Zu zara

Martxoa 15, 2012 § 4 erantzun

CC BY-NC by freefotouk

Noiz edo noiz suertatuko zitzaizun ur handitan ibiltzea eta sentituko zenuen beldurra eta bertigoa… eta ekaitza noiz bukatuko desioa. Baina, aldi berean, sumatuko zenuen olatu erraldoiek zugan esnatzen zuten adorea hil ala biziko aferetan zenbiltzanean. Ikusiko zenuen nola lurruntzen ziren ezerezean eguneroko bizitzaren arazoak, Poseidon eta lestrygon boteretsuekin zeunden borroka bitartean. Nola zuretzako idatziak ziren heroien legendak. Nola poema sakonenek bat egiten zuten zure barruko musikarekin. Nola hartzen zuen bolumena zure itzalak eta nola ilargi beteak bere buruari begiratzen zion zure begietan.

Ekaitza baretuko zen gero. Eta onik aterako zinen. Eta iritsiko zitzaizun bakea, kaira iristean. Eta gogoratuko zenituen, hasieran bizi-bizi, gau ilunaren bakardadean jositako amets miragarriak.

Baina, pasako zen denbora eta oroipen lauso bilakatuko ziren ametsak… Gaurdaino.

Eta gaur, bestetan bezala, esnatu eta jaiki zara, arin gosaldu, korrika batean autobusa hartzera iritsi juxtu; semaforo guztiak gorrian tokatu, lantokira berandu ailegatu eta, hango zereginetan ia aurreratu gabe, hala-moduz itxi duzu laneguna; etxerako bueltan supermerkatutik pasa eta dirurik gabe zeundela konturatu zara. Buelta atzera eta aurrera deskalabru txikietan trabatuta. Beste askotan bezala. Kalamidadea! Olatu erraldoien gainean ibili zena, ur korronte txikietan itotzen ari da orain, dotorezia gutxiko aferetan kateatuta.

E! Gelditu istant bat. Hartu arnas. Begiratu iezaiozu une batean zure buruari. Zu zara. Poseidon eta lestrygonekin borrokan ibili zena. Zuretzako daude idatzita heroien legendak. Zure barruan dago poema sakonekin bat egiten duen doinua. Zure begietan begiratzen dio bere buruari Ilargiak… Zu zara.

Eta ez ezazu ahaztu bihar, berriz jaiki eta autobusera korrika batean juxtu iristen zarenean.

Markatua

§ 4 Responses to Zu zara"

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Zer da hau?

Zu zara irakurtzen ari zara Itsasgoran-n.

meta