Euskal Irrati Telebistak 30 urte

Maiatza 20, 2012 § 0 erantzun § permalink

Ideia. Eskema. Orduak liburutegian. Dokumentatu. Garatu. Hainbat e-mail. 5780 karaktere. Ez dira nahikoa. Makina bat kafe, fotokopia eta informazio. Klik, klak, klik, tekla soinua. Hainbat egunen buruan 63.531 karaktere. Artxiboa/Gorde honela. Artxiboa/Inprimatu. Kasurik onenean, kolorez eta enkuadernatuta. Irakasleari eman. Zorte apur batekin osorik irakurriko du. Nota moodle-n. The end.

Iritsi da PDF, DOC, DOCX, RTF, TXT, AVI, MOV eta bestelakoak partekatzeko unea. Unibertsitateko lanak elkarbanatzeko momentua. Primerakoak izan ez arren, pendrive zaharretan ahaztea baino zerbait hobea merezi dute.

Duela egun batzuk Dokumentazio-lanaren garrantzia kazetariaren eguneroko jardunean izeneko lana partekatu nuen blogean. Oraingoan Euskal Irrati Telebistari buruz, Miguel Aizpuru eta biok egindako lana berreskuratu dut. Aitzakia, gaur EiTB sortzeko legea onartu zenetik 30 urte bete direla. PARTEKATU DITZAGUN GURE LANAK!

EiTBren historia laburra

1979ko Autonomia Estatutuan komunikazio erakunde bat sortzeko aukera bildu zen. Eusko Jaurlaritzako lehenengo hauteskundeak EAJk irabaiz zituen 1980an eta Karlos Garaikoetxea lehendakariak, Ramon Labaien izendatu zuen kultura zinegotzi. Labaienek Euskal Irrati Telebista  sortzea beharrezko eginbehartzat zeukan euskara normalizatzeko bidean. 1981ean Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan 53.000 m2 lur erosi zituen eta urte horretako azaroan hasi ziren Euskal Telebistaren egoitza izango zenaren eraikitze lanak.

EiTB 5/1982ko maiatzaren 20ko legearen bidez sortu zuen Jaurlaritzak, Autonomia Estatutuko 19. artikuluari jarraiki.

Hasiera denak izaten dira zailak, hutsetik hasi behar izaten da askotan eta hau izan zen EiTBren kasua. Hego Euskal Herrian ikusi zitezkeen telebista kate bakarrak RTVErenak ziren. Irrati eta Telebista bat ezerezetik martxan jartzeak gainera, lan handia eskatzeaz gain, formakuntza bat ere eskatzen zuen. Hori dela eta 1981ean Gasteizen Telebista Eskola bat zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren sotoan. EiTB martxan jarriko zuen langile talde bat heztea zuen helburu eskola honek. Studio Hamburg  enpresa alemaniarra kontratatu zuten aholkulari moduan eta 1982an euskal langile talde bat –zazpi kazetari eta 24 teknikarik osatua- Alemaniara joan zen ikasi beharrekoak ikastera.

Bitartean, gurean, Iurretako estudioak eraikitzeko lanek martxa onean jarraitzen zuten. Madrileko Page Ibérica enpresa punta-puntako instalazioak eraikitzen ari zen Bilboko IDOM enpresaren zaintzapean.

Madrilen PESA enpresa (Productos Electrónicos S.A.) lehenengo unitate mugikorra eraikitzen zebilen eta bertatik aireratu zen lehenengo aldiz Euskal Telebistaren seinalea euskaldunen etxeetara 1982ko abenduaren 31n. Gaueko hamabietan Euskadiko Orketra Sinfonikoak interpretatutako Agur Jaunak kantak eman zion hasiera Euskal Telebistaren lehenengo emanaldiari. Irudietan antena paraboliko baten mastan eskegita zegoen ikurriña bat ikusten zen.

Xabier Elorriagak zuzendu zuen lehen saio hura eta Elene Lizarralde eta Mari Jose Insausti izan ziren aurkezleak.

Hitzokin hasi zuten saioa:

Mari Jose: Ikusle maiteak, jaun-andreak, gabon. Gabon eta Urte berri on!

Elene: Urte berri on, bai, gure oso-oso berri Euskal Telebista estudiotik. Urte hau aurrekoa baino hobea izan dadila zuretzat, zure senideentzat, zure lagun eta adiskideentzat, herri honetako seme-alabentzat eta munduko herri guztietakoentzat.

Mari Jose: Eta, lehen ordu hauetan, 1983ko lehen minutu hauetan, Euskal Telebista honek bere lehen programari ekiten dio. Bere lehen probatako programari.

Elene: Nahiz eta erabateko egia izan ez, pentsa dezagun unetxo batez gure Euskl Telebista hau erabateko errealitate bat dela, eta Euskadi osoa gu ikusteko eta entzuteko antenaz berterik dagoela. Euskadiren zerbitzuan jaiotzen da Telebista hau; ikusteko eta entzuteko, hain zuen ere.

Mari Jose: Eta zergatik ez, hau guztia errealitate izango da laster asko. Eta, horretarako, hori guztia egia izan dadin, gaur, 1993. urtearen sorreran, jandaurreko lehen pauso hauek ematen ditugu, benetan uste duguna baino gehiago zaretelakoan. Zorionak, bada, eta aurrera.

Elene: Eta, hasteko, hona Karlos Garaikoetxea lehendakariak urte zaharraren inguruan emandako mezua. Adi-adi bazaudete gu ere aipatzen gaituztela konturatuko zarete.[1]

Hainbat arazo tekniko zirela eta, lehenengo emanaldi honek hainbat muga izan zituen, besteak beste, ikusle askok ezin izan zutela ETBren seinalea hartu. Durangaldean inongo arazorik gabe ikusi ahal izan zen programazio guztia. Bilbo inguruan erdizka baino ez. Lehenengo emanaldi hau baino lehen, Ganetako kable-zerbitzua tximista batek hondatu zuen, Zaldiarango zentroko ekipamendua atzeratuta zebilen eta Jaizkibelgo zentroak TVErekin adostu behar zuen emanaldien amaiera ETBko seinalea emititzen hasi ahal izateko.  Andoni Areizaga, EiTBko zuzendariak hurrengo hilabeteetako plana zein izango zen zehaztu zuen: “Zero programa honen ondoren, hiru etapa izango ditugu. Lehenengoan seinaleak baino ez dira igorriko, eta telebistak emanaldietara egokitzeko balioko du. [...] Bigarren etapa urtarrilaren bigarren astean zehar izango da, eta bertan albistegi laburrak eskainiko ditugu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta bai filmen bat ere. Hori guztia ordubetean. Hirugarren etapari bigarren hiruhilekoan ekingo diogu; horrela pixkanaka hiru orduko emanaldietara iritsi nahi dugu urtearen bukaerarako”.[2]

Euskadi Irratia, hilabete lehenago hasi zen emititzen 1982ko azaroaren 23an. Radio Euskadi berriz, 1946ko abenduaren 21ean sortu zen “Radio Euzkadi, la Voz de la Resistencia Vasca” izeneko irratiaren ondorengoa litzateke. Lapurdin sortu zen irrati hau eta 1977ra arte iraun zuen erbestetik Euskal Herriaren berri emanez. 1983ko apirilaren 29an sartu zen EiTB taldearen barruan. Gaztelaniaz emititzen du. Bere euskarazko baliokidea, lehen aipatu, Euskadi Irratia litzateke.

1983ko urtarrilean Euskal Telebistak kontratuak egiteko ahalmena bereganatu zuen, ordura arte langile guztiak kultura sailarentat egiten baitzuten lan.

1983ko otsailaren 16an amaitu zen froga-emisioen epea. Urte horretan bertan hasi ziren Donostiako Miramongo produkzio-zentroaren eraikuntza lanak. Beste hainbat unitate mugikor ere erosi zituzten.

1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB 2 katea. Jose Maria Gorordo zen EiTBko zuzendaria eta garai hartako egoera aprobetxatuz, isilean eta inori ezer esan gabe aireratu zuten ETB 2 katea probatan. EiTBn lanean ari ziren langile gehienek ere ez zuten honen berririk izan harik eta emititzen hasi zen arte.

Euskal Irrati Telebistako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazten dizue gaur, maiatzaren 12ko zazpi eta erdietatik aurrera, Euskal Telebistak programa berria hasiko duela probatan [...] Erabaki hau euskal titulartasun publikoko komunikabideak hazi eta kontsolidatzeko prozesuaren barruan kokatzen da.[3]

Ohar honekin eman zuten ETB 2 katearen sorreraren berri emititzen hasi baino ordu erdi lehenago. Il carnavale di Venezia filmarekin hasi zen Euskal Telebistako bigarren katearen bidea. Kate berri hau sortzeak iritzi eta kritika ugari izan zituen. Baina hiru ziren funtsean, bigarren katearen sorreraren inguruko eztabaidagai nagusiak: erabakiaren zilegitasuna, neurriaren legezkotasuna eta EiTBren ereduaren aldaketa (euskara eta euskal kultura bultzatzeko sortu baitzen eta erabaki honekin gaztelera hutseko kate berri bat sortu baitzen). Iurretako instalazioetan beste plato bat prestatu beharra zegoen ETB 2ren eta ETB 1en emisioak aldi berean egin ahal izateko. 1987ko otsailaren 20an Miramoneko EiTBren egoitza inaguratu zen. Urte bete beranduago, 1988ko azaroaren 20an Baionako EiTBren egoitza zabaldu zen.

90eko hamarkadan telebista kate pribatuen etorrerarekin batera, audientzia bereganatzeko lehiak gora egin zuen nabarmen. Hamarkada honen lehenengo urtean sortu zen Euskadi Gaztea irrati formula, 1990eko martxoaren 21ean hain zuzen ere.

2001ean ETB Sat katea sortu zuten Digital+ bidez zein ASTRA satelitearen bitartez ETBren emisioak Europara zabaltzeko. Canal Vasco katea berriz, Amerikan emititzeko sortu zen. Kate bi hauek produkzio propioa baino ez dute emititzen eta euskara zein gazteleraz emititzen dituzte edukiak. Azken kate honen eduki gehienak baina, gaztelera hutsean daude. ETB Sat-ek bi hizkuntzen arteko banaketa orekatuagoa egiten du. Orain artean Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen zen ETB Sat-en seinalea eta gainontzeko Europako eskualdeetarako emititutakoa ezberdinak ziren. 2011ko irailetik hona, EAEko ETB Sat-en emisioei ETB K Sat izena jarri diete eta ETB 4ren proiektuaren ordezko bihurtu da, kirola ardatz harturik osatuta baitago emisioa. 1998an EiTBren sorrerako legea aldatu zen ikus-entzunezkoen egoera berrira egokitzeko asmoarekin eta Eusko Jaurlaritzak EiTBren kontrol handiagoa izateko asmoarekin. 1999an EiTBren Iruñako egoitza inaguratu zuten.

2002an, Andoni Ortuzar buru zuen EiTBren zuzendaritzak, Iurretako egoitza Bilbora eramateko asmoa adierazi zuen. Horrela Bizkaian zehar sakabanatuta zituen hainbat egoitza batu nahi ziren. San Mames-en kokatuta zegoen Bilboko Erakustazoka Barakaldora eraman zutenean, 7 eta 8. pabilioiak EiTBren esku geratu ziren, 8. Pabiloia baina ez du osorik erabiltzen EiTBk, bertan beste komunikazio enpresa batzuk (Antena 3, El Mundo…) eta Bizkaiko Ogasunaren instalazioak daude. Instalazio berriak 2007ko apirilaren 3an inaguratu ziren eraikitze lanak oraindik guztiz bukatu gabe zeudela. 2007ko irailaren 25ean amaitu zen transladoa. Digibat sistemaren bitartez Miramon eta Bilboko egoitzak elkarrekin lotuta daude.

2008ko urriaren 10ean, arratsaldeko seiak aldera, ETB 3 katea jarri zen martxan Bilboko egoitzako Multibox aretoan egindako emankizuna bukatu ondoren.

Itzalaldi analogikoarekin batera, 2010ean EiTBri, LTD bidez emititu ahal izateko lau katedun Mux edo Multiplex bat eman zitzaion. LTD bidezko emisioak ETB 1, ETB 2, Canal Vasco eta ETB SAT (egun ETB K Sat) kateak emititzen zituen. Baina, ETB 1 eta 2 ez ziren Multiplex horretako kateak betetzeko ETB 3 eta ETB 4 sortzea erabaki zen. ETB 3, lehen aipatu bezala 2008an hasi zen emititzen eta haur eta gazteentzako programazioa eskaintzen du euskara hutsean (Gaur egun batez ere haurrentzako marrazki bizidunak ematen ditu, Teknopolis, Sut&Blai, Hitzetik Hortzera eta Gazte Klip bezalako programa bakar batzuk kenduta). ETB 3 sortu zenetik, Canal Vasco satelite bidez baino ez da ikusten. ETB 4-k berriz kirol programazio zabal bat eskainiko zuen eta bere emisioak 2009an hastea adostuta bazegoen ere, oraindik ez da kate berri hau sortu. Horren ordez, ETB K Sat-ek eskaintzen du kirol programazio hori. Ez da berdina beraz, Europan satelite bidez ikusten duten ETB Sat eta EAEn ikusten den ETB K Sat.

Lan osoa eitb.wikispaces.com webgunean dago (2011ko abendua).


[1] http://www.youtube.com/watch?v=D8eDXgYbFFo

[2] OTERMIN, Jose Maria; DIEZ UNZUETA, Jose Ramon (2006). EiTB 1982-2007. Hegaldi kronika. Donostia: EiTB.

[3] Idem.

Streaming-a

Azaroa 27, 2011 § 0 erantzun § permalink

Zuetako nork ez du erabili youtube webgunea bideoren bat edo beste ikusi ahal izateko? Edo irratia on-line entzun? Hori guztia streaming teknologiari esker da posible. Streaming teknologiak multimedia artxibo bat, osorik ordenagailura deskargatzeko beharrik gabe erreproduzitzeko aukera ematen digu. 1995ean erabili zuen lehenengo aldiz RealNetworks enpresak eta ordutik hona asko garatu da. Egun, ia egunero (egunero ez esatearren) erabiltzen dugu. Erabilera hau zabaltzearen arrazoi nagusienetako bat etxean dugun internet-erako konexioaren abiadura handiagotzea izan da. Baina nola funtzionatzen du teknologia honek?

Artxiboa ordenagailura deskargatzen da, baina datu-fluxu moduan eta aldi baterako artxiboa baino ez da, behin erabilita ezabatu egiten da.

Azkenengo urteetan fitxategien deskargak nabarmen egin du behera eduki berberak on-line kontsumitu ditzakegulako. Musika entzuteko Spotify, Grooveshark zein Last.fm moduko web atariak erabili ditzakegu. Ikus-entzunezko produktuak kontsumitzeko ADNStream.tv, hulu.com, Youtube.com zein Megavideo.com bezalako webguneak ditugu eskuragarri. Ikusezazu Cinetube.com zein Seriesyonkis.com webguneetan plataforma ezberdinetara loturak aurkituko ditugu eta telesail zein filma ugari topatu ditzakegu bertan on-line ikusi ahal izateko, nahiz eta bide hau guztiz legezkoa (edo behintzat legezkotasun ofizialik) ez izan.

Hainbat telebista kate eta irrati emisorek beraien edukiak on-line streaming bidez kontsumitzeko aukera ematen dute. Ezagunenak BBC-ren iPlayer-a, EiTBren EiTB nahieran edo RTVE a la carta lirateke. Hamaika telebistak ere aukera ematen du bere edukiak teknologia berri honen bitartez kontsumitu ahal izateko bere webguneko bideoteka atalean. Egia esan, gehienek ematen dute horretarako aukera eta oraindik eskaintzen ez baldin badute, seguruena hau ahalbideratzeko tresnaren bat diseinatzen arituko dira. Tresna hauetako batzuen arazoa herrialde guztietan ezin direla ikusi da. BBCren iPlayer-a adibidez Erresuma Batuan baino ezin da erabili. EiTB nahieran aldiz mundu osoan ikusi daiteke.

Irratiak sakelean

Urria 16, 2011 § 0 erantzun § permalink

XXI. mendean, aurrerakuntza teknologikoekin batera kazetaritza bera ere aldatu egin da. Teknologiak aukera zabalak eskaintzen dizkio kazetariari. Egun, kazetariaren figura aldatzeaz ez ezik, euskarriak eurak ere aldatu egin dira mugikortasunaren mesedetan. Telebistaren eta teknonlogia berrien etorrerak, irratiaren desagerraraziko zuela esan zuten askok. Baina ez da horrela izan. Irratiak inoiz baino indartsuago darrai eta gaur egungo aurrerakuntza teknologikoetara egokitzen jakin du. Teknologia bere mesedetan erabiltzen jakin du. Horren adibide da Uhinbak aplikazioa. Euskara hutsean emititzen duten irratiak sakelakoan entzun ahal izatea ahalbideratzen duen aplikazioa. Proiektu hau garatu ahal izateko Fitbak enpresa eta Antxeta Irratia elkarlanean aritu dira Berria Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Antxeta irratiaz gain, beste irrati asko ere entzun daitezke app honen bidez, besteak beste, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia Irratia , Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegiko Irratia, Euskalerria Irratia, Hala Bedi Irratia, Ttan Ttakun Irratia, Txolarre Irratia eta Xorroxin Irratia. Aplikazio hau, kode librekoa da eta Android sistema zein iPhone smartphonetan erabili daiteke. Bestalde, EiTB taldeak eitb.com aplikazioa  kaleratu du orain dela gutxi, bertan atari honetako eduki gehienak ikusteko aukera ez ezik, irratsaioetako zein telebistako audio eta bideorik ikusi eta entzunenak ere kontsumitu daitezke. EiTB nahieran atariak gainera, EiTB taldeko irratiak zuzenean entzuteko aukera ematen du Interneterako konexioa edukiz gero.

Egun, ez da beharrezkoa antenatzardun irrati hargailurik edukitzea irratia entzun ahal izateko. Euskarazko tokiko hedabideek zituzten muga geografikoak gainditu eta mundu osotik entzun daiteke XXI. mendeko kazetari euskaldunen lana. Hizkuntza askok jada bazuten bozgorailua jarri diete euskarari. Teknologia irratigintzaren zerbitzura ez ezik, euskararenera ere jarriz.

www.uhinbak.eu

Non Nago?

irratia gaia bilatzen ari zara Izan ala ez izan-n.