Nazioa eta nozioa

Urtarrila 9, 2012 § erantzun 1 § permalink

XXI. mendean, honako hauek izango dira oinarrizko elementu estrategikoak: adimen-gaitasuna, irudimena, asmamena, eta teknologia berrien antolaketa. Gero eta gehiago, nazioen aberastasuna nozioen aberastasuna izango da.

CC-By Dalbera

Ez gaude zientziaren amaieran, hasieran baizik. Nik hala ikusten dut behintzat Zientzia: jaio berri, sormenerako ezin konta ahala aukera eskaintzen dizkigula. Galderei erantzuna emanez egiten du aurrera zientziak, baina erantzun horietatik galdera berriak sortzen dira ostera. Esan liteke badagoela hor Energiari eusteko legearen antzeko beste lege bat: “Ez-jakintasunari eusteko legea”. Oharkabeko ez-jakintasuna zena, ez-jakintasun ohartua bilakatzen da, hori da dena. Ez-jakinak garela konturatzen gara. Are gehiago, beharbada badago beste lege bat ere, entropiarenaren antzekoa, “Ezjakintasuna areagotzeko legea” deitu dezakeguna. Ikerketa zientifiko batek emaitza zilegi bakarra dauka, eta hauxe da: lehen galdera bakarra zegoen lekuan bi galdera uztea. Kaosean ordena ezarriz egiten dugu aurrera, baina gure jardunak kaos berria sortarazten du. Baina ez naiz gehiago tematuko ideia hori adierazten, nik dezakedana baino askoz modu ederragoan adierazia baitu hori Pablo Nerudak:

Kontua da ziurgabetasun

abstraktu bat

dariola berriz ordena izatera

itzultzen den kaos bakoitzari.

 

Ez genuke ahaztu behar zientziaren garapenak etikaren garapenaren eskutik joan behar duela beti. Einsteinek badu esaldi zorrotz bat, sekula ahaztu behar ez genukeena: “Baliabide bikainak eta helburu nahasiak, horra gure garaiaren ezaugarri nagusia”.

Arriskutsua litzateke, oso, talde moduan dugun boterea azkarrago haztea, botere hori egoki erabiltzeko gure zuhurtzia baino. Ezagutza ez baita dena: ezagutza bezain beharrezkoak dira zuhurtzia eta jokabide egokia.

Etorkizuneko garapenak ezin gaitu eraman natura inolako mugarik gabe ustiatzera. Aitzitik, materiaren egitura eta funtzionamenduaren ezagutza gero eta sakonagotik etorri behar du garapenak, gutxiago erabiliz etekin handiagoa ateratzen ikastetik, alegia.

Gure gazteek –eta guk guztiok- behar duguna ez da teknologia eta zientzia ikasten ordu gehiago sartzea. Ez behintzat hori bakarrik. Horrez gain, etorkizunari iraganekoa ez den begiradaz begiratzen ikasi behar dugu lehenbailehen. Gure seme-alabek eskubidea dute etorkizun hobe batekin amets egiteko. Amets hori inoiz egia bihur dadin, ikasi beharko dugu atzera geratzen dena bertan ez uzten; ikasi beharko dugu aberastasuna sortzeaz gain den-denei zor zaiela modu orekatuan garatzeko eskubidea; ikasi beharko dugu  ingurumena modu arduratsuan tratatzen; eta ikasi beharko dugu kultur aniztasuna behar bezala zaintzen. Eta Euskal Herriaren kasuan, euskara da, dudarik gabe, zaindu beharreko gure kultur ondarearen zatirik garrantzitsuenetako bat.

Zientzia, politika, gizartea

Azaroa 27, 2011 § 0 erantzun § permalink

Zientziaren eta Gizartearen arteko harremanari dagokionez, hauxe da funtsezko kontua: hasi berria den XXI. mende honetako kultura, zientziaren eta teknikaren kultura izango da (XX. mendekoa ere hala izan zen). Herrialde aurreratuen taldeko kide izan nahi badugu, gure gizarteak –eta, batez ere, gure politikariek- horretaz ohartu eta, ondorioz, zientziaren garapean sustatu beharra daukate.

» osoa irakurri «

Teknologiaren lau aldiak

Urria 26, 2011 § 3 erantzun § permalink

Aurreko sarreran hasi nintzen esaten eta gaur jarraituko dut gaiarekin: nire ustez teknologiak lau fase edo aldi ditu. Baina zein dira, ba, teknologiaren lau fase edo aldiok? Labur azalduko dut, eta, esan bezala,  hiru teknologia desberdin hartuko ditut adibidetzat: papera, elektrizitatea eta ordenagailuak.

cc-by-sa InakiUharte

» osoa irakurri «

Nanoteknologia (eta 3)

Urria 16, 2011 § 0 erantzun § permalink

Nano-zientzia errealitate bat da gaur egun, eta baita nano-teknologiaren hainbat alderdi ere. Hala ere, esan beharra dago nano-teknologia oraingoz areago dela etorkizuneko kontua, oraingo kontua baino. Izan litekeenaz gehiago hitz egiten dugu, gaur egun izan badenaz baino. Hala aipatzen ditugu, adibidez:

-Drogak atomoz atomo eraikitzea. Orain arte ez da lortu, baina formula aurkitzen badugu egingo dugu hori ere.

-Kirurgialaria irenstea. Beharbada, geu kirurgialariarengana joan ordez, kirurgialaria bera irentsi egingo dugu. Imajinatu zer litzatekeen gure zainetan barrena 10 bilioi nano-errobot edukitzea, azukre eta kolesterol maila kontrolatuz, plakak arterietan nola metatzen diren ikusten, eta abar. Imajinatu bildutako informazio guztia guk azalpean txertatuta eramango genukeen ordenagailu txiki batera bidaltzen dutela gero mikro-errobot horiek, eta, hark, automatikoki, diagnostikoa egiten duela. Eta, fikzioa muturreraino eramanik, imajinatu azalpeko ordenagailu horrek laser bat bidaltzen duela behar den lekura, eta han sortutako enbolia lehertarazten duela…  Etorkizuneko kontuak dira, oraingoz, horiek guztiak, baina ez doaz fisikaren legeen kontra, eta, etorkizunean, beharbada, iritsiko gara orain mirari diruditen gauza horiek egia bihurtzera.

cc-by-sa: Viagallery.com

Horretarako, ordea, ezinbesteko baldintza bat dago: ordenagailuen teknologia bere laugarren aldi edo fasera eramatea lortu behar dugu aurrera, bestela jai dago.

Baina zer arraio ote da teknologien lau aldi edo faseen kontu hori? Saiatuko naiz ahal den modurik arinenean azaltzen, txantxa bat edo beste tarteko.

Esan dudan bezala, ordenagailuak ez dira oraindik iritsi bere teknologiaren laugarren aldira. Izan ere, edozein teknologiak lau aldi edo fase izaten ditu bere garapenean, eta ordenagailuak, oraingoz, hirugarrenean daude.

Zein dira, ba, teknologiaren lau fase edo aldiok? Labur azalduko dut, eta hiru teknologia desberdin hartuko ditut adibidetzat: papera, elektrizitatea eta ordenagailuak, hurrengo sarreratik landuko ditudanak.

Nanoteknologia (2)

Urria 9, 2011 § 0 erantzun § permalink

Nano-teknologia, nano-zientziak, nano-egiturak… sarri entzuten diren kontuak dira horiek. Zer esan nahi du, ordea, “nano” horrek?

Ez da misterio handia: “nano” aurrizkiak neurri jakin baten mila-milioirena adierazten du beti, edozein delarik ere “nano” aurrizkia hartzen duen neurri-unitatea.

cc-by-sa: LuizCarloFelipon

Hala, bada, nano-metroa metroaren mila milioirena baino ez da. Tartean dauden beste neurri baten bitartez esanda: mikra baten milarena da nano-metroa, milimetroaren milioirena baita mikra.

Aipatzen ari garen nano-mundu horren neurria irudikatu ahal izan dezazuen, hona hemen, elkarren ondoan, hainbat gauza eta beren neurria:

Biologiak, eta naturak, nano-neurriko eskalan funtzionatzen du. Zenbat handi da atomo bat?  Hor ikusten den bezala, neurriari dagokionez berdinak dira jostorratz baten muturrean dagoen atomo bat eta Zerbino mendiaren gailurrean jarritako hondar-alea.

Atomo asko al dago munduan? Bai horixe, ikaragarri asko. Zenbat, ordea? Gramo gutxi batzuetan bertan, 10 ber 23 atomo dago. Avogadroren zenbakia esaten zaio horri, baina hamarreko berreketekin ohituta ez daudenak apenas konturatuko diren zenbateraino asko den hori. Adibide batekin saiatuko naiz, hala ere.

Atomoak pezetak balira, antigualeko pezetak, edo euroak, berdin dio, lurreko 6000 milioi biztanleetako bakoitzari ehun bilioi euro emateko adina izango genuke gramo bakar batean.

Beraz, teknologia horrek funtzionatzen badu, orduan materia ez agortzeko aukera handia izango dugu.

Feynman-ek oso adibide grafikoa aipatzen du: “Informazio-bit bat 1000 atomotan biltzea lortuz gero, munduko liburutegirik handiena den Estatu Batuetako Kongresuaren liburutegian dauden eduki guzti-guztiak azukre koxkor baten neurriko kubo batean sartu ahal izango genuke.

Eta aipatzen ari naizen teknologia hori egon badago gaur egun. Gertatzen dena da ez goazela nahiko genukeen bezain azkar. Baina zertxobait aurreratu dugu behintzat. Orain gauza gara atomoz atomo “atomo” hitza  japonieraz idazteko. Hor ikus dezakezue hori. Eta gauza gehiago ere bai, noski. Adibidez, gauza gara kobrearen gainazaleko elektroiak burdin-atomoz osatutako eskorta batean sartzeko.

Eta zein da, ba, hau dena egitea ahalbideratu duen teknologia: tunel-eraginaren teknologia. Ea labur azaltzen dizuedan zer den hori. Demagun pilotaleku batean gaudela. Pilotariak pilota jotzen duenean, pilota, frontisa jota, itzuli egiten da pilotariaren aldera. Zer gertatuko litzateke tarteka-marteka pilotak, errebotatu beharrean, frontisa zeharkatuko balu? Aurrena, pilotarientzat eta artekarientzat deskalabro latza izango litzateke, noski, eta baita dirua jokatzen dutenentzat ere. Ba, horixe da, hain zuzen, elektroiek egiten dutena. Hor eskuinean* ikus dezakezuenez,  elektroiek oztopo bat topatzen dutenean, elektroi gehienek errebotatu egiten dute, baina batzuk zeharkatu egiten dute oztopo hori. Zenbatek zeharkatzen duten oztopoa? Ba, elektroia oztopoaren gainaldetik zenbat eta gertuago egon, orduan eta errazago, orduan eta gehiago lerratzen dira beste aldera.

Hori horrela izanik, demagun nik elektroi-korronte bat sortzen dudala eskutan dudan traste honen* eta mahaiaren artean, eta korronteari beti intentsitate berean eusten diodala. Nik hau horrela mogitzen hasten banaiz, mahaiarekiko distantzia beti bera denez, ez da ezer gertatzen, elektroi-kopuru berdina lerratzen da beti. Baina korrontea mahai gainean dagoen zerbaiten parera iristen bada, orduan mahai gainean dagoen horren gainalaza hurbilago dago, eta elektroi gehiagok egingo dute ihes. Hori gertatzea nahi ez badut, eskua urrundu beharko nuke, hartara ihes egiten duten elektroien kopurua berdina izan dadin. Beraz, nire eskuaren mugimenduak, bere gora-beherekin, mahaiaren topografia adierazten du.

Eta horixe baino ez da tunel-mikroskopioak egiten duena. Hor ikusten duzuen kolore horiko zera gorritik distantzia jakin batera dago, mugimenduari esker. Urdinera iristen denean, gora egin beharra dauka. Hala, bada, muturraren mugimenduak aztertzen ari garen gainazalaren topografia islatzen du.

Hori guztia, baino askoz modu artistikoagoan, Artium telebistak egindako programa batetik hartutako irudi hauetan ikus dezakezue (Artiumekoak gure zentrora bisitan etorri ziren behin, eta ekarri zuten bideotik hartutako irudiak dira hauek).

Hor ikusten da non kokatzen den elektroi-korrontea: atomo-eskalako muturraren eta gainazaleko atomoen artean, hain juxtu, eta kontuan izan metro baten milioirenako eskalan ari garela hemen. Atomo baten parera iristean, gora egin beharra dauka, eta hori aise kontrola litekeen gauza da. Gora egingo ez balu, urdinaren intentsitatea areagotu egingo litzateke.

(Luze samarra da bideoa, baina ondo etorriko zaigu atseden apur bat hartzeko, bai zuek eta bai nik)

Fenomeno kuantiko peto-petoa da hau, horrelakorik ez da gertatzen fisika klasikoan. Fisika klasikoan, gauza bat, bera baino energia handiagoa duen beste gauzaren batekin topo egiten duenean, hantxe geratzen da, pasatu ezinik. Kuantikaren munduan, aldiz, gehienak ez baina batzuk lerratu egiten dira, horixe da probabilitate kuantikoa. Horri esker, atomoak batetik bestera eraman litezke. Eta, atomoz atomo zerbaiten idazten hasita, hona hemen zer idatzi duten: aurrena IBM, eta gero NANO. Normala.

Gu ere gauza gara beste horrenbeste egiteko. Hemen duzue, adibidez, DIPC, urre- eta zilar atomo bakanez  idatzia, kobrezko gainalaz baten gainean. Nik dakidala, hauxe da atomoak banan bana mogituz idatzi den euskarazko lehen hitza. Euskarazko hitz guztiak daude atomoz osatuta, baina hor bilioika atomo sartzen dira. Hor ikusten duzuen hori, aldiz, atomoz atomo dago idatzia.

Eta kontu txiki hauek sekulako garrantzia dute, naturak nano-neurrian funtzionatzen baitu.

Hemoglobina, adibidez, makina molekular bat besterik ez dela esan zuen Max Perutzek.

Nanoteknologia (1)

Iraila 29, 2011 § 0 erantzun § permalink

Orain arte, eskura genuen materia erabili baino ez dugu egin. Aurki, ordea, eragile ez ezik egile ere izango gara, eta materia berria sortzeko gai izango gara, ingeniaritza atomikoari esker. Bestalde, ingeniaritza genetikoak bizia eraldatzeko eta bideratzeko aukera emango digu, eta begi-bistakoak dira horrek dituen ondorioak. Azkenik, ordenagailuak adimenaren arazo korapilatsua askatzen lagunduko digu beharbada, bai giza-adimenarena bai adimen artifizialarena.

cc-by-sa: pablomatamoros

» osoa irakurri «

Sormen askatasunaren eta epe luzearen garaipena

Iraila 15, 2011 § 0 erantzun § permalink

Gaur egun, zoritxarrez, zientzia bideratzeko joera dago, zientziari iker-bideak ezartzekoa. Beti ere, epe laburreko premien izenean egiten da hori. Merkatuak zer behar duen, horixe ikertzeko eskatzen zaio sarri zientziari.

» osoa irakurri «

Aurrerabideaz

Abuztua 16, 2011 § erantzun 1 § permalink

Ordenagailuak —behar bada nano-teknologia lagun—, adimenaren misterioa argitzeko aukera emango digu etorkizunean.

Aipatu nahi dudan ideia honek, ezin hobeto laburbiltzen du fisikaren eta biologiaren arteko elkarlana. Horrez gain, zientziaren ezaugarri funtsezkoa ere bada ideia hori: progresua.

Zientzialari guzti-guztiek irakurri behar lukete zientziaren historia. Hartara konturatuko lirateke zeinen garrantzitsuak diren, beren txikian, bakoitzak egiten dituen gauzak. Txikiak dira, noski, gutako bakoitzak egin ditzakeen gauzak. Baina, aldi berean, sekulako garrantzia dute, kate luze baten katebegiak baizik ez gara-eta. Txikiak, bai, baina behar-beharrezkoak denak ere, katea eten ez dadin.

“Nire ikusmena hain urrutira iritsi bada, nire aurreko erraldoien bizkar gainean igota nagoelako da”. Newton.

“Itsasoko olatu bakoitzak, bere aurretik izan diren olatuei zor die bere edertasuna”. A. Gide.

 

cc-by-sa: Sean MacEntee

» osoa irakurri «

Gauzak nola diren

Uztaila 30, 2011 § 0 erantzun § permalink

Argazkikoa Young izeneko sendagile ingelesa duzue, jakituria entziklopediko baten jabe zen genioa. 1800. urtea aldera, honako aurkikuntza hau egin zuen Young-ek: zirrikitu batetik pasatzean, argia difraktatu egiten zela, hori izan zen Youngen aurkikuntza. Argiak, uhin-izaera duenez, gune ilunak eta gune argiak sortarazten ditu zirrikitu batean zehar pasatzean.

» osoa irakurri «

Emakumeak zientziaren historian

Uztaila 20, 2011 § 2 erantzun § permalink

Eten txiki bat egin nahi dut nire jardueran, asko baino gehiago kezkatzen nauen gai bati heltzeko: emakumea eta zientzia.

Lehengo batean, Rosalind Franklini gertatutakoa aipatu nuen ADNaren aurkikuntza nola izan zen kontatzerakoan. Esan bezala, emakumea zelako ez zitzaion Rosalind Franklini bere meritua behar bezala aitortu. Egia esan, zientziaren munduak ez dio inoiz harrera onik egin izan emakumeari, nahiz eta orain, zorionez, zertxobait aldatzen ari den hori. Eta konturatu behar genuke zer nolako kaltea egiten dion horrek zientziari, asko galtzen ari baikara emakumea bazter utzita.


» osoa irakurri «