Irakasle

Maiatza 17, 2012 § 0 erantzun § permalink

Hezkuntza arloan gabiltzanok lanean ematen ditugun urrats guztiak ikasleek ikastera daude bideratuak. Eskolak prestatzen ditugu, saioetako jarduerak diseinatzen ditugu, programazio luzeak eta programazio laburrak egiten ditugu. Ikasleek lortu behar dituzten gaitasunak lortzeko Hezkuntza Sistemak definitzen dituen helburuak eta dagozkien edukiak kontuan izanik, egiten ditugu programazioak. Proiektuen bidez zein testu liburuekin lan egin, modu batez edo besteaz marrazten dugu ondorengo eskola saioetan egingo duguna. Gehienok irakasle izaten jarraitzen dugu eskolaz kanpo gaudenean ere; bizitzan gurutzatzen zaigun edozeri aplikazio didaktikoa bilatzeko joera handia daukagu.

Badakigu, jakina, ez garela hezitzaile bakarrak, hortxe daude familiak, hortxe gizartearen beste estamentuak, hortxe hedabideak, hortxe Internet eta liburuak eta kalea eta mundua… Baina, irakasleak gara heziketa xedearekin lanera joaten garenak goizero.

Ikasgelako eguneroko jardunaren eskaerak horretarako zirrikitu gutxi utzi arren, noizean behin ikaste prozesuaz egiten dugu gogoeta, bai uneko egoerak horrela eskatu digulako, bai sakontzeko abagunea izan dugulako. Edo bestetan, hezkuntzako espezialistaren batek ekarria. “Zer irakatsi” eta “nola irakatsi” galderak daude gogoetaren oinarrian, batak bestean eragin eta bigarrenak lehena baldintzatzen duelako. Eta hausnarketa horien ondorioz, egokitu, hobetu edo, batzuetan, aldatzen dugu irakasteko era. Baina horretan ere, ardura handia sentitzen dugu, nahi gabe imajinatzen dugulako geuk irakasten ez badiegu, haurrek ez dutela ikasiko.

Lehengoan, horretan nenbilela, esaldi honekin egin nuen topo: “Ez genuke ezer ezagutuko, dagoeneko barru-barruan dena ezagutuko ez bagenu”. Eta pentsatu nuen, akaso, ezagutza hori gerta dadin baldintzak sortzea besterik ez dela gure lana.

Korapilotik ateratzeko

Maiatza 11, 2012 § 0 erantzun § permalink

Aurreikus daitekeen Lurraren hondamendira ez iristeko, «zer galdu, dena ez galtzeko» eta «deshazkundearen» gaia kudeatzea ez da erraza

Ingurukoei bezala, erreakzio ugari sortzen dit aferak. Erantzukizunean (eta are gehiago erruan) heziak izan garenontzat, larria da kontua. Lurraren bizirauteko zerbait galdu behar dugula planteatzen denean, norberekeria jartzen zaigu auzitan: «zer egin dut eta egiten dudan gaizki, zenbat xahutuko nuen nire ezjakintasunean, noraino naizen egoeraren erantzule, nire jokaerak noraino ekarri digun kaltea». Eta, batzuetan, hor geratzen gara trabatuta. Ez ahaztu, gainera, krisiaren aitzakiarekin, sarri esan zaigula gure ahalbideen gainetik bizi izan garela gutako asko. Ez dago esan beharrik, erreakzio hori dela sistema aldaketarik nahi ez dutenek bultzatzen duten lehena.

Horretan kateatuta gelditzen ez bagara, laster pasatzen gara zer egin behar dugun erabakitzera: «zer aldatu behar dudan, aldaketa posible ote den, nola egin beharko, gauza izango ote naizen beste era batean bizitzeko». Pixka bat aztertuz gero, hori da hainbat erakundek (energia banatzaileak, tartean) bultzatzen duten erreakzioa, banakako xahutzaile txikiontzat egiten dituzten kanpainekin.

Garbi dago ez bata ez bestea ez direla korapilotik aterako gaituztenak. Errua eta beldurra alde batera utzita, eta ardura eraginkorraren bidetik, bestelakoa behar du gure erantzuna. Lehenengo urratsa, kontziente izan eta egoarekiko jarrera kritikoa sustatu, guregan eta ingurukoengan, botere ekonomikoak kontrolatzen dituen hedabideei itsu-itsuan sinistu gabe. Eta, ondoren, erabaki zeintzuk diren alferrikako xahupenak, norberari eta gizarteari begira.

Hasteko, begi-bistakoa da hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak egiteak ez duela planetaren baliabide eskasiaren arazoa konponduko.

Zer galdu

Maiatza 10, 2012 § 0 erantzun § permalink

Joseba Azkarraga Etxagibelen Euskal harriak liburua izan dut esku artean. Laguna irakurtzen ari zen kapituluan zetorrena irakurri dut. Aurretik eta ondoren idatzitako guztia begiratu gabe, hainbat zientzialari ezagunen —energia aditu, astronomo eta astrofisiko, geologo, gizarte-zientzietan espezialistaren— tesiarekin egin dut topo.

Denen hitzak antzekoak dira: beharbada ez dela gehiegikeria esatea gaur bizi dugula inoiz izandako unerik erabakigarriena. Gaur egungoa ez da soilik krisi ekonomikoa; askoz ere zabal, larri eta kezkagarriagoa da. Jada heldu omen gara atzera bueltarik gabeko mugarrira. Munduko biztanleen kopurua mila milioi biztanlera jaitsiko omen da mende honetan, petrolioaren gainbeheraren eta aldaketa klimatikoaren ondorioz, eta klanez osaturiko gizadiak aro aurreindustrialaren antzeko bizibidea izango duela aurreikusten dute.

Azalpenaren gordinak barrena uzkurtu dit. Mende bukaerako mila milioi biztanle izango garela esateak zazpitik sei desagertuko garela esan nahi du. Ez daukat horrela izango den ziurtasunik, baina ezta horrela izango ez denik pentsatzeko arrazoirik ere. Hori iragartzen dutenak ez dira begitaziodun ero batzuk, munduaren egoeraz kezkatuta dauden zientzialariak baizik.

Ez naiz gauzek okerrera egingo dutela pentsatzera jotzen dutenetakoa. Natural ateratzen zait ona itxarotea. Baina egoera apokaliptiko horri aurre egin nahian pasatu dut eguna.

Hainbeste daukagu egiteko… Hainbeste ikasteko-desikasteko… Zein urrats egin, hondamendira ez iristeko? Nola edo halako desazkunde bat behar dela esaten duten ahots asko dira. Horren kontzientzia garatu behar dugu. Erantzuna martxan jarri, eta urratsak egitera behartu. Hasi behar dugu jada. Erronka hor dago, sistemaren muina jotzen du, eta ez da gutxi batzuena, «zibilizazio aurreratu» osoarena baino. Zer galdu, dena ez galtzeko?

Orainean

Apirila 26, 2012 § 0 erantzun § permalink

Ederra da bere kaxara ikasten ari den umeari begira egotea. Etzanda dagoela, eskutxoa mugitu du eta ikusi du bat-batean. Eskuak gero ikusmugatik alde egin dio eta jada ez dago. Umeak soinu batzuk egin ditu. Sehaskako zintzilikarioari begira geratu da eta, ukitu nahian, besoa luzatu du. Berriz agertu zaio begien aurrean! Eta berriz ikusi du. Mugitu du alde batera eta bestera. Behatz txikiak zabaldu eta serio begiratu ditu. Erreflexu bati erantzunez, beste eskua ekarri du. Eta eskuinekoak ezkerrekoari ukitu dio nahi gabe. Halako batean, kontaktua sumatu du eta elkartu egin zaizkio biak ustekabean. Une batean lotuta izan ditu, baina handik gutxira, besoak zabaldu eta ihes egin diote alde banatara bi eskutxoek. Dagoeneko ez daude begien aurrean. Beraz, ez dira. Sehaskaren gaineko zintzilikarioak arrapatu dio arreta guztia orain. Kontu batzuk egin dizkio hegan dabilen trapuzko ahateari eta horretan pausatu du atentzio guztia tartetxo batean.

Neba etorri zaio eta ondoan zeukan txintxirrina astindu dio sudurraren parean. Gogo guztia hartara joan zaio. Handiak berehala alde egin du gelatik eta txikiaren begirada hegan zebilen erleari kateatuta gelditu da orduan.

Imajinatu dut zenbat neurona dabilzkion dantzan, nola ari diren lanean elkarri seinaleak bidaltzen; une honetan burmuinean sortu diren konexio elektrikoak; garun bigun gazte horretan jaio diren asoziazioak; horrek bihar ekarriko dion garapena; nola zutituko den hankatxoen indarraz; nola hasiko den oinez; nola esango dituen lehenengo esaldiak; egingo ditugun jolasak; handitzen denean izango ditugun solasaldiak; nola esango duen nire izena. Irudikatu dut…

Bitartean, umeak eskutxoak ekarri ditu berriro bere begien parera. Elkartu ditu behatz puntak. Barre egin dio eskuek sortu duten multzo lodikoteari… Baina, ordurako, ni urruti nengoen.

Sumindua

Apirila 19, 2012 § erantzun 1 § permalink

Asaldatuta dago. Albisteak entzuten dituen bakoitzean ikusten du nola doazen maldan behera urtetan lortu diren aurrerapen sozialak. Gero eta garbiago hautematen du zer gertatzen ari den gizarteak azken hamarkadatan eskuratu dituen eskubideekin.

Batzuetan sentitzen du nola etortzen zaion haserrea bizi-bizi. Gazteek lanean jasan behar dituzten bidegabekeriak ezagutzen dituenean. Langabeziaren tasaren igoera iragartzen dutenean. Gasa, elektrizitatea eta oinarrizko beste produktuen prezioa gero eta gorago doazela egiaztatzen duenean. Osasun eta hezkuntza publikoan pixkanaka baina etengabe egiten dituzten murrizketak jakiten dituenean. Krisiaren hasieran milioika euro jaso zituzten banketxeetako goi kargudunen irabaziak handituz doazela entzuten duenean.

Besteetan beldurrak asaldatzen du. Baina beldurrari aurre hartzen dio suminak. Gertatzen ari dena ez delako zeruak bidalitako ekaitz bat. Ez da lurraren erraietatik sortutako tsunami bat. Ez da halabeharra. Izen eta abizena duten hainbatek sortu eta elikatzen dute egoera. Horietako batzuk egunero ikusten ditu komunikabideetan… eta kalean ere bai. Krisiaren erantzuleek aurpegia dute. Errudunak ez dira bera bezalako herritarrak. Erru bakarra, izatekotan, pobrea zela ahaztea izan da. Garbi gogorarazi diote orain agintean daudenek: bere ahalmenen gainetik bizi izan da.

Badaki zerbait egin behar duela. Are gehiago, zerbait egin nahi du. Helburu jakinera bideratutako jokabide bat. Boteretik datorren kontzientziak baretzeko estrategiaren menpean erori gabe, asaldatuta egoteko arrazoiak presente izan nahi ditu. Jarrera mantendu. Baina ezin da suminduta bizi, bera ez dago bizitzarekin haserre eta badaki gaitzitua bizitzeak ez diola onik ekarriko.

Erabaki du. Sumindua eta alai. Hara hor erronka. Egun batzuez goizero pentsatuko du horretaz.

Erabilera politikoa

Apirila 12, 2012 § 2 erantzun § permalink

Athletic eta Schalken arteko futbol partidaren bezperan jakin genuen Ertzaintzak segurtasun-neurri handiak ezarriko zituela “norgehiagoka normaltasun osoz egin zedin”. Astebete lehenago, Herrizaingo Sailak lau haizetara zabaldu zuen Manchester-en aurka jokatuko zen partidari begira, “futbol-jokaldi batengatik inoiz martxan jarritako segurtasun-dispositibo handiena izango zela”. Harro egoteko arrazoia da, antza denez, horrelako polizia-hedatzea egin ahal izatea; hori -eta gehiago ere- egiteko baliabideak ditugu eta.

Ez da denbora asko oposizioko alderdi gehienek Legebiltzarrean eskatu dutela EAEko Polizia agenteen kopurua murrizteko. Europan, Zipreren atzetik, polizia dentsitate handiena duen herrialdea da Euskal Herria: sei polizia 1.000 biztanleko, Europako Batasunak gomendatuaren hirukoitza, hain zuzen.

CC BY 2.0 artberri

Lehengo ostegunean, Athletic-en futbol partidaren ostean ertzainek jaurtikitako pilotakada batek hil zuen Iñigo Cabacas gaztea. Ondoren, herritar askok eta hainbat talde politikoek eta sindikalek gogor gaitzetsi dute Ertzaintzaren jokabidea eta erantzukizuna eskatu diote Herrizaingo Sailari. Jarraian, Cabacasen heriotza «eskrupulurik gabe politizatzen» ari direla esan du sozialisten bozeramaileak. Eta, hildakoaren koadrilakoen hitzak ekarriaz (lantokian behin-betiko kontratua nahi zuen militantziarik gabeko mutil bat besterik ez zela, kirolaria, taberna batean bere taldearen balentriak ospatzen ari zena…), «erabilera politiko lotsagarria» salatu dute komunikabide ezagun batzuek.

Hiru milioi biztanleko lurralde batean 18 mila polizia baino gehiago egotea erabaki politikoa ez balitz bezala.

Futbol partida baten egunean ehunka ertzain, armak eskuetan, kalean hedatzea politika ez balitz bezala.

Gure herrian eten gabe egiten diren Poliziaren indar-erakustaldiak ekintza politikoa ez balira bezala.

Aste Santua

Apirila 5, 2012 § erantzun 1 § permalink

Hutsik geldituko dira auzoko kaleak» esan zigun arrain-saltzaileak, «Jende guztia kanpora doa». «Zer egin behar duzue Aste Santuan?», «Nora zoazte?» izan dira egun hauetan gehien errepikatzen ziren galderak. Bidaia, autoa, kilometroak, hotela, kanpina, bungalowa, landetxea, apartamentua… egun hauetan gehien entzun diren hitzak. Eguraldiaren iragarpena, Interneten gehien begiratzen zen webgunea, sportwear arropa saltoki handietan gehien atera den salgaia. Bagoaz. Badatoz. Gu haien herrira, haiek gurera. Populazioaren banaketa egun batzuez aldatuko da. Hiriko kale batzuk beteko zaizkigu eta hustu besteak. «Hutsik geldituko dira auzoko kaleak».

Ez ziren hutsik gelditzen gure ume garaiko Aste Santuan. Haurrak oporretan, langile jendea jaian, baina orduan ez ginen joaten. Dendak ixten ziren, tabernak ere bai. Zine aretoetan ez zen pelikularik ematen. Zabalik zegoen bakarra eliza zen. Ostegunetik igandera elizkizunetan egiten genuen topo bizilagunek. Eta eliza irteeran. Eta kale eta plazetan.

Gaur, berriz, ez daude auzokoak. Hustu dira kaleak. Joan ez garenok gara lekuko.

Jaitsi gara egunkaria erostera eta ez ditugu ikusi beste jaiegunetako goiztiarrak. Okindegian ez dago ilararik. Kafetegiko mahaietan bezero bakarra egunkaria irakurtzen. Auto zaratarik ez. Hutsartez beteta bidearen alboko aparkalekuak. Isiltasuna nagusi.

Denborak dakarren aldaketaz pentsatu dugu etxera igotzean. Jai hauek ospatzeko moduan izan den bilakaeraz. Zertan gelditu den santuarena? Esanahiaz galdetu diogu geure buruari eta hiztegian begiratu dugu. «Santua: perfektu eta erru guztietatik libre; Jainkoari bereziki eskainia; erlijio arrazoiengatik agurgarri; sakratua, bortxaezina; gizakiari probetxu berezia dakarkiona». Leihoa zabaldu eta goizeko isiltasuna dastatzerakoan, konturatu gara —detaile batzuengatik izan ezik— astearen izenak ez duela galdu esanahia.