainean jartzeko).
Baina igandeetako fenomenorik interesgarriena, eta ez bakarrik susperraldian egoteagatik, baizik eta baita ereduaren sakontasun psikologikoagatik ere, berdin jantzitako bikoteek osatzen dute. Ez dira oldeka kalera irteten, baina geroz eta gehiago dira. Ez dute zarata askorik ateratzen, baina ongi begiratuz gero, igandero aurkituko duzu bakarren bat. Kirol arroparekin jantzita aurki daitezke, eguzkitako betaurrekoak buru gainean, eta Decathlonen erositako uniformearekin: zulo askodun kamiseta ultraarina, mendirako galtza sokatxoz beterikoa, zapatila zuri makulugabeak… Biak ala biak modelo eta kolore berberekin, batzuetan oinez, beste batzuetan mahai baten bueltan egunkaria zabalik eta kalamar bat erdibana zizka-mizkatzen duten bitartean albiste bera aldi berean irakurtzen… Gurasoek berdin jantzitako anai-arebak dirudite, edo bitan partitu eta sexu propioa garatu duen gizakia (poliki-poliki bikoizten jarraituko dena), edo asteko desberdintasunak berdindu asmoz igandea mimetismorako erabiltzen duen jendea.
Orduak eman ditzaket haiei begira. Gainera, ez dira konturatzen. Kontzentratuegi daude kalamarrak sinkronikoki jaten eta egunkariko lerroak aldi berean leitzen. Igandeetan pixama berdina janzten duten nahi nuke jakin.

 

(Zazpika-n argitaratua)

Seme-alabon koartada

Uztaila 12, 2011 § 0 erantzun § permalink

by Arrate Rodriguez

Aspaldion psikoanalisiaren kontrako borroka intimo batean nabil gotorturik. Aitor dut, garai batean, lilura eragin zidala Hitchcocken zinemagintza Lacanen lupatik begiratzea eta minareteak zeuden lekuan zakilak, eta dutxako gortinak zeuden lekuan Edipo konplejoak azaleratzea. Aitor dut gozatua hartu izan dudala Godarden zinema fragmentatuaren atzean emakumezkoak zatikatzeko pultsioa aurkitu uste izan dudanean. Complutensean ikasten nuen garai hartan, eta Jesus Gonzalez Requena izeneko irakasle bat geneukan guru. Ehunetik gora lagun joaten ginen haren eskoletara, ostiral arratsaldeetan. Leiendak zioen, matrikula ordaindu gabeak zirela ikasleen erdiak, hari entzutearen plazer hutsez joandakoak. 2001eko hauteskunde bezperan, gelan euskaldun psikotikorik ote zegoen galdetu zuen mikrofonotik. Besoa jasoko nukeen, ustekabeko azalpenetan luzatu izan ez balitz: “Alderdi abertzaleren bati botoa emateko asmoa duen euskaldunik, alegia”. Ondoren, ama-aberria seme-alabak heriotzara erakartzen dituen vagina dentata bat zela, eta PPri botoa emango ez zioten euskaldunek horixe bilatzen zutela: amaren hortzek murtxikatu eta irenstea, heriotza gozo eta umel bat.
Mitin delirantea izan zen, baina ez deliranteena. Handik gutxira, hondartza nudisten inguruko diatriba bat bota zuen, “Euskal Herrian, bide batez esanda, mordoa dago”, erantsiz. Ordukoan, aita-amak larrugorritan ikustera behartutako seme-alaben osasun mentala nazio-arazo bilakatuko zela iragarri zuen, eta suminduta, agintarien naturistekiko bigunkeria eta arduragabekeria madarikatu.
Psikoanalisia edo errua etxetik kanpo ez ateratzearen artea. Gurasoak dira guztiaren erantzule. Ez zarela nagusiarekin ongi konpontzen? Aitak magalean lotarazten zintueneko garaiak ekarriko dizkizu gogora. Ez duzula lanik aurkitzen? Zilborrestea eteteko gaitasun falta leporatuko dizu. Antsietatea? Gurasoak ez zirelako joaten zure entrenamenduak ikustera. Egunean bi litro garagardo edan gabe ezin duzula aurrera egin? Aho-fasean trabatuta zaude, seguru ez zizutela txupetea garaiz kendu. Abertzalea zarela? Ama irensleari eskatu kontuak, eta batez ere, berak ordain dezala fidantza.
Patronala, bankuak, agintariak… bekatutik libre uzteko koartada perfektua eskaintzen du psikoanalisiak. Eta egia da, nagusia esku hutsez erailtzea baino askoz ere praktikoagoa dela, aita eta ama sinbolikoki hiltzea. Praktikoagoa, eta batez ere, garaikideagoa.

Zaharrunoak

Ekaina 20, 2011 § 5 erantzun § permalink

Geroz eta gehiago dira ama-alabentzako moda katalogo bat eta bakarra duten arropa markak, eta bertan, andreek, haurren estiloa imitatzen dute takoirik gabeko oinetan eta makillaje expresionistarik gabeko aurpegietan. eta bospasei urteko neskatilek bulegari itxura dute, amerikanaz eta gonaz jantzita. Bideokontsolen merkatuak ere, familia osoa elkarrekin jolasteko moduko jolasak merkaturatu ditu, nerabearena zen gotorleku bakarrenetako bat suntsituz, belaunaldien arteko labarrak suntsituz.
Produktuak amortizatzeko trikimailua edo gizarte jarrera berri baten isla den ezin ezin esan, baina nahasgarria da. Geroz eta gehiago dira kronologikoki gazte izan arren estetikoki (estetikaren zentzu luze-zabalean) antigoaleko direnak. Azal leun tinkoa dute, mende laurdena sorbalda gainean, haragia jainkoak amestu zuen tokian, oraindik gelako afariak egiten dituzte, esaten dutena baino okerrago mintzatzen dira ingelesez eta zapatilen kolorea aukeratzera mugatzen da haien transgresio esparrua. Herri musika bakarrik atsegin dute, nahiz eta Rolling Stones-en zale ere izan daitezkeen, nork ez ditu bekatutxoak maite. Egokitasunez hitz egiten dute, ez dute droga ilegalik sekula hartu eta edaten dakite: ronaren adinari begiratzen diote kubata eskatu aurretik edo ardoaren koloreari erreparatzen, ardoa mozkortzeko dela ahaztuta. Haiekin topo egitea ez da trantze xamurra. “Zer moduz familia?”·, galdetuko dizute, eta “Lanean ongi?”. Baietz esan beharko duzu, ezetz esanez gero ere “Lana izatea ez da gutxi!” egingo baitizute arrapostu. Zer dute kasko barruan, izan gabe zahar izatera bultzatzen dituena? Etorkizuneko nostalgia ote?
Erlatibitismoaren aztiak dira, muturkeriaren etsai, dena toleratzeko itxurak egiten dakite, nahiz eta bakartasunean, haien moral hertsiarekin ezkontzen ez den guztia aitarenak egiten burutik uxatzen duten. Guraso haien hitzetan bereziak eduki ohi dituzte, kolegak, eta elkar ulertzeko edota oporretan elkarrekin joateko –edo wii-an partida bat jokatzeko- arazorik ez dute. Izan ere, horixe baita gazte zaharruno hauen ezaugarririk larriena: gurasoek nahiko lituzketen seme-alabak dira, belaunaldirik gabeko belaunaldia.
Nahasgarria da, bai, haiekin egotea, eta batez ere, haiekin hitz egitea. Halako batean, grisen aurrean lasterka egin zutenekoa edota Donibane Lohizunera Azken tangoa Parisen ikustera joaten zirenekoa gogoratuko duten beldurrez egoten naiz zain, aldaketa klimatikoaren eraginez, krionizazio kapsula hondatu eta izotz artetik irtendako hilotz batekin solasean ari denaren beldurrez.

(“Zazpika”-n argitaratua)

Poztu zaitezte!

Maiatza 30, 2011 § 4 erantzun § permalink

By Arrate Rodriguez

Urtero-urtero kaleratzen dute bestsellerrak maite ez ditugunontzako bestseller erakargarriren bat. Aurten, Stéphane Hesselen “Haserretu zaitezte!”ren txanda izan da. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hamabi erredaktoretako batek injustiziaren aurrean sumintzera xaxatzen gaitu, harridura ikur eta guzti. Ezin uka izenburu zoragarria ez duenik. Ezin uka une batez sinetsi ez nuenik mundua aldatzeko gai izan zitekeela. Eta jakina, erosi egin nuen.
Nahiz eta frantsesez kaleratu bezain pronto euskaratua izan den, hamarkada batzuetako atzerapenarekin iritsi zaigu euskaldunoi panfletoa. Ukatutako herriari, aspaldi ukatu baitzaio baita haserretzeko eskubidea ere. Diotenez, izan zen haserretu eta harriak patriketan kalera irteten zen herri bat. Ondoren, antolakuntzak emozioen bat-batekotasuna ordezkatu zuen, eta jendeak, abstrakzioak aldarrikatuz ikasi zuen oinez. Handik ez askora, eta sarraskiak ebitatze aldera, haserrea erakusteko baimena eskatzea hobetsi zen. Aurrerantzean, haserrarazten gintuen gobernuaren poliziak zedarrituko zituen manifestazioak eta legez onartutako irainak soilik ziren oihukatuko. Segidan etorri zen manifestazio isilen garaia: okasiorako jantzita eta pipa zorroa aldean, sumindura bolanten auziak edo euskararenak sortua zen ahaztu zitzaigun, baina aurrera jarraitu genuen. Hura ere amaitu zen. Eta haserretu egin ginen haserrarazten gintuzten haiei haserrea erakusteko baimena eskatuta ere ez zigutelako ematen eta gure aldarriak entzunarazi genituen haserretzen utzi ez izanak sorturiko haserrea bideratzeko manifestazioetan.
Pixka bat erridikulua da dena. Pixka bat aztoragarria. Gurean aspaldi amaitu dira haserrerako garaiak. Gurean pozaren garaia heldu da. Edo hobe, pozaren garaiari heldu behar diogu. Ongi pentsatuta ez da hain plan txarra.
Hamaika motibo ditugu ospatzeko. Harro egoteko moduko zientoka lagun. Milaka dira asmatutako proiektuak eta oraindik asmatu gabekoak.
Behinola haserrea nola, gure poza konstituzionala den ala ez dabiltza kalibratzen orain. Espetxetik irtendakoari ongi etorri festa bat egitea, ospitalean dagoenari maitasun adierazpen bat egitea edota ihauterietan konpartsek giroa alaitzea, gaiztaginen gauza bilakatu dute, jazarri beharreko jarduera kriminalak.
Ez gaitezen burokraziaren bidezidorretan gal. Ez gaitezen despista. Ez gaitezen haserra poza debekatzen digutelako. Garai berri baten aurrean gaude. Haserra daitezela haiek.

Izenburua polita dauka. Eta mundua alda dezake.

(Zazpikan argitaratua)

ZER BILAKATU GAREN

Maiatza 9, 2011 § erantzun 1 § permalink

Geroz eta gehiago erosten ditut bio produktuak. Dilista paketea hartu eta ziurtagiria duen egiaztatzen dut. Ondoren, ekoizpen lekuari erreparatzen diot. Poitiers. Poitiersetik Hendaiara 450 kilometro daude. Kamioi batek kilometroko isuritako karbono dioxidoa kalkulatzen dut segidan eta apalean utzi dut dilista paketea. Ondoko paketeak ere bio ziurtagiria dauka eta Clermont-Ferrantetik dator. Aldeetara begiratu dut: bakarrik sentitzen naiz, hauskor, eta batez ere, ezjakin. O, putain! Non arraio dago Clermont-Ferrant? Poitiers baino gertuago edo urrutiago dagoen jakinda konforme geldituko nintzateke, baina… Arroz zuri biorik ez da inondik inora ageri eta integralak ez dit balio buruan dabilkidan errezeta egiteko. Haatik, semolak arroz zuria ordezkatu dezakeela otu zait, eta herrialde arabiarrekiko elkartasunak hauspotuta, ganbelu gehien marrazturik duen kaxa hautatu dut. Saskian utzi aurretik Maroc irakurri eta izerditan hasi naiz: Maroko ez dago matxinatuen artean, nahiz eta dekapitatzeko moduko erregea eduki. Baina… Zer da hori? Tunisian ekoitzitako semola pakete galdu bat topatu dut apalaren hondoan bakarturik. Bihotza bizkortu zait bio etiketa ere baduela ikusterakoan. Hiru aldiz gehiago balio duen arren ez dit axola. Erosketa borobila da, iraultzailea eta elkartasunezkoa.
Azal itsugarria duten sagarrei eta okaranei begira gelditu naiz gero, tamaina eta itxura berbera izateagatik piramide perfektuak osa ditzakete. Stephen Kingen liburu bat irakurri nuen nerabezaroan, non eraldaketa genetikoari esker, moztu ondoren pilatzen errazagoak izango ziren zuhaitz kubikoak kontsumitzen zituen gizarte bat deskribatzen zen. Errealitatearekin duen antzekotasuna susmagarria da. Inguruan hiru haur daramatzan emakumeak inongo erreparorik gabe poltsaratu ditu sagar kilo batzuk, opiltxo industrialez gainezka dagoen organ utziz, baina niri, nire bizitzako une honetan, oso gaizki letorkidake buztana edo hirugarren beso bat haztea, eta antsietateak jota, dozena erdi bat bio sagar zimel eta beste hainbat platano itsusi egokitu ditut bete ezin dudan erosketa saskian.
Errukiz behatu dut andrea, dutxa hartzera doala uste eta gas kameran barneratzera doan familiari nola. Haien alaitasuna mingarria zait. Ezagun al du bere burua ez ezik etxekoak ere pozoitzen ari dela? Ezjakintasuna al da? Utzikeria? Diru kontua? Parrizidioa?
Ordubete daramat eta nire saskiak negargura ematen du. Hala ere, arnasestuka nago, nekaturik, izuturik.
Estatu Batuetan biziko banintz bunker bat edukiko nuke, argentinarra banintz psikoanalista bat, eta kolonbiarra banintz autolaguntza liburu bilduma bat. Norberaren bizirautea bermatzeko entrenatu gaituzten giza aletxo tamalgarriak gara. Edo horretan bilakatu gaituzte.

(Zazpika-n argitaratua)

IDAZLEAREN ILEORDEAK

Apirila 17, 2011 § 3 erantzun § permalink

Raymond Chandlerrek idatzitako The big sleep nobela gidoi bilakatzeko eskatu zioten William Faulknerri. Liburua behin eta berriz errepasatu eta gero, Chandlerri hots egin behar izan zion Faulknerrek hiltzailea nor zen galdetzeko. Chandler mutu gelditu zen eta liburua berrirakurritakoan erantzungo ziola agindu zion. Irakurri zuen eta deitu zion. Berak ere ez zekien nor zen hiltzailea.

Ez dago irakurketa bakarreko obrarik. Alferrik ari da bere lana interpretazio okerretatik babestu nahian bere lanari buruzko hitzaldiak ematen dabilen idazlea. Alferrik, lanaren birijintasuna ez urratzeko bere burua ezkutatzen duena ere.

Tristea gerta daiteke literatur lan baten epaian idazlearen eraikuntza sintaktiko miresgarriek adina pisu izatea idazlearen ile-apaintzailearen artaziek, etsipengarria idazlearen irakurketa ordu guztiek bezainbesteko garrantzia izatea kiroldegian sartu gabekoek, ernegagarria hainbeste buruhauste ekarri dizkion estiloaren aurkikuntzak beste balio izatea irribarre egiten jakiteak, baina hala da, zertarako ukatu.

Idazleak bere obraz dioena bost. Axola duena idazleak besteen obraz esaten duena eta nola esaten duen da, zein musika entzuten duen, non argitaratzen duen, noren laguna den, noren etsaia ez den, Facebook-a duen ala ez duen, zer sinatzen, zein zaletasun aitortzen dituen eta aitortzen ez dituenak onargarriak ote diren… Horrela osatzen da gaur egun idazle baten obra. Horrela osatzen da irakurketa den komunikazio ekintza konplexu hori.

Kirmen Uriberen  Bilbao New York Bilbao Kirmen Uriberena zela jakin gabe irakurri nahiko nukeen. Edo Borgesen neurriko jolasa eginez, Kirmen Uriberen lana Edorta Jimenezek edota arrantzale baten emazteak idatzia balitz bezala. Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea guztiz bestelakoa litzateke Ezker Batuaren aldeko kanpaina egin zuela ahaztuta irakurtzea lortuko banu eta zer esanik ez Joseba Sarrionandiarena kartzelatik damututa atera eta Complutenseko literatur irakasle jardungo balu. Eta Iban Zaldua HIESak jotako neskatila balitz? Eta Xabier Mendiguren tabernari speedazle bat balitz? Katixa Agirreren lana pasa den mende amaieran hildako ipuingile suediar ezezagun baten itzulpena bailitzan irakurtzea lortuko banu eta Itxaro Bordaren legenda bere buruaz beste egindako serora baten legendak ordezkatu balu guztiz liburu ezberdinak irakurriko nituzkeen, koma bakar bat ere mugitu gabe.

Agian horregatik egiten zait geroz eta gaitzagoa ezagun ditudanen lanak irakurtzea. Protagonistei ileordea antzematen diet, idazlea den sabel-hiztuna bere liburuko pertsonaien ahotsa inpostatzen entzuten dut eta aldamioek sostengatutako eszenatokia etengabe jaso behar dut lurretik istorioarekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Etengabe galdetzen diot nire buruari, nolakoak ote lirateke liburu horiek ni bestelakoa banintz.

(Zazpika-n argitaratua, 2011-04-16)