Esango dutena?

Azaroa 30, 2011 § erantzun 1 § permalink

‘Lo que dije y digo’ Mariano Ferrer kazetari, Filosofo eta Abokatuaren zutabe bilketa irakurtzen nabil gauero oheratzean. Tarteren batean unibertsitateko kafetegian. Bertan biltzen ditu bere alerik ederrenak, El Mundoko iritzilari zen garaikoak, Jakin aldizkarikoak eta Noticias de Gipuzkoakoak. Ez da bada zelai askotan korrika egindakoa Egin egunkariko lehen zuzendari izan zena, Herri Irratiko esatari ohia eta hedabide askotako kolaboratzailea.

Irakurri ditut bai, 90. hamarkadako kontuak, Pedro J. Ramirezen egunkariak oraindik komiki trazak hartzeke zituenekoak. Eta 90. hamarkada amaierakoak. Euskal gatazka belarrietatik ateratzen zaidala konturatu arren irakurtzen darrait. EAJ, EA eta EEren gobernuaren amaieraz, Joseba Goikoetxearen hilketaren inguruan, EUE eta EEren banaketaz, EEren eta PSEren batzeaz, Atutxaren erreakzioen inguruko hausnarketez, soluzioaz esaldi asko, Lizarra Garazi kontuez, “Dena da ETA” tesiaz lerroak, garaiko HBri kritika zuzenak, soluzio gehiago, zabaltzen diren “etapa berriak” eta “Bake Konferentziak”, ustezko bake desiratua lortzeko izen askotariko “paktuak”, dispertsioa, bahiketak… ETAren balizko amaieraz politika fikzio asko…

Zutabeetako batean “el ‘amado’ conflicto vasco” adiera erabiltzen du gure mobidaz hitzegiteko. Eta parentesi artean gehitzen du: “Empiezo a pensar que lo amamos porque de lo contrario no nos esforzariamos tanto en prolongarlo”. Izan ere zuek zaharrok, ez zarete nekatzen? Kuriosoa da nola bere artikulu asko gaur bertan publikatu daitezkeen soilik pare bat hitz aldatuta. Elkarri beharrean Lokarri, eta halako ñabardurak. Kuriosoa da nola euskal bukleak bere horretan dirauen. Oso ondo aukeratu du izenburua Ferrerrek: Esan nuena eta esaten dudana.

Ea lortzen dugun gure seme-alabek beste zerbait idaztea etorkizuneko egunkarietan. Ez dadila izan esan zutena eta esaten duguna otoi.

 

ETAren aurka, ETAren bandoan

Urria 24, 2011 § 15 erantzun § permalink

Ez nuen sekula pentsatu ETAren jardun armaturik gabeko eszenatokian horrela sentituko nintzenik. Ez nuen sekula pentsatu ETAri hainbeste aldiz eskatutako bide armatuen alboratzea horrela etorriko zela, besterik gabe. Ez nuen inoiz aurreikusi mikatza izango zela amaiera. Eta ez dakit zergatik izan den hala.

Publikoki esana dut behin baino gehiagotan nik ezagutu dudan ETAren jarduna burugabea iruditu zaidala. Kontzientzia nuenetik jaitsi nintzen ni Martxelo Otamendik aipatzen duen trenetik. Tokatu zitzaidan lehen geltokian. Baina hala eta guztiz ere ez nuen ezer ospatzeko gogorik sentitu, ez nintzen poztu, amorratu baizik. Eta ziur nago nire lagun eta ezagun askok ez duela entendituko egunotan barrenetik irtetzen zaidan amorrua. Denbora asko igaro dut, haserre honen zergatiak zeintzuk diren ulertu nahian. Ezin nuen beroan idatzi zutabe hau, hotz bainengoen.

Kontu askok mikazten naute. Arrazoietako bat sufrimendua da. Hurbiletik jasan dudana beste askok bezala. Jende askok egiten dituen galderak datozkit burura: Hainbeste hildako zertarako? Hainbeste sufrikario eta gorroto? Ezer lortu ez eta bide politikoetatik hasteko? Madarikatuoi arrazoi emateko? Berandu izanik ere, ongietorria erabakia. Bestetik, espainiarren harrokeriak eta lezio eman nahiak mintzen nau. “Haien proiektu totalitarioa inposatu nahi digute”, diote batzuek, “ETAri ez zaio prezio politikorik ordaindu behar”, besteek. “Ez daude bi bando”, esaten dute, “hemen hiltzaile burugabe batzuk daude soilik”, “Ez dago gatazkarik” eta abar. Guzti honek mikazten nau.

Urte batzuk badaramazkit bozkatzen eta nire proiektu eta ideiak hitzaren bitartez defendatu nahian. Balio izan dit gauza batzuetaz ohartzeko: Herri honetan inposatzaile deitzen gaituztenak dira espainol izatera behartzen gaituztenak. Herri honetan “demokratak” dira erabakitze eskubidearen aurka daudenak eta alderdi politikoak ilegalizatzen dituztenak. Herri honetan pazifistak dira Espainiako Armadaren presentzia bedeinkatzen dutenak; adierazpen askatasunaren aldekoak dira egunkariak ixten dituztenak; giza eskubideen aldekoak tortura poliziala ahalbidetzen dutenak… Ni ETAren bide armatuaren aurka egon naiz beti, eta ETAren bandoan. Hori ez da erraza. Eta hor jarraitzen dut, esperantzaren bila beti.

Hona hemen Juan Luis Zabalak Berrian publikatu zuen olerkia. (Hemen originala 2009-08-16 )

ETA, ETA eta ETA

Ez dakit zehazki noiztik
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki noiztik
nagoen ETAren aurka.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Ez dakit zehazki zergatik
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki zergatik
nagoen ETAren aurka.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Ez dakit zehazki noiz arte
izango naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki noiz arte
egongo naizen ETAren aurka.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Ez dakit zehazki zertarako
naizen ETAkoa,
ez dakit zehazki zertarako
nagoen ETAren aurka.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Ez dakit zehazki zer den
ETAkoa izatea,
ez dakit zehazki zer den
ETAren aurka egotea.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Ez dut ETAkoa
izateko batere gogorik,
ez dut ETAren aurka
egoteko batere gogorik.

Baina ETAkoa naiz
eta ETAren aurka nago.

Presioez, prezioez eta desprezioez

Urria 17, 2011 § 2 erantzun § permalink

Gaur da Donostiako Bake Konferentziaren egun esperatua. Beno, esperatua eta esperantzatsua Euskal Herritarrontzat, espainolei badirudi ez zaiela horrenbeste gustatu zitak hartu duen traza internazionala. Oraingoan ezin zen esan “betikoak dira” eta punto. Jose A. Perezek bere blogeko “Nire bakea zurea baino hobea da” sarreran bete betean asmatu du gauza batean behinik behin: Lokarrik jake bat egin die Espainiar Estatuko eta Euskal Herriko instituzioei hainbestetan ukatzen duten gatazkaren tabladuan. Perezek ondo idatzi bezala, “Mundu osoan oihartzuna izango duen zaplastekoa” da gaurkoa.

Eta desprezioan oinarritutako erantzunak dira hedabide espainiarretan notizia. González Ponsek hau esan duela, Blancok bestea… Kofi Annan eta Europako mandatari ohi ezagunak bakebidean laguntzera datozela ez da notizia. Nola bada! Bakeari prezioa jarriko omen diote, ETAren amaiera “garestitu” omen daiteke. Presioa egiteko omen da #konferentzia madarikatua.

Muina ez dute nahi ukitu, funtsa tabua da Espainia bakar, handi eta librean. Kanprogreek ez dute nahi onartu arazorik dagoela ere, ez dute gatazkarik ikusten azken urte luzeetan gertatuan. “Hau ez da Irlanda ez eta ere Palestina”, diote; noski badakigu zer den hau haientzat: ESPAÑA, Osborne zezen eta guzti. Eta euskaldunok gara inposatzaile, gure borondatea, gehiengo demokratiko zabalarena, errespetatzea eskatzen dugulako.

Biba! haundi bat merezi du @paulrios-ek (korbata jantzi duen arren) gatazkari dimentsio internazionala emateagatik. Europan ez da ulertzen Espainiaren jarrera eta euskal gizarteak guztia du irabazteko eta ezer gutxi galtzeko. Oraingoz.

(Konferentziaz erreakzioak hemen)

#etaorainzer?

Maiatza 24, 2011 § 11 erantzun § permalink

El Paíseko goiko titularrak eta españolkeriaren bozeramale handi diren, Pedro J. Ramirez, Jimenez Losantos, Iñaki Ezkerra edo Román Cendoyaren haserreek, egoeraren dimentsioa erakusten digute. Bilduk Ezker Abertzaleak inoiz lorturiko emaitzarik onenak lortu ditu eta Aralarren bozak batuz gero lehen indarra da EAEn. Lehen indarra aurreko hauteskundeetatik 13.000 bozka hazi den EAJren aurretik. Nafarroan ere inoizko bozka abertzale gehien zenbatu dira 90.000tik gora. Denera Hego Euskal Herrian 701.238 bozka abertzale zenbatu dira. Harritzea eta poztea zilegi da ezta?

Erreflexio batzuk (Ahalik eta argien):

  • Patxi Lopezen PPSOE paktuak, lehen ere legitimitaterik ez zuenak, hondoa jo du. Lopezek twitterren jarri du “mezua ulertu” behar dutela. Erraza da lehendakari jauna: dimititu.
  • Espainiar Estatuak Ezker Abertzalearen 310.000 bozak kontuan izan beharko lituzke, eta aurrerapausoak ematen hasi behingoz. Gatazkaren oinarrietara jo. Alderdien mahai bat osatu eta autodeterminazioari bidea ireki. Euskaldunon erabakia errespetatu. (Interesgarria gaur Gabilondok egindako hausnarketa, hemen)
  • Parot doktrina bertan bera utzi behar da. Euskal presoen kaleratzea beharrezkoa da.
  • ETAk desagertu egin behar du. Euskal gizartearen mezua garbia izan da: soilik bide politikoetatik ekin behar da.
  • Aralarrek Bildun sartu beharko luke. (zauriak itxi udaletan hasita)
  • Bilduk NaBain sartu beharko luke.

Aldagai askok baldintzatuko dute etorkizuna. Konplexua da. Baina ilusio eta gogorik ez da falta lanerako, elkar ulertzeko eta ehunka mila bozka horiei erantzuteko. Pentsatzen jarrita egoera oso aldekoa da abertzaleontzat.

Eta ikusi beharko lurrikarak errepika duen. Eta zer nolakoa den hau Estatuko hauteskunde orokorretan (2012) zer nolakoa EAEko autonomikoetan (2013?).

Zail da asmatzen zer gertatuko den.

Zer iritzi duzu zuk?

Su etenik ez dut nahi

Urtarrila 10, 2011 § 3 erantzun § permalink

Kafe dosiak asebete nau gaur ere, eta irakurri dut “duela 3 minutu” Garak jarritako twitt hori, su etenarena. Zuzeuk ere eman du segituan kontuaren berri, fin. Irri egin bai, baina ez naiz gehiago poztu. Zaila zen harridura, ezinezkoa euforia, esperantza gutxi kabitzen zait jada poltsikoetan. Deustok bere horretan jarraitzen du, gabonen aurretik utzi bezala. Heliodoro La Torre kalea chinatown bihurtu zaigu, kontrakoa da salbuespena. Eta ez dut telebistarik piztu, ez eta sarean gehiegi saltseatu ere, erreakzioek ez naute harritu behar. Nahiago ez aditu.

Murmurioa entzuten da kanpoan; tabernetatik irtetzen diren erretzaileak gehienak seguru. Kotxeen ateak ixten, motorren soinua noizean behin eta zaunkaren bat aldiro-aldiro. Wok-aren eta jatetxe txinatarraren artean bazarra zabaldu dute alboko portaleko txinatarrek. Familia bera izango da ziur.


Anbulantzia baten sirena ozena nola urruntzen doan… Telefonoaren bibrazioa. Bera ote da nire arratsaldean sartu nahi duena. Une batez ixildu zaizkit murmurio, hots eta sirena guztiak, mugikorraren pantailatxoari so jarri naizenean. Ahaztu ditut guztiak; garrantzitsuak eta eskergak… hautsi du monotonia, arratsaldean sartu zait, eta guztia aldatu da.

Une batez kanpo sentitu naiz, ez nengoen Heliodoron, ez Bellaterran, ez Bilbon… dena zen dantza ahotsaren bueltan, argiak itzalita. Bidaiatzen bageunde bezala, ametsak kontatuz etorkizuna ehuntzen, hormarik gabeko antzoki eder batean. Biok bakarrik ikusi dugun hirian. Estroputz egitea ezinezko den eskaileretan behera mendiak igotzen, elkarri bultzaka. Bizitzaz ari gara, bizitzeaz azken punturarte testu arraroan. Baina ederrean.

Su etenik ez dut nahi jada. Dena izan dadila sua. Erre gaitezen gu, eta gure amets zoroak.

Non Nago?

eta etiketakin markatutako sarrerak bilatzen ari zara Zerdionk-n.