45 segundoko itxaronaldiak

Urtarrila 22, 2012 § 2 erantzun § permalink

Megaupload itxi du FBIk (Clarice Starling etorri zait burura webgunea hackeatzen). Mundu osoa sumindu da (Interneteko erabiltzaileen gehiengoa behintzat bai). Ezin ahaztu PIPA, SOPA, Sinde eta horrelako legeen aldeko jendea ere egon badagoela, baina orokorrean gehiago izan dira aurkako iritziak aldekoak baino. Pentsa, presioa dela eta, azkenean lege proiektu hauek ez dira onartu (oraindik behintzat). Megaupload-ek baina, itxita jarraitzen du (eta jabeek atxilotuta). Sareak ukiezina zirudien arren, handienaren kontra egin dute. Egunean 50 milioi erabiltzaile zituen atariaren aurka.

Hau dena, nola ez, artista eta sortzaileen mesedetan egin da. Beraien mesedetan itxi da Megaupload. Euren onerako egin dira lege aurreproiektu hauek eta ez gutxi batzuen interesak defendatzeko. Are gutxiago orain arte batzuk aberastu dituen sistema zaharkitu bat mantentzeko.

Megaupload-en itxierak gauza asko aldatuko ditu. Zinema aretoak berriz ere beteko dira, Bisbal eta konpainia hilabete bukaerara iritsiko dira eta Lucía Etxebarriarena izango da urteko libururik salduena.

Milioika eta milioika erabiltzailerentzat amaitu dira 45 segundoko itxaronaldiak.

Zenbat kostatzen zaigun!

Urtarrila 11, 2012 § 0 erantzun § permalink

Zenbat kostatzen zaigun gabonetako oporretan turroi eta polboroi artean ikasten hastea! Zenbat, urte berrirako erronkei ekitea! Aurten igeri egiten hasiko naiz, erretzeari utziko diot… Zenbat kostatzen zaigun! Batzuetan hainbeste ezen esandakoak ahaztu egiten ditugun. Horrelako zerbait gertatuko zitzaien Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Foru Gobernuko agintariei?

2009ko uztailaren 3an Francisco Javier López Álvarez-ek Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Miguel Sanz Sesma-k Nafarroako Gobernukoarenean Protocolo General de Colaboración entre la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra (Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren arteko lankidetza protokolo orokorra) izeneko hamabi orrialdeko txostena sinatu zuten.

Txosten honetan, besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak ETB 1 eta ETB 2 Nafarroan ikus zitezen beharrezko gestioak egiteko ardura hartu zuten. Baina badakizue, argazkietan agertzea gauza bat da eta beste bat gauzak egiten hastea. Zenbat kostatzen zaigun hitzetatik ekintzetara igarotzea!

Milioi bat euro inguruko inbertsioa behar omen zen Euskal Telebistaren seinalea Nafarroa Garaira hedatzeko. Eta ‘asco kostachen’ omen zitzaigula esan zuten batzuek eta besteek. Ez horrenbeste antza. Erakundeak, ardura hau nori dagokion eztabaidatzen ari diren bitartean, herritar talde batek Iruñerrian ETBren seinalea Lurreko Telebista Digital bidez ikusteko beharrezko urratsa eman baitu. Erreniega mendian hedagailu bat jarri eta hara begira dauden antenek seinalea jaso dezakete. 11.776 euroko inbertsioa nahikoa izan da txantxangorriaren txioa Nafarroako hiriburura heldu dadin. Beste 40.000 euro ingururekin Nafarroa osora helduko omen litzateke.

Borondaterik ez dagoenean zenbat kostatzen zaigun urratsak ematen hastea!

Non nago?

Urtarrila, 2012 datako artxiboak ikusten ari zara Izan ala ez izan-n.