Sare sozialak vs. hedabideak

Otsaila 17, 2012 § 2 erantzun § permalink

Urtzi Urkizuk Zentik.info blogean idatzitako artikuluaren harira (http://zentik.info/2012/02/sagardoa-eta-vodka/) sare sozialen sinesgarritasunaren inguruko gogoeta bat:

Sare sozialek komunikatzeko bide berriak ireki dituzte. Lehen pentsaezinak ziren gauzak egin ditzakegu klik gutxi batzuekin: lagunekin, gure gustoko markekin zein sektoreko profesionalekin komunikatu, multimedia edukiak partekatu, gure iritzia eman eta nola ez: informatu (zentsurak uzten digun bitartean behintzat, facebook, twitter eta beste sare sozial batzuk gero eta erraztasun handiagoarekin hartzen baitituzte artaziak).

Interneten iritsierarekin batera, eskura ditugun iturri kopuruak nabarmen egin du gora. Baina sinesgarritasun berbera ematen al diogu sare sozial batean irakurritako informazioari eta hedabide tradizional batean irakurritako artikuluari?

Orokorrean, sinesgarritasun gehiago du urte mordoa dituen hedabide sendo batek sare sozialetako txio edo post batek baino.

Horren zergatia behin baino gehiagotan ulertzen saiatu banaiz ere, ez dut lortu. Interneteko sare sozialek zuzenean iturrietara joateko aukera ematen digute, hedabideen bitartekaritza lanik gabe, beraien galbahetik igaro gabe. Zergatik ematen diogu baina, sinesgarritasun gutxiago sare sozialetan agertutako informazioari hedabide tradizional zein hauen webguneetan agertzen denari baino? Nola lortzen dute sinesgarritasuna mantentzea, albiste berdina izan behar zuenean zifra guztiz ezberdinak ematen badituzte? Gertaera bakarra da: 10.000 manifestari esaten dute batzuek, 700 besteek. Hedabide batentzat errudun dena beste batentzat heroia da. Antzeko zerbait gertatu zen Timisoarako gertaerekin eta hala ere ez dugu inoiz zalantzan jartzen (edo behar baino gutxiagotan) hedabide handien sinesgarritasuna.

Sare sozialetan bertsio ezberdinak irakurri ditzakegu eta hedabide handien agenda setting-etik kanpo geratutako gaien informazioa irakurtzeko aukera ematen dute. Kazetariek ere sare sozialak erabili ditzakete lan egiten duten hedabideetan jorratu ezin izan dituzten gaien inguruan idazteko eta informazioa osatze aldera erabiltzaileekin komunikazio estuagoa izateko.

Orain arte norabide bakarreko “komunikazioa” nagusitu bada ere, zorionez, kontzeptu hori zaharkituta geratu da. Leku guztietatik datorkigu informazioa. Gure esku dago informazio hori egiaztatu eta sinistu ala ez erabakitzea. Irakurketa kritikoa egitea. Eta nola ez, informazio hori osatzea. XXI. mendeko paradigma komunikatibo honetan, gu ere iturri izan gaitezkeelako.

 

Non nago?

Ostirala, Otsaila 17th, 2012 datako artxiboak ikusten ari zara Izan ala ez izan-n.