Eman ta zabal zazu

Martxoa 26, 2012 § 7 erantzun § permalink

Erantzungo ez didan horri,

Hilabeteak daramatzat gutun hau idazteko beharrarekin.

Unibertsitatea ikasteko tokia omen. Gogotsu sartu nintzen iaz fakultatera. Jende berria, ikasgai berriak, irakasle berriak… dena zen berria guretzat. Fakultatea bera ere berria zen, hain berria ezen bukatu gabe jarraitzen duen (eta ez dut uste guztiz bukatuta ezagutuko dudanik).

Derrigorrezko hezkuntzaren ondoren, azkenean norberak aukeratutakoa ikasteko sasoia. Hori uste nuen nik behintzat. Ikus-entzunezko komunikazioko graduan sartu nintzen eta nire graduko bi ikasgai besterik ez nituen eman lehenengo mailan. Esan beharra dago kazetaritza eta publizitateko beste ikasgai batzuk ere baliagarriak izan zaizkidala (irakasleena izan zen meritua).

Dena zen berria. Gu ere berriak ginen eta gurekin batera indarrean sartu zen Bolonia plana ere berria zen. Hezkuntza espezializatuagoa, pertsonalizatuagoa, praktika gehiago… ziren unibertsitaterako bidean Boloniaren aldaketen inguruan entzun genituen zurrumurruetako batzuk. Egia esan, inork ez zekien zehazki zer zen. Berari buruz genekien bakarra berria zela zen.

Plan berria aplikatzeko zaharra aldatu beharra zegoen, baina batzuk nekatuta eta lehengoarekin eroso zeuden zerbait berria egiten hasteko. Etxe zaharreko apalak hartu eta etxe berrirako erabili ziren, baina apalok ez dira lehen bezain ondo geratu. Ondo ere ez direla geratu esatera ausartuko nintzateke.

Irakasle batzuek, etsita, hurrengo urteetan gauzak aldatuko zirela esan ziguten, baina etorri da bigarren urtea eta gauzek bertsu diraute, okerrago ez esatearren. Hirugarren eta laugarren urteei itxaron behar.

Ez dakit nork egiten dituen ikasketa planak. Ez dakit zein helbururekin egiten diren ere. Ez dakit eta ez dut jakin nahi. Nik ikasi egin nahi dut, IKASI. Bihar, etzi lanik topatzen baldin badut, nire lana egiten jakitea gustatuko litzaidake.

Ez dugu twitter kontu bat nola sortu behar den ikasi nahi, ezta blog bat irekitzen ere, karrerara sartu aurretik bagenekien. Facebook, tuenti eta Google zer diren ere badakigu. Gure belaunaldikook, onerako eta txarrerako, ordenagailu bat esku artean dugula jaio gara. Sare sozial horietarako edukiak sortu nahi ditugu guk. Sortzaile izan nahi dugu eta ez teoria hutsak (eta askotan zaharkituak) ikastera mugatu. Sorkuntza prozesuan ez dugu trabarik behar, bidelagunak baino. Entzun eta entzun gaitzaten nahi dugu. Ez dugu sekula erabiliko ez dugun konturik ikasi nahi, benetan beharko dugun hori ikasteke daukagunean.

Baina zer egin batzuentzat Bolonia planera egokitzea, klasean zerrenda pasatzera mugatzen denean?

Besterik gabe,

Ander.

PD 1.- Eskerrik asko klasera joateak merezi duela erakutsi diguten irakasleei, egon badaudelako.

PD 2.- Eskertuko nuke fakultatean zehar jarrita dauden kamera horiek kendu eta plato berriak kameraz hornitzea. Bide batez, mila esker, une ekonomiko zail hauetan, fakultateko lorategi ederrean futbolinak jartzeari lehentasuna ematearren.

PD 3.- Eman ta zabal zazu

 

Non nago?

Astelehena, Martxoa 26th, 2012 datako artxiboak ikusten ari zara Izan ala ez izan-n.