Zergatik ez gara industria?
Denak batera eta bestera merkatuen esanen arabera korrika gabiltzanetik, hobe ulertzen da zer den kultura. Eta kultura da erabateko esklabismoaren paradigma txikia, ahula. Ze kulturan gabiltzanok, eta kultura bera, ez baitira jardun ekonomiko, ondare baizik. Bestela esateko, ez gara jende izatera ailegatzen, ozta gara altzari zaharren modukoak, zaindu beharrekoak, nahi badugu, edo botatzekoak, noizbat garbiketa egiteko irrika sortzen bazaigu. Har ezazu beste edozein sektore, eta izango dituzu estatistikak, lan hitzarmenak, hausten direnak edo berritzen direnak, betetzen direnak eta betetzen ez direnak, baina, edonola, enpresa-jende dialektikaren barruan kokatzen direnak. Tabernari bat kontratatzen dutenean, zerbitzuen sektoreak oharra hartzen du. Fresadore bat kanporatzen dutenean, metalgintzaren sektoreak beste horrenbeste egiten du. Baina zer gertatzen da urteetan margolari izandako batek lientzoak eta olioak betiko apartazen dituenean?, edo, gertuagoko adibide bat jartzearren, zer gertatzen da antzerki eskola batek ateak isten dituenean? Ez al zegoen hor, jardun kulturalaz aparte, jardun ekonomiko bat? Jende horrek ez al du jaten? Ez al ditu txikiak eskolara eramaten? Ez al ditu zergak ordaintzen? Ez al dute, estuasun garai hauetan, “sakrifiziorik egiten”?
Kultura da krisi garaian murrizketak pairatzen dituen lehen sektorea. Denek esaten dute, denok onartzen dugu. Diru-laguntzez leporaino gaudenez, merezitako zigortzat hartzen dugu, inkonszienteki bada ere. Ez dugu auto-estimurik batere. Ahaztu egiten dugu, nonbait, beti aipatzen den balio arkeologiko eta abstraktuez aparte, geuk jardun ekonomiko bat ordezkatzen dugula, non ekoizleak eta berezoak dauden, non estatuak esku beteka hartuko dituen irabaziak. Liburuak, saldu egite dira, filmak, ikusi egiten dira, museoak, bisitatu egiten dira, egunkariak irakurri egiten dira: non dago tranpa? Non dago geure ustezko menpekotasuna? Errepideak diru publikoz ordaintzen dira, baina inork ez du eraikuntzaren sektorea bizkarroien leinukotzat. Bitxia da agrabioa. Bankuen sektorea bera, ez ote da diru publikoz ordaintzen? Gogora itzazue azken urteetan “erreskatutako” guztiak: non dago bankuen betiko harrokeria? Non dago haien autosufizientzia?
Idazleok ez dugu eskubiderik, kazetariek ere ez, zinema zuzendariek, aktoreek, argiztatzaileek, eskultoreek, makiliatzaileek, margolariek, maketatzaileek, diseinugileek, antzerkilariek, argazkilariek, musikariek, bateria-jotzaileek, kitarra jotzaileek, harpa-jotzaileek, sopranoek eta mezzo-sopranoek, beiragileek, errestauradoreek… harri-bitxiak gara, gutaz ongi hitz egiten dute denek, maite gaituzte, zaindu beharko litzaigukeela esaten dute denek, baina, diru-publikoz patrikak betetzen ditugunez, ez dugu eskubiderik. Geure seme-alabek ez dute papillarik jaten. Ez dugu turismoa maite, ez zaizkigu hortzak erortzen. Jainkotiarrak gara, egiten duguna bezalaxe.
Azken Durangoko azokan ehun mila bisitari baino gehiago izan zen. Denek erosi zuten zerbait, eta horietako batzuek, asko erosi zuten. Industria oso bat mugitu zen haren inguruan, hasi papertegietatik, segi inprimategiekin, binilo ekoizleetatik pasa, eta amaitu zerbitzariekin, taberna eta jatetxeak bete baikenituen leporaino. Eskerrak eman zizkiguten, politikariek euren irribarreak pasiatu zituzten azokako korridoreetatik. Non da aberastasun hura guztia? Nora joan da? Ezin dugu horren truke dagokiguna eskatu? Ez, ze ez baikara industria, ondare gara, herrietako elizak bezala, itzal ematen dugu kasko zaharrean, ederrak gara, maite gaituzte, hainbeste maite gaituze, ze ez baitugu babesik merezi.
Arabako aldundiaren aurrekontuetan geu gara azkenputz. Horixe irakurri dugu egunotan. Denok deitoratzen dugu, baina denok onartzen dugu. Ez gara haserretzen, ze sinetsiak baikaude ez dugula gehiago merezi. Kontzientzia txarra daukagu, nonbait. Dirua kentzen digute, eta gainera lotsatu egiten gara, norbaiti barkamenak eskatu beharko bagenizkio bezala. Nire kontu korrontearen mugimenduak errepasatzen ditut, ez dut inolako erakunderen dirurik jaso 18 urte nituenean kontua zabaldu nuenetik, ez kazetari bezala, ez argazkilari bezala, ez idazle bezala, ez izaki arrunt bezala. Nitaz ahaztu ote dira? Ez ote nago inolako zerrendatan? Ez didate xentimorik eman, baina etengabe esaten didate kulturak diru publikoarekin duela funziontzaen: edo neu naiz ergela, edo gezurretan ari zaizkit. Ze hitzak lanbroak dira, baina zenbakiak, oi zenbakiak: zein garbi hitz egiten duten!
Lotsagarria eta etsigarria da geuk egindako lanaren truke zenbat eman eta zein gutxi jasotzen dugun. Erne: ekonomiaz ari naiz, ez balio kulturalaz, ez balio abstraktuaz. Saldu 1000 liburu, egin ezazu biderketa: 18.000 euro. Bada zerbait, diru publikoz hornitutako ekimena izateko, ezta? Diru horrekin elikatu duzu industria bat, aberastasun bat sortu duzu, eta zenbat ukan duzu trukean? 1.500 euro. Bi edo hiru urteko lanak 1.500 euro balio du idazlearentzat. Gobernuak ia idazleak adina eramango du, han eta hemengo IRPF eta IVA eta gainerakoekin, gehiago ez bada. Baina zeu bizi zara gobernutik, eta ez alderantziz! Bingo!
Noiz elkartuko gara, kulturaren adiskideok, noiz elkartuko gara zinez ankerkeria honi aurre egiteko? Noiz hasiko gara ohartzen kentzen eta lapurtzen ari zaizkigunaz? Noiz hasiko gara, behingoz, lotsa suminagatik ordezkatzen? Non dugu duintasuna?
Kokoteraino!
Urtarrila 20, 2012 § erantzun 1 § permalink
‘Rapport de police’ (igandeko Berrian argitaratutako testua)
Urria 31, 2011 § 3 erantzun § permalink
Plagioari buruz Marie Darrieussecq-ek idatzi zuen testu eder bat, Rapport de police izenekoa, geurean oihartzun berezirik izan ez duena, akaso gaztelaniara itzulita oraino ez dagoelako. Plagioaren ideia hankaz goratzen zuen Darrieussecq-ek, egiletzaren ideia bera auzitan jarriz. Noiz eta nola bilakatzen da ideia bat inorena, eta, areago, zergatik bilakatzen da ustezko ideia hori jabego? Zein zen ideia singular eta banaezin haren jatorria? Ezerezetik sortu, idazlearen buruan instalatu eta hala atera ote zen, bidean bestelako laguntzarik izan gabe? Ez ote zuen parerik gabeko ideia hark bestelako eraginik izan? Alegia, plagioaren kontzeptua ez ote da, berez, absurdoaren muga gainditzen duen gehiegizko jelosia eta zuhurkeriaren emaitza? Neu baino lehen mundua mundua bazen, izendatuta bazegoen, eta munduak niri hizkuntza eskaini bazidan, zein eskubide daukat ideia bat edo beste neurea dela esateko? Ideiak eta hitzak neurtzeko anemometrorik, plubiometrorik edo sismograforik ez dago: horregatik maite dugu literatura.
Halako azterketa filosofikoaren ondoren, Darrieussecq-ek, umore handiz, plagiatua izateko desiraz hitz egiten zuen. Plagiatua izatea ei da idazle asko eta askoren fantasia. Plagiatua naiz, beraz, banaiz. Eta plagiatua izateko desira hartatik sortzen omen dira plagio salaketa gehienak. Zeren hain da itsusia plagio hitza, bota orduko dena kutsatzen baitu. Esan plagio, eta hantxe agertuko dira eskandalua, lotsa eta desprestigioa. Akabo podium gaineko garai handiosak. Salaketak berak, infernura eramango zaitu zu, eta zerura plagiatua.
Bi arrazoi ditugu, beraz, plagioa zalantzan jartzeko: plagioa identifikatzeko zailtasuna eta plagio salaketa (askotan) gezurrezkoak. Zailtasuna onartuta, ordea, ez dugu ukatuko plagioaren mamuak geure buruen gainean hegaka jarraituko duela liburu bat eskuetan hartzen dugun bakoitzean, bai baitakigu, gu etorri aurretik mundua mundu izan arren, eta hitzen jabegoa librea izanagatik, idazle askok trikimailu itsusiak erabiltzen dituztela besteek idatzitakoa norberak idatzitakoa dela sinestarazteko. Alegia, liburu bat aldamenean hartu eta, hitzez hitz, testua kopiatzeko. Ez da harritzekoa: mundua, izan ere, liburuan agertzen den bezala ikusten dugu, eta badakigu, testua idazle harena izanagatik ere, geure burua ordezkatzen duela, ia guk idatziko genituzkeen lerro eskasek baino hobekiago ordezkatu ere. Izan ere, zer da idaztea, geure burua ordezkatzen duen hori hitzez azaltzea ez bada? Zertarako denigratu gure sentimenduak gure hizkuntza mugatuarekin, hori bera beste batek hobekiago esan badu?
Idazlea, beste batzuek (hobeto) esandakoagatik setiatuta eta jazarria bizi da. Hitz horiek, edo forma horiek, buruan ditu idazleak, eta berdin idazten saiatuko da, baina inor konturatuko ez den modu batez, mundua ez ezik, bere burua engainatuz. Zinez izan nahiko lukeenaren bariazio txikia da, beraz, idazlea. Bene-benetan nahiko lukeena izateko, plagiatzailea izan beharko luke, baina badakigu plagioa zein itsusia den! Hobe disimulatzea, eta disimulu horretan, ia oharkabean, geure ahots propioa sortzea… beste batzuek haren bariazioa egin dezaten.
Sarrionandia eta Euskadi Saria (literaturaren balio profetikoa)
Urria 10, 2011 § 3 erantzun § permalink
Emma Bovaryren heriotzan, Flaubertek hau idatzi zuen: «Emmak burua itzuli zuen poliki, eta estola bioletaren ikuskizunak plazerez bete zuen, zalantzarik gabe bereganatu zuelako, erabateko bakearen erdian, bere lebitazio mistikoetan galdutako plazer haragizkoa, zorion zerutiarraren lehen irudiak agertzen zitzaizkion bitartean». Zaila da jakiten, Flaubertek zein heriotza zeukan gogoan hau idatzi zuenean, Emmarena edo berea: azken hatsaren aurreko agonia, beste aldekoaren lehen ikuskizuna, ikuskizun haren «bakea». Hildako idazleen testuetan, heriotzari buruzko zatiek halako zirrara sortzen dute, jite profetikoa baitaukate, idazlea bera ironikoki umiliatzen dutenak nolabait, irakurleak baibaitaki idaztean herio uxatu nahi izan zuela idazleak, hilezkortasunaren tentazio handiegiari amore emanda, eta, hala ere, porrot egin zuela, denok egingo dugun legez. Flaubertek hil aurretik idatzi zuen (noski), ziurtasun garratz batek liluratuta, eta, hil ondoren, ziurtasun hura zinezko gertakari bilakatu da, patetikoa nahi bada, baina, paradoxikoki, Flaubert bera da hizketan ari zaiguna, beraz, modu batean oraindik hil ez dena. Literaturaren mendekua da. Heriotzaren profezia idatzi zuen, eta, arrazoia ematekotan geundenean, algara batean itzuli zaigu, bere hortz beltzekin, mahaian kolpeak joz, inoiz hilko ez dela oihukatuz.
Balio profetiko antzekoa dauka Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuak ere, ondoren Euskadi Sariarekin gertatutakoa ikusita. Botereaz ari zaigu idazlea: «Biolentzia fisikoa derrigorrezkoa da estatu bat eraikitzeko, baina metodo makurra da… eta teknikoki ere ez da malgua, etsaia zigortzeko eta behartzeko baizik ez du balio. Bestelako botere batzuk kalitate gehiagokoak dira; esaterako, diruak, zigortzeko eta saritzeko balio du, isun eta ordainsariak medio». Liburua irakurri gabe, baina irakurri izan balute bezala, Jaurlaritzakoek sariari dagokion dirua «atxikitzea» erabaki zuten. Sarkasmoa litzateke, ez balitz Jaurlaritzakoek ez dituztela idazlearen hitzak ezagutzen. Badirudi liburuaren ibilbidean ezinbesteko geldialdia dela sari hau (eta honen inguruko iskanbila guztia, euren politikari, kazetari, tertuliano eta zerak barne), liburua bi fasetan edo alditan idatzita balego bezala. Liburuaren historia kritikoa egitean, noizbait, esan ahal izango dugu idazleak boterea eta boterearen gortea tentatzeko abilezia paregabea izan zuela, haiek liburuan esaten zena berresten eta egiaztatzen lagunduko ziotelako segurantzarekin tentatu ere. Beraz, orain atzera hitz horiek irakurtzen ditugunean, Sarrionandiak diruaz idatzitakoak alegia, idazlea algara batean imajinatzen dugu, errealitatea zein sinplea eta aurreikusgarria den ezin sinetsita.
Liburuak halako lotsaz hasi zuen iazko abenduan bizitzarako abentura, neke antzera. Lodiegia zen gure irakurle, blogari, aditu eta kritikari lanpetuentzat. Isiltasun ia erabatekoa zabaldu zen liburuaren inguruan. Baina indiferentzia hori, nolabait, ez zetorren bat liburuak azaltzen duen guztiarekin; hain da sakona, hain da pisua, hain da aberatsa… ze amaiera zoriontsuagoa merezi baitzuen. Eta hara non, justu bere etsaiek eman dioten behar zuen tornuia hori.
Ikasgaia (Aurore Martin gogoan)
Ekaina 23, 2011 § 89 erantzun § permalink
Oso txikitako irudia dut norbait hanketatik eta besoetatik oratuta eramaten genueneko hura. Jokoaren plazeragatik izaten zen ia beti, norbait airean eramateko esperientziagatik, edo norbaitek geu airean eramateko zirraragatik. Beste batzuetan, gutxienetan, hurkoa gogoz kontra eramateko trikimailua izan ohi zen, esate baterako norbait igerilekura bota nahi genuenean, munduan oso zabalduta dagoen zeremonia, bestetik. Begira futbol taldeen garaipen ospakizunei. Baina azkenaldian, irudi hura poliziari lotuta ikusten dut beti. Kasualitatea ote? Hasi Tunisiatik Egiptora, segi Paristik Bartzelonara, irudia behin eta berriz errepikatzen da: gobernuetako sikarioek gazte bat daramate, gorpu huts. Ganadu. Gizakia da bere aberekideak preso hartzeko gaitasuna garatu duen abere bakarra, maiz esaten denez. Baina langa hori aise garaitu dugu, gizakiak hesi baten barruan gatibatzeko gaitasuna mania bilakatu baitugu, edo bilakatu baitute. Politikariek eta haien beso armatuek, terroristek. Izan dira menia urte batzuk, botereak uzkurtuta pasa dituen urte loriazko batzuk non, herritarren kontra egiteko, gerra zikina baino ez baitzitzaien gelditzen. Baina amaitu dira edertasunerako zeremoniak, piztu itzazue telebistak, Poliziak berdin jokatzen du bazter guztietan. Zuek ere ikusiko zenituzten Aurore Martin atxilotzeko uneko irudiak. Bospasei ergelek etxeko atea amildu dute eta neskatila preso eraman dute. Bidean, ordea, herritarrak aurkitu dituzte eta tximinoen eskuetatik neskatila lapurtzea lortu dute. Ez ezazue kezkarik izan, poliziok, zuen bizitzan ikusi duzuen lehen justizia ekintza duzue. Ez duzue ezer ulertu. Noski. Ez dizue inork halakorik opa. Baina zuen ugazabek, horiek ulertuko zuten zer edo zer, zaudete segur.
Barka itzazue eragozpenak (gure literaturari buruzko gogoeta, igaldeko Berrian argitaratua)
Ekaina 19, 2011 § erantzun 1 § permalink
Ez daukat idazle (edo irakurle) apokaliptikoaren etiketarekiko kezka handirik, egia esatea nahi baduzue. Berdin gertatzen zait beste hainbat etiketekin, nik eskatu gabe jarriak izan zaizkidanak, baina batere trabarik egiten ez didatenak, esate baterako erradikalarena, edo abertzalearena. Pop kulturarekiko errezeloari esaten dio Umberto Ecok apokaliptiko, sintesia egiten uzten badidazue (Apocalípticos e integrados liburuan). Eta nik ezin diot, nahita ere, pop kulturari errezelorik izan, nahiz eta nire baitako zokoren batean sinetsita nagoen hobe biziko nintzatekeela zama horretatik libre. Zama guztiak dira zama, azken batean. Pop kulturarekiko arbuioa niretzako naturaren kontrakoa da, anakronismo hutsa. Badakit guztiontzako ez dela gauza bera. Baina Ecok liburuan aipatzen duen zentzua ulertzen dut, kulturaren elite izaeraren galerak izan dituelako bere alde txarrak, adibidez banalizazioarena. Gehiegitan izaten dira. Pop-a eta banalitatea zailak dira ezberdintzen. Alde onak askoz ere ugariagoak izan dira, noski, kultura txiroengana iritsarazten lagundu duelako horrek, edo, hobe esanda, txiroongana, gu guztiongana. Eta, nola ez, jasotzeko eskubidearekin batera, kultura egiteko eskubidea ere irabazi dugu. Eskubidea irabazi esan dut, eskubideak irabazi egiten baitira.
Nahiko nioke banalizazioaren joera sozial zabalduari eutsi, neuk ere, pentsatu ezer ez dela horren garrantzitsua. Ez dezagun dramatizatu, badakizue. Beti izango dugu litroko Coca-Cola handi bat eta komiki batzuk erosteko aukera, nahiz eta Internetez izan (auzoko dendak itxi dituztelako). Mundua amiltzera badoa, ez dezagun etxea espantuka utzi, ohe azpian sartuko gara gure binilo zaharrei besarkatuta, eta hegazkinak pasako dira, etorri ziren bezala, eta mundua berriz itzuliko da lehen izan zena izatera. Balak botatzen badizkigute hortzekin eutsiko diegu, Matrix-en bezala, eta fuera. Hil daitezela aiene-zaleak, gure axolagabekeria noblea iraintzen dute: konpostura pittin bat, faborez.
Baina gerta liteke soldaduak etxean sartzea, kanoiaren ahoa sudur puntan jartzea eta atxilo eramatea. Eskaileretan behera bultzaka joango garenean kulturaren edertasunean, haren bikaintasun erabatekoan hartu nahi izango dugu kontsolamendu, gure artean galdetuko dugu, zer da espektakulu txepel hau neuk urteetan jasotako liraintasunaren aldamenean?, eta gizakiek gizakientzat sortutako harmonia guztia nahi izango dugu geurekin ezkutu gisa. Baina, Sarrionandiak idatzi zuen bezala, «Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua, odoldua, patetikoa ateratzen duenean, zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?». Esan dezakegu, noski, «niri hori ez zait gertatuko, mundu honetan halakoak ez direlako gertatzen». Beti esan dugu hori, edo beti pentsatu dugu. Ez da berria, ez da harritzekoa. Bizitzen segitzeko errezeta basikoa da. Banalizazioa.
Neuk aldarrikatu nahi dudana, ostera, ez da alferrik eta pose hutsez gaizki esaka ibiltzeko premia, elkarri zeharka eta errezeloz begiratzeko jokabide petrala, edo, Angel Errok esaten zuen bezala, gure literatura txarra dela esateko tentazioa, txartasun horretatik gure obra libratuz. Ez. Ez naiz horretaz ari. Ari naiz gure literaturak zorroztasunarekin, seriotasunarekin eta literatur konpromisoarekin daukan zor gero eta handiagoaz, eta, bereziki, gure literaturak sinesgarritasunarekiko daukan atxikimendu falta betierekoaz, zeinak, jadanik, inertziaren itxura kezkagarria hartu baitu.
Dei nazazue apokaliptiko: etiketak dira gure literaturaren gaitzik txikienak.
Idazleak eta sariak
Ekaina 9, 2011 § 2 erantzun § permalink
Artearen Espainiako Sari Nazionala jasotzeari uko egin zion Santiago Sierra artista madrildarrak iaz. Guztiok pentsatzen duguna esan zuen ukoa argudiatzeko tenorean: arteak ez lukeela boterearen menpe egon behar. Artistak ez lukeela morroi izan behar, alegia. Sierraren kasua berezia izan zen bere koherentziagatik. Ahanzten hasiak ginen hitzen eta ekintzen artean halako elkar ulertzerik izan zitekeela. Geurean, adibidez, idazleek sari hori sarri jaso izan dute, nahiz eta boterearen aurkako izan. Pentsatzen jarrita, eta barkatzen hasita, egia da gure kasua ezberdina dela. Zaila da itzalpean bizi denari itzalpean segi dezan eskatzea. Argi printza bat ikusi orduko, saltoka leizetik kanpora egin zuten Atxagak, Elorriagak, Uribek eta Lertxundik. Lan-baldintza penagarrietan ziharduten. Eta, halako batean, horra non azaldu zitzaien esku bat argitik ilunpera. Noren eskua ote zen gutxieneko kontua zen. Lehenik ogia, gero printzipioak. Kritikak geziak bezala iritsi zitzaizkien, eta gehientsuenak, seguruen, makurrak izango ziren. Soldata ederreko funtzionario asko dabil inguruotan moral ikasgaiak ematen. Hori guztia esanda, nago ez ote garen norabidez okertu. Izan ere, gu laguntzearren azaldutako esku hura sasi-eskua baino ez zen. Orain esku bat daukagu, eta zeinena den eztabaidatzen ematen ditugu orduak, literaturaz ahaztuta, eta gure herriaz ahaztuta. Ikus dezagun nolakoa zen gure literatura, bere izaera erresistentea, eta zer den gaur: erretiroa hartutako espazio- ontzi baten gisakoa, denek ikusi baino inork pilotatu nahi ez duena. Erabili ezin den objektu bitxia. Erakutsi dugu ez garela horren gaiztoak, badakigula gorbata janzten eta palazioetan ibiltzen izkinetan txizik egin gabe, baina arteak basa behar du, eta guk jada ez dakigu hori zer den.
Lurrikara mediatikoa
Maiatza 13, 2011 § 78 erantzun § permalink
Nire buruari behin eta berriro egiten diodan galdera da: zer da albiste? Zerk bilakatzen du gertakari bat titular? Azken urteotan, bi albiste mota gailendu da besteen gainetik: politika eta kirola. Politikaren baitan, jakina, politikariek dute lema; haiek esaten dutena da albiste. Egunero-egunero agertzen dira hedabideen aurrean, albiste faktoria elikatzeko. Albiste ez dena, eurek bilakatzen dute esangarri, kontagarri. Behin eta berriz agertzen zaizkigu lelo berdinekin, baina, nola haiek esandakoak diren, orduan hedabideek kontatu “egin behar dute”. Bada idatzi gabeko lege bat horren inguruan. Akaso idatzita ere badago, politikariek eta hedabideek adostua; ezer ez da kasualitatez gertatzen gure mundu honetan, dena da interes, dena da truke.
Baina bada hirugarren albiste sail bat, gertakariena, zeina oso modu irregularrean jorratzen den hedabideetan. Jarri dezagun adibidetzat aste honetan Lorcan (Espainiako Estatuan) gertatu den lurrikara. Bederatzi lagunek galdu dute bizitza, drama handia. Baina zerk bilakatzen du Lorcakoa guretzat albiste? Dramaren tamaina ote da? Ez dirudi hala denik, halako dramak Espainiako Estatuko mugez haraindi gertatzen direnean, drama horiek gugan izaten duten isla ikusita. Albistegietako hamargarren albiste izaten dira, izaten direnean. Lorcakoak, aldiz, gure albistegietako minutuak erruki gabe hartu ditu. Pentsa, egunotan irratietako orduroko albistegietako lehen albistea izan da, lehena! Zer ez dakigu, dagoeneko, Lorcaz? Badakigu zeinbat eraikin izan diren kaltetuak, badakigu zenbat lagunek utzi duten etxea, badakigu zeintzuk diren arazo gehien dituztenak aterpe berria aurkitzeko, badakigu zer erabaki duen gobernuak, zer esan duen presidente jaunak, zer esan duen lehendakariak, zer esan duten suhiltzaileek, zein iritzi duten kaltetuek ere, baita haien aldeko hileta nork gidatuko duen ere!
Horrenbeste xehetasun, horrenbeste gora-behera, horrenbeste kontu… zergatik? Tragedia da, ados, baina egunero-egunero gertazen dira halakoak han ete hemen, gure albistegietako arreta piztu gabe. Lorca ezberdina da, antza. Eta orduro gogaitzen gaituzte hango berri txatxuekin, eraikinen %33 dela kalteturik geratu dena, 18 mila euro arteko laguntzak izango dituztela, kanpalekuak jarriko dituztela, eta abar, eta abar, eta abar. Zaila da, ez bada gure espainiartasunagatik, hots, barru-barruraino espainiar garelako, albiste eta sasi albiste uholde horren zergatia ulertzea. Nolanahi, neuk nahikoa izan dut, hil dira, pena da, baina ez nazatela etengabe hango kontuekin gogaitu, arren, jada ez zaizkit interesatzen.
Sare sozialen iraultza
Maiatza 12, 2011 § 0 erantzun § permalink
Ez naiz sare sozialetako beteranoa, katuka nabil oraindik. Ez nuen kide izateko asmorik, harik eta lagun batek labirinto zibernetiko hartan nire izena agertu zela esan zidan arte: nire izena han, eta neuk jakin ez. Malo. Orduan entxufatu nintzen, eta irudipena daukat Herri Urratsen modukoa dela, nolabait esatearren. Han badira lagunak, badira ezagunak, eta badira ikusi nahi ez genituzkeenak ere. Baina denak gabiltza laku berean bueltaka, eta derrigor aurkitzen dugu elkar bide xendraren batean, xingarrez betetako taloa eskutan, edo pedaloren batean, izerdia bota eta isuri. Badira sare sozial asko, baina neuk Facebook erabiltzen dut gehien. Erreboltarako tresna izan omen da urrutiko tokiren batean, Mediterraneoaren beste aldean. Zorionak hemengoon partetik, sarean baikabiltza gu ere, baina erreboltarako errezetarik gabe oraino. Geurean, ikusi dudanagatik, elkarren berri izateko balio du «feisbuk-ek», eta gutxi gehiago. Nork bere errepertorioa jartzen du, daukan onena: kanta bat, film zatiren bat, link bat… baina kontuz, lokiak lehertu arte pentsatu beharko du zer jarri: zenbat eta gandor handiagoa, zenbat eta hegal koloretsuagoak, orduan eta hobeto. «Intelektoaren pasarela» modukoa da. Baten batek zer edo zer interesgarria paratzen duenean, «atsegin dut» esaten diogu, konplize. Keinu bat da, deklarazio bat, deiadar bat: hark ere geurea kontuan har dezan. Ezer ez da kasualitate. Denek daukate horma bat, kaleko hormak bezalakoa, eta han espraiaz (uler bedi metafora) zer edo zer jar dezakegu, nahiz eta inportanteago izango den nori jartzen diogun, eta zergatik hari eta ez beste norbaiti, zer jartzen dugun baino. Kanpotik ikusita, zerbait serioa irudiko du, baina sare sozialak joko bat baino ez dira. Jokatu nahi baduzu, ongi etorri: iraultzak beste tokietan gertatzen dira.
Naufragoaren kontakizuna
Maiatza 9, 2011 § 5 erantzun § permalink
Kritikaren beharraz ziharduen lehengo astean Idurrek, eta, hain justu, aste hauetan kritikari buruzko erreportaje bat egiten aritu naiz, aste gutxi barru Sautrela-n emititzeko. Baten batek esango du, eta ez arrazoi gutxirekin, idazleak eta kritikoak gertuegi ibili ohi garela. Epaile eta politikariena bezala, ezkontza lizuna da idazle eta kritikariona. Hondartzako larru-jotze publiko horien tankera dauka gureak: han urrunean ikusten da ipurdi zurixka bat biloz betea gora eta behera. Ez da, ez, ikuskizun ederra. Kritikoak idazle zapuztuak izango dira, akaso, edo geu, idazleok, kritiko ezkutuko. Pentsatzen jarrita, ordea, elkarrekiko lilura guztiz da ulergarria: kritikoak idazlearen burua nahi luke ulertu, horrek literatura bera ulertzen lagunduko diolakoan; idazleak, berriz, kritikariaren burua ulertu nahiko luke, haren mesedea eskuratzeko, lehenik, haren miresmena piztea komenigarri izaten baita (ez beti).
Idazlearen kezka betierekoa da: non dago edertasunaren giltza? Sinetsita baitago badela modu bat, bide bat, kritikari zein irakurle, kazetari zein komentarista, den-denak aho batez liluratzeko, eta horrek gorespen erabatekoaren bidean ipiniko luke, idazle handien erreinu txikian: bere ahotsa entzungo litzateke, azkenik. Baina ez da hori bakarrik. Idazleak beste idazle handiak irakurri eta miretsi ditu, eta miretsia izateko trantzea zeremonia baten gisakoa da, taberna batean sartzea eta han aurkitzea Cortazar eta McCarthy, Salinger eta Coetzee, Bukowski eta Voltaire, eta denak buelta ematea eta, garagardoak altxatuta, esatea: «Ongi etorria gurera!, sartu eta horditu zaitez lehertu arte, hau hilezkorren lubakia da, salbu zaude!».
Idazleak, lehen liburua plazaratu orduko, dzanga egiten du itsasora, eta han beste ehunka naufragoren artean dabil plisti-plasta, ur gainean geratzen lagunduko dion zerbaiten bila; dela ohol zatia, dela gomazko puzgarri kaskarra: edozer da hobe, azpian dabiltzan marrazoen haginak bainoago. Baina flotagailu gutxi dago horrenbeste izaki ausartentzat. Kritikoa da ontzi gainean dagoena, geratzen diren lau salbamendu-jakak nori bota erabakitzeko eskuduntzaren jabe. Nola ez ditugu ba gorrotatuko? Jainko izan nahi genuen, eta zimurtutako oinak besterik ez dauzkagu, janak izateko zain.
Zer geratzen zaigu: anbizioa. Badakigu istorio on bat ez dela nahikoa, ez eta prosa eder bat ere. Biak behar dira: zartagina eta arrautza. Literatura hori besterik ez delako: arrautza frijitu ziztrin bat. Erraza dirudi, baina ez da. Lehenik, hautsi ezazu arrautza zartaginera botatzeko: antzua izango da kolpe txikiegia ematea, eta kolpe handiegi batek arrautza galduko du. Bota ezazu gero: arrautza azalaren zerran katramilatuta geratzen bada, gorringoaren umetokia hautsiko da, arrautzaren bitasun magikoa galduko da betiko. Gero, frijitu ezazu neurrian, ze akaso zera egosi bat aurkituko duzu gero, gorringoa polboroi bilakatuta, edo masa likits bat bestela, oro muki eta gelatina. Esaten baita arrautzak bi dituela koloreak (zuria eta laranja), arrautzaren inguruko urre kolorea ahaztuta, hain justu bikaintasuna ematen dion hirugarren zapore hori. Gero dator arrautza zartaginetik ateratzeko ariketa, suzko likido hartatik jakia onik ateratzea, heroientzako balentria, badakizue, saltoka dabilen olioari muzin eginda bitsadera sartu eta gutizia ateratzea. Kontuz ordea, bitsaderatik platereraino iritsi behar du arrautzak! Eta bitsaderan itsatsita egongo da, zaudete ziur! Artea da. Ongi egitea.
Lehen esan dizuet, beraz, kritikariei buruzko erreportajea egin dudala. Kazetaritzak bultzatu nau bekatura, barkamena eskatzen dizuet. Baina ezin esan errudun sentitzen ez naizenik, gelako maistrarekin ohera sartzen den ikaslea bezala, kulparen harria bizkarrean. Zerbait itsusia egin dut. Barka otoi. Nork botako dit flotagailua kareletik?
Espainia
Apirila 28, 2011 § 0 erantzun § permalink
Bada hip-hop kanta eder bat, Espainiaren uzki usainaz diharduena. Zehaztearren, esan behar genuke ez dela uzkiarena kiratsaren errua, kakarena baizik. Uzkiak baditu bere bertuteak, eta ez nolanahikoak. Baina barrenaren eta kanpoaren pasabide izateko ofizioa ere badauka, eta hortik datorkio madarikazioa. Horregatik da kanta hain ona eta egokia. Errua ez baita Espainiarena, Espainiaren funtzioarena, ogibidearena baino, hots, zapaltzaile izateko betiko premia horrena. Ze, gauzak diren bezala, Espainia herrialde zapaltzaile eta bortitza da, orain eta beti. Orain Bilduren gaineko auzibidea dator, eta erraz asma dezakegu amaiera: zigorra, ukazioa, faxismoa. Herri osoa edo ia osoa dago epaileen zain, baina epaileak ez dira txorimaloak baizik, zoritxarrez. Aste hauetan estoldetatik etorritako metanoa iritsiko zaigu: filtrazioak. Gaur bertan irakurri dut bat, Arnaldo Otegiren ustezko elkarrizketa batetik ateratakoa. Prisako lagunek primizia moduan saldu digute, zer eta asko poztu zela bere herriko zerrendan lagunen bat edo ezagunen bat zuelako. Beste edozein herrialdetan barregura emango luke albisteak, baina Espainian oso serio jartzen dira, pozak derrigor erakusten duelako adostasuna, eta adostasunak, berriz, ardura, eta ardurak, bidenabar, delitua. Otegi poztu egin da; beraz, EA ETA da. Asaldagarriena, ordea, ez da hau guztia, ze hau guztia ezaguna egiten zaigu, Rubalcabak aipatu ohi duen «musika» hori. Asaldagarriena da oraindik baten batek harridura agertzea. EA hauteskundeetatik kanpo utziko dute, baita Alternatiba ere. Harrituta? Ez, eskarmentatuta. Ez gaitezen korrika hasi, ordea, bidea luzea da: hesteak hustuko ditugu noizbait, gure uzkiek dagokien haragi lurrina berreskuratuko dute, Espainiatik urrun.
