Zenbat kostatzen zaigun!

Urtarrila 11, 2012 § 0 erantzun § permalink

Zenbat kostatzen zaigun gabonetako oporretan turroi eta polboroi artean ikasten hastea! Zenbat, urte berrirako erronkei ekitea! Aurten igeri egiten hasiko naiz, erretzeari utziko diot… Zenbat kostatzen zaigun! Batzuetan hainbeste ezen esandakoak ahaztu egiten ditugun. Horrelako zerbait gertatuko zitzaien Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Foru Gobernuko agintariei?

2009ko uztailaren 3an Francisco Javier López Álvarez-ek Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Miguel Sanz Sesma-k Nafarroako Gobernukoarenean Protocolo General de Colaboración entre la Comunidad Autónoma Vasca y la Comunidad Foral de Navarra (Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren arteko lankidetza protokolo orokorra) izeneko hamabi orrialdeko txostena sinatu zuten.

Txosten honetan, besteak beste, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak ETB 1 eta ETB 2 Nafarroan ikus zitezen beharrezko gestioak egiteko ardura hartu zuten. Baina badakizue, argazkietan agertzea gauza bat da eta beste bat gauzak egiten hastea. Zenbat kostatzen zaigun hitzetatik ekintzetara igarotzea!

Milioi bat euro inguruko inbertsioa behar omen zen Euskal Telebistaren seinalea Nafarroa Garaira hedatzeko. Eta ‘asco kostachen’ omen zitzaigula esan zuten batzuek eta besteek. Ez horrenbeste antza. Erakundeak, ardura hau nori dagokion eztabaidatzen ari diren bitartean, herritar talde batek Iruñerrian ETBren seinalea Lurreko Telebista Digital bidez ikusteko beharrezko urratsa eman baitu. Erreniega mendian hedagailu bat jarri eta hara begira dauden antenek seinalea jaso dezakete. 11.776 euroko inbertsioa nahikoa izan da txantxangorriaren txioa Nafarroako hiriburura heldu dadin. Beste 40.000 euro ingururekin Nafarroa osora helduko omen litzateke.

Borondaterik ez dagoenean zenbat kostatzen zaigun urratsak ematen hastea!

Non nago?

Asteazkena, Urtarrila 11th, 2012 datako artxiboak ikusten ari zara Izan ala ez izan-n.