Emakumeak zientziaren historian

Uztaila 20, 2011 § 2 erantzun

Eten txiki bat egin nahi dut nire jardueran, asko baino gehiago kezkatzen nauen gai bati heltzeko: emakumea eta zientzia.

Lehengo batean, Rosalind Franklini gertatutakoa aipatu nuen ADNaren aurkikuntza nola izan zen kontatzerakoan. Esan bezala, emakumea zelako ez zitzaion Rosalind Franklini bere meritua behar bezala aitortu. Egia esan, zientziaren munduak ez dio inoiz harrera onik egin izan emakumeari, nahiz eta orain, zorionez, zertxobait aldatzen ari den hori. Eta konturatu behar genuke zer nolako kaltea egiten dion horrek zientziari, asko galtzen ari baikara emakumea bazter utzita.


Gaineko irudi hau, adibidez, Solvay zientzia-elkartearen V. Biltzarrekoa da, 1927koa. Hor ageri diren horiek, berriz, garai hartako fisikaren –eta zientziaren- aristokrazia osatzen zutenak dira. Ikusten duzuenez, emakume bakarra ageri da argazkian: Madame Curie.

Horrek esan nahi du hor ageri diren Nobel-saridun guztien %3,57 baino ez zela emakumezkoa 1927an. Gaur egun, ia mende erdi bat geroago, Nobel saria jaso duten emakumeen portzentajea handitu egin da, baina ez behar bezainbeste: %4,4 baino ez da, alor guztietan!

Gauzak ez dira, beraz, asko aldatu, eta datuak ikaragarriak dira, benetan. Bi emakume baino ez dira agertzen fisikaren Nobel saria irabazi dutenen zerrendan. Madame Curie da bata, 1903kok Nobel sariaren laurdena irabazitakoa. Bestea, Maria Goeppert-Mayer da, 1963ko sariaren laurdena irabazi zuena, nukleoaren egiturari buruzko lanengatik.

Beste emakume batzuk, merezi arren, Nobel saririk gabe geratu ziren, ulertzen erraz ez diren arrazoiak tarteko. Lise Meitner, esaterako, bazterrera utzi zuten saria Otto Hahn-i eman zitzaion urtean, 1944an. Eta garbi gera bedi ez naizela ari saria irabazi zutenen merezimendua zalantzan jartzen: Nobel saria irabazi duten guztiek ondo merezita irabazi dute, nire ustez; baina irabazleek adinako merezimendua zuten emakume batzuk saririk gabe geratu dira, eta hori ere argi eta garbi esan beharra dago. Alegia: Nobel saria Hahn-Strasseri bakarrik ematea baino bidezkoagoa eta zuzenagoa zela Hahn-Strasserrekin batera Lise Meitner ere saritzea. Antza denez, Lise Meitner bera izan zen esperimentua gidatu zuena, eta halere ez zioten saririk eman.

Rosalind Franklin lehenago hil zen, baina orduan ere hiru gizonezkori eman zitzaien Nobela: Crick, Watson eta Wilkinsi. 1974an, berriz, Nobela Ryle eta Hewish-i eman zietenean, haiek bezain merezia zuen saria Jocelyb Bell-ek, baina hari ez zioten eman. Eta hori ez zen noski bi sarituen errua izan, Akademiarena baizik.

Aipatu ditudan kasu horiek argi adierazten dute salatzen ari naizen bidegabekeria. Baina, pentsatzen hasita, nola sarituko zuten, ba, emakume bat? Giro hartan, ia ezinezkoa zen hori. Izan ere:

-Royal Society-k, 1862. urtean sortutako zientzia elkarteak, 1945a arte ez zuen emakumerik onartu kidetzat.

-Parisko Zientzi Akademiak, 1979an onartu zuen lehen emakumea, eta 1666. urtean sortua zen Akademia. Madame Curie bera ez zuten onartu, nahiz Nobel saria birritan irabazia izan. Arrazoia ez ote zuten, bai, garai batean honako lelo ironikoa erabiltzen zuten euskaldunek: “liberté, egalité, fraternité… hiruretarik bat egia balite!”.

Markatua

§ 2 Responses to Emakumeak zientziaren historian"

  • Angel Garcia(e)k dio:

    Marie Curiek Kimika Nobel Saria ere irabazi zuen (zientzietan bi sari irabazitako bakarra izan da), 1911n, eta halere urte hartan ez zuten Frantziako Zientzien Akademian onartu, emakumea izateagatik. Horrek poliki adierazten du garai hartan emakumeek gainditu behar zuten aurrejuzkuen tamaina.

    Gero, XX. mendearen lehen erdian gora, beste faktore batzuk ere kontutan hartu beharrekoak dira, nire irudiko. Adina: batzuek oso gazte jaso zuten, aurkikuntza iraultzailengatik; beste batzuek luze esperatu behar izan zuten… Judua izatea: Lise Meitneren kasuan horrek ere eragin zuen, eta saria jaso izan balu, 66 urterekin jasoko zukeen. Bertzeak bertze.

    Baina niretzat harrigarriena da 1963ren geroztik emakumezko bat ere saritua ez izatea, Fisikan. Nola ulertzen da hori? Batez ere kontutan hartuta Munduko Bigarren Gerra eta gero Fisikaren erdigunea Estatu Batuetan kokatu zela, eta Sobiet Batasuna ere hor zegoela. Erran nahi baita, emakumeak unibertsitatean sartzeko edo bizimodu autonomo bat hartzeko (teorikoki, behintzat) oztopo gutxi zeukan bi gizarte.

    Sobera ez luzatzeko: oker ez banago, Afrikan edo Hego Amerikan jaiotako sariturik ere ez da egon.

    Probabilitatearen legeak aplikatu beharko ote genituzke afera hauetan ere?

    Bukatzeko: Espainiako Tronuaren lurretan jaiotako inor ere ez dago, Fisikan sariturik.

  • Angel Garcia(e)k dio:

    Barkatu barkatu gomendioa, baina gai honetaz arras mamitsua da Ian McEwan idazleak “Solar” eleberrian sartu duen egoera zirikatzailea. Prentsaurreko batean protagonistak, Nobel sariduna, bere iritzia eman eta gero. 162-183 orrialdeak Anagramaren edizioan.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>