Olatua hartzen

Martxoa 1, 2012 § 0 erantzun § permalink

Komunikazio kanpaina baten prestatzea luzea da, ez da egunetik biharamunera egiten, gauzak ongi egin nahi badira ez behintzat. Kanpaina horretarako olatuak, edo audientzia pikoak hura ezagutarazteko bakanak dira, gehienetan bakarra izaten da. Hori dela eta, ezinbestekoa da olatu hori iristen denerako baliabide guztiak prest izatea, esku paperrak, prentsa oharrak, web orria, sare sozialak, bideoak etab.

Ezin da bat lau haizetara zabaldu eta hortik bi astera bestea, komunikabideek eta jendeak orohar behin baizik ez baitio kasu egingo kanpaina horri. Lan taldeen arteko koordinazioa funtsezkoa da baliabide guztiak %100ean aprobetxatzeko. Surfean gutxitan aritu naiz, baina aritu naizen bakan horietan ulertu nuen olatua iritsi baino lehen lana egin behar zela, baina behin pasatu eta gero alferrik ari nintzela.

Gisa berean, ezin dira gauzak erdi bukatuta aurkeztu, pentsatuz “gero joango gara hobetzen”. Kanpainak momentu horretan deituko du arreta, eta jendea momentu horretan izandako irudimenarekin geldituko da, alegia, irudimen txarrarekin gelditu bada, balizko bezero edo erabiltzaile behin betirako galdu duzu, ez baita hortik hilabete batzuetara bueltatuko jakiteko “ea zertan dauden hauek”. Lehen irudimenarekin geldituko da.

Lehen, kanpaina erdi bukatuta aurkeztu baino, hura atzeratzearen aldekoa nintzen, baina gaur egun sare sozialekin ezinezkoa bihurtu da aterabide hori, zeozer aurkeztu baino lehen sare sozialak oso tresna eraginkorrak direlako giroa berotzen joateko eta egiten ari zarena kontatzeko. Baina egun zehatz batean aurkezteko gelditu bazara, hitza betetzea baizik ez zaizu gelditzen. Egun gutxi batzuk irabaz daiteke, baina hortik aurrera zure sinesgarritasuna galtzen hasiko zara.

Horrelako egoerak saihesteko ez dago lan taldeen artean adostutako egutegi zehatz bat baino tresna hoberik, eta proiektuan dauden lan taldeek ulertu behar dute talde baten lana dela, eta arrakastaren sekretua bat bestearekiko konpromisoan datzala. Komunikazioa ez da pertsona baten ardura baizik eta talde batena. Baina ezustekoak beti dira ezustekoak, eta horiekin lan egiten jakin behar da. Egindakoaz ikasi, hurrengoan hobeto egiteko.

Zenbat daukadan ikasteko

Abendua 20, 2011 § erantzun 1 § permalink

Duela hiruzpalau aste, telebista pedagogiko bat, edo behintzat kate pedagogiko bat izatearen gogoaz aritu nintzen, alegia gustatuko litzaidakeela eta ongi iruditu litzaidakeela telebistan erakusten diren programa batzuen bidez ongi pasatzea, lasaitzea eta denbora berean ikastea. Arlo horretan ibilbide nahiko duen lagun batekin solasean gogoarazi zidan telebista ikuslearen araberakoa izaten dela nonbait, eta Europa iparraldean adibidez, dokumentalak ikusteko tradizio handia dutela. Horiek entzunda, garai berean BBCko bideo hori ikusi nion Iñigo Herceri Twitterren. Nik hori dut faltan botatzen, irudi zoragarri batzuen bidez mundua, historia eta bizimoduak ezagutzea. Hor ohartzen naiz zenbat daukadan ikasteko.

Bideo berezia da, eta ezin dut aurreikuspenik jarri, baina hala hemen helbidea

watch_popup?v=2HiUMlOz4UQ&vq=large

Jarraitu, aztertu eta zurera egokitu

Abendua 14, 2011 § 0 erantzun § permalink

Niri, eta uste dut bakarra ez naizela, halako harrotasun pixka bat sartzen zait atzerriko esteka bat edo adibide bat aipatzen dudanean blogean edo Twitterren. Ematen du aditua zarela, eta goi mailako erreferentziak dituzula. Ematen du, berriro diot. Baina batzuetan ez da urrun joan behar kasu arrakastatsuak eta ongi egindako gauzak ikusteko. Mallabiako Orbea bizikleta markak sare sozialetan eta batez ere Facebooken eramaten duen estrategiaz ari naiz. Begiratuz gero, ohartuko zarete haien orria benetako plataforma bihurtu dela, eta eduki ia-ia gehiena jarraitzaileek jartzen dutela. Nire ustez, antzeko zeozer egin behar duen batentzat eredu bezala hartzeko modukoa da, hura jarraitu, aztertu eta zurera egokitu eta gero.

Haien web orria aspalditik ezagutzen nuen, eta oso ona iruditzen zitzaidan. Baina ez nion inoiz kasurik egin Facebooken eramaten zuten estrategiari Indusmedia jardunaldian Ander Olariaga hango marketing buruak aurkeztu zuen arte. Gizon gazte bat, ez naiz oroitzen txandalaz jantzita etorri ote zen, baina bai behintzat, oso modu lasaian jantzita. Hura entzun eta gero, ematen zuen ia-ia nahigabe lortu zutela arrakasta hori. Egia erran, hori izan zen bere hitzaldian gustatu ez zitzaidan gauza bakarra, nire ustez, ez baita sare sozialetatik etenik ateratzen lan serio bat egin gabe.

Beste gauza bat da estiloa. Eta Orbearen kasuan ohar gaitezke itxura lasaia ematen dutela Facebooken. Lagunen arteko hiztegia erabiltzen dute, gehiegizko garrantzirik eman gabe argazkien eta bideoen kalitateari. Oleagak berak aitortu zigun harrituta gelditu zirela ohartzean, jarraitzaile batek bidalitako argazki eskas batek argazkilari profesional batek egindako bat baino arrakasta gehiago izaten ohi zuela.

Edukiari dagokionez, zuzenki edo zeharka txirrindularitzarekin lotuta dauden albisteak sustatzen dituzte, baita haien komunitate digitalak bidalitako argazkiak eta bideoak ere. Nola ez, haien produktuen berri ere ematen dute, baina pisuak izan gabe. Azkenaldi honetan, oker ez banago, jarraitzaileek haien ametsetako txirrindula diseinatzen ahal dute eta bidali lehiaketa batean parte hartzeko. Haiek beraiek egiten dituzte bideoak. Egia da horretan aritzen den profesional batena baino hobeak ez direla, baina naturalagoak dira, azken batean komunitate digital horretako edozein kidek egin dezakeena. Askori kostatzen zaie hori ulertzea, baina etxean egindako bideo batez baliatzeak ez du erran nahi enpresa serioa ez denik.

Preseski hori da nabarmendu nahi dudana post honetan. Itxurazko lasaitasun horren atzean, benetako lan serioa dago. Haien arloa ederki ezagutzen dute, eta ez da hain erraza, haien merkatua mundu mailakoa delako, eta horrek behartzen dituelako, Australian edo AEBetan zer gertatzen ari den jakitera. Merkatua hain zabala izanik, ordutegien aldeak ere kontutan hartu behar dira, eta horrek erran nahi du aztertu behar dela merkatu zehatz horri zuzentzeko zer ordu den egokiena zeozer sutatzeko sare sozialean. Olariagak zioenean arituz ikasi zutela, sinesten dut, baina haien meritua egindako esperientzia horien neurketan datza, alegia, saiakerak egin dituzte, baina gero ondorioak neurtu dituzte jakiteko zerk balio duen eta zerk ez hobetzen jarraitzeko. Ikusi ditudan kasu askotan saiakerak egiten dira, baina ondotik neurketarik ez dagoenez, zaila da jakitea bide onetik joaten diren. Azkenean enpresa horiek itxuan ari dira, eta saiakera horiek balio ez badute, denbora eta dirua alferrik galtzen ari dira.

Lagunen arteko hiztegiaren eta Ingelesez trakets baten erabilerari buruz, Oleagak anekdota pollita kontatu zigun. Ez naiz zehazki oroitzen, baina behin horrelako zeozer idatzi omen zuten “what a wonderfull day to ride an Orca”. Orca, haien modelo baten izena da, baina ingelesez bale mota bat da. Eta izpiritu bihurria dutenek txirrindularitza ez den bertze zerbaiti pentsatu zuten, eta iduriz jarraitzaileak zirikatzen hasi zitzaien. Hortik zer ondorio atera zuten? Inork ez zela gaitzitu ingeles eskasagatik, eta hori baliatu zitekeela jarraitzaileengadik hurbilago izateko.

Hizkuntzak aipatzen ari naizenez, egia da euskarak ez duela ia-ia tarterik Orbearen estrategian, baina inor mindu gabe, aitortu behar da nazioarteko merkaturako ez duela balio. Baina ez bakarrik euskerak, gaztelerak, frantsesak eta beste hainbat hizkuntzek ere.

Beraiek egindako bideo bat:

[vsw id="0HQuHnRCoAg" source="youtube" width="425" height="344" autoplay="no"]

Noizko telebista pedagogiko bat?

Azaroa 29, 2011 § 4 erantzun § permalink

Ez naiz telebista zalea, are gutxiago, bakan baizik ez naiz jartzen haren aitzinean. Baina onartu behar dut noizbehinka gustatzen zaidala lasai ederrean gelditzea zeozer interesgarria begiratzeko. Baina EiTBn edo Espainiako Estatuko telebistetan ez dut horrelakorik aurkitzen edo ezagutzen, bai ordea, Frantziako Estatuko telebistetan. Dokumentalak gustatzen zaizkit, irudi ederrak eta zeozer erakasten dizutenak.

 

Madagaskar (Luc Legay)

Frantziako telebistan aunitz gustatzen zaizkit Thalassa eta Faut pas rêver adibidez. Lehena itsasoari buruz da, haren inguruan mugitzen den gai guztiei buruz, turismoa, ekonomia, zaletasuna etab… Kataluniako TV3en ere badaukate saio hori. Besteak, Faut pas rêver delako horrek, herrialde batzuk bisitatzen ditu. Aurrekoan Madagaskarren izan zen. Erranen didazue guk gurean Chiloe daukagula, baina ez dauka zerikusirik. Askoz ere landua eta zabalagoa da. Chiloe turistaren ikuspegitik egina badago, Faut pas rêver delakoak askoz eta arlo gehiago jorratzen ditu. Madagaskarreko horretan adibidez, tren zahar batek eskualde batean daukan eragin ekonomikoari buruz aritu ziren, baita europar batek sortu zuen kooperatiba bati buruz eta bertan Baobabak daukan garrantziari buruz ere. Egia erran aspaldi ez nintzen hain gustura egon telebistaren aitzinean.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian, Frantzia eta Alemaniaren artean daukaten Arte katea ikusi daiteke, eta honetan ia-ia programa guztiak dokumentalak dira. Joan den aldean dokumental bat begiratu nuen Ameriken deskubritzeari buruz, zernolako ondorioak ekarri zituen, baina ez betiko moduan, alegia, Europarrentzat aberastasunak eta bertakoentzat egurra. Ez. Dokumentalak hori gertatu baino lehenagoko egoera kontatzen zuen: Europearrak nola bizi ziren, zertarako zeukaten Indiarako bide berri bat aurkitzearen beharra, Amerikarrak nola bizi ziren, zenbat tribu zeuden eta non kokatuak, eta zer bizimodua zeukaten. Eta gero berriz, Atlantikoa zeharkatze horrek zernolako aldaketak ekarri zituen ohituretan eta bizimoduan, besteak beste. Hemen aunitz simplifikatzen dut, baina ordu batez gauza asko ikasi nituen. Gauza batzuk banekizkin, baina beste aunitz ez.

Dena dela gogoeta hori alferrikakoa izan daiteke, laster SmartTB delakoekin edonundik edozein kate begiratzen ahalko dugulako. Baina beldur naiz gehiegizko aukera horretan ez ote garen galduko, eta alferrak izanda, ez ote dugun betikora joko. Hala ere ongi izango zen gure txikitasunetik, Euskal Herriaren txikitasunetik, horrelako dokumentalak lantzea, nahiz eta badakidan aurrekontuen aldetik ez den gauza bera. Niri gustatuko litzaidake behintzat. Oker ez banago, egun hauetan Hasier Etxeberriaren Euskararen Jatorria aurkeztu behar dute. Ea zer ematen duen…

Frantsesez ulertzen dutenentzat, hemen dago Madagazkarri buruzko Faut pas rêver.

Marka egin, eta zaindu

Azaroa 15, 2011 § 2 erantzun § permalink

Blog honetan maiz goraipatu dut marka bat eraikitzearen garrantzia, alegia, produktuarekin pozik dagoen bezero bat baino haratago, ezezaguna zaion produktu berri batekiko konfiantza izateaz. Batetik, enpresak ez du dirurik gastatu behar produktu hura ezagutarazteko baizik eta haren merkaturatzearen berri emateko, eta bestetik, markak ospe ona baldin badauka merkatuan, produktu berri hori berehala salduko da, eta ez du itxaron beharko produktuak bere frogak egin arte eta erabiltzaileen artean ospea lortu arte.

Gaurkoan Oranginaren kasua aipatu nahi dut. Orangina Frantzian oso ezaguna izan den, eta oraindik izaten jarraitzen duen edari bat da, Fanta eta Kas laranja antzekoa. Egia erran, nire ustez, beti oso ona izan da publizitate kanpainetan, baina ez hainbeste kudeaketa estrategikoan. Duela hilabete batzuk abiatu duen publizitate kanpainak arreta deitu dit, guztiz txoroa delako, ez bururik ez buztanik ez daukalako. Oso ideia ona iruditzen zait. Marka dagoeneko egina daukanez Frantzian eta produktu nahiko arrunta denez produktua nazioartera ateratzeko, lasai ederrean jolastu lezake txorakeriarekin bezeroen arreta deitzeko eta merkatuan dagoela oroitarazteko.

[vsw id="YlKDu_XtG_I" source="youtube" width="425" height="344" autoplay="no"]

Baina Orangina mehatsu handi baten aurrean dago oraindik. Funtsean marka guztiek daukaten mehatsua. Marka batek bere burua elikatzeari uzten dioenean, lehiaren harrapakina bihurtzen da. Zergatik bestela Coca-Colak jarraitzen du bere burua iragartzen? Denok badakigu zer den. Kontua da hori egiten duela bere merkatua babesteko, eta lehiari horretan sartzeko ahal bezain helduleku gutxi uzteko. Baina Oranginaren kasuan kanpaina horiek oso bakanak izan dira orain arte. Ez dute jarraipenik izan. Lau edo bost urtetik behin egiten zituzten.

Gainera aspaldiko edari ezaguna izan arren Frantzian, nazioartera ateratzean ez du asmatu azken hamarkada hauetan. Eta nire ustez, ezinbesteko garapena da gero eta globalizatuagoa den mundu honetan marka handi batek biziraun nahi badu. 2009az geroztik Japoniako talde batena da, eta gero eta lan gehiago dauka Coca-Colaren Fanta eta PepsiCo-ren Kasekin lehiatzeko. Nire ustez, orain arte ez du jakin, arlo berean aritzen diren beste marka batzuekin elkarlanean aritzen, bai ordea, beste biek. Baina Japoniarrek erosi dutenetik ematen du filosofia aldatu duela, eta marka zaintzeko eta nazioarteratzeko apostu handia egin dutela.