Noiz eman zuten lehenengo filma?

Abendua 28, 2011 § 0 erantzun

Gizakien ezaugarrietariko bat da ados jartzeko zailtasuna. Honetarako ere ezin ados jarri eta oraindik ere eztabaida itzela dago batzuen eta besteen artean zinema nork asmatu zuen zehazteko. Batez ere estatubatuarren eta frantziarren artean.  Ofizialki, 1895eko martxoaren 22an jaio zen zinea Sortie des Usines Lumière à Lyon filmaren proiekzioarekin. Lehenengo proiekzio irekia baina, urte horretako abenduaren 28an egin zuten Boulevard des Capuchineseko Grand Café-n. Beste batzuek asmakizuna lehenagokoa dela esaten badute ere, Lumière anaiak izan ziren proiektore bat asmatu zuten lehenengoak (edo behintzat asmakizuna patentatu zutenak). Auguste eta Louis Lumière argazkigintzan arituak ziren eta 1895eko otsailaren 13an zinematografoa patentatu zuten. Lehenengo emanaldi honen ondoren historiako lehenengo argumentudun filma estreinatu zuten: L’arroseu arrosé. Mugimendu gabeko plano zentripetua erabili zuen bikoteak istorio sinple hau kontatzeko. Funtsezkoena erdian gertatzen da eta ez dago ekintzarik eremuz-kanpo. Orain barregarria baderitzogu ere L’Arrivée d’un train en gare de La Ciotat filmeko trenaren etorrerarekin ikusleak eserlekuetatik zutitu omen ziren  ikaratuta. Ikusleak txunditzea lortu bazuten ere, Lumière anaiek uste zuten momentuko bitxikieria zientifikoa izaki, beraien asmakizunak ez zuela arrakasta handiegirik lortuko. Eskerrak gerora, beraiek profeta moduan baino arrakasta handiagoa lortu duen zineak.

Amerikarrek baina, zinea Thomas Alva Edison-ek asmatu zuela diote. Edisonek 1891. urtean komertzializatu zuen mugimendudun lehenengo pelikula eta William Kennedy Laurie Dickson-en laguntzarekin kinetoskopioa asmatu zuen. Kinetoskopioak pelikula proiektatu beharrean, makinak zeukan zirrikitu batetik ikustea ahalbideratzen zuen. Kinetoskopioa 1891ko maiatzaren 22an erakutsi zen jendaurrean lehenengo aldiz eta 1894ko apirilaren 14an egin zuten publiko zabalarentzako lehenengo emanaldia. Arrakasta itzela lortu zuen asmakizunak eta hainbat makina saldu ziren mundu osoan zehar. Edison-ek bitartean ikertzen jarraitu zuen eta bitaskopio izeneko gailu batekin irudiak proiektatzea lortu zuen 1895ean. Frantziarrak hilabete batzuk aurreratu zitzaizkion baina. Ikerlari batzuek gainera, kinetoskopioa Dickson-ek berak asmatu zuela uste dute eta Edison-ek gailu hau komertzializatu baino ez zuela egin.

Ezin aipatu gabe utzi Luis Aimé Augustin Le Prince ingelesa. Askoren ustez bera baita zinemaren benetako asmatzailea, 1888an Roundhay Garden Scene izeneko bi segundoko filma grabatu baitzuen. Le Prince-k baina, ezin izan zuen inoiz jendaurrean erakutsi bere asmakizuna.

1890eko irailaren 16an Dijon-etik Paris-era zioan trena hartu zuen gero New York-era asmakizuna erakustera joateko. Trena Frantziako hiriburura iritsi zenearako ez zegoen Le Princeren arrastorik.  Ez zuten gorpua aurkitu eta polizia txostenean desagertu egin zela baino ez da biltzen, ez zuten azalpenik aurkitu. Beste teoria bat ere badago: Le Piere-k buruaz beste egin zuen, polizia txosten honetan diruz gaizki zebilela esaten baitzen. Honezkero batek baino gehiagok pentsatu duzue, zuk ere bai seguraski, (zineak paranoiko bilakatu ote gaitu?) patenteak zirela eta erahil zutela Le Prince. Urrutiago joan denik ere bada, Jacques Deslandesek familiak hil ahal izan zuela bildu zuen Histoire comparée du cinéma lanean 1966an. Beste batzuek, bere homosexualitatea zela eta familiak Chicagora alde egitera derrigortu zuela diote eta bertan hil zela 1898an. Agian. Akaso. Beharbada. Apika. Batek daki… Pelikula baten argumenturako behintzat ematen du.

Le Prince-ren proiektorea

 

Markatua , , , , , , , , , , ,

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Zer da hau?

Noiz eman zuten lehenengo filma? irakurtzen ari zara Izan ala ez izan-n.

meta