Quotea: Etsai ikustezina

Maiatza 3, 2012 § 0 erantzun § permalink

Nicaraguako iraultzaren ostean, oraindik AEBen zerbitzu sekretuek finantzatutako kontraren aurka gerran zirela, general batek bisitan zen Julio Anguitari esana: “Oso argi dugu, hemen geu gara onak, eta besteak kontrako putasemeak dira. Badakigu bizitza galdu dezakegula. Zuek Europan aldiz arazo bat duzue, etsaia ez duzuela identifikatzen, eta bizitza galdu beharrean, arrazoia galdu dezakezue.”

Ez dago etsai ikustezinak baino beldur handiagoa ematen duen etsairik.

Justiziak eta Japón Sevilla

Apirila 3, 2012 § 0 erantzun § permalink

Serio, gai honekin trailer bat egin daiteke (Epic trailer):

“De los creadores de ‘Estado de Derecho’. De los productores de ‘Estado de Derecho 2′ y ‘La justicia funciona’. Llega, ‘La compensación, batalla final”.

Españako justizia Undiano Mallencoz eta Japón Sevillaz beterik dago. Ez da broma. Españako justizia broma bat da. Gustu txarreko broma bat, botere banaketaren kimera haren gerizpean. Elefante arrosa erraldoia, inork begiratzen ez duena, ez dagoena. “La justicia funciona”, “La justicia española es garantista”.

Españan txartel gorria ateratzen dizute eta hurrengo jokaldian penaltia pitatu, konpentsazio gisa. Kasu, ez diot nik, ez dio ezker abertzaleak, ez diote batzokietan… haiek diote. Hain zuzen, koroan lau ahotsetara “La justicia funciona” abestu ohi diguten haietxek. Ilustratuek.

Montesquieu & Co. rekin ahoa betetzen dutenek diote! Munduko hiritarrek!

Hainbeste kasu ditugu aipatzeko, ezen, galdu egingo bainaiz. 18/98 auzia (hemenhemen eta hemen) datorkit burura, oraingoz oso ondo jardun da justizia kasu horretan; baina ikusiko duzue hemendik denbora batera absolbituko dituzte, eta orduan etorriko zaigu Flexiguren edo Casa del Puebloetako norbait esanaz: “Ves, la justicia funciona”. Bai, bai, hala egin zuten Egunkariarekin ere! Egin egunkariaren kasua ere hor dugu, baita Udalbiltzarena ere. Azken honetan ere lezio bat eman ziguten: “La justicia funciona”.

Ikus dezazuen zein serioa, zehatz eta zorrotza den Zuzenbide Estatua, eman begiratu bat Grande-Marlaskak Zarauzko San Pelaiotan presoen argazki batzuk pankarta baten jartzeagatik egindako autoari. Ez da broma. Eta halakoak mila, justizian ere ZEN planaren antzeko zerbait aplikatzen da. Azken kasua Parot doktrinarena, eta hurrengoa Sorturena, txartel gorria eta penaltia.

Jose Antonio Pastorrek azaldu digu Parot doktrinaren aldeko sententziagatik poztu egin behar garela, konpentsatuko baikaituzte. Gauza bat oso jakina da, konpentsazioak konpentsazio, penaltiak penalti, bukaerako emaitza tranpatuta dago.

 

Kontuz, bizilagunak esnatuko ditugu

Martxoa 19, 2012 § 0 erantzun § permalink

Eneko Moby Dick - Argazkilaria: Juan G. Andres

Bikote harreman baten oso antzekoa da. Ohean muxu, keinu edo irri batek deserosotasunaren kristala noiz hautsiko izaten da gakoa, larru joaldia ona izango den ala ez jakiteko. Erabakiorra gozatzeko ala desengainatzeko. Audientziaren eta artistaren artean berbera gertatzen da alajaina. Maitasunaz, morboaz, kapritxoaz edo liluraz ehundutako harremana da bien artekoa eta larru joaldia zuzenekoa. Baina beti dago hasieran kristal madarikatu hori. Hotza.

Aretoa erdi hutsa zela igo zen Eneko Moby Dick bakarlari getxotarra Victoria Eugenia Antzokiko oholtzara. Gitarra akustikoa eskuan, ixilik. Dena zuen aurka. Teloneroa zen, publikoa ez zihoan berari entzutera. Jende multzo handia berandu sartu zen, bigarren kantuaren ostean ozen hitz eginaz, errespeturik batere gabe. Azken tragoa luzatzetik-edo. “Es que no nos dejaban entrar”, ausartu zen esatera bat, Moby Dick-ek kitarra afinatzen zuen bitartean; hain zuzen, eurak, lotsagabeak, jesar zitezen. Mikrofonora hurbildu eta hurrengo abestia hasi aitzin esan zuen: “Que guapa es la impuntualidad.” Une hartantxe, kraxk, hamaika zatitan apurtu zen beira hotza. Irriak eta txalo zaparrada. Enekok, konfiantzaz hitz egingo diogu: Badaki larrutan.

Gordin jo zituen kordak, akordeak, metronomoak deslegitimatuz. Ahotsa bortxatuz. Bere kasa. Aretoaren ixiltasunean, adi, estudiante pisu batean geundela zirudiela pentsatu nuen. Enekok  noizbait jo zuela pisuren batean, afal ostean. Ziurrenik oraindik kontzertu bat bera ere eskaintzeke. Eta igo zitzaiola beheko bizilaguna ate joka, ixiltzeko eskatuz, “batzuk bihar lan egin behar dugu!”. Kontuz, bizilagunak esnatuko ditugu Dick, pentsatu nuen. Ohearen malgukiek zarata ateratzen dute.

Damien Jurado taldekideekin Victoria Eugenian - Argazkilaria: Juan G. De Andres

Damien Jurado taldekideekin Victoria Eugenian - Argazkilaria: Juan G. Andres

Joaldia amaituta oroitu nintzen Damien Jurado entzutera gentozela berez. Azkar esango dizuet ez baitu luzatzerik merezi. Sartu zen txalo artean. Eta jo zituen hainbat abesti, dezente, eta nik oraindik ahotik zeridan gandua ikusten nuen itsasten kristal hotzean. Juradok ez zuen kasik hitz bat bera ere egin. Oso onak ziren taldekideak, ondo jo zuten, baina zerbait gehiago behar da joaldia ederra izan dadin, kasu. Working Titles abestira arte gutxi gora behera izan zen hala. Hortik aurrera desegiten joan zen apurka kristala, berotzen giroa. Juradok ixilik jarraitzen zuen hala ere. Bukatu zen kontzertua baina nik ez nuen bukatu.

Eta errepikapenetan, teloiaren bestaldetik biagra overdosea balu legez atera zen korrika tabladuari bi itzuli emanaz. WTF. Clown-a imitatuz sartu zen audientzia zur eta lur utziaz, eta Victoria Eugeniako jesarlekuen arteko korridoretik txokalak egiten hasi zen korrika. Bai, bai, ordura arte fitsik esan ez zuen Jurado bera. “Bipolarra da”, albotik, “Beltza izan behar da horrela aritzeko lizentzia izateko”, bestaldetik. Orduantxe, jada kontzertua akitua zela, apurtu zuen kristal madarikatua. Joaldi bizkorra izan zen. Bi pieza (Arkansas eta Cloudy Shoesutzi zizkigun, kitarraz eta ahotsaz soilik. Eta berriz pentsatu nuen estudiante pisuarena: Kontuz Damien bizilagunak esnatuko ditugu. Kostatu zaizu gatillazoari buelta ematea.

Damien Jurado audientzia agurtzen - Argazkilaria: Juan G. De Andres

Damien Jurado audientzia agurtzen - Argazkilaria: Juan G. Andres

Damien Jurado + Moby Dick (martxoaren 16an, Victoria Eugenian)

Eskerrik asko argazkiengatik @foteropanico

http://foteropanico.blogspot.com.es

Zibilak eta zabalak?

Otsaila 29, 2012 § 13 erantzun § permalink

Larunbat arrunt batez otsailaren 25ean, asanblada arrunt batean, 15 Iratzarriko militante elkartu ziren Bilbon. Asanbladaren gai ordenetik kanpo zegoen proposamen arrunt bat, Aralar alderditik bereiztea, bozkatu zuten. Besterik gabe, barne demokraziari gorazarre eginaz. 8 kidek bozkatu zuten “desbinkulazioaren” alde eta aurrera atera zen kontua. Segituan irakurri genuen berria sare sozialetan, zein, hedabideetan. (komunikatua)

Zergatik ez zuten zehaztu gazte taldeko deitzaileek horrelako erabaki bat hartzea pentsatzen zutela militanteei igorritako deialdian? Nola ausartu ziren 15 pertsonaren artean horrelako erabaki bat hartzen? Zergatik hartu nahi zuten erabakia? Haiei dagokie hau erantzutea, niri ez baitzaizkit gauza txar asko besterik okurritzen. Haiei edo Aintzane Ezenarrori, segur aski honetaz zerbait badaki-eta.

Laida Elizegiri (@laidaelizegi) berriaz ohartutakoan, artean jokaldia ezagutzen ez nuela, twitterren galdetu nion ea zeintzuk ziren erabaki hau hartzera bultzatu zieten arrazoi politikoak, nahiz estrategikoak. Elizegik barneko demokrazia aipatu zidan lehenik (begira lehen paragrafoa arren) eta giza eskubideak gero. “Banguardiarik” eza, ezker abertzale “zibil eta zabala”, “subordinaziorik” gabea ere, hurrengo txioan.

Barne demokraziaz ahoa beteta 15 pertsonak parte hartutako bileran erabakiak hartzen dituzte, hedabideetan haizatu, banguardiarik sotilena bihurtuz. Giza eskubideak pisuzko argumentua bailitzan dilin dalan darabiltzate, Ezker Abertzalea (bakarrik) eten gabe  aldebakarreko pausu positiboak ematen ari den bitartean (hemen azkena). Etikaz ari zaizkigu epailerik zorrotzenaren diskurtsoarekin, Bilduri barkamena eskatzeko esanaz elkartzeko ezinbesteko baldintza bezala. (Noren diskurtsoaren antza ote du honek?). Eta onena: ezker abertzale zibil eta zabalarena. Bai, Txiki Benegas txikia eta Ezker Batua batua bezain zibila eta zabala da Iratzarri “desbinkulatua”. Guztia arrunta bailitzan, horrela sinmas.

Sortu aurkeztu eta Bildu koalizioa martxan jarri zenetik, ari da sortzen ezker abertzale zibil eta zabala Euskal Herrian. Pasa zen Patxi Zabaletak eta enparauek hainbeste aldiz eskatzen zuten guztia. Espektatibarik onenak gaindituta geratu ziren, horratx, 300.000 bozak. Eta batzuk ez ziren (dira) konturatu ere egin, edo ez dute nahi konturatu, ez baitzaie komeni. Eta Bildu, edo Amaiur, edo dena delakoa are anitzagoa izango da Aralar barnera sartzen denean. Sartu behar baitu, hortik kanpo ez baitu beste egitekorik.

http://www.fotosqueimportan.com

http://www.fotosqueimportan.com

 

Éire II: Belfast

Otsaila 21, 2012 § 0 erantzun § permalink


Guinnessaren aparrak goraino igotzeko behar duen denboraz geratu da autobusa Carrickfergus herriko gazteluaren alboan. Itsas haizeak zakar jotzen gaitu eta Bushmillsera bidean Eskozia 30 kilometro eskasera dagoen arren, behe-lainoak ez digu deus ikusten uzten. Gazteluaren horma gainetik frankotiratzaile bat dago begira, garaiko Erresuma inbasorearen uniformearen imitazioa jantzita itsasoari bizkarra emanaz. Turistontzat fetix. Behean King William Orange III.aren brontzezko estatua. Orange logia protestanteko kideen idolo, ikur.

Rewind. Goazen bueltan bidea desegiten Belfastera. Han, Shankill eta Falls auzoen artean dagoen zaurira. Oraindik ere odol asko isurtzen du-eta. Gatazka amaitu omen zen nazioarteko hedabideen arabera. Gauero burdinazko bi ate erraldoiek banatzen dituzten bi auzo hauetako paretek kontrakoa diote. Hemen hormek hitz egiten dute.

Orangistek urtero urtero uztailean egiten dute haien desfilea hiriko kaleetan zehar. Eta urtero izaten dira istiluak, katolikoen auzoan sartzen baitira borroka bila. Erresuma Batuak du batuta, boterea. Hemen erresistentzia da Gaelikoa ikastea, Musika irlandarra jotzeko nahiz dantza egiteko geratzea, Francis streeten, Kellys Cellar-en edo Madden’s-en. Bertako lagun batek esan bezala ez da soilik erlijio kontua, ez horixe. Kolonizazioaren aurkako etengabeko gudua da, zentzu guztietan.

Orangistekin izandako istilu horietako batean polizia bati kendutako kaskoari begira eskatu dut beste pinta bat Kellys Cellarren eta Guinnessaren aparrak goraino igotzeko behar duen denboraz itxaron.

Éire I

Otsaila 11, 2012 § erantzun 1 § permalink

Hemen ohikoa den behe-lainoaren behean ezkutatuta dauden mendiekin egin dut topo Sligotik Enniskillenera bidean. Lur hartu nuenetik ikusi ditudan lehenengoak dira, dena baita lautada eta mozorrotutako muino lotsati, ezezagun handitzat dudan lurralde honetan. Mendebaldeko itsasoa atzean utziaz, labarren arteko bailara batean zehar ibai zabalari segika doa autobusa. Ez dago herri edo auzo itxura duen ezer, etxeak solte dira botata haran osoan. Ibaia iluna da, daramatzan uren hoztasunaz abisatu nahi baligu legez. Euria ari du, 17:12ak dira, eta bazkaldu gabe egonagatik ere ez dut batere goserik. Irish full breakfastak ase nau luzerako.

Galwayen bi gau pasa ditut, Dublin bisitatu ostean. Belfastera bidean jarri aurretik. Harrigarria da zer bizitza duten ostatuek edozein astegunetan. Zenbat jende dabilen parrandan, garagardoa edan eta edan berandu arte. Txundigarria zait zuzeneko musika pubetan. Zenbat musika talde, zein onak. Nola azaldu? Igande gau batean 4 edo 5 talderen artean aukeratu daiteke Galwayko karriketan. Era berean nazkagarria da fastfood usaina, ohikoa edozein izkinetan. Kaka jaten da eta garesti. Mahai inguruan biltzearena fikzioa da hemen.

Ez dut jakingo noiz sartzen garen Erresuma Batuaren kontrolpean dagoen Eyren duela jada 5 urte kendu baitzuten muga. Biok bakarrik goaz autobusean, gidaria eta ni neu. Galdera bota diot indiskrezioz, nire ingelera traketsean: Jada Ipar Irlandan gaude ala? Baietz berak. Where are you from? Euskal Herria nik. Oh far far away! Ezagutzen duen galdetu diot. Of Course. Uste duzu noizbait Irlanda bateratzerik izango duzuela? Ez daukat inolako esperantzarik egia esan. Agian Eskoziak ireki duen bide berritik? Agian, agian… baina ez dut esperantzarik.

Enniskillen herrira iritsi bezain laster ikusi dut Sabino Aranak kopiatu zuen bandera hura, etxe baten atarian. “Euroak ere onartzen ditugu”, dio gasolinera bateko egurrezko zintzilikarioak. Aparkatu du gidari adeitsuak. Motxila hartu eta banoa, Belfastera naraman azken autobusa etorri bitartean, hango inguruak miatzera. Behe-lainoa, hotza, berdea. Zein berdinak diren gauzak eta zein ezberdina egoera.

Lopezen Neverland

Urtarrila 14, 2012 § erantzun 1 § permalink

Ajuria Enea da Patxi Lopezen Neverland. Ajuria Enea barrenean dena da udaberri usaina, ongizatea, libertatea, eskubidea… han langile guztiak arazorik gabe iristen dira hilabete bukaerara. Han barruan dago benetako demokrazia. ETA desagertu da Ajuria Enean, ergo ez dago inolako biolentziarik. Ideia guztiak defenda daitezke. Horma horien barrenean Patxi Lopez agintari legitimoak beste Euskadi bat nahi zutenen gobernua zuzentzen du. Bera da barkuko kapitaina, loreak botatzen dizkiote herritarrek lorategian paseatzen duenean. Ajuria Enean. Ajuria Enean twitter bidez eskatu daiteke gosaria, Facebook bidez hitz egin lehendakariarekin Los Punsetesen azken diskaz. Lopezek saxoa jotzen du gauero, eta umeak lokartu egiten dira, doinu gozook streaming bidez entzuten Macbook Pro batean. Ajuria Enean Susan Sarandonen argazki bat dago hallean. Eta biktimak eskoletara joaten dira etorkizuneko hiritarrei errelatoak kontatzera. Stephan Hesselen liburuak doan banatzen dira plazetan. Dena da berri usaina, modernoa, ez dute kabidarik mito nazionalista zaharrek. Gorbata gorriak modan daude. Gatazka bakarra, spotify premiuma kontratatu ala ez erabakitzea da Ajuria Enean. Erregearen gabonetako mezuak %100ko sharea du demonio. Eskoltek performance artistikoak egiten dituzte gela zurietan. Horrelakoa da Neverland. Dena ondo doa Lopez, dena ondo doa. Ajuria Enean.

Iturriari bistadizo bat eman nahi izanez gero. Honako artikuluan oinarritu naiz: http://networkedblogs.com/sH8jt

Mañeruko udalaren zurikeriak

Abendua 22, 2011 § 2 erantzun § permalink

Aurreko ostiralean Mañerun izan nintzen nire adiskide Iker Tubiarekin batera, Sortzen Ikasbatuaz eskola publiko euskaldunaren aldeko elkartearentzat komunikazio lanean. Zuzeun bertan argitaratu nuen bertan grabatutako bideo ordu luzeen zatitxo txiki bat (‘Jaumek ez du Nafarroa ulertzen‘) urtarrilerako egin behar dugun dokumentaltxoaren aurrerapen gisa.

Gaur ordea, Tubiaren beraren txio baten hariari tiraka topatu eta irakurri dut Mañeruko Udalak Noticias de Navarra egunkarian argitaratu gutuna, jokoz kanpo utzi nauena aurrelari txarrenen eran. Zur eta lur. Eta lehen lerroan guziaren jarraipena egiten egon nintzenez, bertan kontatzen den bertsioa gezurtatu nahi nuke.

Ondo oroitzen dut: Mañerun dena zen borondatea, gogoa, irrika eta ilusioa. Behinola Iruñeko Hegoalde Ikastola okupatu zuten guraso haien dirdira bera ikus zitekeen han ginenon artean, beste garai baten traza zuen giroak. Garaiak gutxi aldatu dira Nafarroan zoritxarrez. Kazetariok han ginen, baina baita ere Sortzeneko kideak eta Artaxoa, Zangotza zein Mañeruko herritarrak.

Herritarren %95ak haurrak euskaraz matrikulatu nahi dituelako eta herria “zona no vascofona” delakoan dagoelako hutsik dagoen eskola barruan sartu, eta bertan egin genuen asteburu horretarako akanpada. Iturri onetik dakidanez alkatearen oneritziarekin egin ere. Bertatik jendetza pasa zen elkartasuna adieraztera; Maiorga Ramirez Bilduko parlamentaria, Paul Bilbao Kontseiluko kidea, ELA, LAB eta EILAS sindikatuko bozeramaleak, Lodosako alkatea eta PSNko zinegotzi bat, Porrotx, PSNko parlamentuko ordezkaritza bat… eta ahantzi ditudanak.

Goizean herritarrek ekartzen ziguten gosaria. Sekulako bizkotxoak, txokolatea, kafea eta esnea. Tratua bikaina izan zen, Soria! Ez zen inolako istilurik izan! Duintasunez gainezka, etsenpluzko borroka. Nolako pena sentitzen dudan orain Mañeruko Udalaren zurikeria guzti horiek irakurtzean. Ikustean zer eragin duen ultraeskuinak Nafarroako instituzioetan eta zein erraz men egiten zaion Barcina eta bere tropari. Ez zen faltako amenazu eta hertsapenik. Zer pena.

Zer lotsa gutxi.

Konturatzen naiz nik ere (Jaumek bezala) ez dudala oso ondo ulertzen Nafarroa.

Mañeruko Udalaren gutuna osorik: http://www.noticiasdenavarra.com/2011/12/22/vecinos/estella-y-merindad/actos-en-maneru

Bilatu begiak angulei

Abendua 15, 2011 § 2 erantzun § permalink

Desinformazioaren eta manipulazioaren artea oso hedatua dugu gure jendartean, ultrakomunikazioaren aroan. Eta nago, Anestesia motz geratu zela Ultrakomunikatzen abestian. Nago askoz ere urrunago daudela arte honen mugak. Arte irakurtzen duzuen lekuan irakurri ezazue asko findutako teknika, arren. Artez baitakite askok manipulatzen. Hedabide nagusiak, gehien saltzen direnak, hari gutxi batzuek mugitzen dituzte. Dirudunen poltsikotako zulo dira, eta hori nabari da emaitzaren kalitatean. Kalitatea esan dut?

Anitzak dira ere ikusentzunezko euskarrian kontsumitzen ditugun dokumentalak. Dokumental generoa oso kutsatua dago eta efikazagoa da gezurrak mozorrotzerako orduan, kultuko genero gisa ikusten dugun heinean.”Egia da, egia da, nik ikusi dudalako…”, zioen abestiak. Ikusi bestela masa dokumental kate nagusiak; hala nola, National Geographic, Odisea edo Discovery Channel. Korrokoia saltzen dute lupia bailitzan, eta guk irensten dugu zein gozoa dagoen esanaz. Eta hain zuzen horregatik diot txerto gisa oso sanoa dela metamanipulazioa.

Denok ziztatu beharreko txertoa da.

Eta zergatik ari naizen honetaz? Kazetaritzako 4. ikasturteko Iritzi Generoen eskolan ‘Operación Luna‘ sasidokumental ezaguna proiektatu zigutelako duela aste batzuk. Aldez aurretik ezagutzen ez zuten ikaskideek bertan esaten den guztia irentsi zuten egia zelakoan. Bakunatu gabeak, gajoak.

Mockumentary (Mock=Burla) edo sasidokumentalen apologia egitera nator bai. Begiratu ondo zuen gabonetako plateretako (an)gulek begiak dituzten ala ez.

Operación Luna

Esango dutena?

Azaroa 30, 2011 § erantzun 1 § permalink

‘Lo que dije y digo’ Mariano Ferrer kazetari, Filosofo eta Abokatuaren zutabe bilketa irakurtzen nabil gauero oheratzean. Tarteren batean unibertsitateko kafetegian. Bertan biltzen ditu bere alerik ederrenak, El Mundoko iritzilari zen garaikoak, Jakin aldizkarikoak eta Noticias de Gipuzkoakoak. Ez da bada zelai askotan korrika egindakoa Egin egunkariko lehen zuzendari izan zena, Herri Irratiko esatari ohia eta hedabide askotako kolaboratzailea.

Irakurri ditut bai, 90. hamarkadako kontuak, Pedro J. Ramirezen egunkariak oraindik komiki trazak hartzeke zituenekoak. Eta 90. hamarkada amaierakoak. Euskal gatazka belarrietatik ateratzen zaidala konturatu arren irakurtzen darrait. EAJ, EA eta EEren gobernuaren amaieraz, Joseba Goikoetxearen hilketaren inguruan, EUE eta EEren banaketaz, EEren eta PSEren batzeaz, Atutxaren erreakzioen inguruko hausnarketez, soluzioaz esaldi asko, Lizarra Garazi kontuez, “Dena da ETA” tesiaz lerroak, garaiko HBri kritika zuzenak, soluzio gehiago, zabaltzen diren “etapa berriak” eta “Bake Konferentziak”, ustezko bake desiratua lortzeko izen askotariko “paktuak”, dispertsioa, bahiketak… ETAren balizko amaieraz politika fikzio asko…

Zutabeetako batean “el ‘amado’ conflicto vasco” adiera erabiltzen du gure mobidaz hitzegiteko. Eta parentesi artean gehitzen du: “Empiezo a pensar que lo amamos porque de lo contrario no nos esforzariamos tanto en prolongarlo”. Izan ere zuek zaharrok, ez zarete nekatzen? Kuriosoa da nola bere artikulu asko gaur bertan publikatu daitezkeen soilik pare bat hitz aldatuta. Elkarri beharrean Lokarri, eta halako ñabardurak. Kuriosoa da nola euskal bukleak bere horretan dirauen. Oso ondo aukeratu du izenburua Ferrerrek: Esan nuena eta esaten dudana.

Ea lortzen dugun gure seme-alabek beste zerbait idaztea etorkizuneko egunkarietan. Ez dadila izan esan zutena eta esaten duguna otoi.