Ama edo madre esaten zuen aktorea

Abendua 10, 2011 § 0 erantzun § permalink

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) Durangoko azokan antolatu berri duen hizkuntza gutxituak eta antzerkia izeneko solasaldiak zer pentsatua eman dit. Euskal Herrian gutxi dira euskaraz egiten diren antzezlanak. Bilbo aldean behintzat ez dago euskarazko horrenbeste antzezlan ikusteko aukerarik. Arriagan esaterako ez dituzte urtean bi emanaldi baino gehiago euskaraz programatzen. Euskaraz egiten diren antzezlan asko gainera, erdaraz ere taularatzen dira aldi berean, gaztelerazko bertsioa jende gehiagok ikusiko duelakoan. Money rules!

Antzezlanak bi hizkuntzetan aldi berean egitea aktoreentzako lan nekeza da. Erreportaje bat egiteko Ander Lipusekin hitz egiteko aukera izan nuenean “ama edo madre” esatea ezberdina zela esan zidan. Eta hala da. Pentsatzen jarri, eta nahiz eta esanahi berbera izan, zeharo ezberdinak dira hitzok. Sentimenduak berdinak izanda ere, tresna, kasu honetan hizkuntza, ezberdina delako.

Itziar Ituñok behin kontatu zidan Madrilen egin zuten espainolezko emanaldi batean aktoreetako bat testua euskaraz esaten hasi zela. Madrilen euskara ulertu ez eta kanpoko beste hizkuntzaren bat zelakoan geratu zirenez azkenean ez omen zen ezer gertatu.

Anekdotak dibertigarriak badira ere, errealitatea ez oso. Euskarazko emanaldietara erdarazkoetara baino jende gutxiago hurbiltzen da orokorrean. Euskaldunak gehiengoa diren herri askotan gainera, antzoki publikoetako programatzaileek erderaz programatzeko joera dute etekin handiagoak aterako dituztelakoan. Hiri handietan ere euskal hiztunen kopuruak gora egin badu ere, antzokiak ez dira euskaraz programatzera arriskatzen eta emanaldi oso gutxi egiten dituzte hizkuntza honetan. Euskarazko emanaldietan aretoak erdi hutsik egoten direla argudiatuta egiten dute hau. Publikoak antzezlanak euskaraz ikusteko ohiturarik ez omen duelako. Erraza da ohiturari errua bota eta orain artean bezala euskarazko antzezlana astelehen arratsalde batean edo goizez programatu (euskarazko emanaldiak ikasleentzako baino ez omen direlako) eta gaztelerazkoa antzokien prime time-an programatzen jarraitzea. Gero susmo handiagoak ditut ez ote den ohiturarik eza beharrean, interesik eza aretoak erdi hutsik egotearen atzean dagoena.

Argazkia: Mikel Martinez @mikelbiko http://t.co/lrUnEuqLArgazkia: Mikel Martinez @mikelbiko (http://twitpic.com/7pvirs)

Non Nago?

ikusle etiketakin markatutako sarrerak bilatzen ari zara Izan ala ez izan-n.