Ez da dirudiena

Apirila 30, 2012 § 8 erantzun

Goibel esnatu zen eguna beste behin, kamera hartu eta kalera jo nuen BOGArako irudiren baten bila. Paseatzen nindoan bitartean agure bat ikusi nuen banku batean eserita, bakarrik edo, triste antzean. Begiratu eta hasi nintzan pentsatzen bakardadean, zahartzeak sortzen didan tristuran…

Mandatuak egitetik itzultzean, han zegoen agurea oraindik, lehenagoko banku berean, hiru lagun gehiago inguruan zituela, blagan: aurreko eguneko partiduari buruz hizketan, Sarkozyk irabazi ez duela eta barrez, euri asko egin eta lizuna hezurretaraino sartua daukatelako txantxak egiten.

Nola maite dudan bizitzak aurreiritzi bat hankaz gora botatzen didanean.

 

Apirilaren 26an Oarso-Bidasoan argitaratzen den Boga astekarian argitaratua.

 

§ 8 Responses to Ez da dirudiena"

  • Kugema(e)k dio:

    Beraz, erosketen gurditxoa erretratatuarena da, edo argazkilariarena?

    • gari(e)k dio:

      Erretratatuarena. Argazkiak egiteko asmotan joan nintzenez, poltsa ttikia eraman nuen, sorbaldatik zintzilik geratzen dena, gurditxoak esku bat anulatu egiten baitit erabat.

  • Kugema(e)k dio:

    Galdeketarekin jarraituz: bueltan atera zenion argazkirik agureari?

    • gari(e)k dio:

      Ez, bueltan eszena ikusi, aurpegian irriparra azaldu (agian irripar tontoa) eta buruari bueltaka hasi nintzaion: Zenbatetan egiten dizkiot argazkiak dirudienari, den ala ez jakin gabe…eta zenbatetan eskainiko dut balitz bezala. Testua hortxe bertan sortu zen, kezkak buruan dirau.

  • Kugema(e)k dio:

    Galdeketa akitzen ari gara. Ea dena zuzen interpretatu duen begi luze miope honek (mesedez, zuzendu interpretazio okerrak edo zalantzagarriak).

    Gizonak gazte ezezagun bat hurbiltzen ikusi du, bizarduna, espainiar itxurakoa, euskalduna, agian (edo aljeriar jatorrikoa?), argazki kamera batekin. Kamararekin apuntatu egin dio, baimena eskatuta, keinuz edo hitzez (bai, espainiarra da). Argazkia atera dio, eta eskerrak eman, hitzez edo keinuz. Eta urruntzen ikusi du (eta handik tarte batera berriz pasatzen, agian)

    Zer uste ote du gizonak, argazkilari gazteak ikusi duela beregan, edo eszenan, argazki horretan harrapatzeko modukoa?

    • gari(e)k dio:

      “Espainiar Itxurakoa” zer da, zirikatzeko?
      Ez dakit gizonak hurbiltzen ikusi ninduen, burua beste zerbaitetan zuela iruditu zitzaidan (agian horregatik otu zitzaidan bakardadearena, tristeziarena), nik uste konturatu zenerako bere aurrean nintzela jada, kamera begi aurrean jarri eta KLIK egin nuen, poliki, lasai. Begiratu nion berriz, barkatu eta milesker (edo milesker eta barkatu) esan nahiko banu bezalako aurpegia jarri eta joan egin nintzen. Ez zuen imintziorik egin, ez dakit arreta gehiegirik jarri zidan.
      Bueltatzen ez ninduen ikusi, atzetik pasatu bainintzan, zertaz ari ziren antzemateko edo. Berak berdin jarraitzen zuen eserita eta lagunak aurrean zeuzkan, zutik.
      Ez dakit aurretik pasa eta argazkia atera zion gaztean erreperatu zuen, ez dakit graziarik egin ote zion, ez dakit anekdota lagunei kontatu zien, ez dakit ezer.
      Argazkia eta testua argitaratuta ikusi zituenik ere ez dakit, baina noizbait hau irakurtzen badu, jakin beza neri berak deitu zidala atentzioa. Bakarrik egote horrek, erosketa gurdiak, biserak, eskubiko aldean daukan banku ilada hutsak, bera lehen bankuaren ezkerreko aldean eserita egoteak…

  • Kugema(e)k dio:

    Beno, azken galderak, nire aldetik. BAI, EZ edo AUSKALO erantzutekoak (nahi baduzu, noski). Ea nire aurreiritzien desorientaziotik ateratzen naizen:
    1- Agureak errutina zaleak izaten dira. Uste duzu asteko egun berean, eta ordu berean pasako bazina parke horretatik, agure hori ikusiko zenukeela, berriz?
    2- Lagunekin solasean eta barrez ikusiko bazenu: uste duzu Sarkozyren kontura egon zitezkeela, berriz, aise? Eta errugbi partida bati buruz, futbol partida bati buruz baino aiseago?
    3- Bakarrik balego: banku berean eseri eta “egun on” agurtuko bazenu (argazki makina poltsa txikian sartuta), uste duzu ezagutuko zintuzkeela?

Utzi erantzuna

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Zer da hau?

Ez da dirudiena irakurtzen ari zara Mila hitz-n.

meta