Hildakoak paperetan (II.)

Maiatza 16, 2011 § 4 erantzun

Behin hildako jendeari argazkiak atera eta egunkarietan argitaratzen direnean, errespetuaren gaia azaltzen da. Hildako batzuen argazki batzuk gehienoi iruditzen zaizkigu errespetu falta. Baina errespetu falta nori, hildakoari? senitartekoei? ikusleari?

Hilda dagoen bati argazkiak ateratzea beti da zaila. Badakizu baten bati ez zaiola gustatuko. Badakizu hurbilekoren bat mindu daitekeela, edo amorratu. Baina normalean hildakoari argazkiak ateratzerakoan beti daude bizidunak inguruan, gehienetan samindurik izaten direnak. Ezagutzen ez duzun norbait alboan hiltzen denean ere, tristetu egiten gara, jendea isildu egiten da, errespetuz edo, baina zendutakoa ezaguna bada errespetu eskaera izugarri handitzen da. Niri ba, hor sartzea tokatzen zait, nik hor sartu beharra dut; Ez beste ikusle baten moduan, ni gerturatu egiten naiz, trastetzar bat begi aurrean ipini eta sekula baino ozenago entzuten den KLIK bat egiten dut; eta beste bat, eta beste bat…

Nik barneratuta daukat nire ogibidea intrusiboa dela. Nik askotan jende baten egunerokoan muturra sartzen dut, sarri hitzezko baimen eskatzerik gabe, onartuko nauten itxaropenarekin, baina beste askotan gustuko ez nauten lekuetan ibili behar dut, inork ez baitu gustuko egoera latz batean mundu guziaren aurrean azaltzea. Aita, alaba edo ezagun bat hil zaizulako negarrez zaudenean argazkiak ateratzera datorkizun hori garbitu egingo zenuke. Zendu dena politikaria balitz ere, lan istripuz hil bada ere, atentatuz erail balute ere, beste 200 hil balira ere, gosetearen erruz hil bada ere edo tsunami batek zure hiri osoa suntsitu izan balu ere… baino kontatu egiten dugu, eta argazkiak atera.

Hori da galderak egitearen arrazoia. Nik badakit nire lehen trantzea argazkiak ateratzeko unea dela. Argazkiak ateratzetik argitaratu arte erabaki asko egotean, ahal den guziari argazkiak ateratzea onuragarria bada ere (gero erabaki dezakezu zer ez den erakusgarria), erretratatzeko momentuko inbasio maila neurtzea, gizatasunez jokatzeko egin daitekeen gauzarik basikoena dela uste dut. Beti sentituko da norbait erasotua, beti, baina hori onartzen ez  badugu informazio eredua aldatu beharko genuke, bizirik daudenei argazkiak egitean ere erasotuak sentitzen baitira. Zeini gustatzen zaio legez kanpoko manifestazio batean dagoelarik argazkilari bat ikustea, mozkortuta egonik edo egon behar ez lukeen nonbait egon eta egunkarietan azaltzea edo…

Aurreko sarreran aipatutako argazkia (eta ez beste bat) ateratzearen arrazoietako bat hau izan zen. Noski aurreko astean argitaratutako dudek ere garrantzia izan zutela, baina bertan zeuden hurbilekoak gehiago ez aztoratzeagatik egin nuen argazki hori. Bestelaz, hildakoa ikusi gabe ere, argazki asko egin daitezke, niretzako balekoak liratekeenak, baina ez nuen hildakoren inguruan jiraka ibili nahi (beste batzuetan bai, nahi izaten dut, edo behar…).

Badakit senitartekoek nahiko luketen maila hamaika alditan gainditu dudala, sarri, sarriegi nik neuk onartutako maila gainditu izan baitut; Ni ere irensten nauelako egoerak,  kolokatu odolaren usainak, liluratu magazinetako azalek eta estutu inguruneak.  Nik hori argi  daukat, baina horrek ez nau aske uzten intrusio maila neurtu behar izatetik. Ez du denak balio. Dena gaizki ez dagoen bezala.

Markatua

§ 4 Responses to Hildakoak paperetan (II.)"

  • Paki Perez(e)k dio:

    Oso gogoeta onak. Lasaitasuna ematen du ikusteak badagoela bere bokazioan sakon pentsatzen duenik. Eta bokazioak norbere zilborretik landa jendartean eragina duenean, zer esanik ez…!
    Egun edonor da “argazkilari”, Gari. Mundu guztiak dauka argazki zein bideo kamara bat patrikan, eta mundu guztiak dauka nun argitaratu, istant batean planeta osora hedatzeko. Eta mundu guztiak ez dauka kezka etiko sorta berbera. Galderak egiten dizkiogu gure buruari; balizko erantzun guztien artean egokiena hautatu nahi genuke beti, gure baloreen arabera.
    Eztabaidak zientoka adar ditu. Egunak, urteak eman genitzake eztabaidan, komunikazioaren ezaugarriak eta mugak adosteko, giza duintasunarekiko errespetuarena errespetatuz.
    Argazkilariaren betebehar profesional edo sozial edo artistiko edo politikoaren inguruan argazkilari askori entzun di(zu)et, eta irudipena daukat guztiek dituzuela gutxi gorabehera kezka berdinak, ezintasun berdinak.
    Heriotzaren gaira mugatuz: Batetik, esango nuke errealitate bat dela gure kulturan heriotza tabu bat dela. Gertukoen heriotzek txikitu egiten gaituztela.
    Bestetik, komunikabideen ildoa, gai honi dagokionez, errealitate kultural horri iseka egitera bideratua dagoela. Errealitate hori kontrakoa balitz bezala jokatzen dute, ildoak finkatzearen ardura eta boterea duten horiek. Ikuslearen barrenak haustera doaz zuzen-zuzenean, inolako errespeturik gabe, ez ikuslearekiko, ez hildakoarekiko (bere duintasunarekiko), ez bere gertukoekiko, ez heriotza modu horretan bizi duen giza kolektibo kulturalarekiko ere.
    Naturala da heriotza, jakina. Badugu garaia agian gai hau beste modu batean ikusten hasteko, izan daiteke, beste eztabaida bat da. Baina komunikabideetako arduradunek izan zezaketen garaia ere BERAIEN zorigaitzen inguruan hitz egiteko, irudi handi eta ikusgarriz hornituta albisteok.
    Iruzur hori da amorratzen nauena. “Gure” zorigaitzak azkar asko babesten ditugula (edo saiatzen garela bederen), aldi berean “besteen” zorigaitzak argitara eramateko azkar asko, “guztion” informazio-eskubidearen bandera zinikoki altxatuta. Mila adibide ditugu hau dena ilustratzeko: Txalogarria, hunkigarria egin zitzaidan, adibidez, espainiar komunikabideen arteko itun modukoa, martxoaren 11 hartan hildako pertsonen gorpuen irudiak ez agertzeko. Agertu zituen medioaren kontrako osteko arrangura eta kritika latz mordoa ere, hunkigarria; azken batean, bazirudielako JABETU zirela halako portaera “informatiboek” zer nolako erasoa suposatzen duten sentsibilitate kolektiboarekiko. Alabaina, zenbat sarraski ez ote dizkiguten ilustratu, gertakari haien ondoren. Gauza bera esan genezake yankien inguruan; hauen eta besteen inguruan, azken batean: Guztion inguruan. Guztion hipokrisia maltzurraren inguruan. Bagara edo ez gara, heriotzari “naturaltasunez” begiratzeko gauza. Galde norberak bere buruari. Nik ez dut ikusi nahi, leihotik salto egin badu, nola egiten duen nire anaiak. Eta ez dut, horrenbestez, beste inor ikusi nahi (irailaren 11ko dorreen irudietan ikusi BEHAR izan nuen bezala, abisurik gabe, albistegi batean).
    Pentsatzen dudana da bere eskuetan argazki edo bideo kamara bat duenak baduela aukera bat, momentuaren laburtasunean ttak, erabaki bat hartzeko, zirt edo zart. Alabaina, hemen, erabakiak, beste batzuk hartu ohi dituzte. Erabaki horiek ez daude baina etikari lotuak; etekin ekonomikoari lotuak daude; interes politiko oso nabarmenei beste askotan. Biak elkar lotuak beti. Eta ezer gutxi egin dezake gehienetan, errealitatea erretratatzera bere beldur eta balore zintzo guztiekin joan den horrek, beste askoren miserien aurrean.

  • Gari(e)k dio:

    Nik ez nuke esango “komunikabideen ildoa, gai honi dagokionez, errealitate kultural horri iseka egitera bideratua” dagoenik. Sarritan hortaz gehiegi hausnartu ez duen norbaiti tokatzen zaio argitaratuko den argazkia aukeratzea eta horrek dena biziatzen du hasieratik; Ildo falta dagoela uste izaten dut eta ez ildoa okerra dela.

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Zer da hau?

Hildakoak paperetan (II.) irakurtzen ari zara Mila hitz-n.

meta