Etorkizuneko konkistak

Maiatza 19, 2013 § 0 erantzun § permalink

Iaz atal pare baten zati solteak kenduta, ez dut inoiz ‘El conquis’ ikusi. ETBk astero ematen dituen datuen arabera, bakarretakoa naiz, igandero milaka ikus-entzule telebisten aurrean batzea lortzen baitu. Ez naiz hasiko programa ona ala txarra den eztabaidatzen, audientzia lortzea bada saioaren helburua, lan hori ondo egiten dute eta. Zein da baina telebista publiko baten helburua? Edozer emitituta ere audientzia lortzea, ala kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea?

Kalitatezko fikzioak, informazio pluralak eta entretenimendu programa hezitzaile eta kulturalek osatu beharko lukete telebista publikoa eta zer esanik ez, orain arte bigarren maila batean egon den euskarak. Ziur nago, eduki hauekin ere, badagoela audientzia lortzerik.

Superbat, pila bat

Otsaila 12, 2013 § 2 erantzun § permalink

Programazio Estrategiak ikasgaian ETB1-en inguruan egindakogogoetatxo bat:

Euskal telebistaren lehenengo katea, bere anaia gaztearen mende bizi denaren sentsazioa areagotu egin zait azken urteotan. Euri asko egin du sortu zen 1982 ez oso urrun hartatik eta urteekin etb 1 nabarmen aldatu dela esango nuke. Ez beti onerako gainera. Kate honekin hazi zen belaunaldikoa naiz. Bertan ikusten genituen marrazki bizidunak. Programazioaren zati handi bat hartzen zuten. Superbat klubekoak izan ginen lehenengo eta Betizu klubeko kide ere egin ginen beranduago. Hiru komunitatea sortu zuten duela urte batzuk eta bertako kide egiteko heldutxoak baginen ere, gugan ere eragina izan du klub honek. Etb 1en ikur eztabaidaezin izan diren marrazki bizidunak kate honetatik desagertu eta etb 3ra eraman zituzten, nahiz eta oraindik ere, goizetan etb 1en zer ematen duten galdetzean marrazki bizidunak ematen dituztela baino erantzun hoberik bururatzen ez zaidan. Hauek utzitako hutsunea, programa zaharren errepikapenek hartu dute.

Kirolak dira euskarazko katearen bizkarrezurra osatzen duten bertebren heren bat inguru. Kirol emankizunak euskaraz ematea aurrerapauso izugarria izan zen hizkuntzarentzat, egun baina, kirola, beste programen gainetik egon ohi da. Euskararen normalkuntzan lagundu beharrean programazio normal eta egonkor bat ez izatea ekarri du horrek nire ustez. Erabiltzaileak nekatzerainoko errespetu faltak dira aldaketa hauek eta bigarren katearekin alderatuta parrilla bati eta besteari ematen zaion tratua zeharo ezberdina da. Zuzeneko emankizun guztiek gainera ez dute tratu bera, bertsolari txapelketaren finaleko azken saioak, saskibaloi partida batek baino garrantzia gutxiago du antza (baten batek jakingo du zertaz ari naizen).

Goenkale, Mihiluze eta Hitzetik Hortzera dira agian, albistegiak kenduta, egun geratzen dien programarik beteranoenak. Fikzioaren aldeko apustu txikia egin da azken urteetan, saiakera batzuk egon badira ere, ikusleak bereganatu edo gatibatu orduko bertan behera geratu dira. Urte batzuetan pelikularen bat edo beste ematen bazen ere, gaur egun, bigarren katean ez bezala, salbuespen izan ohi dira etb 1en parrillan. Eta, ez da txarra izatearren edo bikoizketa lana gutxiestearren, baina marrazki bizidunetako pertsonaiekin lotzen ditugun ahots ezagun berak izateak pelikula ikusten jarraitzeko gogoa kendu izan dit baten baino gehiagotan.

Euskal Telebistaren lehenengo kateaz galdetzerakoan beraz, errepikapen ugari eta berri gutxi datorkit burura. Berri gutxi hitzaren zentzurik zabalenean, izan ere, bigarren katean baino informazio tarte gutxiago egon ohi da lehenengo kate honetan. Bigarreneko albistegiak ordu bete ingurukoak direnean, euskarazkoek ordu erdi eskas irauten dute eta kirol emanaldiren bat egonez gero nahieran mugitzen dira (kasurik onenean) eta murriztu gehienetan. Eguraldiaren tarteak Gaur Egun albistegiak baino iraupen luzeagoa izan ohi du.

Izan zitekeena eta behar lukeena baino gutxiago da euskal telebistaren lehenengo katea.

Euskal Irrati Telebistak 30 urte

Maiatza 20, 2012 § 0 erantzun § permalink

Ideia. Eskema. Orduak liburutegian. Dokumentatu. Garatu. Hainbat e-mail. 5780 karaktere. Ez dira nahikoa. Makina bat kafe, fotokopia eta informazio. Klik, klak, klik, tekla soinua. Hainbat egunen buruan 63.531 karaktere. Artxiboa/Gorde honela. Artxiboa/Inprimatu. Kasurik onenean, kolorez eta enkuadernatuta. Irakasleari eman. Zorte apur batekin osorik irakurriko du. Nota moodle-n. The end.

Iritsi da PDF, DOC, DOCX, RTF, TXT, AVI, MOV eta bestelakoak partekatzeko unea. Unibertsitateko lanak elkarbanatzeko momentua. Primerakoak izan ez arren, pendrive zaharretan ahaztea baino zerbait hobea merezi dute.

Duela egun batzuk Dokumentazio-lanaren garrantzia kazetariaren eguneroko jardunean izeneko lana partekatu nuen blogean. Oraingoan Euskal Irrati Telebistari buruz, Miguel Aizpuru eta biok egindako lana berreskuratu dut. Aitzakia, gaur EiTB sortzeko legea onartu zenetik 30 urte bete direla. PARTEKATU DITZAGUN GURE LANAK!

EiTBren historia laburra

1979ko Autonomia Estatutuan komunikazio erakunde bat sortzeko aukera bildu zen. Eusko Jaurlaritzako lehenengo hauteskundeak EAJk irabaiz zituen 1980an eta Karlos Garaikoetxea lehendakariak, Ramon Labaien izendatu zuen kultura zinegotzi. Labaienek Euskal Irrati Telebista  sortzea beharrezko eginbehartzat zeukan euskara normalizatzeko bidean. 1981ean Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan 53.000 m2 lur erosi zituen eta urte horretako azaroan hasi ziren Euskal Telebistaren egoitza izango zenaren eraikitze lanak.

EiTB 5/1982ko maiatzaren 20ko legearen bidez sortu zuen Jaurlaritzak, Autonomia Estatutuko 19. artikuluari jarraiki.

Hasiera denak izaten dira zailak, hutsetik hasi behar izaten da askotan eta hau izan zen EiTBren kasua. Hego Euskal Herrian ikusi zitezkeen telebista kate bakarrak RTVErenak ziren. Irrati eta Telebista bat ezerezetik martxan jartzeak gainera, lan handia eskatzeaz gain, formakuntza bat ere eskatzen zuen. Hori dela eta 1981ean Gasteizen Telebista Eskola bat zabaldu zuten Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren sotoan. EiTB martxan jarriko zuen langile talde bat heztea zuen helburu eskola honek. Studio Hamburg  enpresa alemaniarra kontratatu zuten aholkulari moduan eta 1982an euskal langile talde bat –zazpi kazetari eta 24 teknikarik osatua- Alemaniara joan zen ikasi beharrekoak ikastera.

Bitartean, gurean, Iurretako estudioak eraikitzeko lanek martxa onean jarraitzen zuten. Madrileko Page Ibérica enpresa punta-puntako instalazioak eraikitzen ari zen Bilboko IDOM enpresaren zaintzapean.

Madrilen PESA enpresa (Productos Electrónicos S.A.) lehenengo unitate mugikorra eraikitzen zebilen eta bertatik aireratu zen lehenengo aldiz Euskal Telebistaren seinalea euskaldunen etxeetara 1982ko abenduaren 31n. Gaueko hamabietan Euskadiko Orketra Sinfonikoak interpretatutako Agur Jaunak kantak eman zion hasiera Euskal Telebistaren lehenengo emanaldiari. Irudietan antena paraboliko baten mastan eskegita zegoen ikurriña bat ikusten zen.

Xabier Elorriagak zuzendu zuen lehen saio hura eta Elene Lizarralde eta Mari Jose Insausti izan ziren aurkezleak.

Hitzokin hasi zuten saioa:

Mari Jose: Ikusle maiteak, jaun-andreak, gabon. Gabon eta Urte berri on!

Elene: Urte berri on, bai, gure oso-oso berri Euskal Telebista estudiotik. Urte hau aurrekoa baino hobea izan dadila zuretzat, zure senideentzat, zure lagun eta adiskideentzat, herri honetako seme-alabentzat eta munduko herri guztietakoentzat.

Mari Jose: Eta, lehen ordu hauetan, 1983ko lehen minutu hauetan, Euskal Telebista honek bere lehen programari ekiten dio. Bere lehen probatako programari.

Elene: Nahiz eta erabateko egia izan ez, pentsa dezagun unetxo batez gure Euskl Telebista hau erabateko errealitate bat dela, eta Euskadi osoa gu ikusteko eta entzuteko antenaz berterik dagoela. Euskadiren zerbitzuan jaiotzen da Telebista hau; ikusteko eta entzuteko, hain zuen ere.

Mari Jose: Eta zergatik ez, hau guztia errealitate izango da laster asko. Eta, horretarako, hori guztia egia izan dadin, gaur, 1993. urtearen sorreran, jandaurreko lehen pauso hauek ematen ditugu, benetan uste duguna baino gehiago zaretelakoan. Zorionak, bada, eta aurrera.

Elene: Eta, hasteko, hona Karlos Garaikoetxea lehendakariak urte zaharraren inguruan emandako mezua. Adi-adi bazaudete gu ere aipatzen gaituztela konturatuko zarete.[1]

Hainbat arazo tekniko zirela eta, lehenengo emanaldi honek hainbat muga izan zituen, besteak beste, ikusle askok ezin izan zutela ETBren seinalea hartu. Durangaldean inongo arazorik gabe ikusi ahal izan zen programazio guztia. Bilbo inguruan erdizka baino ez. Lehenengo emanaldi hau baino lehen, Ganetako kable-zerbitzua tximista batek hondatu zuen, Zaldiarango zentroko ekipamendua atzeratuta zebilen eta Jaizkibelgo zentroak TVErekin adostu behar zuen emanaldien amaiera ETBko seinalea emititzen hasi ahal izateko.  Andoni Areizaga, EiTBko zuzendariak hurrengo hilabeteetako plana zein izango zen zehaztu zuen: “Zero programa honen ondoren, hiru etapa izango ditugu. Lehenengoan seinaleak baino ez dira igorriko, eta telebistak emanaldietara egokitzeko balioko du. [...] Bigarren etapa urtarrilaren bigarren astean zehar izango da, eta bertan albistegi laburrak eskainiko ditugu, bai euskaraz, bai gaztelaniaz eta bai filmen bat ere. Hori guztia ordubetean. Hirugarren etapari bigarren hiruhilekoan ekingo diogu; horrela pixkanaka hiru orduko emanaldietara iritsi nahi dugu urtearen bukaerarako”.[2]

Euskadi Irratia, hilabete lehenago hasi zen emititzen 1982ko azaroaren 23an. Radio Euskadi berriz, 1946ko abenduaren 21ean sortu zen “Radio Euzkadi, la Voz de la Resistencia Vasca” izeneko irratiaren ondorengoa litzateke. Lapurdin sortu zen irrati hau eta 1977ra arte iraun zuen erbestetik Euskal Herriaren berri emanez. 1983ko apirilaren 29an sartu zen EiTB taldearen barruan. Gaztelaniaz emititzen du. Bere euskarazko baliokidea, lehen aipatu, Euskadi Irratia litzateke.

1983ko urtarrilean Euskal Telebistak kontratuak egiteko ahalmena bereganatu zuen, ordura arte langile guztiak kultura sailarentat egiten baitzuten lan.

1983ko otsailaren 16an amaitu zen froga-emisioen epea. Urte horretan bertan hasi ziren Donostiako Miramongo produkzio-zentroaren eraikuntza lanak. Beste hainbat unitate mugikor ere erosi zituzten.

1986ko maiatzaren 31n sortu zen ETB 2 katea. Jose Maria Gorordo zen EiTBko zuzendaria eta garai hartako egoera aprobetxatuz, isilean eta inori ezer esan gabe aireratu zuten ETB 2 katea probatan. EiTBn lanean ari ziren langile gehienek ere ez zuten honen berririk izan harik eta emititzen hasi zen arte.

Euskal Irrati Telebistako Zuzendaritza Nagusiak jakinarazten dizue gaur, maiatzaren 12ko zazpi eta erdietatik aurrera, Euskal Telebistak programa berria hasiko duela probatan [...] Erabaki hau euskal titulartasun publikoko komunikabideak hazi eta kontsolidatzeko prozesuaren barruan kokatzen da.[3]

Ohar honekin eman zuten ETB 2 katearen sorreraren berri emititzen hasi baino ordu erdi lehenago. Il carnavale di Venezia filmarekin hasi zen Euskal Telebistako bigarren katearen bidea. Kate berri hau sortzeak iritzi eta kritika ugari izan zituen. Baina hiru ziren funtsean, bigarren katearen sorreraren inguruko eztabaidagai nagusiak: erabakiaren zilegitasuna, neurriaren legezkotasuna eta EiTBren ereduaren aldaketa (euskara eta euskal kultura bultzatzeko sortu baitzen eta erabaki honekin gaztelera hutseko kate berri bat sortu baitzen). Iurretako instalazioetan beste plato bat prestatu beharra zegoen ETB 2ren eta ETB 1en emisioak aldi berean egin ahal izateko. 1987ko otsailaren 20an Miramoneko EiTBren egoitza inaguratu zen. Urte bete beranduago, 1988ko azaroaren 20an Baionako EiTBren egoitza zabaldu zen.

90eko hamarkadan telebista kate pribatuen etorrerarekin batera, audientzia bereganatzeko lehiak gora egin zuen nabarmen. Hamarkada honen lehenengo urtean sortu zen Euskadi Gaztea irrati formula, 1990eko martxoaren 21ean hain zuzen ere.

2001ean ETB Sat katea sortu zuten Digital+ bidez zein ASTRA satelitearen bitartez ETBren emisioak Europara zabaltzeko. Canal Vasco katea berriz, Amerikan emititzeko sortu zen. Kate bi hauek produkzio propioa baino ez dute emititzen eta euskara zein gazteleraz emititzen dituzte edukiak. Azken kate honen eduki gehienak baina, gaztelera hutsean daude. ETB Sat-ek bi hizkuntzen arteko banaketa orekatuagoa egiten du. Orain artean Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen zen ETB Sat-en seinalea eta gainontzeko Europako eskualdeetarako emititutakoa ezberdinak ziren. 2011ko irailetik hona, EAEko ETB Sat-en emisioei ETB K Sat izena jarri diete eta ETB 4ren proiektuaren ordezko bihurtu da, kirola ardatz harturik osatuta baitago emisioa. 1998an EiTBren sorrerako legea aldatu zen ikus-entzunezkoen egoera berrira egokitzeko asmoarekin eta Eusko Jaurlaritzak EiTBren kontrol handiagoa izateko asmoarekin. 1999an EiTBren Iruñako egoitza inaguratu zuten.

2002an, Andoni Ortuzar buru zuen EiTBren zuzendaritzak, Iurretako egoitza Bilbora eramateko asmoa adierazi zuen. Horrela Bizkaian zehar sakabanatuta zituen hainbat egoitza batu nahi ziren. San Mames-en kokatuta zegoen Bilboko Erakustazoka Barakaldora eraman zutenean, 7 eta 8. pabilioiak EiTBren esku geratu ziren, 8. Pabiloia baina ez du osorik erabiltzen EiTBk, bertan beste komunikazio enpresa batzuk (Antena 3, El Mundo…) eta Bizkaiko Ogasunaren instalazioak daude. Instalazio berriak 2007ko apirilaren 3an inaguratu ziren eraikitze lanak oraindik guztiz bukatu gabe zeudela. 2007ko irailaren 25ean amaitu zen transladoa. Digibat sistemaren bitartez Miramon eta Bilboko egoitzak elkarrekin lotuta daude.

2008ko urriaren 10ean, arratsaldeko seiak aldera, ETB 3 katea jarri zen martxan Bilboko egoitzako Multibox aretoan egindako emankizuna bukatu ondoren.

Itzalaldi analogikoarekin batera, 2010ean EiTBri, LTD bidez emititu ahal izateko lau katedun Mux edo Multiplex bat eman zitzaion. LTD bidezko emisioak ETB 1, ETB 2, Canal Vasco eta ETB SAT (egun ETB K Sat) kateak emititzen zituen. Baina, ETB 1 eta 2 ez ziren Multiplex horretako kateak betetzeko ETB 3 eta ETB 4 sortzea erabaki zen. ETB 3, lehen aipatu bezala 2008an hasi zen emititzen eta haur eta gazteentzako programazioa eskaintzen du euskara hutsean (Gaur egun batez ere haurrentzako marrazki bizidunak ematen ditu, Teknopolis, Sut&Blai, Hitzetik Hortzera eta Gazte Klip bezalako programa bakar batzuk kenduta). ETB 3 sortu zenetik, Canal Vasco satelite bidez baino ez da ikusten. ETB 4-k berriz kirol programazio zabal bat eskainiko zuen eta bere emisioak 2009an hastea adostuta bazegoen ere, oraindik ez da kate berri hau sortu. Horren ordez, ETB K Sat-ek eskaintzen du kirol programazio hori. Ez da berdina beraz, Europan satelite bidez ikusten duten ETB Sat eta EAEn ikusten den ETB K Sat.

Lan osoa eitb.wikispaces.com webgunean dago (2011ko abendua).


[1] http://www.youtube.com/watch?v=D8eDXgYbFFo

[2] OTERMIN, Jose Maria; DIEZ UNZUETA, Jose Ramon (2006). EiTB 1982-2007. Hegaldi kronika. Donostia: EiTB.

[3] Idem.

Iruzkin labur batzuk eta RT bat

Maiatza 8, 2012 § 0 erantzun § permalink

Euskal Telebistako lehenengo kateak duela hilabete batzuk Ai ama! umorezko show-a hasi zuen. Lau hilabeteren buruan euskal hiztuna ez den gonbidatu bat eraman dute lehenengo aldiz Miramongo 21. platora. Saioa zuzenean balitz bezala emititzen den arren, goizetan grabatu ohi dute. Pentsatu nahi dut Rafael Amargoren saioa zuzen-zuzenean eman izana eta ez aurretiaz grabatuta. Rafael Amargori gauzak erdarara itzuli dizkioten era berean itzul zitzaketen berak esanak euskarara. Edo gutxienez elkarrizketa azpidatzi. Esan beharra dago baina gainontzekoan saioa txukuna izan dela.

@turutarena: RT Gaurko “Ai Ama”-n galderek ETB1ean beharko lukete eta erantzunek ETB2an. Tarteetan Mr. Bean #eues

Zaindu saioan ere ez dira hizkuntzarekin ados jartzen eta beste behin erdara lehenesten da euskara beharrean.  

Athletic nazioarteko partida garrantzitsuak jokatzen ari dela eta, hainbat saio berezi egin dituzte. Albistegietan ere ustez garrantzitsuagoak izan beharko liratekeen albiste batzuei baino denbora gehiago eskaintzen zaie zuri-gorrien norgehiagokei. Emisio arteko bumper eta gortinatxoak ere lehoizale bihurtu dira. Lehen artzain txakur lehiaketa eta errepikapenek betetzen zuten lekua zale zuri-gorrien zorakeriz bete dute orain eta nola ez saio hauek ere baten baino gehiagotan emititu dituzte, inor Athletic zein ona den jakin gabe geratu ez dadin edo.

Gora Athletic! Gora euskara! Gora telebista publikoa!

Hemezortzigarren promozioko ikaslea

Apirila 19, 2012 § 0 erantzun § permalink

Hemezortzi denboraldi telebistan. 3000 kapitulutik gora. Milaka sekuentzia. Milioika minutu. Datorren astean bukatuko dira denboraldi honetako grabazioak. Pantaila txikian gutxi batzuk agertzen bagara ere, astelehen eta astearteetan ikusten ditugun 60 minutu horien atzean pertsona mordoa dago: zuzendaria, zuzendari ordea, gidoilariak, argumentugilea, gidoi bateragileak, elkarrizketak egiten dituztenak, errealizadoreak, prooduktoreak, produktore eragilea, aktore zuzendariak, argiztatzaileak, audio teknikariak, audio eta bideo postprodukzioaz arduratzen direnak, irudi kontrolekoak, kamerak, grafistak, errealizazio laguntzaileak, artezlea, produkzio laguntzaileak, antzeztoki arduraduna, euskara arduradunak, jantzitegiko langileak, makillaje eta ileapaindegiko langileak, atrezzokoak…. Profesional apartak eta pertsona ezin hobeak denak. Ez, bestelakoa dirudien arren, ez da prefabrikatutako esaldi huts bat. Arraldeko eskolatik pasa diren guztiek badakite zertaz ari naizen. Eskerrik asko guztioi sekuentzia eta plano guztiak aprobetxatzen irakastearren!

Ez dugu ikusiko

Martxoa 8, 2012 § 0 erantzun § permalink

Hilabete batzuk barru agian ez dugu ikusiko. Ekainaren 30etik aurrera beharbada ez dugu ikusiko. Ez dugu begi berriz ikusiko. Ezta begi zaharrekin ere. Ez dugu ikusiko eta punto. Ez da izango itsu bihurtuko garelako. Ezta gogo faltagatik ere. Ez dugu ikusiko erabaki batzuk direla eta. Ez dugu ikusiko erabaki horiek oraindik hartzeke egongo direlako beharbada. Baina zoritxarrez ez gara ikusiko ez dugun bakarrak izango, haiek ere ikusi gabe jarriatuko baitute. Ez dute ikusi nahiko milaka eta milaka herritarrek ikusi egin nahi dugula. Milaka eta milaka euskaldunek ikusteko beharra dugula. Hemen eta han. Han eta hemen ikusi nahi dugu txantxangorria hegaz. Euskaldunok ez bada, nork ikusiko du euskal telebista?

Sagardotegira joatearren hil zen

Martxoa 1, 2012 § 0 erantzun § permalink

Gauza gutxi dira sagardotegira joatea baino hobeak. Sagardo freskoa, bakailao tortila, txuleta eta giro ona. Zer gehiago eskatu lekioke afari on bati? Baina ba al zenekiten familia bat sagardotegira afaltzera joaten den bakoitzean telebista programa bat galtzeko arriskua dagoela? Bai. Ez nabil txantxetan. Baina ez larritu. Hori gertatzeko familia horretako kideak euskal hiztunak izan behar dira. Halere, ez urduritu (etxean audimetro bat ez baduzu behintzat).

Zaila da Euskal Herrian zenbat audimetro dauden jakitea. Bizkai, Gipuzko eta Araban 350 daudela badakigun arren, ez daukagu Nafarroako ez iparraldeko daturik. Baina gatozen harira. Demagun, prime-time ordutegian herritarren %40-50 inguru egoten dela telebistaren aurrean. Euskal Autonomia Erkidegoan 350 audimetro daudela kontuan hartuz gero, gauero 150 edo 175 audimetro egoten dira piztuta gutxi gora behera. Kontuan izanda euskarazko lehenengo kateak bataz beste %1,8ko sharea eskuratu zuela iaz (eskuzabalagoak izango gara eta %6ko sharea jarriko diogu prime-timean normalean baino datu hobeak lortzen baitituzte saioek). Hiruko erregela sinple batekin kalkulatu dezakegu bederatzi audimetrok ikusi dutela saio hori (ordutegi normalean zifra ez da hiru audimetrotara iristen).

Zer gertatuko litzateke beraz familia horietako bat sagardotegira afaltzera joango balitz?

 

Non Nago?

telebista gaia bilatzen ari zara Izan ala ez izan-n.